Esteka

Aspaldian hemen jasotzen ari naiz tarteka idazten ditudan testuak, eta hemen sartu dut hainbesteko poza eman didan “Faja de la Flores (omen)” kronika, Berriaren 2016ko lehiaketa irabazi duena.

Baina, horrekin batera, pentsatu dut ez legokeela gaizki idatzi horren inguruko beste hainbat jakingarri ere jasotzea, zineman “making of” izenekoan egiten den bezala: pelikula bat nola egin den azaltzeko beste pelikula bat filmatzea, pelikularen xehetasunak emateko edo hobeto ulertzeko; besterik ez bada ere neuk gogoan izateko, gero, denboraren joanarekin, detaile asko ahaztu egiten direlako. Izan ere, gure unibertso partikularretan konstelazio ugari dauzkagu, batzuk geuk sortuak, beste batzuk aurkituak, eta batzuetan horietako izar eta planeta batzuk ikusten edo erakusten baditugu ere, gehiago ere geratzen dira ezkutuan.

Lehiaketarako, duela lau urteko bidaia bateko kontuak idatzi nituen. 2012ko abuztuan, semea eta biok Respomuso-Ordesa aldean ibili ginen egun batzuk pasatzen. Ez dakit zeren harira, baina behin esan zigun semeak gustura egingo zuela 3.000 metroko mendi bat, “mendi handi bat”; nik enbidoari ordagoa bota eta han joan ginen biok, manomano, Respomuso eta Ordesa alderako txangoan, egun batzuk pasatzera.

Semeak bezala, nik ere 14 urte neuzkan lehen aldiz Pirinioetara joan nintzenean, Respomusora, eta lehen aldi haren ondoren, hurrengo urteetan ere joan ginen, astebete inguruko irteeretan, gehienetan Joakin Zubeldiarekin, mendian ia aitatzat neukanarekin. Garai hartan egun osoa behar izaten genuen Zumaiatik Sallent de Gallegora iristen, lau autobus desberdin hartuta: Zumaiatik Zarautza, Zarauztik Iruñera, Iruñetik Jacara eta Jacatik Sallentera. Hainbeste urteren ondoren, gauzak ederki aldatuta daude: semea eta biok goizean irten eta eguerdirako han geunden, hiru ordu pasako bidaiaren ondoren, kotxean joanda.

Respomuson, 1980ko udan (argazkia: Joakin Zubeldia).

Respomuson, 1980ko udan (argazkia: Joakin Zubeldia).

Semea eta biok etxera bueltatu eta gutxira, “Pirinioak han daude” jarri nuen hemen bertan, irteera hartakoak jasotzeko; ikus daitekeenez, oso testu gutxi eta argazki asko, oso arin; baina Flaja Blanquerako istorioa hor geratu zitzaidan barruan, noiz kontatuko zain, lozorroan, inoiz esnatuko zen ere jakin gabe… 2016ko uda arte. Berrian irakurri nituen lehiaketarako oinarriak, eta pentsatu nuen polita litzatekeela parte hartzea, zerbait idaztea; ezagutzen nuen lehiaketa lehendik, Xabi anaiak irabazia zuelako Lisboari buruzko lan batekin, baita Alfon lankideak ere, eta oso karamelo gozoa zen; baina batez ere neure buruari erronka jarri nahi nion, aspaldiko partez horrelako lanik egin gabe herdoilduta zegoen eta. Artean zer edo nola idatziko nuen ez nekiela, hara non joan zitzaizkigun semea eta lagunak Jaca aldera, beraien kontura, mendian ibiltzeko asmotan, eta orduan heldu nion lozorroan geratu zitzaidan istorioari. Baneukalako kontakizunari nondik heldu eta zer harirekin josi.

Harriekin jolasean, ez aspertzeko

Harriekin jolasean, ez aspertzeko.

Ez zen batere zaila izan istorioa berreskuratzea, nahikoa presente neukalako, baina asko lagundu zidan argazki ugari edukitzeak; horrela, errazagoa izan zen xehetasun txikiagoekin akordatzea. Eta horrek berretsi zidan beste ideia bat: momentuan batzuetan kosta egiten bada ere, kalterik ez dutela egiten argazkiek eta dokumentazioak, zer gerta ere. Hasieran, zalantza izan nuen, ea hain gertuko (Pirinioetako) eta ibilaldi nahiko arrunt baten kontakizuna lehiatu ahal izango zen mundu zabaleko beste istorio batzuekin, baina gerora ikusi dut baietz, eta askorentzat zerbait ezaguna eta hurbila kontatzeak erakargarri bihurtu duela kronika, oso beraiena egin zaielako; askok esan didate, behintzat, hain inguruko garaiez akordatu direla, oroitzapen ugari esnarazi zituela kontakina. Askotan esan dut, eta ez naiz aspertuko esaten: abentura bat bizitzeko ez dago urrutira joan beharrik, eta egunerokoan ere aurkitzea erraza da; nahikoa da ohiko bidetik urruntzea, errutinatik irtetea, eta abentura bizi nahi izatea.

Atzealdean, Rolanden bretxa, ia 3.000 metroan.

Atzealdean, Rolanden bretxa, ia 3.000 metroan, eta Marboreko Cascoa.

