Beharra Sydneyn

 

Lana topatzea zen konpondu beharreko bigarren kontua.

 

Oso hiri garestia da Sydney; gure orbitan bizi den jendearentzat gutxienez.

 

CBD (erdigunetik) gertu dagoen etxeren batean gela duin propio bat nahi izanez gero ez da erraza asteko 150$ baino gutxiago ordaintzen den bat topatzea. 3$ inguruko zartada garraiobide merkeenean egindako joaneko bide bakoitza. 2$ gosaltzeko gaileta-zorroa, beste bi esne kartoia; dolarra pasta merkeenaren zorroa, beste bat moldeko ogi merkeena (ogia-ogia ezin da ordaindu); 4$ eta 6$ bitartean pub bateko garagardo basokada bakoitza eta 1,20$ inguru alkol-denda edo almazenetako garagardo botila merkeena; 10$ inguru tabako pakete merkeena… Atera kontuak!

 

Konturatu orduko bizioak baztertzen hasten da bat; baina hala ere, lana egin behar izaten du hirian bizi/iraun eta ondoren bidaiatu egin nahi duen gure mailako gazteak.

 

 

Krisialdiak ez du ito Australia

 

Zorionekoak gu, gaur egungo krisi kapitalista globalak herrialde hau oraindik harrapatu ez duelako. Txinarekiko menpekotasunik ez duelako omen da alde batetik, hauekin harreman onak dituztelako bestetik, eta baldintza geografikoak sortutako aukerak eta muga, zein bertan lan egiteko modua azkenik (formakuntza profesionalik gabe ere negozio propioak arrakastaz sortzen dira)… Ez naiz ekonomista, baina dakidana da hemen langabezia ia ez dela existitu ere egiten.

 

Pentsa, krisialdiak harrapatutakoan hemengo langabezia tasa %5,7ra iritsi zela-eta larritu egin omen ziren! Gaur egun beherantz doa (%5,3 iragan astean). Hala ere, hemen langabeek duten bizi-kalitate maila ona, diru-beltzean egiten den lan guztia, bidaiariok betetzen duten ‘zulo’ kopurua… Hori kontuan hartuz gero, ez dakit noraino larritzeko kontua den.

 

Beno, baina ez naiz menperatzen ez ditudan kontu hauetan sakontzen hasiko… Noan harira: hilabete batzutarako datorrenak lehenago edo beranduago topatzen du zerbait. Hobea edo eskasagoa, zikinago edo garbiagoa… Ilegalki lan egiten duen batentzat ere ez da hain zaila suertatzen hemen ‘mileurista’ izateko ohoreziara iristea. Zorte kontua da, baina aurreztu daiteke.

 

 

Gure kasua

 

Lanpostua eta generoa nahiko elkarlotuak daude sektore askotan. Etxeen garbiketa eta umezaintza postuak emakumezkoei uzten zaizkie orokorrean, igeltsaritza, logistika, lorazaintza eta antzerakoak gizonezkoei…

 

Maialenek etxe pare bat garbitzen dihardu (beste pare bat gehiago topatzeko asmoz). Ez da muduko lanik ederrena besteen etxeak txukundu eta hauen alkondarak plantxatzearena, baina hemen ondo ordaindutakoa da. Bere kasuan, ekasketetan inbertitzen duen denbora guztia kontuan izanez gero, aukera ona da gainera; ordutegiak baimentzen dizkion tarteak ez baitira zabalenak.

 

Eta nik zer esango dut ba? Herrialde hontara etorri aurretik eta bertan, ez da jakiten zertan jardungo den. Eta ni horren adibide bat gehiago naiz.

 

Batzuek agian gogoratuko duzuen bezala, lorazain gisa lortu nituen nire lehen dolar australiarrak.

 

Aukera hura amaitu zen ordea, eta casual bezala publizitate agentziatxo batentzat pare bat spoten gaztelerazko bertsioentzako doblajea egin dut.

 

Modu jarraiagoan lan egitea zen nire nahia ordea. Hala, hizkuntza enpresa batentzat euskara eta gaztelaniazko transkripzioak egiteko proba burutu eta gainditu nuen; eta hilabeteak daramatzat proiektuak hasi zain. Zerbitzari gisa hastekotan ere izan nintzen bitartean… Baina azkenean hemengo ‘Ikea’ antzeko enpresa baten altzariak banatzen furgoneta baten gidari gisa eman nituen 6 aste. Gehiago ezin nuen arte.

 

Ordundik transkripzioarena oraindik ez da hasi ordea, eta zerbaiten bila jarraitu dut. Azkenean, ‘landscaping’ sektorean aurki hastekoa naiz; nolabaiteko lorategietako igeltsaritzan, alegia. Ikusiko dugu azkenean zer gertatzen den!

 

Hala ere, gidari etapa hark artikulu oso bat merezi duela uste dut…

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Tresna-barrara saltatu