Bye bye Sydney, bagoazela!

2010(e)ko ekainak 13

 

Hiru egun exkax geratzen zaizkigu New South Wales estatua uzteko. Ia ezer ez berriz ere gela egonkorra izateari utzi, motxila jantzi eta ezezagunera ohitzeko. Ordu gutxi batzuk hemen hain ohikoak diren agurretan kateatzeko. Dagoeneko hasi gara agurrekin, aspaldi hasitako prestaketak errematatzearekin, maletak prestatzearekin, txerto eta mediku-kontuekin, asmoekin, ilusioekin… Horrek esan nahi duen guztiarekin. Atzean geratuko dira Sydney hirian bizitako 9 hilabeteak, geroarte esan beharko diegu agian ikusiko ditugun lagunei… Eta ‘agur betirako’ gure egunerokotasunaren zati izan diren hainbati. Baina horrela da hau.

 

Bide zehatzik gabe

 Ostegun hontan abiatzen garen arren, oraindik ez dugu gure ibilbidea erabat zehaztu. Egia esan, inprobisatzearen xarmak ere asko erakartzen baikaitu. Hala ere, hegaldiak prezio duinetan lortzearren hegaldi batzuk aspaldi erreserbatu behar izan genituen; eta beraz, badugu bozetoa:

· AUSTRALIAN: Sydney – Townsville – Cairns – Alice Springs – Ayers Rock – Darwin

· ASIAN: Singapore – Malasia – Bali (Indonesia) – Malasia – Tailandia – Laos – Cambodia – Vietnam

Txertoak

Esan bezala, gehienbat Asiako hego-ekialdean igaroko ditugu datozen 100 egunak; eta gure ohiturengandiko “des-itsaste” honi txertoekin genion. Hain zuzen ere hauek dira inguru hartako oihan eta herriskatara sartzekoak gareneoi ia derrigortu egiten dizkigutenak:

· Diphteria

· Tetanus

· Polio

· Pertussis (lehenengo lau hauek batean ditu txerto batek)

· Hepatitis A (‘B’ lehendik hartua genuen)

· Typhoid

· Malaria (gune batzutarako, pilula prebentiboak gomendatzen dituztenak; inguratu baino egun bat lehenago hartzen hasi, bitartean jarraitu, eta inguru hontatik irtetean astebete gehiagoz hartu behar omen dira)

Badaezpada, aseguro medikua ere kontratatu dugu. Internet bidez topatu genuen merkeenetarikoa da. Egia esan garrantzitsua da enpresa on bat kontratatzea, badaezpada (eta polizaren letra txikia ongi irakurtzea). Hala ere, ez dira batere merkeak, eta gehienek benetako arazoak aurkezten dituzte laguntza txikiena ere behar izaten den uneetan.

Zamak arintzen


Beharra Sydneyn

2010(e)ko martxoak 13

 

Lana topatzea zen konpondu beharreko bigarren kontua.

 

Oso hiri garestia da Sydney; gure orbitan bizi den jendearentzat gutxienez.

 

CBD (erdigunetik) gertu dagoen etxeren batean gela duin propio bat nahi izanez gero ez da erraza asteko 150$ baino gutxiago ordaintzen den bat topatzea. 3$ inguruko zartada garraiobide merkeenean egindako joaneko bide bakoitza. 2$ gosaltzeko gaileta-zorroa, beste bi esne kartoia; dolarra pasta merkeenaren zorroa, beste bat moldeko ogi merkeena (ogia-ogia ezin da ordaindu); 4$ eta 6$ bitartean pub bateko garagardo basokada bakoitza eta 1,20$ inguru alkol-denda edo almazenetako garagardo botila merkeena; 10$ inguru tabako pakete merkeena… Atera kontuak!

 

Konturatu orduko bizioak baztertzen hasten da bat; baina hala ere, lana egin behar izaten du hirian bizi/iraun eta ondoren bidaiatu egin nahi duen gure mailako gazteak.