Istorioa, argumentua garrantzitsua izanik ere, garbi neukan ezin zuela izan kontakizun hotza eta objektiboa, turismo-agentzia batena bezalakoa, lekuen izenak eta datuak eman eta kito, eta testuan azaldu behar genuela geuk eta geure munduak, eszenario hura guztiontzat berdina delako baina geuk egiten dugula berezia eta bakarra. Kontatu beharrekoa garrantzitsua zen, inguru zoragarri hura nola ikusi eta bizi izan nuen adieraztea inportantea zen, eta ahalegina egin behar nuen handitasun hura ondo deskribatzeko eta transmititzeko; baina baneukan kontatu nahi nuen beste zerbait, istorioaren hondoan dagoena, tarteka azaleratzen joan nintzena: aita-semeen arteko harremana, egunerokotik irtenda paraje eder hartan elkar deskubritzea eta desberdin ezagutzea; denboraren joan barkagaitza eta gazteak gora bezain erraz goazela behera helduak, adinean aurrera; iraganari begirada nostalgikoa, baina jakinik ezinezkoa dela itzultzea… Kontakizuna idaztean, askotan akordatu nintzen Serraten abesti batekin, “Esos locos bajitos” izenekoarekin, eta uste dut kontakizunaren hondoan entzun ere egin daitekeela, nahi izanez gero, batez ere azken estrofa…

Abestiak aipatzen hasita, txango hartaz akordatzean, beste bat ere badut gogoan, bidaian gindoazela autoan entzuna eta abestua semearekin batera: Su ta gar taldearen “Geroaren hazi heziak”:

Hori guztia kontakizunean dago, batzuetan ezkutuan, beste batzuetan agerian, eta, gainera, ahalegindu nintzen kontakizunari abentura-kutsua ematen. Horretarako, galtzea bezalakorik ez dago, hurrena zer aurkituko genuen ez jakitea eta emozio hori (kezka eta beldurra hasieran, poza eta satisfakzioa gero) irakurleari transmititzen ahalegindu. Kontakizuna irakurritakoan, batzuek esan didate emozionatu egin direla, hunkitu, ukituta geratu zirela; horietako batzuek ezagutzen gaituzte aita-semeak, badakite nolakoak garen, baina beste batzuek, biak ezagutu gabe ere, hunkitu egin omen dira, eta pozgarria da, kontakizuna azaletik bihotzera iritsi den seinale.

Bidexkan aurrera.

Bidexkan aurrera.

Hori guztia kontatzeko 10.000 karaktereko (4 orrialde inguruko) muga neukan, eta lehen zirriborroa idatzitakoan, ikusi nuen askotxo luzatu nintzela, ia laurdena laburtu egin beharko nuela, eta hor etorri zen aizkora, eman hemen eta eman han, behar-beharrezkoa ez zena kentzeko. Ariketa hori inoiz ez da erraza izaten, asko kostatzen da, baina ondo eginez gero, testuak asko irabazten du. Gero, lagun batek, argitaratutakoa irakurri zuenean, esan zidan gauza asko daudela adierazita hitz gutxitan, eta horrek erraz arintzen eta gozatzen du hitz edo ideia batzuk bidean galdu izanaren ustezko pena.

Faja Blanquera, zuri, Faja de las Floresen azpìaldean.

Faja Blanquera, zuri, Faja de las Floresen azpìaldean.

Kronikarako, kontatzeko era ere desberdina aukeratu nuen, ohikotik aldenduta. Nahiago izan nuen arriskatu eta bi planotan egin: batetik, irakurleari begira, semearen eta nire izenean, gu; bestetik, semeari hizketan, hika, momentuan bertan ari baldin banitzaio bezala, normalean egin ohi diodan bezala, eta bion arteko hizketaldi horrek are indar handiagoa hartzen du bukaeran, idazteko arrazoiak ematen ditudanean. Orainaldian kontatzeak ere uste dut indarra eta sinesgarritasuna ematen diola kontakizunari.

Istorioaren nire ikuspegia nahikoa garbi neukan, baina interesatzen zitzaidan jakitea semearena, zer akordatzen zen, eta zertan ari nintzen esan gabe, galdetu nion ea egun hartako zer zuen gogoan, eta –zorionez– kontakizuneko klabeekin bat etorri zen: basoa, pareta, klabijak, loreak, bidean galdu, une batzuetan beldurra, edari eta jateko gutxiegi… Horrek lasaitu egin ninduen, idatzi nuena benetakoa zela konfirmatu zidalako. Gero, kontakizuna amaitu nuenean, semeari erakutsi nion, niretzat inportantea zelako semearen onespena; postaz bidali nion, eta halako batean whatsapp bidez bidali zidan erantzuna: “Oso politta aita!! Asko gustau zatek!! Datorren udan o aste santuan junberkoiu faja de flores bea itea!!”. Horra hor kontakizunaren amaiera bandejan, aitaren satisfakzioa eta etorkizunerako plana.

Saria Eskoziarako bidaia da, Knoydart penintsulara, lagun batentzat, zortzi egunerako, eta ederra izango da. Baina, egia esan, niretzat nahikoa sari izan da Berrian argitaratuta ikustea, ondo maketatuta, handi-handi (bi orrialde oso), argazkiak koloretan… Ederra! Eta jende askok irakurri zuen, askok esan didatelako ikusi edo irakurri zutela. Kronika amaituta eta bidalita (urrian), semeari agindu nion irabaziz gero bera joango zela Eskoziara, eta ederki akordatzen zen Rubio horretaz abenduan… Horregatik ez gara haserretuko, seguru. Kronika ez dakit, baina beste zerbait idatzi ahal izango dugu, nahi edo ahal baldin badugu.

Knoydart daukagu zain udaran...

