Bye bye Sydney, bagoazela!

2010(e)ko ekainak 13

 

Hiru egun exkax geratzen zaizkigu New South Wales estatua uzteko. Ia ezer ez berriz ere gela egonkorra izateari utzi, motxila jantzi eta ezezagunera ohitzeko. Ordu gutxi batzuk hemen hain ohikoak diren agurretan kateatzeko. Dagoeneko hasi gara agurrekin, aspaldi hasitako prestaketak errematatzearekin, maletak prestatzearekin, txerto eta mediku-kontuekin, asmoekin, ilusioekin… Horrek esan nahi duen guztiarekin. Atzean geratuko dira Sydney hirian bizitako 9 hilabeteak, geroarte esan beharko diegu agian ikusiko ditugun lagunei… Eta ‘agur betirako’ gure egunerokotasunaren zati izan diren hainbati. Baina horrela da hau.

 

Bide zehatzik gabe

 Ostegun hontan abiatzen garen arren, oraindik ez dugu gure ibilbidea erabat zehaztu. Egia esan, inprobisatzearen xarmak ere asko erakartzen baikaitu. Hala ere, hegaldiak prezio duinetan lortzearren hegaldi batzuk aspaldi erreserbatu behar izan genituen; eta beraz, badugu bozetoa:

· AUSTRALIAN: Sydney – Townsville – Cairns – Alice Springs – Ayers Rock – Darwin

· ASIAN: Singapore – Malasia – Bali (Indonesia) – Malasia – Tailandia – Laos – Cambodia – Vietnam

Txertoak

Esan bezala, gehienbat Asiako hego-ekialdean igaroko ditugu datozen 100 egunak; eta gure ohiturengandiko “des-itsaste” honi txertoekin genion. Hain zuzen ere hauek dira inguru hartako oihan eta herriskatara sartzekoak gareneoi ia derrigortu egiten dizkigutenak:

· Diphteria

· Tetanus

· Polio

· Pertussis (lehenengo lau hauek batean ditu txerto batek)

· Hepatitis A (‘B’ lehendik hartua genuen)

· Typhoid

· Malaria (gune batzutarako, pilula prebentiboak gomendatzen dituztenak; inguratu baino egun bat lehenago hartzen hasi, bitartean jarraitu, eta inguru hontatik irtetean astebete gehiagoz hartu behar omen dira)

Badaezpada, aseguro medikua ere kontratatu dugu. Internet bidez topatu genuen merkeenetarikoa da. Egia esan garrantzitsua da enpresa on bat kontratatzea, badaezpada (eta polizaren letra txikia ongi irakurtzea). Hala ere, ez dira batere merkeak, eta gehienek benetako arazoak aurkezten dituzte laguntza txikiena ere behar izaten den uneetan.

Zamak arintzen


"La plata amigo; la plata"

2010(e)ko maiatzak 29

Udazkenak aurrera egin du azkenekoz idatzi genuenetik. Onenean ere nekez iristen da hotzberoa 20 gradutara, eta gutxi dira zuhaitzetatik jauzi egin eta naturaren legediak bultzata bere buruaz beste egin ez duten ostoak; orlegitasuna mantenduz euren egoskortasunean. Batzuen kalterako.

 

Lorazainek eta antzerakook geroz eta tarte zabalagoa eskeini behar izaten diogu etxeen inguruko suizida gorriska, hori eta marroiak lurretik jaso eta ehorzteari. Epailea bertaratu gabe gainera. Eta bitartean belar txarrak ere ez dira hiltzen; akabatu egin behar izaten ditugu. Edo oraindik ere nomadak ziren crasula, agapanta, silver spoon, new zealand christmas tree, chopstick, beste suculenta batzuk, eta abar luzeari hil arteko tokia eman. Zorionez, lanpetuta beraz.

 

Enpresako lan bat

 

Baina atsedenerako ere bada denbora; batzutan gehiegi ere dolarrak aurreztea helburu duenarentzat. Horietako batean, Peter Fudge Gardens enpresako langileek zuhaitzen haztegi erraldoi batera (30 urterarteko mota guztietako zuhaitzak zituzten milaka dolarren truke saltzeko prest) eginiko enpresako-giro-ona-mantentzeko txango lasaiaren ondoren gure gelako mahai aurrean eseri berria nintzen Ezequiel peruarrak atea jo zuenean: “Sesma, ¿quieres trabajar?” , “Sí… ¿ahora? Y… ¿eso?“, “Un amigo que nos ha fallau. Es simple. Quieres?“, “¡Vamos!“.

 

 

Mudantza Martin Placen

 

Eta orduerdian han ginen hiriaren bihotzean, Martin Place kaleko dorre baten parean eseri eta Pueblo tabakoaz gozatzen. “Se trata de un proyecto grande. Es un edificio de abogaus que están remodelándolo planta por planta. Entonces, cuando ellos no trabajan vaciamos una, la reponen, y volvemos a las dos semanas a hacer lo mismo“. Azalpenak ematen zizkidan bitartean iritsi ziren hegoamerikar itxurako beste sei gazte: Emanuelle, Andrés eta oroitzen ez ditudan izeneko beste bi kolonbiar, Ignacio txiletarra eta Kike peruarra.

 

Martin Place, gabonetan

 

Jende irekia zen, eta berehala hasi ginen Sydney, inguruak, lana eta asmoen inguruan jardunean; hortan ginela gure lankideak izango zirenak iritsi ziren arte: japoniar bat, ‘Lukas’ (Adams sendikoaren omenez), Elvis (ilea izenaren omenaldi moduan zeraman 180kg inguruko gizontzarra), irriparrea barra-kode moduan zeraman aitona bat… 12 ginen guztira.

 

 

Mantsoago, mantsoago, mantsoago…

 

Elkar ezagutzen ari ginela iritsi zen Justin australiarra. Gure managerra. Orainartekoak baino itsura dotoreagoa zuen. Guztiei aurkeztu zen, denoi eskua eman zigun, enpresako poloa, eta bere atzetik joan ginen dorre barruko 7.solairura. Lana azaldu zigun Margaret arduradunaren aurrean, eta taldeka (esperientziadun gizon argi bat eta bi mozolo) berehala hasi ginen ‘New Police Force‘, gaizkile, jipoitu, zordun, banku eta abarren kasuetako orrialde guztiak apalez apal, gelaz gela eta solairuz solairu mugitzen. Berdin aulkiekin, mahaiekin, armairuekin…

 

Tontolana zen; nahiz eta bererano batzuk beren lanari meritua ematearren gauzak alfer-alferrik nahasi. Nahiz eta esperientzia zutenek akatsak egin eta zuzenketak ez onartu. Oinarrizkoa: pegatinan gelaren zenbakia zuten gauzak zegozkien gelatan uztea (“ufffa!”), edo karpeta ezberdinen barruan zeuden orrialdeak elkarrekin ez nahastea (“eeeeeemm??”)

 

Bi ordutan erdia baino gehiago egina genuen Justinek afaltzera gonbidatu gintuenean. ‘Hungry Jacks’ apur bat ‘Pizza Hut’ ikuttuekin. Ia ordubete pasa genuen mahaiaren inguruan, eta Margaret falta zenean argi utzi zigun enkargatuak: “Oso azkar ari gara. Bai zuei eta bai niri orduka ordaintzen digute. 25$ orduko. Mantsoago egingo dugu, ados?“.