 

 

Krisialdiak ez du ito Australia

 

Zorionekoak gu, gaur egungo krisi kapitalista globalak herrialde hau oraindik harrapatu ez duelako. Txinarekiko menpekotasunik ez duelako omen da alde batetik, hauekin harreman onak dituztelako bestetik, eta baldintza geografikoak sortutako aukerak eta muga, zein bertan lan egiteko modua azkenik (formakuntza profesionalik gabe ere negozio propioak arrakastaz sortzen dira)… Ez naiz ekonomista, baina dakidana da hemen langabezia ia ez dela existitu ere egiten.

 

Pentsa, krisialdiak harrapatutakoan hemengo langabezia tasa %5,7ra iritsi zela-eta larritu egin omen ziren! Gaur egun beherantz doa (%5,3 iragan astean). Hala ere, hemen langabeek duten bizi-kalitate maila ona, diru-beltzean egiten den lan guztia, bidaiariok betetzen duten ‘zulo’ kopurua… Hori kontuan hartuz gero, ez dakit noraino larritzeko kontua den.

 

Beno, baina ez naiz menperatzen ez ditudan kontu hauetan sakontzen hasiko… Noan harira: hilabete batzutarako datorrenak lehenago edo beranduago topatzen du zerbait. Hobea edo eskasagoa, zikinago edo garbiagoa… Ilegalki lan egiten duen batentzat ere ez da hain zaila suertatzen hemen ‘mileurista’ izateko ohoreziara iristea. Zorte kontua da, baina aurreztu daiteke.

 

 

Gure kasua

 

Lanpostua eta generoa nahiko elkarlotuak daude sektore askotan. Etxeen garbiketa eta umezaintza postuak emakumezkoei uzten zaizkie orokorrean, igeltsaritza, logistika, lorazaintza eta antzerakoak gizonezkoei…

 

Maialenek etxe pare bat garbitzen dihardu (beste pare bat gehiago topatzeko asmoz). Ez da muduko lanik ederrena besteen etxeak txukundu eta hauen alkondarak plantxatzearena, baina hemen ondo ordaindutakoa da. Bere kasuan, ekasketetan inbertitzen duen denbora guztia kontuan izanez gero, aukera ona da gainera; ordutegiak baimentzen dizkion tarteak ez baitira zabalenak.

 

Eta nik zer esango dut ba? Herrialde hontara etorri aurretik eta bertan, ez da jakiten zertan jardungo den. Eta ni horren adibide bat gehiago naiz.

 

Batzuek agian gogoratuko duzuen bezala, lorazain gisa lortu nituen nire lehen dolar australiarrak.

 

Aukera hura amaitu zen ordea, eta casual bezala publizitate agentziatxo batentzat pare bat spoten gaztelerazko bertsioentzako doblajea egin dut.

 

Modu jarraiagoan lan egitea zen nire nahia ordea. Hala, hizkuntza enpresa batentzat euskara eta gaztelaniazko transkripzioak egiteko proba burutu eta gainditu nuen; eta hilabeteak daramatzat proiektuak hasi zain. Zerbitzari gisa hastekotan ere izan nintzen bitartean… Baina azkenean hemengo ‘Ikea’ antzeko enpresa baten altzariak banatzen furgoneta baten gidari gisa eman nituen 6 aste. Gehiago ezin nuen arte.

 

Ordundik transkripzioarena oraindik ez da hasi ordea, eta zerbaiten bila jarraitu dut. Azkenean, ‘landscaping’ sektorean aurki hastekoa naiz; nolabaiteko lorategietako igeltsaritzan, alegia. Ikusiko dugu azkenean zer gertatzen den!