Knoydart daukagu zain udaran…

Mugarriak 2016: ederra eguna!

andikaran1

 

Ostiraleko zaparradekin batzuk beldurtu ginen, baina Euskalmetek agindutakoa bete egin zen, eta larunbatean eguna zoragarri argitu zitzaigun mugarrien ibilaldia egiteko, hego-haizearekin eta eguzkitsu. Eguraldia bikaina, eta lagunarteko giroa ere oso ona izan genuen.
Guztira 34 lagun elkartu ginen San Telmo kalearen barrenaldean, goizeko 08:00etan: 13 emakumezko, 21 gizonezko, eta txakur bat ere bai. Ohiko bideari eta egitarauari jarraitu genion, harik eta 19:30ak aldera bueltan Santiagoko hondartzara iritsi ginen arte. Hemen eguneko xehetasun batzuk.

Ibilaldian alde askotatik begiratu genion Zumaiari, oso ikuspegi desberdinetatik, baina guztietatik ere, ondorioa antzekoa izan zen: oso herri ederrean bizi gara. Azkoin baserrien ingurutik, Ibañarrietatik, Garateko gainetik…, edozein lekutatik begiratuta ere, gure herria beti eder!

?

img-20161016-wa0045?????????????

garatetik-behera-2

?Oso leku eta zoru desberdinetatik ibili ginen egunean zehar: asfaltotik, gurdi bideetatik, eskaileretatik, harraldeko harrietatik, zuloetatik, pistetatik, belardietatik, sasien artetik, zubien gainetik, tuneletatik, erreketatik… Gu bai todoterrenoak!

?????????????

?

?

ezkaraztora_bidean

 

 

 

 

 

 

?????????????

?????????????

Berandutu egin zitzaigun eta San Lorentetik ez ginen jaitsi Kanterara eta Beduara, nahiago izan genuen hamaiketakoa ondo eta patxadaz gozatu presaka ibiltzea baino. Hiru mugarri utzi genituen “bisitatu” gabe: aldapan behera, bidearen ezkerraldeko pinutegikoa; Kantera baserriaren ondokoa eta biribilgunearen goialdekoa, ibaialdera.

?
Elkanoko Gazteategi tabernan bikain eman ziguten. Egia esan, izerdituta eta gosetuta iritsi ginen, zer jango eta zer edango, eta bi orduko eserialdiaren ondoren, indarberrituta eta gogotsu abiatu ginen berriz ere Zumaia aldera.

elnanon_bazkaldu_aurretik
Lau lagun San Lorentetik Zumaiara zuzenean etorri ziren, Ibañaberrietan batek agur esan zigun Zestoara zihoalako eta beste bat sartu zitzaigun taldean haren etxe paretik pasa ginenean, beste lau lagunek Oikian esan ziguten agur Zumaiara zetozelako… Hemen ibilaldia norberak moldatzen du!

Betiko mugarriak hor daude, asko eta asko ezagunak, bistan-bistan daudelako eta ondo ezagutzen ditugulako, eta poza ematen du urtero aurkitzeak. Beste mugarri batzuk erdi ezkutuan daude, kukuzka jolasten bezala, eta bilatzeko bereziki saiatu beharra dago.

mugarria1 mugarria3Atzo bertan beste mugarri bat aurkitu genuen, ezagutzen ez genuena, Artzain baserritik aurrera gindoazela Meagara, bidearen ezkerraldean. A zer poza! Hogeita hamabigarrena da.

?

Oraindik ere bazter asko geratzen zaizkigu begiratzeko: Beduatik Ibañarrietara eta goialde hori guztia, Meagatik Guruzelai ingurura… Badago zer egina eta zer begiratua!
Ibilaldian lagun berriak ezagutu genituen, lehendik ezagunak zirenak adiskideago egin ziren ziren, lagunekin harremana gehiago estutu genuen… A zer indarra eta boterea daukaten mugarriek!

sarrondon

?????????????

ezkerretik-doa-bidea

Parte hartu zenutenoi: eskerrik asko hain egun ederra pasatzen laguntzeagatik; lana, zalantza, kontziliazioa edo zena zelakoa-eta ezinean edo etortzeko gogoz geratu zinetenoi: datorren urtean izango duzue berriz ere egiteko aukera. Hasi preparatzen…

Eta badaezpada ere, norbaitek esperantza baldin bazeukan ere: ez daukagu afaririk. Sobratu zen poteko diruarekin Inpernupeko zenbakiak erosi genituen, baina ez zaigu tokatu.

?

Hemen daukazue ibilaldiko argazki batzuekin egindako muntaketa bat.

Datorren urtean berriz, eta seguru asko beste mugarri batzuekin! Ea aurtengoa bezain egun ederra den!

azken-mugarriaren-ondoan

 

 

(Oharra: eskerrik asko argazkiengatik Julen Barinagarrementeriari eta Alex Manterolari!)

Beste mugarri bat

Elkano auzora joan gara oinez Zumaiatik, Gazteategi tabernara, gaur zortzirako, mugarrien ibilaldirako, bazkaria enkargatzera. Honatx menua:

  • Entsalada eta paella, denontzat.
  • 3 plater aukeran.
  • Postrea.
  • Edariak.

Prezioa: 20 € inguru laguneko.
Meagatik Elkanorako bidean, errepidetik, Artzain baserriaren paretik pasata, aspaldian ez nuen begiratu bide ondoko paraje batean, eta akordatu naiz Yoseba Alonsok esan zidala horko mugarri bat bistan utzi zuela, hor ibili zenean. Errepidetik irten eta pixka bat gora eginda, erraz aurkitu dut:

depositoaldekoa

Yosebaren “seinalea” (pintura gorria) margotuta dauka, eta hau ere (Jadarrekoa bezala) bere tokitik aterata dago. Honaino iristen badira, batzuek badaukate zeregina, bere lekuan zutik jartzen.

Beraz, beste bat datorren larunbaterako!

Mugarriena: 2016-10-15

Mugarriak_2016_kartela

Egiteko asmoa daukazuen gehienok badakizue noizko daukagun hitzordua, baina beti izaten da despistaturen bat eta kalterik ez akordaraztea: urriaren 15ean, larunbatean, egingo dugu mugarrien ibilaldia.

Aurtengoan baditugu nobedade  batzuk; adibidez, mugarri “berriak” Narrondo-San Lorente-Kantera inguruan, eta Santakrutzerrekako mugarritik zuzenean Zigotzara irteteko bidexka bat aurkitu dugu orain, behiek-edo egina, Artzain baserritik pasa beharrik gabe:

20160827_171326

Geratzen diren bi aste hauetan, ahaleginduko gara ohiko bideak ondo edo garbi dauden begiratzen, eta zalantzan zabiltzatenok ez geratu egiteko gogoz, animatu eta lasai etorri! Luzetxo iritziz gero, beti izango duzue aukera nahi duzuenean Zumaiara bueltatzeko (San Lorentetik, Oikiatik…).

Indamendi azpiko Elkanon bazkaria enkargatzeko, komeni zait jakitea zenbat izango garen, gutxi gorabehera; horregatik, etortzeko asmorik izanez gero, idatzi mezu bat, inolako konpromisorik gabe, helbide honetara: imanol@azkue.eus

Gero eta gutxiago falta zaigu!

P1210134

 

 

 

 

 

 

Berdin jarraitzen dute

Oporraldi gozoan, bazkalondoreneko siestaren ondoren, barruan nolabaiteko deia sumatu dut, zerbait berezia egitekoa, “Zatoz!” edo halakoren bat.

Eguneroko gurpilaren martxan dena aldatuz doa, Mercedes Sosak abesten zuen bezala, momentuan konturatzen ez bagara ere ezer ere ez da berdina, eta tarteka ziurtatu beharra daukat gauza batzuek -ustez- berdin jarraitzen dutela, ez direla aldatu, hor daudela. Aspaldian ohitura daukat Debatik Zumaiarako edo Zumaiatik Debarako ibilaldia egiteko oinez eta harraldetik, eta aspaldian gogoa neukan paraje horiek ikusteko, berdin jarraitzen dutela jakiteko. Gaur arratsaldean bajamarra 15:25ean, horretarako gogoa piztu zait.

15:00etan kafea hartu dut Ardantzabiden, Beñatenean, eta telebistako olinpiadetako irudietan gehiegi kateatu gabe, han abiatu naiz.

Algorriko zuloan laino ilunak, baina badaukat eutsiko dion esperantza.

20160809_151145

Harraldean aurrera joan naiz, harribiribilletan saltoka, eta Palankamugarrin, beti bezala, nolabaiteko emozioa sentitu dut burdinatzarraren aurrean; zenbat olatu, zenbat mareaje, zenbait ekaitz… Eta hor jarraitzen du.

20160809_153850

Zumaia aldera begiratuta, are ilunago dago, eta euri txikia hasi du. Baina momentuan gustura ere hartzen da.

20160809_154159

Aizbeltzen, haitzaren azpialdea zuritzen ari da. Mutazioa ote? Honi ere laster Aitzuri deitu behar ote diogu? 🙂

20160809_154845

Bidean, haitzen forma geometrikoak, batez ere lerro zuzenak, ikusgarriak dira. Bilatuz gero, harraldean bada paraje politik, Algorriz gain.

20160809_155105

Arantzazpian, harraldeak ilargiko paisajea ematen du, edo beste mundu batekoa, hain da berezia, haitz-bloke zapal eta abandonatu horiekin. Eta eguraldi txarrarekin xarma handiagoa dauka.

20160809_155430

Sakonetan ohi baino jende gutxiago, eta euria gero eta gehiago.

20160809_161658

Haitzetan goraldera egin dut, eta aterpea bilatu dut, zaparrada atertu bitartean.

20160809_162750

Euriak, ordea, haitza bustita utzi du, eta labainkor geratu da. Kontu handiagoz ibili beharra dago. Ojooooo.

Mendatako erreka itsasoratzen den lekuan, haitzezko olatu erraldoi bat altxa da, eta badirudi lehorretik itsasaldera egin nahi duela, kontrako norabidean.

20160809_164037

Aitzuriren azpialdean aurrerago joanda, banekien ezingo nintzela pasatu busti gabe, eta eguraldi horrekin, batere gogorik ez igeri egiteko. Horregatik, goraldera irten naiz, jaiskunetik.

20160809_165512

Eta orduantxe bukatu zait mobilaren bateria, eta ezin argazki gehiago atera.

Goialdera irtenda, Aitzuri zeharkatzen duen lehengo trenbidearen tunelean aurrera egin dut, eta trenbide izandakoaren lekutik doan bidetik. Bidean, zerbait mugitzen ikusi dut, belar artean: sagu txiki bat, ahoan zerbaitekin, eta lurrean utzi duenean, konturatu naiz kume bat zela; berriz ere hortzetan hartu eta belar tartean galdu egin da.

