Pulpoko Torriko, Odriozola eta Martinez Espainiako txapeldun Euskadiko selekzioarekin

Ander Torrikok 16 gol egin ditu finalean eta jokalari onenaren saria eman diote. Argazkia: RTVE.es

Euskadik 36-32 irabazi dio Kataluniari Espainiako autonomia arteko Txapelketaren finalean. Pulpoko Ander Torriko, Mikel Martinez eta Kauldi Odriozola funtsezkoak izan dira Euskadiren garaipenerako.

Jubenil mailako Euskadiko selekzioak garaipen handia lortu Espainiako autonomia arteko Txapelketan, finalean Katalunia mendean hartuta. Eta balentria horretan zeresan handia izan dute Pulpoko hirurek. Jokalariak aurreratuta defenditu du Kataluniak partida osoan, eta egoera horretan Kauldi Odriozolak, Ander Torrikok eta Mikel Martinezek min handia egin dute erasoan: hiruren artean 28 gol egin dituzte. Azpimarratzekoa da Ander Torrikok erasoan egin duen partida ikusgarria: 18 jaurtiketa egin eta 16 gol lortu. Era guztietako golak sartu ditu, eta Kataluniako jokalariek ez dute gelditzeko modurik aurkitu.

Euskadik lehen zatian lortu du bukaeran erabakigarria izan den lauzpabost goleko errenta. Atzealdean ere ondo egin dute lan, eta azpimarratzekoak dira Pablo Ostolaza atezainak egin dituen geldiketak. Partidako azken txanpan Katalunia saiatu da partida bizkortzen, gerturatu dira hiru goletara, baina Euskadik ez du huts egin.

Hiru jokalariekin batera, Pulpoko entrenatzaile Xabier Letamendiak ere badu bere partea, selekzioko bigarren entrenatzaile lanak egin ditu eta.

Kluben artekoa begiz jota

Oraindik denboraldiaren erdialdean daude Pulpoko taldeak, baina jubenilek dagoeneko begiz jota dute sasoiaren amaieran jokatuko den Espainiako klub arteko txapelketa. Orain arte Torrikok, Odriozolak eta Martinezek Pulpoko seniorrekin jokatu dute, baina bigarren itzulian jubenilen taldean zentratuko dira, aurrena Euskadiko Txapelketa irabazi eta gero Espainiakora ehuneko ehunean iristeko.

150 erantzun “Pulpoko Torriko, Odriozola eta Martinez Espainiako txapeldun Euskadiko selekzioarekin” bidalketan

Ezin da iruzkunik egin.