 

Eta saiatu ginen bai, baina ez genuen lortu nonbait. “Mantsoago“. Mantsoago???? Txandaka sukaldean lo egin behar, edo artxibategietako folioak banan-banan mugitu, edo eskorgatxoak hiru gizasemeren artean bultza…

 

 

¿Cuánto llevas aca?

 

Elkarri begira, denbora nola galdu ez genekiela elkar ezagutzeko aukera izan genuen. Nire kasuan gehienbat hegoamerikarrak eta hauen asmoak. Emmanuele kolonbiarra arkitektoa omen da: “Vine aquí porque independientemente de lo que hagas siempre ganas más. No he podido ejercer por la crisis mundial, pero bueno, trabajo limpiando barcos y ya veremos…“.

 

Andres eta Kike dentistak. “Allá no ganaríamos mucha plata amigo, asique nos vinimos. Pero acá, tenemos que hacer un examen, y ahorrar para poder pagarte tus gastos mientras estudias, y la matriculación para el examen… te hacen falta al menos 30.000$. Por ahora ahorramos para luego invertir, pero después de 3 años me estoy cansando de obras, demoliciones, limpieza… y tanta conplicación… Porque un diente es un diente, ¿no?“.

 

Ezequiel ING enpresaren aseguruen bulego bateko zuzendaria omen zen krisiagatik Peruko ofizina guztiak itxi zituzten arte. “Nunca pensaría que después de 10 años allá trabajaría en obras, limpieza, de camarero… ¡Lo que sea!“. Orain berriz postu berera itzultzeko deitu diote, eta gaur bertan joan da bere hirira. Bere alabak izango ditu han zain.

 

Gauza batean denak ados: “¿Dónde ganarás tanto haciendo estos trabajos de mierda? Son trabajos fáciles, de tontos… Es un sitio caro y haces trabajos malos. De inmigrantes, pero si trabajas, ahorras. Y la plata es la plata amigo… Allá nunca ganaría tanto haciendo esto…

 

 

Hurrengoan zer izango da?

 

Ingelera ikasketak etxe-garbitzaile lanekin konbinatzen ditu Maialenek. Euskal etxean euskara klaseak ere eman ohi zituen, azterketaren gertutasunagatik utzi behar izan zituen arte. Ni berriz, lorazain, altzari-banatzaile, bikoiztaile, igeltsari, mudatzaile, eta orain irakasle gisa bere ordezko lanetan nabil…

 

Ez dio axola zer zaren (tamalez jatorriak apur bat bai). Kontua zertarako prest zauden da… Azken finean, “la plata es la plata, amigo!

 


Bisita astesantuan

2010(e)ko apirilak 23

Astesantuan, Maialen eta biontzat 7 hilabetetan lehena zen bisita jaso genuen besoak zabal-zabalik genituela: Sesma-Mancisidortarrak! Nire gurasoak alegia. Ez zen behar-beharrezkoa inor etortzea; ez genuen inor gu ikustera honaino etortzerik espero… Baina ederki pasa genuen guztiok gure artean izan ziren bi asteetan; bidaiari-gida jolasean…

Operan Hose famatua martxan ikustera joan zen aita. Irudian, beroketa ariketak

Woologong eta Thirroul inguruko kostaldea lookout batetik ikusita

HuskissongoParadise Beachek‘ zuri jarraitzen zuen frogatzera ere joan ginen

Ederra da han ere goizean goiz bainu lasaigarri bat hartzea…

Edo besterik gabe eseri eta erlaxatzea…

Maialen, eguzkia hazi bitartean

Sydneytik 2-3 ordu iparralderantz gidatuta, Port Stevens bailara inguruak ere ezagutzera joan ginen

Kookaburra barregile koadrila zen kanpineko iratzargailu ofiziala. Harrigarria da hegazti maitagarri hauen algara eta kantuek sor dezaketen zarata eroa…

Goizean goiz arrantzaleak gozatzera joateko prestaketatan aurkitu ohi genituen

Eta pelikanoak lasai bitartean…

Goizeko 7etan hasita, ‘astesantuko untxia’ eta kanpaitxoaren atzetik ere ibili ziren umeak, txokolatezko arraultz preziatuen bila…

Mayall Lakes inguruko dunak

Gurasoak, gugana bidean. Ez da hain hondar-mendikate txikia, ezta?

Askatasun hego-haizeak somatzen ziren…

Hondartza a la basamortua?

Bazen narrasti dotoreentzat lekurik ere

Lakuak eta itsasoa ozta-ozta banatzen dira

Udazkena hasteko: Victoria State

2010(e)ko apirilak 16

Udazkena puntuan iritsi zen. Lehenengo egunetik euria indarrez eta tenperaturen hamar graduko erorketa bortitza (nahiz eta hala ere 20ºCtatik jeitsi ez).

Jervis Baytik hirira itzuli ginenerako, lanpostu batean hasteko baieztapenaren zain nengoen deia jaso nuenean: “berandu baino lehenago hasiko zara; baina ez datorren aste hontan“. Maialen ere school holidaysetan, astebetez nahi zuena egiteko aske zen.

Gauzak horrela libre genuen aste hura aprobetxatuz Victoria estatura joatea pentsatu genuen. Ostiral gauean bertan ‘jetstar’ konpainiaren webgunean sartu, Sydney-Melbourne (Avalon) hegaldia 59AUDen trukean erreserbatu, motxila prestatu, ondo gosaldu eta larunbat eguerdian abiatu ginen!

Hegaldia bikaina izan zen lurrartzear ginela pilotuak “hodei mardul batzuk direla eta beranduago egingo dugu beherantz” esan zuen arte. Aurrikusitakoak baino 45 minutu gehiago lainoetako euli moduan ibili ostean sekulako euri zaparradaren erdian lur hartu genuen azkenik aireportu txikian.

Eta ordubetean Melbourne hiri erdiko South Cross autobus-tren geltokiko lurpeko solairuan ginen. Autobusetik irteten hasi eta oinak busti nituela ohartu nintzen. Zer zen hura!! Geltokia urez gainezka zegoen. Izotz zatiak nonahi, osto eta adaskak lurrean ongi zapalduta, jendea blai eginda…

Itxura honekin egin zigun harrera Melbournek (Victoria)

Eta berdin kalean. Jendea oinutsik, alarma guztiak erre beharrean… Hura zen kaosa! Baina zer gertatu zen? Zergatik zeuden arbol zatiak bazter guztietan, izotz zatiak han-hemenka, putzuak errepideetan eta dorretako alarmak ere oihuka?

Panorama haren erdian ostatu merke baten bila abiatu ginen LonelyPlaneta eskuan genuela. Gure zoritxarrerako larunbata zen, eta ostatu guztiak ganbararaino beteta zeuden! Hotelak berriz, ez ziren guretzat egin… Zer egin orduan? Garagardo eta tertulien konpainian gaua luzatu ondoren autobus geltokiko itxarongelan etzatea bururatu zitzaigun. Eta halaxe egin genuen!

Eta honela jakin ahal izan genuen gertatutakoa: gure hegazkina lurreratu ezinda zebilen bitartean, txingor-zaparrada izugarria erori omen zen hirira. Golf piloten neurriko harriak omen ziren, eta alarmak hauen kolpeengatik hasi ziren lanean, tren geltokiko ehunezko sabaia ere hauek zulatu zuten… Eta hiriko Yarra ibaiak ezin izan zuen bapateko hura irentsi.