Bidean aurrera, beste tunel luzera iritsi naiz, Itxaspe pare horretara. Orain arte, beti tuneletik egiten nuen aurrera depuradorara, baina gaur pentsatu dut ezetz, bide “normaletik” joatea. Craso error. Aldapan pikoan gora ederki joan naiz, baina beherakoan, lokatzetan, pare bat eskapada egin ditut irristatuta, eskua lurrean jarri beharrik gabe, ordea. “Harralde osoan ezer ez eta aber hemen hartu behar dudan…”. Hirugarren irristadan, ordea, ipurdiaren marka ederra utzi dut lurrean, eta galtzetan lokatz-orban handia. Eskuak eta izterrak nola edo hala garbitu ditut bide ondoko garo bustiekin, eta kaguenen oihartzunekin ailegatu naiz depuradorara. Aldapa igo, eta errepidetik jaitsi naiz Deba aldera. Hondartzara iristen, han pasa zait trena Zumaia aldera muturrarn aurrea. Mobilik ez, erlojurik ez eta zer ordu zen ideiarik ere ez. “Jakin izan banu, luzatuko nuen pausoa…”. Banekien beste ordubete egon beharko nuela zain.

Estazioaren ondoko taberna batean sartu, eta zerbeza hotz eta handi bat eskatu dut. Gaurkoan baneukan aldagarria, eta kamiseta lehorrak goxoa ere ematen du. Periodikoari bistadizoa eman diot, eta gero beste periodiko bati. Kamareroak tortilla eder bat jarri du barran, non eta nire aurrealdean. Nola ukatu neure buruari plazer txiki hori? Mereziko ez dugu, ba! Beste zerbeza bat. 18:40an, estaziora eta trenean Zumaiara.

Zumaian trenetik jaitsi orduko, etxerako bidean, ikusi ditut ezagunak eta lagunak…

-Zer, hasi al haiz entrenatzen? -batek, urriko mugarrien ibilaldia gogoan.

-Ederra ipurdikoa hartu dek! -beste batek, galtzetako orbanari erreparatuta.

-Nola? Trenean buelta? Gero eta bigunago? -beste batek, adarra jo nahian.

Hemen ere, hauek ere, zorionez berdin jarraitzen dute.

 

 

 

 

 

Mugarrien ibilaldia 2016

Batek baino gehiagok galdetu dit zertan den aurtengo mugarrien ibilaldia, eta poza ematen du, jendea gogotsu dagoen seinale.

Hemen dauzkazue xehetasunak: urriaren 15ean izango da, larunbatean.

Mugarriak_2016_kartela

 

 

 

 

 

 

 

  • Parrokiaren azpialdean, San Telmo kalearen barrenean bildu ondoren, goizeko 08:00etan puntuan abiatuko gara Algorri aldera.
  • Bajamarra 10:20an da, eta okerrik ez bada, erraz pasako gara harraldera eta Palankamugarrira iritsi.
  • Baratzazarretatik Elorriagako atsedenlekura igota, ur pixka bat edan eta Oristo aldera joango gara; gero Pikotera, Andikara, Jadarrera eta Narrondora.
  • Narrondotik gora igoko gara Azkoinetara, Ezkaraztora eta San Lorentera.
  • San Lorentetik Kanterara jaitsi, Beduara joan eta atzera San Lorentera igoko gara. Hamaiketakoa.
  • Indarberrituta, Agotera jaitsi eta Ibañaberietara igoko gara, eta handik Oikia aldera hartuta, Muniosoron errekaren ondotik Artzain baserrira irten eta Elkanora joango gara. Bazkaria.
  • Elkanotik atzera Artzainera, eta Meaga aldera hartuta, autopistaren azpitik eta trenbidearen gainetik pasata, Guruzelaira, eta handik gora irtengo gara, Garateko gainetik, “bia augusta”-n barrena. Zumaiaren bistarik politenetako bat.
  • Arteaga baserrira jaitsi, eta handik Karakasa eta Santiagoko hondartzara. Ondo bidean, 19:30 alderako bueltan. Amaitzeko, hidratatzeko zerbait hartuko dugu.

Baten bat zalantzan baldin badago, hemen daukazue iazko ibilaldiarena, eta hauxe iazko ibilaldiaren amaierako argazkia, Santiagoko hondartzan, eguzkia sartzen ari zela:

P1210134

Gonbidapena eginda dago, eta garaiz…

  • Sasoi aldetik bigun dagoena entrenatzen hasi eta forman ailegatzeko…
  • Meniskoa erdi izorratuta daukanak osatuko ahal izateko…
  • Egun horretan laneko goardia daukanak aldatzeko…
  • Umeak aitona-amonei utzi behar dizkienak badaki zer egin behar duen…
  • Egun horretan ilobak zaindu ezin dituzten aitona-amonek badakite zer esan behar dieten ume horien gurasoei…
  • Iaz ibilaldi erdia egin zuenak aurten aukera dauka beste erdia egiteko…
  • Noizbait ibilaldia egin duena baina mugarriak non dauden akordatzen ez bada animatzeko…
  • Iaz egin nahi baina ezin zuenak aurten ahal izateko…
  • Urtero fin-fin etortzen denak eguna egutegian gordetzeko…

Aukera ona da egun bakarrean Zumaiaren mugalerroaren gainetik buelta bat eman eta mugarri batzuk (30 inguru) ikusteko.

Beste Aitzuri

Frontoi berriaren inaugurazioa dela eta, batek baino gehiagok galdetu dit egunotan izenaren gainean, zer den edo non dagoen Aitzuri parajea. Baten batek eskertuko duelakoan, hemen azalpen laburra.

Aitzuri Itziar-Debako harraldeko parajea da, Sakonetatik eta Mendatatik Deba aldera dagoena. Adibidez, Kostako errepidetik Getariatik gatozela, Kamineroetxea pasa ondoren ikusiko dugu eder bezain handi, Deba aldera.

