Arista de los caracoles. Urtea finikitatzen

Gaur, abenduak 29, Eginon izan gara, beste behin ere, Larregi, Peloia eta hirurok.

Iaz abenduaren 26an egin genuen Arista de los caracoles izeneko bidea, eta aurtengo urteari finikitoa emateko, berriro ere bide huraxe bera egitea proposatu zuen Larregik. Eta hortantxe aritu gara, gure San Silbestre partikularra egiten. Bide erraza eta ederra, urtea gozatzen amaitzeko. Ez da ohitura txarra urtero errepikatzeko.

Goizeko 9:30ean geneukan hitzordua, nik Pilates egin eta alabak nor berera joan ondoren. Eskerrak. Ez zen giro ordu horretan. Hotza.

Hala ere, Gipuzkoan gaitzerdi. Araban muturra sartu orduko, jesukristoren behe lainoa. Gasteiztik Agurain bitartean izugarrizko izotza zegoen. Behe lainoa eta zero azpiko tenperatura ere bai.

img_20161229_102304

Giroa horrela, kafe bat hartzera geratzea erabaki dugu. Lau gradu zero azpitik eta Peloia eta biok piura honekin.

img-20161229-wa0001

Hala ere, Egino aldean garbi zegoen, hamaikak aldera artean hotz bazegoen ere.

Larregik eta biok Peloiaren pita bana hartu, eta martxa. Hor goaz bidean. Gradu bateko tenperatura egongo zen, asko jota. Bidea azgazkiaren ezker aldeko mendiaren gailurrean amaitzen da, gutxi gorabehera.

img-20161229-wa0002

Bidearen hasierara iristerako, ez geneukan batere hotzik. Eta epel samar zegoen, gainera.

Bidean, izotza nagusi.

img_20161229_110411

Eguzkiak ukitu ahala, berehala urtu da.

Sei luze direnez eta hiru garenez, Peloiak lehenengo biak, Larregik hirugarrena eta laugarrena, eta nik azken biak egitea erabaki dugu.

Iritsi gara bidearen hasierara, edo pixka bat gorago, ez dakit seguru, eta trasteak prestatu ditugu. Eginon zeuden beste batzuk autotik arnesa soinean jarrita atera dira. Atentzioa eman digu. Guk dena motxilan sartzen dugu eta gero gerokoak.

Larregik bidearen hasierako bilgunea prestatu du, Peloiak arrankatu baino lehen.

img_20161229_113131

Trasteak antolatzen.

img_20161229_113109

Lehen luze honetan, kritika dezente entzun behar izan ditu Peloiak. Hiru, behintzat, nabarmenak.

img-20161229-wa0005

Joan da Peloia, eta bilgunera iritsi denean, Larregi eta biok atzetik.

img_20161229_115101

Lehenengoa: iltzea txapatu gabe.

img_20161229_115217

Bigarrena, hobea. Friend bat sartu eta Larregi eta biok kristorenak eta bi egin behar izan ditugu hura ateratzeko.

-Laga zak bertan! Frienda berea dek! Ke se joda. Ikasiko dik hurrengorako!

Azkenean, atera dugu behintzat.

Hirugarren akatsa.

img_20161229_120021

Parabolt bat uztai eta guzti. Hau da, bilgunea.

Pixka bat gorago muntatu du, eta entzun izan behar du Larregiren erretolika.

Edu optikoarekin hitz egin beharko dugu. Paraboltak ikusteko moduko betaurreko batzuk edo… Esponsorizazio bat akaso…

Hemen biak lehen bilgunean, serio demonio.

img_20161229_120118

Bigarren luzea ere Peloiarentzat.

img_20161229_120622

Ondoren, bideak ezkerrera jotzen du eta kanal polit bat igarota, bilgunera iristen da. Ederra da bigarren luze hori. Hor doa mutikoa.

img_20161229_120806

Larregi eta bioren txanda. Larregi bilgunera iristen.

100_2034

Eta ni atzetik.

100_2033

Bigarren bilgunean, Peloiak sokak Larregiri eman dizkio, hurrengo biak beretzat izan dira eta. Hasi da.

100_2040

Ni aseguratzen, kontzentratuta.

100_2039

Azkar joan da gora. Eta Peloiak ez du aukera galdu kontrakritika egiteko.

-Hemen zeozer sartu behar huan, bestela soka nahi duen lekutik joaten da! Gero nei esan!

Esan digu Egurkon hegazkinak egiteko gai zirela, baina ez urpekoak egiteko gai. Enigma honi erantzuteko gaitasuna duenak sari bat irabazteko aukera izango du. Hurrengo urtea sorpresaz beteta dator. Adi egon, betiko irakurle finok. Aurten zeozer lortuko duzue.

Aurrera.

100_2042

Eguraldia ikusgarria. Eta autobidean zero azpiko lau gradu ikusi ondoren, eguzkitan goxo-goxo, eta tarteka izerditan ere bai.