Great Ocean Road entsutetsuaren ekialdeko ‘sarrera’

Igandean goiz, oso goiz esnatu ginen beraz. Hirian buelta bat eman genuen (erdigunea oinez errez ikus daiteke) eta pentsatzen jarri ginen: Sydney bezalako hiri batetik etorri eta beste hau ikusi behar al dugu? Polita da, eta bizitza (kulturala) omen du, baina beste hiri berri hauetariko bat al da opor hauetan nahi duguna?

Azkenean, ostatuekin berriz izango genituen arazoak kontuan hartuta, hiritik irten eta haize frexkoa zela gehien behar genuena ohartuta… Auto bat alokatu eta Great Ocean Road aldera abiatzea erabaki genuen. Australiako Hego-ekialdeko kostan dago; Melbourne hiriaren mendebaldean hain zuzen ere.


’12 apostoluak’. Gaur egun 7 gelditzen dira mahaian…

Torquay eta Warrnambool arteko errepide honen ingurua aktibitate handiko ingurunea da. Bertako lurra ez da oso solidoa, eta haizea zein hurak errez higitzen dute forma ezberdinak sortzen jolastuz. Artean, mendia, parke naturalak eta kosta modu politean urtzen dira.

Imagina ezazue Zarautz eta Zumaia arteko errepidea mendiari zati bat bera ere kendu behar izanik gabe. Imaginatu orain inguruko mendiak eucaliptus zuhaitzez edo landare tropikalez jantzita daudela. Imaginatu bi herrien artean 120km inguru daudela, eta ez dagoela Getaria baino herri handiagorik, eta hondartza inguruak ez direla etxez gainezka egoten… (bai ordea surflariz)

Autoak ematen zigun askatasunaz errez mugitu ginen; eta sudur-puntan jarritako lekuetan egin genuen lo… Erreza da inguruak irenstea hemen ere; batez ere leihatila jeitsi eta ur gazia eta eukaliptoen nahasketaren usainaz gozatuz gero.

Haize-olatuak sortzea ere zaila hondartzatxo honetan…

Lasaiaskoa zen hau ere… Egun honetan hotz egin zigun ordea

Beste xarmadun hondartzatxo bat...

Eguraldia ongi freskotuta zegoen egia esan, baina ezin izan genion inguru hauetan bainu bat edo beste hartzeko tentazioari uko egin… Marrazo asko ibiltzen omen da inguru hauetan, baina egia esan, ez ginen gogoratu ere egin.

Maialen, oharkabean ateratako argazki batean

‘London Bridge’ natural ezagunak erdia galdu zuen duela hamar-bat urte

Txango ederrak egin zitezken hornidura tropikaleko basotan zehar

Egun batean gaua Cape Otwayn pasatzea pentsatu genuen. Parke natural batean zehar errepide nagusitik apur bat aldenduta dagoen itsasargi ezagun bat da hau. Han inguruko garrantzitsuena… Haizeak gogor jotzen zuen han, eta gauez ekaitz zoragarri bat ere sentitu ahal izan genuen gure pospolo kaxa txikiaren txapen bestaldean…

Esnatu eta gosalduta parkea berriz gurutzatu eta errepide nagusira itzultzen ari ginela, ezusteko eder bat eman zidan Maialenek: “Geldiu Sesma, beitu koalak!“. Errepide bazterrean dozenaka ikusi ahal izan genituen. Handiak, txikiak, lodiak, lotiak, ipurterreak… Grazia ematen zuen haizeak enborrak astintzean hauek zein goxo jarraitzen zuten ikusteak.

Denboraldi eder bat eman genuen hauei begira eta erdi jolasean, nahikoa zela pentsatu eta gure bidera iritsi ginen arte…

Cape Otway inguruko basoan ikusi genituen azkenik koalak, beren giroan

Eta bai ikusi ere! Dozenaka aurkitu genituen, hainbat neurritakoak, mugitzen…

Egun batzuen buruan Melbournen ginen berriz. Hirian zehar bueltaxka bat eman eta beste ‘relocation’ bat egiteko kotxea hartu genuen bertan. Eta ondorengo bi egunotan Melbourne eta Sydney arteko kosta osoko 1050 kilometroak egin genituen… Herritxo eta bailara zoragarriak ikusi genituen bertan (baina kasualitatea, generamatzan bi kamerak izorratuta zeuden ordurako). Merezi zuen!

Hirian gure lagunekiin elkartu eta gure bidaiaz hitz egin genienean harritu egin ziren. “Hainbeste koala aske ikusi al dituzue? Ba hori sekulako zortea da, eh? Australiarrak izan eta bizitza osoan zehar aske dagoen bat edo bakar bat bera ere ikusi ez duten dexente ezagutzen ditugu!. Nik ere bakarra ikusi dut…“.

Egia esan, herrialde honetan kanguroak 40.000.000 inguru direnean, koalak milaka besterik ez dira… Pentsa, suteetan ere nola egin behar dute ihes zuhaitzei helduta lo dauden animaliatxo motel hauek???


Udako azken asteburua Jervis Bayn

2010(e)ko apirilak 15

Hala zen bai. Australian urtaroak ez datoz hogeita batgarrenetan; lehenengotan baizik. Udazkena adibidez, martxoaren batean hasten da. Aitzaki hau eta beste pare bat aprobetxatuz (Iñaki kataluniarra eta beste bat) Jervis Bay ingurura joatea ohotu zitzaigun; Sydneyren hegoaldean (autoz 3 ordu).

Eta bai merezi ere! Bailara baten inguruko kostako parke nazional bat da. Milioika eukalipto, herritxo pare bat, hainbat eta hainbat hondartza… Animalia asko eta jende gutxi! Akanpatzeko gune bat dago Cave Beach ondoan, eta han jarri genuen gure denda nahiz eta azkenean lo hondartzan egin… Egia esan Maialen eta biok Australiagandik gehien espero genuena topatu genuen bertan: natura, lasaitasun-tarte handiak, hondartzak, olatuak, izurdeak, surfa, kanguroak, barbakoak, parranda…

Gustura ibili ginen iran-suediar, indiar, kataluniar, australiar, espainiar, frantziar, brasildar, euskal herritar eta abarrez osatutako koadrilan! Merezi duen leku bat da; baina nola ez, kamera ez zen oso aktibo ibili… Hala ere, hona hemen leku hau hobeto irudikatu ahal izateko irudi batzuk.

Esan beharra dago putakumea haizea hartzera bidali izanak gozamenari zentzumenak irekitzen lagundu zidala…

Cave Beach. Honen inguruan igaro genuen denbora gehiena

Cave Beach. Alde honetako kobazuloan antolatu genuen festa


Paradise Beach (Huskison). ‘Guiness’ liburuan hondar zurieneko hondartza gisa ageri omen da

Ez dakigu inor ez zegoen hondartza erraldoi honen izena. Basatia.

BBQa prestatzen. Australiako ezaugarria

Kobazuloko festako une bat (flashak kendu dio xarma argizari-argiari)

Denden pareko zelaian Australia, Katalunia, Euskal Herria, Brasil, Turkia eta Espainiako ordezkariak

Bai!! Atzean agertzen nintzenean argazki hau ateratzen nenbilen…
Kanguro asko gerturatu zitzaizkigun

Jofre frantziarrak hondartza basatitik ateratako argazki ikusgarria.
Hamaika izurde olatu berean. Hauek ere inguruan genituen...


Sydney inguruan bolada baterako dagoen edonori gomendatuko nioke leku hau. Australiako natura gertuagotik ezagutzeko, dibertitzeko… Eta hiritik atera eta eucaliptus haize gaziak arnasteko!