Sakoneta_Mendata_Aitzuri

Zumaiaren lurretatik urruti samar geratzen zaigu, baina askok gertuko dugu Aitzuri, handik oinez pasatzeagatik edo urrutitik erraz ikusten delako. Aitzuriren kasuan ere izenean dago izana, eta kolorea da haitzaren bereizgarri nagusia: zuria. Hemen, Arantzako portuko aldetik begiratuta, Sakoneta ingurua eta atzealdean Aitzuri:

Sakoneta eta atzealdean Aitzuri

Itsasotik begiratuta, itxura aldatu egiten du nondik begiratzen zaion:

Aitzuri1Aitzuri2Aitzuri3Asturias_2011ko_abuztua 077Aitzuri5

Azken argazkian, ondo bereizten dira bi kobazulo handiak. Deba aldetik begiratuz gero, kaskezur bateko begi-zuloak dirudite, eta ez litzateke batere zaila asmatzea piraten altxorren inguruko istorioren bat, ezta? Hauxe Javier Carballoren argazki bat, Deba aldeko harraldetik (Txertudiko gabarleku ingurutik) ateratakoa:

Aitzuri_Javier_Carballo

Aitzuriren gainetik, harralderako ikuspegia zoragarria da, bereziki Zumaia aldera. Egiaztatzeko, begiratu Javier Carballoren argazki honi:

Aitzuritik_harraldea_Javier_Carballo

Aitzuritik pasatzen da Zumaiako Flysch Trail lasterketa, eta irudi ikusgarriak badaude grabatuta (adibidez, ikusi hemen, 06’10”-etik aurrera, lasterkariak Aitzuriren gainetik pasatzen).

Azkenik, Aitzurin azaldu zen Josu Zabala Salegi Basajaunen hilotza, 1997ko martxoaren 27an.

Baten batek igual pentsatuko zuen gure frontoiaren izenak zerikusia zeukala BIlboko Atxuri auzoarekin, baina ez, ez da hala :-). Harraldeko parajea da, haitz zuriko gune zoragarria.

 

Hesiaren beste aldean dagoena

Hesiaren beste aldean

Aspaldian nengoen honetaz zerbait idaztekotan, baina baleike.eus-en irakurri dudan “Porlana galtzada-harrien ordez” artikuluak hauspotu dit asmoa. Bistan da txapuza hori egiteko ez zegoela lau hilabete zain egon beharrik, askoz ere lehenago egin zitekeela, eta petatxo hori “probisional betiko” izango dela, seguru asko. Nik, ordea, ez dut hor gelditu nahi, eta aspaldian itxita daukagun barrako hesiari begira jarri nahi dut. Lau hilabete baino gehiago darama itxita, eta ezin dugu egin aurrera. Baina zergatik ezin gara pasa? Horiei erantzun nahian, beste aldera pasa naiz, eta zer dagoen ikusi.

Hasteko, hesian bertan, ez dago inolako azalpenik edo seinale berezirik ixteko arrazoia azaltzeko, ez badira bi trafiko-seinale: sarbidea debekatuta oinezkoentzat eta bizikletentzat. Ateak kandadu bat dauka, baina hesia erraz pasa daiteke gainetik edo albotik.

Aurrera eginda, beheko mailatik, berehala ikusten dira goitik itsasoak botatako harriak, baina aurretik burdinazko uztaietako batean egin dut geldialdia, eta argazkia atera.

Uztaia1

Egunen batean ingurua konpontzen badute, errespetatuko ahal dute herdoildutako uztai hau, edo aurrerago dagoen beste hau…

Uztaia2

 

Itsasoak goiko paretaren zati bat bota zuen beheko mailara eta erriora, baina erraz pasatzea dago ondotik, inolako arazorik gabe, ia pare bat metroko tarte zabala dagoelako; pentsatzen jarrita, nahi izanez gero, ez dut uste zaila litzatekeenik garabi edo hondeamakina batekin harri hauek goiko mailara igotzea edo kentzea, pasabidea handitu behar edo nahi izanez gero.

Puskatua_behetik

Bidean, hemen eta aurrerago  arketa-zulo batzuk irekita aurkitu ditut, baina hauek estaltzea ez litzateke batere zaila.

Arketa1 Arketa3 Arketa2

 

 

 

Bidean, ikusi dut hormigoiaren gainean gurutze gorri batzuk daudela jarrita, zinta isolatzaileekin eginak. Nik dakidala, barra oraindik ez da inolako amabirjinaren gurtze-lekua, hemendik ez da pasatzen kalbariorik, Gurutze Gorrikoek ez dute egiten horrela propaganda, eta google eartherako koordenadak ez badira, pentsatu dut beste zerbaiterako seinaleak izango direla.

Gurutze gorria1

Gurutze gorria2

Gurutze gorria3

 

 

 

Barraren barreneko mailan, Balenciagako itsasontziak atera behar direnean jartzen dituzten piezen lekuan, olatuek hormigoiari pusketa handia kendu zioten, koska txiki bat dago, eta barrenaldeko haitz asko mugituta daude.

Koska eta harriak

Barraren muturrean, bigarren mailaren amaieran, eskultura berezi bat dago, Moilaberriko beste batekin lotura duena (batean eseri eta besteari begiratzeko jokoa). Aulkietako bat aterata dago, eta ondoan apartatuta; lurrari lotuta eusteko burdinazko lau oinarriak bistan daude.

