Gutuna: Oikiako Eskola Txikia

Oikiako Eskola Txikia kokatzen den eraikina oso zaharkitua dago eta haurrei zerbitzua era duinean eskaintzeko trabak dauzkate. Egoeraren aurrean, behingoz irtenbidea emateko eskatzen dute Oikiako Kolarre Guraso Elkarteko kideek gutun honen bidez:

Txostena: Eraikinak dauzkan arazoak

“Oikiako Kolarre Guraso elkarteak gure Eskola Txikiaren aldeko apustu garbia egin dugu, gure haurrak bertan matrikulatuz beraientzako ikaslekurik egokiena dela sinetsita.

Txikia izanik ere, gure auzoak bere nortasuna dauka. Euskara, natura, baserri giroa eta beste hainbat balio gordetzen ditugu altxor preziatu bailiran, aniztasunari uko egin gabe. Eskolak eta bere inguruko jarduerek auzoa bizirik mantentzen dute eta oso argi ikusten da horrelako ereduetan nolakoa den ikasleen arteko elkarlana, errespetua eta nola ikasten duten batak bestearengandik.

Normala den bezala, gure haurrak bertan hazi eta heztea nahi dugu. Helduok gure auzoarekiko izan dugun lotura beraiek ere izatea nahi dugu eta helburu hori gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa dugu hezkuntza baldintza duin eta egokietan eskaintzea. Gure ustez, eskola txikiak dira herri eta auzo txikietako bihotza eta herriaren alde lan egitea, besteak beste, gure Eskola Txikiari babesa ematea da.

Guk proiektu honetan sinesten dugu, baina ez da soilik gurasoen lana. Ezinbestekoak dira irakasleak, hezkuntza komunitate osoa, agintariak eta, nola ez, herritar guztiak, baina aspaldidanik arduratzen gaitu auzoko Eskola Txikia kokatzen den eraikinaren egoerak. Oso zaharkitua dago eta zerbitzua era duinean eskaintzeko trabak dauzkagu. Eraikina 1900. urte ingurukoa izan daiteke; bere garaian, beheko solairuan, ikasgela zegoen eta goiko solairuan auzoko maistraren etxebizitza zegoen. Gaur egun, beheko solairuan haur hezkuntzako gela bat eta erabilera anitzeko beste gela bat daude eta antzina etxebizitza izan zen goiko solairuan lehen hezkuntzako hiru gela, liburutegia (pasilloan), informatika gela (pasilloan), eta bulegoa daude. Ez dago haur txikiek lo egiteko txokorik, ez jangelarik, ezta gorputz hezkuntza edo soinketa egiteko lekurik eta aldagelarik ere. Eraikinarekiko ikusten ditugun arazo nabarmenenak, baina ez bakarrak, honako hauek dira:

– Garrantzitsuena eta larriena haurren segurtasuna ezin bermatzea da. Eraikinak dituen eskailerak (estuak eta malda handikoak) eta inolako larrialdietarako irteerarik ez izateak sute baten hipotesia aztertzerakoan kezka eta beldurra sentiarazten digu. Haurrek (eta irakasleek) ez lukete onik irteteko aukerarik izango eta txoritxoak kaiolan sartuta bezala geratuko lirateke.

– Eraikinak inola ere ez du irisgarritasuna bermatzen. Eskolara iritsi ahal izateko derrigorrezkoa da eskaileretatik pasatzea.

Eraikinaren antzinatasuna eta horrek dakartzan egitura eta ezaugarri teknikoak kontuan hartuta, urteak daramatzagu eraikin berri baten eskaerarekin. Puntu honetan, ezinbestekoa da agintarien eta administrazioaren laguntza eta 2003. urtean hasiera eman genion bide luze baten bukaerara iristen ari garela ikusten dugunez, egindako lanaren saria bertan dugula ikusten dugu.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak adierazi digunez, gure eraikin berria 2017. urtean eraikitzeko plangintza onartuta dago eta prozesu horri hasiera emateko, 2015. urteko martxoan hasiko dira proiektuaren esleipenerako beharrezko izapideekin. Horretarako, Zumaiako Udalak 2008. urtean hasitako lanari amaiera eman behar dio, hau da, eskola berria eraiki ahal izateko beharrezko lursaila bereganatu, eta ondoren, Hezkuntza Sailaren eskuetara pasa. Bidearen amaieran gaude; izan ere, Zumaiako Udalak Arau Subsidiarioen aldaketa puntuala egin du lurra kalifikatzeko, lursailaren jabearekin akordio bat sinatu du eta orain lurraren jabetza eskuratzea bakarrik falta zaio.

2015. urteko martxoa bertan ikusten dugunez, prozedurari amaiera emateko falta diren pausoei buruzko informazioa eskatuz, Zumaiako alkate den Iñaki Agirrezabalaga jaunari batzar informatibo bat eskatu genion. Horrela, azaroaren 26an Oikiako Eskola Txikian bildu ginen eta bertan gure kezkak zein ziren azaldu ondoren, alkate jaunak hitza eman zigun Udalak datorren martxorako izapide guztiak amaituko zituela, hortik aurrera, Eusko Jaurlaritzak bere plangintzarekin jarraitzeko lursailak eskura izan ditzan. Hauteskundeetarako programan adierazi bezala, Udalarentzako lehentasunezko gaia dela berretsi digu eta hori oso berri pozgarria izan da guretzat.

Horrela, alkate jaunak agindu bezala, datozen hiru hilabete hauetan, Udalak lehentasunezko gaitzat hartzen baldin badu, eta egin beharreko izapideak egiten baditu, prozesu luze honi bukaera emanez, guretzat hain beharrezkoa den eskola berria izango dugu.

Ibilbide honetan, Udalak oso aldeko jarrera erakutsi digu eta benetan eskertzekoa da hori, baina, tamalez, badakigu asmo onak ez direla nahikoa eta lana gogoz egin behar dela izapideak aurrera ateratzeko, are gehiago gelditzen den epe laburra kontuan hartuz. Momentu edo egoera honetara iritsita, prozesua modu egokian amaitzeko giltza Udalaren esku dago”.

Kolarre Oikiako Guraso Elkartea

 

4 erantzun “Gutuna: Oikiako Eskola Txikia” bidalketan

Ezin da iruzkunik egin.