Jakinarazpena: Argazki pare bat Carles kataluniarra eta Benath iraniarrarenak dira

Udak ihes egin bitartean

2010(e)ko martxoak 20

 

Zeelanda Berrian ibili ginela, bisa zela, lan bila genbintzala… Konturatu orduko bazetorren udazkena; eta hauxe izan zen atera genuen ondoriotariko bat: hein batean, Australian marketin plan itzelbat burutu dute eguraldiaren inguruan.

 

Herrialde hau aipatzean, hondartzak, olatuak, basamortuak eta eguraldi ona bururatzen zaizkio gehiengoari. Ezta? Eta hondartzak ikaragarriak dira (luze eta basatiak asko), basamortua izugarria da (azaleraren %80 inguru esango nuke), olatu ederrak ere egon ohi dira sarri, baina eguraldia?

 

 

Sydneyko zaparrada eder bat, gure etxetik ikusita

 

 

 Bi zentzutan, euri ugari egin du gu hemen gaudenetik. Egia da giroa oso oso beroa izan dela udan, eta Euskal Herriko udan bezalakoa dela udaberri nahiz udazkenean. Egia baita ere, hotzagandik ihes egin nahi duenak neguan iparraldera joan besterik ez duela… Baina hemengo udako eguzkiaren azpian 2 ordu irautea oso zaila da; eta bestelakoan euria egiten du! Queensland estatua bera ere urazpian egonda denbora askoan…

 

Elena, Javi, Maialen, Natalia eta ni, Gure Txokoko atzealdean

 

 

 

 Baina beno, hemen ari naiz gehiegi jantzi gabe idazten, beraz…

 

Hala, gauza ugari egin genuen uda amaitu bitartean; besteak beste:

 

· Aavalon ‘euskal koloniatxoan’ asteburu bat Imanol azkoitiarra eta Miren azpeitiarraren behin-behineko etxean. Lore eta Unax zarauztarrak ere elkartu zitzaizkigun bertan, eta hondartzaz gozatu ahal izan genuen…

 

· BBQ eder batzuk

 

· Gure Txokoko igande gogoangarriak… Hauetako batean Jose, kazetari kanariarrak, ‘La neura del euro’ monologoa eskeini zigun sekula han ikusi ez nuen jendetzaren aurrean. Politikari guztiak eta burutzen diren politiken kritika gordina zen hein handi batean…

 

· AC/DC (zahar) taldearen kontzertua bizi euren etxean… Australiar, kanariar, euskaldun eta kataluniarrek osatutako 15 lagun-taldea joan ginen gainera, eta sekulako giroa izan genuen Estadio Olinpikoaren erdian…

 

 

Gure ‘kuadrila’, kontzertua hasi aurretik

 

 

Gorka (goian) eta Ugutz; ez zen zaila gu topatzea!

 

AC/DC kontzertua martxan 

 

Azala eta izerdia nagusi ‘botzoaren’ erdian

 

 

 

Hala ere, Australiagandik espero genuenarekiko antzekotasun handieneko bi irteeratan gozatu dut gehien: Jervis Bayko asteburua udako azken bi egunetan, eta udazkenaren hasieran Victoria estatura astebeterako eginiko ihesalditxoa.

 

 

 

(eskerrik asko Ugutz eta Natalia artikulu honetako argazkiengatik)

 


Hitlerren semeorde beltza

2010(e)ko martxoak 17

 

Putei errespetu osoz, baina hain erabilia den adjektiboa dut nire ordungo nagusiarentzat: PUTAKUMEA!

 

Diru-kontuengatik larritu ez, eta epe ertaineko asmoak ahaztu nahi ez bagenituen, lanean berehala hasi beharrean nintzen. Bide horretan, interneteko helbide asko miatu nituen, han-hemenka curriculumak banatu, jendearekin hitz egin… Baina “hemendik bizpahiru astetara agian behar izango dugu norbait” eta antzerakoak ziren ‘erantzun’ gehienak. Ezer ez.

 

Hartan, Gure Txokoko igande horietariko batean honako hau esan zidan Sergio madrildarrak (euskaletxe honek ekarriko du artikulu bat): “Tío, pues un colega mío dejará su curro porque ha pillau algo mejor. Él conducía una furgona para un chalau que perdió el carné. El tío este es un puto loco, un tío raro, raro, raro… Y no es el mejor curro, pero no está mal. Empiezas hacia las nueve y terminas al mediodía. Bueno, igual algún día un poco más tarde… Pero eso sí, de lunes a sábado. Y el te paga quinientos pavos a la semana en cash in hand, que no está tan mal. Lo que tienes que hacer es aguantar al tío, que es un loco“.

 

Egoera hartan, pozez txoratzen jarri nintzen. Asteroko diru-iturri seguru bat izango nuen azkenik! Hobea zen zerbait topatu bitartean…

 

Berehala hitz egin nuen Javi galiziarrarekin (lana utzi zuena) eta ondorengo asteetan nire nagusia izango zenarekin harremanetan jarri nintzen. Dena ongi; asteazkenean hasteko moduan!

 

 

Lehenengo egunak hiritik bueltaka

 

Oinez etxetik 30 minututara zegoen elkartu beharreko lekua; Freedom Furniture enpresaren dendatako baten biltegi batean (hemengo Ikea moduko bat da). 8.30ean han ezagutu nuen Cass. Ibilgailu zaharra goraino bete eta lehenengo azalpenak eman zizkidan orduan (furgonetak nire adina zuen, eta hau martxan jartzeko): “Kable honekin zure eserlekuaren azpiko torloju hau ukitu behar duzu, eta ondoren eragin giltzari“, jjjajaja

 

Bere lehenengo zigarroa 23 segundutan liatu zuenean abiatu ginen. Berak eskuarekin ‘eskuin ala ezker’ egingo zidan, eta nik erne jarraitu besterik ez nuen egin behar. Gero altzariak etxeetan uztea tokatuko zitzaigun.

 

Sofa, armairu, mahai eta bestelako guztiak hainbat auzotan zehar banatu, enpresa beraren beste biltegi pare batekoekin ere berdina egin, eta arratsaldeko 16.30ean amaitu genuen lehenengo eguna. Uste nuena baino beranduago zen, baina ez zioen axola. Nire lasaitasunerako, Cass berak ere esan zuen berandu genbintzala… Eta hurrengo eguna ere antzerakoa izan zen.

 

Niretzat garrantzitsuena nagusiarekin izango nuen tratua ezagutzea zen; ordutegiarena beherapenak amaitutakoan konponduko baitzen.

 

 

“I´m from Bahamas”

 

Lehenengo bizpahiru egunetan oso itxura ona hartu nion nagusiarekin izango nuen harremanari. Gizona zelebrea zen bai, baina ona ematen zuen. Ez arraro eta ezta zoroa ere.

 

Bahamasetik irten eta Frantziara egin omen zuen ordungo emaztearekin. Han beste batekin ezkondu eta 30 urte omen zeramatzan Sydneyn. Bisa on bat oso erraz lortzen omen zen orduan, eta bera saskibaloian ona zela eta hemen entrenatzaile lanak egingo zituela esanda sartu omen zen.