100_2041

Egin ditu Larregik bere bi luzeak. Eta hemen gaude laugarren bilgunean.

100_2043

100_2044

Hau fitxatuko nuke gustura.

img_20161229_135744

Sarritan pasatzen dira gure azpitik, eta aho zabalik geratzen naiz begira. Baina normalean beranduegi ibiltzen naiz argazkia ateratzeko orduan.

Hurrengo bi luzeak niretzat. A gozal!!

Hemen bosgarrenaren hasieran.

100_2046

Hurrengo bilgunea oso erosoa da. Lasai-lasai egoteko lekua dago eta bista ederrak daude Gasteiz aldera. Mordor txiki bat ematen zuen gaur.

img_20161229_122229

Azken luzea. Seigarrena. Politena, nire ustez.

Bagoaz.

100_2053

Gero ezkerrera, eta berriro ere eskuinera, plaka eder batean aurrera.

100_2057

Pixka bat gorago, argazki bat atera dut, bilgunera begira.

img_20161229_131545

Konturatu naiz Peloiak ez zuela kamera askatzen, eta pentsatu dut “bideoa grabatzen ari al da hau hainbeste denboran kamera ez askatzeko”. Eta halaxe zen. Bideoa grabatu du eta han agertzen da marmarrean, argazkia ateratzen hasi naizenean. Ahal dudanean, youtuben jarriko ditut azken luze honetako bi bideo eder. Ni konturatu gabe grabatu ditu Peloiak, eta esandakoak zentsurarik gabe agertzen dira. Agertuko dira.

img-20161229-wa0000

Hasi dira halako batean azken luzean gora. Peloia aurretik. Esperantza handiak ditugu Peloiarekin, hurrengo urtean Mari Urrika egiteko. Zer den asmatzen duenak idatz dezala iruzkinen bat, urte berrian sorpresak izango ditugu eta. Aupa sponsorrak!

Etorri dira mutikoak eta hasi da festa.

Txanpainik ez, baina zerbeza bai. Zerbeza bana hartu, zerbait jan, materiala jaso eta argazkiak ateratzera, Peloiak ekarritako ikurriƱa ziztrin batekin. Forondakoa sanoago ikusten da urtebeteko haizeak jaso ondoren.

img_20161229_135729

100_2061

Komentatu dugu Gortuko bat prestatu beharko dugula, gure lelo batzuekin eta sponsorrentzako tarte batzuekin. Adi egon sponsor izan zaitezkeenok! Asko zarete, zuek uste baino gehiago.

Azken paretatxoa igo (trasteak motxilan jasota, sokarik gabe, zailtasun gutxirekin eta arriskurik gabe) eta beheko bideari ekin diogu.

Larregi beherantz, eta atzean Olano mendia.

img_20161229_140125

Astorearen pareko bidera iritsi eta handik behera jo dugu. Bidea kontuz hartzeko modukoa da. Hor dator Peloia, destrepatzen.

img_20161229_141227

Harritza ederrak daude tartean.

img_20161229_141419

Iritsi gara Eginora eta Peloiak urdaiazpiko ederra eta Eginoko gazta atera ditu. Eginokoa baina Zumaian erositakoa. Eginoko gazta hori ere izan liteke gure sponsor bat, nola ez. Espezietan ordainduz gero, denok gustura.

Gonbidatu berezi bat ere hurbildu zaigu.

100_2063

Hasieran beste aldera begiratzen zuen, baina genero atera orduko…

100_2064

Hauek azkar ikasten dute. Hurrengoan han egongo da gure zain.

Buelta, berriz, antologikoa izan da.

-Jarri zak Ozzy Osbourne!

-Etzikat!

Eta Joaquin Sabina, Celtas cortos… eta Victor Manuel ere entzun behar izan dugu! Peloari tentsioa igotzen hasi zaio.

Halako batean, Silvio Rodriguez. Balsamoa Peloiarentzat. Orduantxe samurtu da pixka bat.

Hona hemen bidearen amaierako bideoa. Gu konturatu gabe grabatu digu Peloiak.

Eta beste bideo bat, aurrekoa pixka bat ulertze aldera.

Honekin Youtuben arrakasta izaten ez badugu, etor dadila Punset esplikazioak ematera.

Urteko balantze orokorra eta errepasoa egitea falta zait. Baina ohera noa. Hau nekagarria da. Eskalatzea, bale. Baina kronika egite hau sufrimendu hutsa da.

Eskaini diot Peloiari hurrengo urteko kronista izatea, baina pentsatuko duzue zer erantzun didan. Larregik, berriz, tartean saririk ez dagoenez, ez du parte hartuko.

Pazientzia eskatu beharko dizuet, beraz, urte berrian.

Ondo segi!

Eta Gortu!

 

4 thoughts on “Arista de los caracoles. Urtea finikitatzen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude