Beharra Sydneyn

2010(e)ko martxoak 13

 

Lana topatzea zen konpondu beharreko bigarren kontua.

 

Oso hiri garestia da Sydney; gure orbitan bizi den jendearentzat gutxienez.

 

CBD (erdigunetik) gertu dagoen etxeren batean gela duin propio bat nahi izanez gero ez da erraza asteko 150$ baino gutxiago ordaintzen den bat topatzea. 3$ inguruko zartada garraiobide merkeenean egindako joaneko bide bakoitza. 2$ gosaltzeko gaileta-zorroa, beste bi esne kartoia; dolarra pasta merkeenaren zorroa, beste bat moldeko ogi merkeena (ogia-ogia ezin da ordaindu); 4$ eta 6$ bitartean pub bateko garagardo basokada bakoitza eta 1,20$ inguru alkol-denda edo almazenetako garagardo botila merkeena; 10$ inguru tabako pakete merkeena… Atera kontuak!

 

Konturatu orduko bizioak baztertzen hasten da bat; baina hala ere, lana egin behar izaten du hirian bizi/iraun eta ondoren bidaiatu egin nahi duen gure mailako gazteak.

 

 

Krisialdiak ez du ito Australia

 

Zorionekoak gu, gaur egungo krisi kapitalista globalak herrialde hau oraindik harrapatu ez duelako. Txinarekiko menpekotasunik ez duelako omen da alde batetik, hauekin harreman onak dituztelako bestetik, eta baldintza geografikoak sortutako aukerak eta muga, zein bertan lan egiteko modua azkenik (formakuntza profesionalik gabe ere negozio propioak arrakastaz sortzen dira)… Ez naiz ekonomista, baina dakidana da hemen langabezia ia ez dela existitu ere egiten.

 

Pentsa, krisialdiak harrapatutakoan hemengo langabezia tasa %5,7ra iritsi zela-eta larritu egin omen ziren! Gaur egun beherantz doa (%5,3 iragan astean). Hala ere, hemen langabeek duten bizi-kalitate maila ona, diru-beltzean egiten den lan guztia, bidaiariok betetzen duten ‘zulo’ kopurua… Hori kontuan hartuz gero, ez dakit noraino larritzeko kontua den.

 

Beno, baina ez naiz menperatzen ez ditudan kontu hauetan sakontzen hasiko… Noan harira: hilabete batzutarako datorrenak lehenago edo beranduago topatzen du zerbait. Hobea edo eskasagoa, zikinago edo garbiagoa… Ilegalki lan egiten duen batentzat ere ez da hain zaila suertatzen hemen ‘mileurista’ izateko ohoreziara iristea. Zorte kontua da, baina aurreztu daiteke.

 

 

Gure kasua

 

Lanpostua eta generoa nahiko elkarlotuak daude sektore askotan. Etxeen garbiketa eta umezaintza postuak emakumezkoei uzten zaizkie orokorrean, igeltsaritza, logistika, lorazaintza eta antzerakoak gizonezkoei…

 

Maialenek etxe pare bat garbitzen dihardu (beste pare bat gehiago topatzeko asmoz). Ez da muduko lanik ederrena besteen etxeak txukundu eta hauen alkondarak plantxatzearena, baina hemen ondo ordaindutakoa da. Bere kasuan, ekasketetan inbertitzen duen denbora guztia kontuan izanez gero, aukera ona da gainera; ordutegiak baimentzen dizkion tarteak ez baitira zabalenak.

 

Eta nik zer esango dut ba? Herrialde hontara etorri aurretik eta bertan, ez da jakiten zertan jardungo den. Eta ni horren adibide bat gehiago naiz.

 

Batzuek agian gogoratuko duzuen bezala, lorazain gisa lortu nituen nire lehen dolar australiarrak.

 

Aukera hura amaitu zen ordea, eta casual bezala publizitate agentziatxo batentzat pare bat spoten gaztelerazko bertsioentzako doblajea egin dut.

 

Modu jarraiagoan lan egitea zen nire nahia ordea. Hala, hizkuntza enpresa batentzat euskara eta gaztelaniazko transkripzioak egiteko proba burutu eta gainditu nuen; eta hilabeteak daramatzat proiektuak hasi zain. Zerbitzari gisa hastekotan ere izan nintzen bitartean… Baina azkenean hemengo ‘Ikea’ antzeko enpresa baten altzariak banatzen furgoneta baten gidari gisa eman nituen 6 aste. Gehiago ezin nuen arte.

 

Ordundik transkripzioarena oraindik ez da hasi ordea, eta zerbaiten bila jarraitu dut. Azkenean, ‘landscaping’ sektorean aurki hastekoa naiz; nolabaiteko lorategietako igeltsaritzan, alegia. Ikusiko dugu azkenean zer gertatzen den!

 

Hala ere, gidari etapa hark artikulu oso bat merezi duela uste dut…

 


Santa Claus hondartzan

2010(e)ko martxoak 3

 

Gabonak iritsi aurretik itzuli ginen Sydneyra. Urtarrila bitarteko etenaldian zegoen Maialenen ikastaroa, eta eten beharreko langabezian geunden biak ala biak. Zeregin garrantzitsu bat edo beste bagenuen beraz, baina egun erdi-ero ‘berezi’ hauetan egunerokotasunera bideko erorketa motel bat aurrikusten genuen.

 

Elur malutik gabe halako sentsaziorik sortu ez ziguten gabonak ziren protagonista beraz bolada honetan. Beso gabeko eta ehun finetako kamisetek hartua zuten jaka lodi berrien erakusketaren lekua. “Opari-eskatzeko oinetako dizdiratsuen lekuan txankletak jarriko ote dituzte?” ohotu zitzaidan. Ahotik lurruna isurtzen zuenik ere ez genuen topatu; ez eta pinu edo eukaliptorik ere denda hornituen parean. Gezurrezko zuhaitz erraldoi pare bat besterik ez. Eta zer egiten zuten panorama honen erdian Santa Claus, Bizarzuri edo direna direlako haiek?

 

Bazter guztietan ikus zitezken panpinak; eta jendeak sekulako ohitura du eguna joan eta eguna etorri txano gorri ponpoidun ridikuluak jantzita ibiltzeko… Hala ere irudi bat geratu zitzaidan begi-ninian: errepide bazterretako Santa Claus ibiltari publizitarioak. Beroaren beroz ikasita daude, eta autobus geltokien itzalpean ezkutatzen dira. Jaka erantzi, manga motzeko niki zuria jantzi eta praka zein txapel gorria besterik ez dute ibiltzen noizean behin bizar zuriaren azpian ezkutatzen diren indiarrek. Ez dakit zergatik, baina lanpostu hau berezkoaren antzik ez zuten hauek betetzen zuten nagusiki…

 

 

Giro ezberdina

 

Kontuak kontu, ez familiarik; ez hango barraskilo, arkume edo bixigu-janik; ez lagunarteko polboroiz bustitako parrandarik; ez hotzik… Gabon zelebreak izan ziren gureak eta gu bezala beste hainbatenak. Bidaiari eta inmigrante ugari dago Sydneyn. Familia milaka kilometrotara duen jende asko. Egun hauetako hutsunea betetzeko lankideekin edo lagunekin elkartzen den pertsona andana.

 

Gorka eta Wendyren gonbitea jaso, eta hauen etxean ospatu genuen gabon gaua (abenduak 24) bigarrenaren senide batzuekin. Eguzkiak ihes egin aurretik hasi ginen jaten. Ostrak, kroketak, zerrikumea, champagne apur bat… Tertulian gustura aritu ginen. Kanturik ez. Azkenean, hiriaren geldotasuna ikusita errepide hutsetan zehar bizikletan egin genuen etxerako bidea.

 

‘Eguberri eguna’ bezala ezagutua ere ez zen batere berezia izan guretzat. Jai genuen ostiral buruzuri alfer euritsu bat besterik ez. Berdin gertatu zen hilaren 26an ere. Hemen Boxing Day ospatzen da, eta ez du zerikusirik boxeoarekin; opari-kaxak irekitakoan jasotakoarekin gozatzearekin baizik.

 

 

Urtea uretan hastea

 

Urtezaharretakoa izan zen guretzat gabonetako egunik onena. Mundu osoan hain ezagunak diren su artifizial ezagunen zatitxo bat ikusi eta milioi inguru pertsonen artean itotzetik ihes egin genuen. Egun oso batean leku on batean kokatu eta bi metroko garaiera izan ezean zaila omen da ezer ikustea; eta ez genuen egun hau hosto-tarteko zerbaiti begira igaro nahi.

 

Hamar lagun elkartu ginen Micaelaren etxean afai-merienda baten inguruan. Aitor, Miren eta Maialen azpeitiarrak, Imanol azkoitiarra, Gorka gasteiztarra, Wendy, Micaela eta beste bi australiar, eta nire arteko giroa ederra izan zen mahaian geunden bitartean. Baina festa La Perousse (Sydney hegoaldea) inguruko hondartza batetan zen izatekoa, eta taxi pare batean joan ginen gehienak…

 

DJ, malabarista, sutondo eta guzti ederra zen festa klandestino hura. Gonbitea ahoz-aho luzatzen den horietarikoa. Eguraldiak eta jende kopuru ez-gehiegizkoak ere lagundu zuten, eta gustura ibili ginen. Ederrena? Gaueko lauak inguruan gozatutako bainu epela.

 


Tresna-barrara saltatu