 

Diseinu grafikogintzan ere aritua zela eta garai batean zazpi hizkuntza hitz egiten zituela esan zidan zigarroak erretzen jarraitzen zuen bitartean (hamabi, lau lanordutan); nahiz eta gaur egun batzuk ahaztuak zituen…

 

Hemen security staff moduan hasi omen zen lanean semearen medikuntzako unibertsitate pribatuko ikasketak ordaintzeko astean zazpi egunez, eta ondoren berekasa furgonetarekin hastea erabaki omen zuen. “Hau da hau tipoa!” pentsatu nuen.

 

Furgoneta berria ere erosi omen zuen milaka dolarren truke, baina lehenengo egunean -oraindik aseguratu gabe zuela- lapurtu egin omen zioten. Handik hiru hilabetera beste hiri batean erreta agertu omen zen. Gizonak pena eman zidan orduan, ezin aurreztuta zebilela-eta…

 

Gainontzean nirekin eskuzabala izan zen egun haietan: kafea gonbidatu, zigarroak eskeini, bazkaria (McDonalds) ordaindu, dena zen “please“, “thank you” eta irriparrea… Etxera itzultzeko oinezko 30 minutuetan zortea izan nuela eta tipoak ez zirudiela txarra pentsatu ohi nuen…

 

 

Auzotako ateak irekita

 

Bolada baterako zela jakinda, gogoko nuen lan hura.

 

Nekeak neke (ez zen ederra ohe-sofa astunak igogailu
gabeko etxe victoriano estuetako hirugarren solairutara eramatea), ederra zen hirian hara eta hona ibiltzea.

 

Aberasgarria iruditzen zitzaidan Sydneyko auzo guztiak ezagutzeko aukera; batipat etxe bakoitza barrutik ikusteko parada hura.

 

5 000 000 biztanle inguru ditu hiriak. Etxe gehienak hiru solairu baino gutxiagokoak direla kontuan hartuta, imaginatu zenbaterainoko azalera betetzen duen! Eta gune interes orokorrerako erakargarrienak diren lekuak elkarrengandik gertu daude; hondartzak ekialdean lerrotuta… Nola iritsiko nintzen -edo zertarako- mendebaldeko auzoetara? Nola kostan ez dauden iparraldeko edo hegoaldeko auzotara?

 

Lan honekin hiriko bizimodu guztiak ezagutzeko aukera izan nuen. Ekialde hurruneko jendea, arabiarrak, afrikarrak edo greziarrak konzentratzen diren auzoak; auzo aberatsak eta pobreak; musulmanak, induak, budistak, anglikanoak, katolikoak, protestanteak, juduak elkartzen direnak… Hiriaren inguruko dokumental edo erreportaietan sekula agertuko ez liraketenak ere ikusi nituen. Postalen eta etxeetako hormen atzean ezkutatzen den bizia ikusi nuen: homosexualitatea, inmigrazioa, arrazismoa…

 

Egun batean adibidez, begirada galdua zuen andere batek atea ireki zigunean zaborrez itotako etxe bat topatu genuen. Bapatean, gure lana egiten ari ginela, emakumeak bere barrenetan eraso bat surfrittu eta arrazismo leherketa bat izan zuen nire ‘nagusiari’ “sekula ez dut hain tipo usaintsua izan etxean“, “zergatik etorri zara, ni erasotzeko?“, eta antzerakoak esanaz. Poliziari ere deika hasi zen gu bere etxetik ateratzeko, baina guk hanka egin genuen (ez genuen ulertzen gertatutakoa). Pena eman zidan Cassek; ez bainuen zaborra bezala tratatua ikusi ordurarte… “Diotena diotela, herrialde hau arrazista da. Nik sufritu dut, eta baieztatu dezaket. Hala ere ni ez naiz beste arrazakoak zaborra bezala tratatzen dituenetakoa…” zioen.

 

 

Zaborraren tratamendua

 

Baina laster amaitu zen honenganako nuen sentiberatasuna. Egunak aurrera joan ahala, bere barrenak ezkutatzeko erabili zituen teknikak erortzen joan ziren. Juduak gorrotatzen ditu (Palestinaren kontuagatik omen da, ulergarria), txinatarrak eta ekialde hurrundar gehienak ardikaka bezain baliotsuak dira honentzat, neska beltzek ez omen dute larrutarako ere balio… Ez omen zen arrazista, baina arrazakeria uneoro erakusten zuen! Beranduago kontatu zidan Javik “El tío es fan del Hitler tío, ¡y eso que es negro!“.

 

Txinatarren etxe batetara sartzen ginenean (hauek ere oso lehorrak dira) kasurik ere egin ez, hitz gozorik ez, lana kolpeka egin eta hanka presaka egiten zuen. Berdin beste hainbat asiarren etxeetan ere. Neska japoniarrekin oso jatorra zen ordea, australiarrekin edo hegoafrikar zuriekin adina. Baita propina usaintzen zuen familia aberats indonesiarren etxeetan ere.

 

Hori bai, hauei bizkarra eman bezain pronto “Txinatar puta, wawawawawa… Kaka zaharra! Hauei ez zaie utzi behar gehiago etortzen! Eztute ezertarako balio. Txinatar putak!” (bero-bero hitz egiten zuenean denak ziren ‘txinatarrak’ nahiz eta berak errez bereizten zituen.

 

Homofoboa sutsua ere bazen; martxan gindoazela gay bati furgonetatik “Oi! Marikoi puta!” ohiu egiteraino! Lesbianak ere zin zituen jasan, eta hauen etxeetatik irteten ginen bakoitzean (benetan, asko ziren) bi minutu behar izaten zituen lasaitzeko.

 

Egoera dibertigarriak gertatu ohi ziren. 30 urtetik beherako neska batekin dagoen bakoitzean gizon maitagarria bilakatu ohi da putaseme hau. Beste bat ematen du. Denei aurpegitxo alaiena erakutsi, irriparrea, eskua eman… Ba bezero batek atea ireki eta honelako bat topatu zuenean sekulako irriparrea egin zuen. Eraman beharrekoa eramaten ari ginela ordea, neska haren neska ere egongelara agertu zen eta elkarri musu ematen hasi ziren sofan etzanda… Orduan aldatu zen guztia! jajajja Tipoari ia bihotzekoak eman zion…

 

Bezeroa telefonoz hitz egiten entzuten nuenerako, nolako jarrera ikusiko nuen aurrikusi nezaken azkenean, eta nire buruari Cass putasemea benetan nazkagarria zela esaten nion bitartean berataz barre egiten nuen.

 

 

Birziklatzeko nire beharra

 

Eta okerrena. Niri ere zaborra bezala (inmigrante tonto) bezala tratatzen hasi zen denbora aurrera zihoan bezala.

