Larunbateko manifestaziora joateko deia egin du Zumaiako Sortuk

Asteleheneko atxiloketak eta gero, “Demokrazia eta Espainiar estatua kontzeptu antagonikoak direla inoiz baino argiago” ikus daitekeela dio Zumaiako Sortuk, prentsa oharrean. Hemen irakur dezakezue:

“1) Astelehenean, 16 euskal herritar atxilotu zituen Guardia Zibilak, abokatuen aurkako operazio mediatiko-polizialean. Atxiloketa horiek egiteaz gain, hamarnaka lokal eta etxe mihatu zituzten, eta herritarrek elkartasun gisa emandako dirutza lapurtu zuten, lotsagabe. Hain zuzen ere, duela hilabete batzuk, abokatuek salatu zuten bazekitela beraiek atxilotzeko asmoa zuela Espainiar aparatu errepresiboak. Hori dela eta, epailearen aurrean agertzeko prest agertu ziren, ez baitzuten ezkutatzeko ezer . Hala ere, Espainiak nahiago izan du zalaparta eta zirko mediatiko guztiarekin ez hanka ez buru ez duen operazio honen izaera estaltzea, horretarako hortzetaraino armatutako morroiak bidalita.

2) Atzo, Espainiako Auzitegi Gorenak Europatik datorren araua ez betetzea erabaki zuen. Ondorioz, espetxean den euskal herritar askok bi aldiz bete beharko dituzte euren kondena-urteak. Frantziar Estatuan espetxean igarotako urteak berriro igaro beharko dituzte Espainian. Zigor bikoitza, mendeku gogoaren adierazgarri.

3) Gure ustez, horrelako jokaerek ezin argiago erakusten dute Espainiar Estatuak iraganeko eskemak bakarrik dituela herri honi eskaintzeko. Konponbideari eta etorkizunari ilusioz begira dagoen euskal gizartea etsipen kolektiboan ito nahi du Espainiak, zigorra eta errepresioa erabiliz.

Beti horrela izan den arren, egun inoiz baino argiago ikus daiteke “Demokrazia” eta “Espainiar Estatua” bi kontzeptu antagoniko direla. Horren aurrean, euskal herritarroi bide propioa egitea dagokigu, iraganarekin hautsi eta etorkizuna denon parte hartzeaz eraikitzeko. Hots, eskubide zein ekonomia mailan erdi aroko praktiketara garamatzan Espainiarekin hautsi eta herritarra erdigune izango duen Euskal Estatu demokratikoa eraikitzeko. Independentzia aldarrikapen soila baino gehiago egunetik egunera herri honek urgentzia handiagoz duen beharra da.

4) Hori guztiaren aurrean, egoerak herri gisako erantzuna eskatzen du. Horregatik, Zumaiarrei dei egiten diegu larunbatean Donostiara joateko, “Giza eskubideak, konponbidea, bakea” lemapean eragile, alderdi, sindikatu…ugarik deitu duten manifestaziora. Larunbatean 17:00etan Antiguako tunelean ikusiko dugu elkar”.

2 erantzun “Larunbateko manifestaziora joateko deia egin du Zumaiako Sortuk” bidalketan

Ezin da iruzkunik egin.