 

Hala ere, gidari etapa hark artikulu oso bat merezi duela uste dut…

 


Abenduak 1. Badatoz udako oporraldiak

2009(e)ko azaroak 29

 

Abenduaren lehenengoan eta ez 21.enean, Australiako uda ofiziala hasten da. Bai, gure aurtengo bigarren uda. Eta batenbatek “hau da hau parea” esango du, baina uda hau benetako oporraldiekin hasiko dugu Zelanda Berri aldean. Eta bai, benetako oporraldiak izango dira: ez ingeles ikastarorik, ez lanik, ez logela egonkorrik…

 

Bihartik hasi eta hilaren 18. egunerarte, mugimendua eta askatasuna bermatuko dizkigun campervan bat izango da gure ibilgailua eta gure logela. Hegoaldeko irlako Christchurch (‘kristoren eliza?’) hirian hasiko dugu gure bidaia, uharte berean egun batzuk igaroko ditugu oraindik norabiderik ez duen bide bat eginaz, ferry batean iparraldeko irlara pasatuko gara eta bertan dagoen Auckland hiriburuan amaituko da gure munduaren beste bazterreko lehen sarraldia… (oraingoan bai; zuengandik gugana 12 ordutako desberdintasuna egongo da. Ezin da gehiago).

 

Bertan egon izan diren askorekin hitz egin dugu leku hari buruz, eta bat berak ere ez digu esan “erdipurdikoa” edo “ps“, “bah! Sin más” edo antzeko zerbait denik. Guztiek basatia dela esan digute, lasaia, gozatu egingo dugula, denbora gehiago xahutzea (zentzu hoberenean) gustatuko litzaigukela… Ea ba!

 

Irudiak, bideoak, kontakizunak… Zuei ahal bezala helarazten saiatuko gara, nahiz eta badakizuen azaleko oilo-ipurdi egoerak eta usainak bezalako sentsazioak hitz-joko hutsez transmititzea zein zaila den…

 

 

Hemen informazio praktiko apur bat doakizue; hara joateko kontuan hartu beharreko kontu batzuk:

 

· Hegaldia. Euskal Herri aldetik bazoazte ez dizue ezer askorako balio izango, baina Australia aldetik doazenentzat, jetstar konpainia interesgarria izan daiteke zerbait merkea nahi izanez gero. Inguru hauetan zerbitzu zabal bat eskeintzen dute.

 

· Bisa. Europar Batasunaz haratago mugituz gero beharrezkoa izaten da hau; nahiz eta herrialdetik herrialdera baldintzak aldatu egiten diren. Zelanda Berriko kasuan, Espainiar Pasaportea eramatera derrigortuak gaudenok zein beste 53 herrialdetako bidaiariok ez dugu bisarik behar 3 hilabete baino gutxiagorako joanez gero. Hori bai, betebeharreko baldintza batzuk daude: sarrera eta irteerako hegaldien erreserbak erakutsi behar dira, pasaportea baliogarria izan behar du handik irten bitartean, eta ‘solbentzia ekonomiko’ bat erakutsi beharra dago (lana ilegalki egin beharrik izango ez duzula erakusteko-edo).

 

· Gidabaimena. Ibilgailuak gidatzea bururatuz gero. Batere gabe bidaiatu izan dutenik ere ezagutu dugu, baina berez, zure herrialdeko gidabaimena eta ingelerara eginiko itzulpen ofizial bat eraman behar dituzu zurekin. Norberak bere herrialdean egin dezake (‘trafico’ ofizinatan uste dut). Nik ahaztu egin nuen ‘nazioarteko gidabaimena’ lortzeko itzulpena eskatzea, eta hemen 70$ inguru orrdaindu behar izan nituen.

 

·’Relocations’. Ibilgailu enpresa batzuek hiri jakin batean dituzten furgoneta eta auto batzuk beste batzuetara mugitu behar izaten dituzte berriz ere zerbitzu jakin bat eskeini ahal izateko. Beraz, bidaiariei interesatuz gero, dolar sinboliko baten truke egun jakin batzuk ematen dizkiete tarte jakin bat betetzeko. Guk adibidez, Christchurchetik Aucklandera eramango dugu ‘campervan’ bat. 5NZD (2,5€) eta erragaia ordaindu eta bost egunetan zehar gozatuko dugu ibilgailu hau. Gainera, irlatik irlara igarotzeko ferryko autoa eta gidariaren tiketak eurek ordainduko dizkigute. Adibide bat jartzearren…

 

Eta orain ez zait besterik bururatzen… Gomendioen artean interesgarriak izan daitezken link batzuk jarriko ditut. Eta aurrerantzean izango duzue gure berri…

 


Tresna-barrara saltatu