 

Lan kontuak:

 

Sekula ez genuen arratsaldeko 4ak edo 5ak aurretik amaitzen. Honek astean 50 ordu inguru lan egitea esan nahi zuen, eta 500 dolarren truke? Hori oso gutxi da Australian! Gehiago ordaintzea berarentzako ezinezkoa zelako izango zela pentsatu nuen (soldata batetik bi atera beharko ditu), baina beranduago konturatu nintzen etxe bakoitzeko 65$ jasotzen zituela; astean 1800-2000$ inguru alegia! Aberasten ari zen nik mixeria jasotzen nuen bitartean; eta nik gidatzen nuen furgoneta, bezeroei atea nik jotzen nien, bere bizkarra gaizki zegoela-eta nik eramaten nituen ia kaxa guztiak etxeetara… Kaka alde horretatik. Gutxienez ondo tratatua izango banintz…

 

 

Pertsonarteko tratua:

· Berak sekula akatsik ez: karreteran galdu egiten zela, berak esaten zuen bezala sartzeagatik produktu batek markak zituela, zerbait erori egiten zitzaiola… Ez zuen inporta! Beti izango zen nire errua eta gainera bezeroen aurrean oihuka hasiko zen! Uste dut berak agintzen zuela erakutsi nahi izanagatik zela…

 

· Istripua nire errua. Imaginatu! Furgonetan zaharraren zaharragatik, egun batean aurreko gurpiletako bat eta ardatza lotzen zituen pieza apurtu zen hiriaren kanpoaldeko auzo batean gindoazela. Gurpila azpian sartu eta furgoneta balantzan hasi zen… Ozta ozta lortu nuen autorik jo gabe gelditzea! (auto guztiak batera irteten direla dirudien une horietako bat zen). Eta berak zer egingo? Niri oihuka hasi zen errua nirea zela esanez, eta mekaniko baten bila joan zen, ni han utzita. Sekulako autoilada sortu genuen (amaiera ez nuen ikusten), eta han etzegoen poliziarik… Diru beltzean zebilen gizajo bat nintzen egoera hartan, eta berak nik trafikoa zuzentzea nahi zuen gainera! Putakumea! Gero ez omen zen oroitzen ni iraindu izanaz…

 

· Jatera joaten zenean esan ere ez. Haseran eskuzabala zen arren ondoren jatekoa ere ez zidan ematen. Etxetik badaezpada zerbait eramaten nuen almazenean presaka jateko. Imaginatu, gasolindegietan ni furgonetan geratu ohi nintzen bera ordaintzera joaten zen bitartean eta han irteten zen jatekoarekin niri ezer esan gabe! Edo kilometro ugari egiten genituen nik lanera gindoazela uste genuen bitartean berak (eta berak soilik) gustoko zuen leku batean jan zezan!

 

· Propinak ezkutatu. Lerdoa nintzela uste zuen. Etxe aberatsenetan beti trikimaina bera erabiltzen zuen. Dena ondoen zihoanean eta poltsiko eta kaxoietan mugimenduak somatzen hasten zirenean… “Eh! Behera jeitsi furgoneta zaintzera poliziak multa jarri aurretik“. Askotan garaje barruan genuen ibilgailua, edo bazekien ez zela ezer gertatuko! Gero botatzen nizkion nik zeharka… Baina ezer ez. Bezeroak propina nire aurrean emandako aldietatik bitan bakarrik (10$) banatu zuen. 150$ nire aurrean jaso zituen batean ba al dakizue zer egin zuen? “Gasolinatarako“. Eta inoiz ez zuen 30$ baino gehiago gastatzen horretan! Putakumea!!!

 

· Berarentzat estorboa. Jaten ari zela ez zuen ni bere inguruan egotea nahi izaten, nire bizitzaz ezer kontatzen hastea ere alferrik zen (behin eta berriz galdetzen zizkidan gauza berdinak), almazenean ere ez ninduen inguruan nahi eta ideia bat izanaz gero? Hobe isilik egon, iraindu egiten bainuen!

 

· Umore aldaketak. Jasangaitza zen honena…

 

· Engainua. Lana egitera gindoazela uste nuenean erosketak egiten zituen, lagunak bisitatu, bere kontu pertsonalak hemendik hara eraman… Sekula zer egitera gindoazen esan gabe! Ordu haiek ez zituen ordaintzen, noski, eta zertara gindoazen galdetuz gero haserretu gainera!

 

· GEZURRAK: Ez omen zen arrazista, ez omen zuen diru asko irabazten, frantzian bizi izan zela… Dena gezurra!

Bera zenbat eta gehiago ezagutu geroz eta duda gehiago nituen. Ez nuen sinesten Bahamasekoa zenik ere (hobeto hitz egiten zuen suahiliera ingelera baino), garai batean israelen soldadu izan zela baieztatu zidan Javik, semea zuenik ere ezin sinestu jada…

 

 

Ahaztu nahia

 

Egoera ni irensten ari zen; eta ez zuen merezi hemen horrela bizitzeak. Egun guztia amargatu honen ondoan!

Hala galiziarrarekin hitz egin nuen honen inguruan; eta beste bi gezur agertu ziren!

 

Javik kasu egiteko hots egin dit… bere aurretik mutil argentinar jator bat ibili zen… oso ondo eraman izan naiz nire langileekin...”. Javiri honek esandakoak kontatutakoan… “¡Pero que hijo de puta! Yo le llamé porque todavía me debe pasta, y al argentino también se la debe. ¡Y yo no le aguantaba más! Ese pirau es un mentiroso… Yo he llegado a pensar que un frustrau de la Al Qaeda“.

 

Lana utzi behar banuen, astebete lehenago esatea nahi zuen Cassek. Eta hori zen bere tranpa: lehenago esaten zitzaion, azkeneko aste osoa egiten zen lan, eta gero egun hauek ez zituen ordaintzen. Eta orduan zer egin nuen? Dirua eskuan nuen momentuan esan ez nuela gehiago lanik egingo.

 

Deiak jaso nituen ondoren, gure auzoko zuhaitz baten atzean ezkutatu eta telefonoz deitu zidan (bere begien aurrean nengoela) ea non nenbilen galdetuaz… Ezkutalekutik atera eta hori ezin niola egin zioen… Bera ona izan zela nirekin… “ZOAZ INFERNURA, PUTAKUMEA!” zen pentsatzen nuen bakarra… Berriz ere gezurretan… Badaki nola gaizki sentiarazi.

 

 

“Un frustrau de Al Qaeda…”

 

Berriz ere langabe (eta dirugabe), jajaja aske nintzen. Lan hobeago bat bilatzeko aske, hondartzara joateko aske, planak egiteko aske… Eta benetan diot harengandik urruntzea behar nuela burua okerrago izan baino lehen… 6 aste berarekin eta ezin nuen gehiago! “Tartean biolentziarik izan gabe, ez nuen uste norbait hainbeste gorrota zitekeenik…” nioen.

 

Yemenen ibili ohi den hizkuntza hobeto erabiltzen zuen ingelera baino. Beraz, Bahamasekoa ez bada
eta Yemenekoa bada? Juduen armada ongi ezagutu zuen eta gorrotatu egiten ditu. Sinagogatan ere pistola balu bezala barrez egiten zuen, benetan sentitzen bazuen? Cass deitzen genion, baina bere DNIa bera ohartu gabe ikusi nuen eta oroitu ezin dudan izen bat ageri zen han. Hori ere gezurra bazen? Hilean hainbeste diru irabazi eta sekula dirurik gabe baldin bazebilen? Beti gezur artean bazebilen?

 

Hainbeste gezurren artean egia pare bat dakizkit. Ingelera ez zuen ongi egiten (eta Bahamasen Jamaikan bezela hau erabiltzen da), eta kasualitatez beti arabiarrak ziren bere lagun etorkinei etxeak topatzen genizkien (lanordutan).

Deigarria egiten zitzaidan etxeak beti aeroportuen inguruan egon beharra. Aeroportuak hain zabalak izanik, hauen inguruko auzoetatik auzotara tarte handiak daude; baino honek ez zion axola nonbait… Guztietatik aeropurtua garbi ikusten zen; hori bai, eta bera zen errentaren kontu guztiak egiten zituena.

 

Ni ere paranoiatan hasi nintzen bada kontu hauen inguruan! Tipoaren inguruko guztia nahi nuen ahaztu etapa honen inguruan… Hiria eta etxeen barruan ezagututakoaz bakarrik nahi nuen oroitu.