Eskultura1

Gainerakoan, bista beti-betikoa da muturretik. Zumaia oso ederra ikusten da.

Betiko bista

Hesia itxita dago, baina txakurrak (ez dakit jabearekin edo bakarrik) sartzen dira, eta arrastoak uzten dituzte; garbitzailerik ez da sartzen, nonbait.

Mokordoa

Bigarren solairuan, barandilletako bat hautsita dago.

Barandilla

Goitik ikusita, hauxe da puskatutakoa:

Puskatua goitik

Gainetik, erraz pasatzen da, kontuz ibiliz gero.

Berriz ere hesiaren aurrera etorrita, galdera egin diot neure buruari: zergatik dago itxita lau hilabetez barrarako sarbidea? Hain zaila al da konpontzea, behin-behineko pasabidea jartzea, behetik bakarrik baldin bada ere? Ez dakit norena den ardura (Kostas, Fomento, Puertos…), baina garbi daukat teknikariak eta arduradunak ez direla zumaiarrak eta ez direla bizi Zumaian. Garbi daukat pertsona horiek ez dutela gozatzen barra-muturrean paseatzen, handik itsasoari begiratzen, itsasoaren kresala aurpegian sumatzen, eguzkia Matxitxako aldean sartzen ikusten…

Hesi itxiari begira, irudi batzuekin akordatu naiz: Naroa Agirre lanean, Almonte aldean fedeak eragiten duena, Melillako saltariak… Hesiaz beste aldean zer dagoen ikusita, guk zer egin behar dugu? Alto edo salto?

Hor daude gehiago…

Duela pare bat urte, mugarrien ibilaldia egin genuenean, ikusi genuen norbait gehiago ere bazebilela haien bila, mugarriak pintura gorriz margotuta aurkitu genituelako, txukun-txukun herriaren letra (Zumaiaren Z, Zestoaren C…). Duela egun batzuk aukera izan dut ezagutzeko mugarriak margotu zituena, Yoseba Alonso. Goierri aldekoa izanagatik, zumaiar gehienok baino hobeto ezagutzen ditu Zumaiako txoko batzuk, gure muga-lerroaren gainean makina bat ibilaldi egina delako, GPSa hartuta, mugarrien bila. Elkartu ginenean, esku artean daukan materiala erakutsi zidan, eta ez da gutxi! Karpeta batean, txukun-txukun, Zumaiako terrenoei buruzko dokumentazio pila bat; ordenagailuan, berriz, Zumaiaren aireko argazkiaren gainean, aurkitu dituen mugarri guztiak markatuta, hogeita hemeretzi guztira. Makina bat lan egina da artxiboetan, eta zer esanik ez terrenoan bertan, sasi artean. Yosebak azalpen interesgarri asko eman zizkidan: mugarriak noizkoak diren, Zumaiak inguruko herriekin izan dituen pleitoak, zer esan nahi duen “a cordel”-ek (zuzen-zuzenean)… Baina batez ere ezagutzen ez nituen hainbat mugarri erakutsi zizkidan, non zeuden.

Yosebarekin elkartu ondoren, mugarri “berriak” bilatzeko harra piztu zitzaidan, eta hauxe goiz batean Narrondo-San Lorente aldera egindako ibilaldiaren emaitza:

Mugarriak

  1. Narrondon, Sarrondotik behera etorrita, Arroaerrekak bihurgunea egiten duen horretan,  ertzean dagoen mugarria. Horra iristeko, Narrondoko gasolindegian, Kortaren fabrikaren ondotik, hartu eskuinaldera, eta joan bidea bukatu arte. Amaieran, sartu bi eraikinen arteko pasabide estutik, eta hantxe dago, aurrez aurre.
  2. Errepidearen aldetik, Azcue enpresaren ondotik (lehen Olakoa izandakoa), Azkoin aldera dator muga-lerroa. Ibilaldian hesiaren gainetik pasatzen gara. Hesiaren eskuinaldean dago.
  3. San Lorentera doan errepidearen ondoan, Azkoinzarrera iritsi aurretik, hesiaren ezkerraldean dago. Lehen sasi artean zegoen, eta orain ederki ikusten da.
  4. San Lorente ermitan, sartu Alkorta etxearen terrenoetan eta egin behera eta eskuinaldera, 50 m inguru, ganaduak egindako bidearen bila, eta hartu eskuinaldera. Hantxe dago sasi artean.

Eta mugarrien kontuak aipatzen hasita, hauek ere bai…

  • Sarrondotik beherako zelaian badaude terrenoa markatzen duten hormigoizko pieza batzuk. Mugarriak izateko oso berriak dira, baina hor nonbait behar du muga-lerroak.

Sarrondokoa2 Sarrondokoa1

  • Arroaerrekan bila ibili naiz, bi ertzetan, Bombas Azcueren azpialdean eta errepidearen gainaldetik, baina alferrik. Ez dut aurkitu mugarririk.
  • San Lorenten pinudia kendu dutenetik, urrutitik ere eder ikusten da mugarria, belardiaren erdian.

Ezkaraztoko mugarria

  • Kantera baserriaren inguruan lan asko egin dituzte (bariantea, errotonda…) eta pentsatzekoa da mugarri batzuk mugituko zituztela. Mugarri honen berri baneukan Gontxalok esanda, baina ez nuen ikusi gaur arte. Gutxi gorabehera, muga-lerroaren parean dago.

Kanterakoa2 Kanterakoa1

 

 

Ezagutzen ez ditudan beste mugarri batzuen berri ere eman zidan Yosebak: Ibañarrietako gainekoa, Gaztelukoa, Artzain baserriaren inguruan daudenak, Garateko gainekoa… Bedua aldekoak eta Ordiko zulokoak ere hor egongo dira, lo, nork bistan jarriko… Badago zer egina, ezta?

Eta kezka bat: ea oraingoan ez diren mugarri gehiegi azaltzen, bestela hurrena ibilaldia bi etapatan egin beharko dugu… 🙂

 

Basurderik ez, bista zoragarria

Goizeko 07:15ean abiatu gara Zumaiatik Oiartzun aldera, eta iluna da oraindik Arritxulo aterpetxeko parkinera iritsi garenean. Ez dago inor, eta isiltasuna da nagusi.

Arritxuloko_parkinean
-Esan nian nik goizegi zala… Ze nezedidade do…
-Ekarri al dek frontala? Ez dek pitorik ere ikusten…
-Isildulai, segituan argituko du eta…
“Basurdeen begiratokia”(160 m, IV) izeneko bia eskalatzera gatoz, Aiako Harrietara, Aritxulegira.

Basurdeen begiratokia
Trasteak motxilan hartu eta errepidera irten gara. Behera hartu dugu, Oiartzun aldera.

Errepidean behera

-8. kilometroa markatzen dun kartelaren parean dek…
-Ba, pasa diagu, ordun. Lehenago dek…
Buelta hartu eta bidean gora egin dugu, etorritako lekutik, eta segituan aurkitu dugu paretarako bidexka.

Errepidean gora

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Hiru minutu besterik ez karreteratik paretaren azpira , baina nahikoa Apolo eztulka hasteko…
-Ojuuuu!!! Ojuuuuu!!!
-Earra hao hi Txindokira igotzeko…
-Ojuuuu!!! Ojuuuuu!!!

Itxura ederra dauka paretak. Hemen inguruan ez da oso normala granitoan eskalatzea, eta haitza berezia da.

Peloiak eskaini du bere burua lehen sokaldia egiteko. Saiatu da hasierako metroak ez egiten, ezkerraldetik oinez joatea badagoela eta, baina ez diogu utzi.
-Hi, bia osorik egin ber dek, e? Eskakeoik ez!
Pixkanaka, Jhon Bacharren estiloaren aire batekin eta elegante eskalatzen, lehen bilgunera iritsi da. Hori dek eta!
-Oh, Pelon, oh Pelon-Pelon blues, oh Pelon blues…

Lehen_sokaldia_1

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Kosta zaio bilgunea montatzea.
-Moitu hai, tukanak arrautzak jarriko dizkik eta! [tukana da Peloiak aseguratzeko erabiltzen duen tramankulu marabillosoa]
Halako batean, amaitu ditu lanak eta deitu digu. Bagoaz gora Apolo eta biok.

Lehen_sokaldi_2

Lehen sokaldia polita da, disfrutatzekoa. Haizea dabil, baina ez zakar. Jende gehiago dator paretaren azpialdera, bia egitera.
Bigarren sokaldian Peloiak jarraitu du. Dena emanda daukagu mutila, eta gaurkoan pareta motz geratu behar zaio…

Bigarren_sokaldia_1

Laster iritsi da bigarren bilgunera, eta guk atzetik egin ondoren, oinez jarraitu dugu, tramo batean, hurrengo paretaren azpialderaino.

Bigarren_sokaldia_3
-Neuk segiko diat.

3_sokaldia_1 (c)Peloia

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Pareta bertikala da, baina oso helduleku onekin.

3_sokaldia_2 (c)Peloia

Gora iritsi, bilgunea muntatu, eta Peloia eta Apolo etorri direnean, aurrera jarraitu dute oinez, beste horma baten behealdera. Ederki zabalduta dago bidea ote artean. Neuk atzetik jarraitu diet. Hurrengo horma etzanagoa da, eta oso helduleku onekin.
-Bagiaztik berrize zumaiarrak!

4_sokaldia_1_ (c)Peloia

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Bia osoa bezala, sokaldi hau ere gozatzekoa da, disfrutatzekoa da, eta gora egin ahala, ikuspegia zabaldu egiten da, ikusgarria da inguruko mendietara. Gainera, eguzkitan gozo egoten da. Bilgunea muntatu, eta etortzeko esan diet.

4_sokaldia_2

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Oinez jarraitu dugu, azken hormaren azpialderaino.

Azken_hormaren_bila

Apolo joan zaigu aurretik, eta segituan iritsi da azken bilgunera.

5_sokaldia

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Amaieran, betiko hitzak…
-Ez gaituk makalak!
-Noaindik e’bai, e?
Trasteak jaso, oinetakoak aldatu eta Peloiak ekarritako saltxitxoiari pusketa ederra kendu diogu, zerbezarekin lagunduta. Apolok fruta.
-Atzo ere fruta jan bahuan zerbeza edan beharrean…
Jaisteko bidea oso markatuta dago, eta ordu erdian erraz bueltatu gara Aitxulegiko tunelaren parera, eta handik Arritxulo aterpetxera. Lehen gure atzetik zetozenak bia bukatzen ari dira, paretan.

Eskalada_amaitzen_1

-Zer, salda bat, o?
-Hartu berko diu, no?

Hamabietarako Zumaian bueltan ginen, eta bazkaltzerako botoa emanda…

 

OHARRA: irteera honen kronika Apolok egin behar zuen, eta gortu blogean jarri, baina ez omen da akordatzen pasahitzarekin. Hurrengorako igual? Zer egin behar da, firma-bilketa, berriz ere martxan jartzeko? 🙂