Cavallers (Lleida)

Udako oporraldian, egun batzuk hartu nahi genituen kanpoaldera irten eta egun batzuetan segidan gortzeko, eguerdirako edo egunean bertan itzuli beharrik gabe. Familiarekin Asturiasko kostaldean egun batzuk pasatzera abiatzerakoan, beste enkargurik ez nion utzi Apolori: leku egokia aukeratzeko, bueltatzen nintzenean eskalatzera joateko. Itzulitakoan, espero ez nuen plana zeukan pentsatuta: Cavallers-a, Lleidara, igandetik asteazkenera.

Egia esan, Ordesako ilusioa edo ideia eginda neukan aspalditik (hango horma handiak: Tozal de Mallo, Gallineroa, Fraucata…), eta harritu egin ninduen Lleidako planak. Kezka bat neukan, batez ere: beldur nintzelako hara joan eta ez ote ginen ibiliko galduta 3 egunotan, noraezean. Azalpenak eman zizkidanean, ordea, erabat konbentzitu ninduen: Txafla eta Nano ere hara zihoazen, Txaflak Cavallersko gida eta Desnivel a zeuzkan, granito oneko eskola da, ondo ekipatua, mota guztietako biekin… Eta han ibili gara, gozatzen eta sufritzen! Hemen dauzkazue gertatutako zenbait pasadizo eta argazki.

Cavallers: Lleidan dago, Vall de Boi-n, Viellako tunela iragan eta gutxira, Besiberri mendiaren oinetan. Guk bezala Frantzia aldetik eginez gero bidaia, hara joateko, Lleida alderako errepidean aurrera joan behar duzu, Vall de Boi­ markatzen duen lekuraino; han hartu ezkerraldera, pasa Barruera herria, eta handik gora, Aigües Tortesko bidegurutzea eskuinaldean utzita, Caldes de Boi balnearioa pasata.

Berez, Cavallers urtegi handi baten izena da. Presa handi batek ixten dio bidea urari eta inguru guztian granito ederreko haitzak daude, nahi adina, sektoreka.

Ez dago pareta bakar edo erraldoirik, baina zer eskalatu nahi, huraxe aurkituko duzu: boulder egiteko bloke ugari edo 1.000 metroko biak (horma bat bestearekin lotuta), autotik irten eta 5 minutura edo 2 ordura, kirol eskaladarako ekipatuak edo batere segururik gabeak, eguzkitan edo itzaletan, pareta etzanak edo desplomatuak, fisuran edo plakan, jendez gainezka edo inor gabe%u2026 Begira zein txikia ikusten den jendea, eskalatzen:

Sorpresa atsegina: bidaiatu eta iritsi orduko bertara ailegatzen saiatu ginen, baina guardak ez zigun utzi, goiko aparkalekua (presaren azpialdekoa) beteta zegoelako. Horregatik, Barruerara bueltatu, Boneta kanpinean gure txabola muntatu eta zerbait jan genuen. Hirurak aldera beste saiakera egin genuen, eta erraz pasatu ginen. Lehen kontrola pasata, bigarrena: mutil batek adierazi zigun parke nazionalean geundela; mapa bat eman zigun, ez galtzeko; eta plastikozko poltsa bat ere bai, zaborra jasotzeko.

Erabaki genuen “Elefantito”u201D izeneko sektorera joatea: txikia delako, gertu, eta, batez ere, Desnivel en azaltzen delako.

Sorpresa atsegina izan genuen haitzarekin:

Granito ederra, Xabier! Ugarten etzeok holakoik!

Hasteko, V+­-ko bia bat aukeratu genuen, adherentzian, eta erraz egin genuen; gero, 6a­-ko pare bat ere bai, bertikalagoak, eta 6b+ eta 7a-ko bi biatan ere ibili ginen, saltseatzen. Gortu! Oso pozik amaitu genuen eguna.

Kanpinera bueltatu ginen. Txikia eta atsegina da eta hango neskak eskalatu egiten du (fabore ederra egin zigun gidak utzita!). Beste pertsonaia batzuk ere ikusi zituen Apolok: nagusiak Rodriguez Menendezen antza zeukan, kamareroak Del Rey pilotariarena…

Otzanduta: Txaflak utzitako Desnivel ean “Pistacho asesino” izeneko bia bat azaltzen da (235 metro, 6a), presatik gora ordubete ibilita, kristoren aldapan, Comalestorresko 4. orratzean. Goizean goiz hara joatea erabaki genuen.

Gora goazela, izerdi patsetan, lehenengo ezustekoa: jatekoak eta zerbeza autoan geratu dira.

Hola nola esponsorizatuko gattu, ba, Riojanuak!

Gora igo beharrarekin, ez ginen konturatu biaren behealdetik pasatu ginela eta aurrera egin genuen nahigabean. Alferrik igo eta jaitsi egin behar!

Bia hau guretzat egokia zela pentsatu genuen, endemas aurreko egunean hain ondo ibilita, baina ederki otzandu gintuen haitzak! Lehen sokaldia 6a da, plaka etzan batetik gora, adherentzian. Hasi nintzen igotzen.