 

Hala ere, eleberri bat idazteko ere ematen du garai honek…

 


Beharra Sydneyn

2010(e)ko martxoak 13

 

Lana topatzea zen konpondu beharreko bigarren kontua.

 

Oso hiri garestia da Sydney; gure orbitan bizi den jendearentzat gutxienez.

 

CBD (erdigunetik) gertu dagoen etxeren batean gela duin propio bat nahi izanez gero ez da erraza asteko 150$ baino gutxiago ordaintzen den bat topatzea. 3$ inguruko zartada garraiobide merkeenean egindako joaneko bide bakoitza. 2$ gosaltzeko gaileta-zorroa, beste bi esne kartoia; dolarra pasta merkeenaren zorroa, beste bat moldeko ogi merkeena (ogia-ogia ezin da ordaindu); 4$ eta 6$ bitartean pub bateko garagardo basokada bakoitza eta 1,20$ inguru alkol-denda edo almazenetako garagardo botila merkeena; 10$ inguru tabako pakete merkeena… Atera kontuak!

 

Konturatu orduko bizioak baztertzen hasten da bat; baina hala ere, lana egin behar izaten du hirian bizi/iraun eta ondoren bidaiatu egin nahi duen gure mailako gazteak.

 

 

Krisialdiak ez du ito Australia

 

Zorionekoak gu, gaur egungo krisi kapitalista globalak herrialde hau oraindik harrapatu ez duelako. Txinarekiko menpekotasunik ez duelako omen da alde batetik, hauekin harreman onak dituztelako bestetik, eta baldintza geografikoak sortutako aukerak eta muga, zein bertan lan egiteko modua azkenik (formakuntza profesionalik gabe ere negozio propioak arrakastaz sortzen dira)… Ez naiz ekonomista, baina dakidana da hemen langabezia ia ez dela existitu ere egiten.

 

Pentsa, krisialdiak harrapatutakoan hemengo langabezia tasa %5,7ra iritsi zela-eta larritu egin omen ziren! Gaur egun beherantz doa (%5,3 iragan astean). Hala ere, hemen langabeek duten bizi-kalitate maila ona, diru-beltzean egiten den lan guztia, bidaiariok betetzen duten ‘zulo’ kopurua… Hori kontuan hartuz gero, ez dakit noraino larritzeko kontua den.

 

Beno, baina ez naiz menperatzen ez ditudan kontu hauetan sakontzen hasiko… Noan harira: hilabete batzutarako datorrenak lehenago edo beranduago topatzen du zerbait. Hobea edo eskasagoa, zikinago edo garbiagoa… Ilegalki lan egiten duen batentzat ere ez da hain zaila suertatzen hemen ‘mileurista’ izateko ohoreziara iristea. Zorte kontua da, baina aurreztu daiteke.

 

 

Gure kasua

 

Lanpostua eta generoa nahiko elkarlotuak daude sektore askotan. Etxeen garbiketa eta umezaintza postuak emakumezkoei uzten zaizkie orokorrean, igeltsaritza, logistika, lorazaintza eta antzerakoak gizonezkoei…

 

Maialenek etxe pare bat garbitzen dihardu (beste pare bat gehiago topatzeko asmoz). Ez da muduko lanik ederrena besteen etxeak txukundu eta hauen alkondarak plantxatzearena, baina hemen ondo ordaindutakoa da. Bere kasuan, ekasketetan inbertitzen duen denbora guztia kontuan izanez gero, aukera ona da gainera; ordutegiak baimentzen dizkion tarteak ez baitira zabalenak.

 

Eta nik zer esango dut ba? Herrialde hontara etorri aurretik eta bertan, ez da jakiten zertan jardungo den. Eta ni horren adibide bat gehiago naiz.

 

Batzuek agian gogoratuko duzuen bezala, lorazain gisa lortu nituen nire lehen dolar australiarrak.

 

Aukera hura amaitu zen ordea, eta casual bezala publizitate agentziatxo batentzat pare bat spoten gaztelerazko bertsioentzako doblajea egin dut.

 

Modu jarraiagoan lan egitea zen nire nahia ordea. Hala, hizkuntza enpresa batentzat euskara eta gaztelaniazko transkripzioak egiteko proba burutu eta gainditu nuen; eta hilabeteak daramatzat proiektuak hasi zain. Zerbitzari gisa hastekotan ere izan nintzen bitartean… Baina azkenean hemengo ‘Ikea’ antzeko enpresa baten altzariak banatzen furgoneta baten gidari gisa eman nituen 6 aste. Gehiago ezin nuen arte.

 

Ordundik transkripzioarena oraindik ez da hasi ordea, eta zerbaiten bila jarraitu dut. Azkenean, ‘landscaping’ sektorean aurki hastekoa naiz; nolabaiteko lorategietako igeltsaritzan, alegia. Ikusiko dugu azkenean zer gertatzen den!

 

Hala ere, gidari etapa hark artikulu oso bat merezi duela uste dut…

 


Mugak ixteko daude bisak

2010(e)ko martxoak 3

 

Esan bezala, kontu garrantzitsu pare bat konpondu beharra genuen ahal bezain laster. Bisarena zen horietariko bat.

 

 

Espainiar pasaportitisa

 

Euskal Herritar batzuk pairatzen dugun hau, sentimenduen mailatik kategoria praktikora pasatzen den gaixotasuna da Australiara gatozenean.

 

Dirudienez duela urte batzuk hemen izandako estafa-lapurreta batean dago Espainia eta Australiaren arteko harreman ez-onaren jatorria. Tranpatan diru mordo bat egin ostean Mallorca inguruan ezkutatu omen zen hemengo gizonezko bat. Australiak honen estraditazioa eskatu omen zion espainiar Estatuko gobernuari, baina onek ekarritako diruaren onurak ikusita ukatu egin omen zen eskakizuna. Gobernu hauen harremanak eskastu egin ziren orduan.

 

Ondorioz, espainiar pasaportea eraman behar dugunok ez ditugu Europako herrialde gehienetan, Asiako hainbat lurraldetan, Ipar Amerikan edo Txilen dituzten abantailak; Working Holiday Visa kasu. Bisa hau daramatenek errez lortzen dute hona oporretara etortzeko baimena; eta gainera, dirua egin nahi izanez gero Tax File Number (irabazitako dolarrak deklaratzeko zenbakia) delakoa dute lana legalki egiteko. Hori gutxi, eta fruta-biltzen hiru hilabetez jardunez gero bigarren urte baterako luzatzen zaie bisa.

 

Gaur egun beraz, espainiar pasaportea dugunok hiru bisa nagusi ditugu: langileena (sponsorship bidez lortzen dena; lortzeko konplexua), ikasleena eta turistena (3 edo 6 hilabetekoa).

 

 

Adibide gordin bat

 

Koadrila bereko bi mutili Australiara etortzea bururatzen zaie. Herrialdea ezagutu, lana apur bat egin diruak gehiago irauteko, sobratuz gero Asiara pasa… Bat Hendaian jaioa da ordea (frantziar pasaportearekin), eta Irundarra bestea. Lehenengoak guztia errez egiteko aukera izango du; lana legalki eta nahi duenean egin, bi urtez jarraian mugatatik irten beharrik izan gabe… Laguna aldiz, hiru edo sei hilabetez behin kanpora irten beharrean izango da bisa berritzeko, ikasle bisa batekin ikasten ari ez bada behintzat. Ikasten ari bada (oso garestia dena), legalki egin ahal izango du lana (astean 20 ordu) baina klaseen %80etara joan beharko du derrigorrez. Ikasten ez badu aldiz, lana ilegalki egin beharrean aurkituko da, eta harrapatuz gero etxera bidaliko dute!

 

 

Aavalongo koloniatxo euskalduna

 

Beraz, bidaiatzera etorri eta lan egin nahi duenak (klasera joan beharrik gabe) ilegalki egin ahal izango du, eta Aavalon (Sydneyren iparraldeko kostan hiritik autobusez 80 minutura dagoen herriska) da euskaldunon artean honetarako leku ezaguna. Bertako ostatu bakarra garesti ordaintzen da, baina lana egiteko zerrenda batetan izena idazteko aukera dago. Zerrendako postuen arabera lorazain, igeltsari edo etxe-garbitzaile postuak eskeini ohi dira (ondo ordainduta) ilegalki egiteko. Cash in hand!

 

Surfa maite dutenentzat aukera ona da beraz, eta hainbat euskalherritar elkartu ohi da bertan.

 

Hirian ere topatu ohi dira ilegalki egiteko moduko lanpostuak. Hala ere, esan beharra dago apurka-apurka estutzen ari direla hauen eremuak…

 

 

De facto bikoteen bisa

 

Panorama honen aurrean, inongo enbaxadatan jakinarazi ez eta lagun batzuk kontatu ziguten zerbait egin genuen. Maialen hilabete batzuez ingelera ikastekoa zen, eta nik ez nuen nahi klasetara joan baina bai lan egin Sydneyn egon behar nuen bitartean. Biok hainbat urte daramatzagu elkarrekin. Eta konponbidea?

 

Bikoteentzako ikasle bisa bat. Berak bost hilabetez ikasi behar zuenez, seigarren hilabetea oparitu ziguten ‘oporretarako’. Bitartean, Maiak klasetara joan beharra dauka (astean behin besterik ezin du huts egin). Biok dugu legalki 20 orduz lan egiteko aukera; eta bera oporretan dagoenean 40 orduz. Hala ere, garrantzitsuena Tax File Number delakoaren jabe izatea da. Horrekin jardunaldi osoko lana ere errez topa daiteke…

 

Hori bai. Elkarrekin irekitako kontuaren agiria, familiekin ateratako hainbat argazki, hainbat eta hainbat erreserba (hegaldietakoak, ostatuetakoak, trenetakoak, etab.)… Denetik erakutsi behar izan genuen inmigrazio bulegoan ‘de facto’ bikotea ginela erakusteko!! Gutxienez, sinestu zuten, eta eskerrak!

 

Tramite luze batzuen ondoren lortu genuen beraz lana errazago topatu ahal izateko bidea… Ez da merkea hemen liburuxka granate puta hori eramatea!


Santa Claus hondartzan

2010(e)ko martxoak 3

 

Gabonak iritsi aurretik itzuli ginen Sydneyra. Urtarrila bitarteko etenaldian zegoen Maialenen ikastaroa, eta eten beharreko langabezian geunden biak ala biak. Zeregin garrantzitsu bat edo beste bagenuen beraz, baina egun erdi-ero ‘berezi’ hauetan egunerokotasunera bideko erorketa motel bat aurrikusten genuen.

 

Elur malutik gabe halako sentsaziorik sortu ez ziguten gabonak ziren protagonista beraz bolada honetan. Beso gabeko eta ehun finetako kamisetek hartua zuten jaka lodi berrien erakusketaren lekua. “Opari-eskatzeko oinetako dizdiratsuen lekuan txankletak jarriko ote dituzte?” ohotu zitzaidan. Ahotik lurruna isurtzen zuenik ere ez genuen topatu; ez eta pinu edo eukaliptorik ere denda hornituen parean. Gezurrezko zuhaitz erraldoi pare bat besterik ez. Eta zer egiten zuten panorama honen erdian Santa Claus, Bizarzuri edo direna direlako haiek?

 

Bazter guztietan ikus zitezken panpinak; eta jendeak sekulako ohitura du eguna joan eta eguna etorri txano gorri ponpoidun ridikuluak jantzita ibiltzeko… Hala ere irudi bat geratu zitzaidan begi-ninian: errepide bazterretako Santa Claus ibiltari publizitarioak. Beroaren beroz ikasita daude, eta autobus geltokien itzalpean ezkutatzen dira. Jaka erantzi, manga motzeko niki zuria jantzi eta praka zein txapel gorria besterik ez dute ibiltzen noizean behin bizar zuriaren azpian ezkutatzen diren indiarrek. Ez dakit zergatik, baina lanpostu hau berezkoaren antzik ez zuten hauek betetzen zuten nagusiki…

 

 

Giro ezberdina

 

Kontuak kontu, ez familiarik; ez hango barraskilo, arkume edo bixigu-janik; ez lagunarteko polboroiz bustitako parrandarik; ez hotzik… Gabon zelebreak izan ziren gureak eta gu bezala beste hainbatenak. Bidaiari eta inmigrante ugari dago Sydneyn. Familia milaka kilometrotara duen jende asko. Egun hauetako hutsunea betetzeko lankideekin edo lagunekin elkartzen den pertsona andana.

 

Gorka eta Wendyren gonbitea jaso, eta hauen etxean ospatu genuen gabon gaua (abenduak 24) bigarrenaren senide batzuekin. Eguzkiak ihes egin aurretik hasi ginen jaten. Ostrak, kroketak, zerrikumea, champagne apur bat… Tertulian gustura aritu ginen. Kanturik ez. Azkenean, hiriaren geldotasuna ikusita errepide hutsetan zehar bizikletan egin genuen etxerako bidea.

 

‘Eguberri eguna’ bezala ezagutua ere ez zen batere berezia izan guretzat. Jai genuen ostiral buruzuri alfer euritsu bat besterik ez. Berdin gertatu zen hilaren 26an ere. Hemen Boxing Day ospatzen da, eta ez du zerikusirik boxeoarekin; opari-kaxak irekitakoan jasotakoarekin gozatzearekin baizik.

 

 

Urtea uretan hastea

 

Urtezaharretakoa izan zen guretzat gabonetako egunik onena. Mundu osoan hain ezagunak diren su artifizial ezagunen zatitxo bat ikusi eta milioi inguru pertsonen artean itotzetik ihes egin genuen. Egun oso batean leku on batean kokatu eta bi metroko garaiera izan ezean zaila omen da ezer ikustea; eta ez genuen egun hau hosto-tarteko zerbaiti begira igaro nahi.

 

Hamar lagun elkartu ginen Micaelaren etxean afai-merienda baten inguruan. Aitor, Miren eta Maialen azpeitiarrak, Imanol azkoitiarra, Gorka gasteiztarra, Wendy, Micaela eta beste bi australiar, eta nire arteko giroa ederra izan zen mahaian geunden bitartean. Baina festa La Perousse (Sydney hegoaldea) inguruko hondartza batetan zen izatekoa, eta taxi pare batean joan ginen gehienak…

 

DJ, malabarista, sutondo eta guzti ederra zen festa klandestino hura. Gonbitea ahoz-aho luzatzen den horietarikoa. Eguraldiak eta jende kopuru ez-gehiegizkoak ere lagundu zuten, eta gustura ibili ginen. Ederrena? Gaueko lauak inguruan gozatutako bainu epela.

 


Tresna-barrara saltatu