Ostia! Zer da hau? Zer da hau!

Beste hitzik ez zitzaidan irteten. Nahi eta ezin. Heldulekurik apenas, eta onik batere ez. Eta okerragoa zena: gorago hoberik ikusten ez.

Hau dek panorama beltza!

Bigarren segurura iristerako behera egin nuen eta eskuinalderagoko bia batetik saiatu ginen (V+), biak bilgune berean amaitzen dira eta. Han ere berdin, ordea. Ni baldar, seguruak nahikoa urruti (gaizki ohituta gaude!), baina nola edo hala lortu nuen bilgunera iristea. Ederra hasiera!

Apolo ere lur jota zetorren. Esan zidan igual onena zela behera egitea. Nik ez nuen etsi nahi hain azkar, ordea.

2. reuniora jun eta han ikusiko diu, bale?

Hara iritsita, ondo ikusi dut zer datorkigun: fisura ederrak, baina ez erabat aseguratuta. Beldurtu egin naiz: Vbatean, ezinean, fisureroa sartzen; igual goraino sokaldi guztiak neuk egin behar lehenengo; jatekorik ez daukagu; animoa ere eskas… Otzandu, burua makurtu eta behera egitea erabaki dugu. Rapela.

Etsitzen ere ikasi beharra zeok, Xabier!

Autora bueltatu eta zerbait jan dugu. Itzalean jarri eta Txafla eta Nano ikusi ditugu ailegatzen, Aitzol azkoitiarrarekin. Arratsaldea luzea daeta “La Kanalla” izeneko sektorera joan gara guztiok, presatik hurbil.

Morala ere berpiztu zaigu, 6a­-ko bia batzuk eginda. Orduan ezagutu ditugu Pitu, Migue eta koadrilla: 6 mutil eta 3 neska, andaluzak, zalaparta bizian, hurrengo egunean ere topatuko ditugunak. Euskaldun gehiago ere badaude, tartean donostiar oso ezagun bat. Arrasateko mutil bat 7b­­-ko bia batetik igotzen ikusi dugu eta ikusgarria izan da! A zer inbidia!

Guk bai gortu!: morala igotze aldera, astearte goizean Escales izeneko eskolara joan ginen, gure kanpinetik 20 km­-ra, beste urtegi baten ondoan, Sopeira herrixkatik gertu. Bia erraz samarra aukeratu genuen, “Esperó des Elfos” izenekoa, 175 m, V+.

Hara iritsita, parajea ikusgarria zen, eta sorpresa sorpresaren gainean izango genuen, gainera. Presaren azpialdetik igo ginen biaren hasierara, haitzean zulatutako eskailera batzuetatik. Zailena hasiera zen (V+), eta gero dena zen bosgarren gradukoa, pixka bat etzanda eta helduleku asko eta onekin.

Gozatu ederra hartu genuen!, eta goialdean eguzkiak ere agurtu eta egurtu gintuen, bero­-bero. Jaitsiera ere harrigarria izan zen: bia bukatzen den tokitik zulo batean sartu behar duzu, eta handik behera jaitsi.

Presaren gainera irten ginen, eta atzera eskaileretatik behera jaitsi.

Kanpinean bazkaldu eta berriz ere Cavallersa igo ginen, Tuca sektorera. Hara non zeuden zumaiarrak!

Gustura zeuden, gure atzoko bia, otzandu gintuena, igo zutelako goizean. Zorionak!

Tuca sektorean biarik errazenak eskuinaldean daude eta hantxe jarri ginen gu ere. Kintoko bia bat hastekotan geundenean, hara non azaldu ziren er Pitu, er Migue, las txurris… Akabo bakea! Trasteak atera eta dena hartu zuten, baita guk egin behar genituen 6a­-ko biak ere. Lasai ibiltzea ere gauza ederra da eta ondoko sektore batera joan ginen, “Casco” izenekoaren goialdera, eta han gortzen hasi ginen: V+, 6a, 6a/b eta, bero­-bero eginda gaudenez, 6b­-ko bia batean ere sartu gara. Baita egin ere. Gora gu ta gutarrak!!!

Denbora, ai, denbora: azken goizean ere eskalatzen pasa genuen, pare bat ordu. V-ko bia bat, IV+ kobeste bat, 6a­-ko bat eta 6a+ ko beste bat. Baina burua gehiago geneukan itzuleran: kanpina jaso eta arratsalderako Zumaian egon behar genuen.

Kanpina jasotzean, hara zer aurkitu genuen!

Nahi baino azkarrago pasa zitzaizkigun egunak! Irtenaldian, behin baino gehiagotan komentatu genuen ea datorren urtean hainbesteko zortea geneukan eta aukera genuen beste egun batzuetan gortzeko. Izan ere, Lleida aldean -eta non ez!- hainbeste paraje eta pareta eder daude, guk eskalatzeko zain: Terradets, Villanova de Meia…

Oharra. Cavallersi buruzko informazioa nahi izanez gero, hona hemen helbide interesgarri bat:

http://www.onaclimb.com/luichy/logboi.htm

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude