Urte berri hotz Aritxulegitik!

Hotz hasi zaigu urtea, baina horrek ez digu gortzeko gogoa kendu.

Aurreko astean ere hotz egiten zuen Eginon, eta batez ere hara iristeko bidean, eta giro ezin ederragoarekin eskalatu genuen. Esperientzia hori barneratuta (haizerik gabe eguzkitan ondo baino hobeto egoten dela, alegia), ez dugu zalantzarik izan gaur Aritxulegi aldera joateko. Normalean baino beranduago, noski. Eguzkiari irteten utzi behar zaio.

img_20170106_122850

Aurreko batean Peloiak eta biok mano-mano Basurdeen begiratokia egin genuen batean, konturatu ginen bide berri pila bat zabaldu zituztela, baina orduan ohar batzuk jarri zituzten inork ez eskalatzeko, artean ez baitzeukaten Aiako Harriko parkearen baimenik. Baina, orain beda zabaldu da eta paradisua aurkitu dugu Gipuzkoan bertan. Eskura eta guretzako moduko bidez beteta. Mila miloi esker ekipatzaileei. Opari makala egin diguzue.

Atzo bertan jaso nuen Ramon Gaztañagaren mezu bat, Aritxulegiko krokisekin. Badirudi pentsamendua irakurri didala, gaur joateko asmoa genuen eta. Mila esker, Ramon!

Bidean izotzaren erreinua ikusi dugu, izotza nagusi bazter guztietan. Oiartzuna iritsi garenean, -3º C markatzen zuen autoko termometroak. Arritxulon, zerbait gutxiago.

Trasteak hartu eta abiatu gara, giro ezin hobearekin eta zelaiak izoztuta.

img_20170106_093317

Krokisean agertzen den lehen sektorera jo dugu, hasteko. Aske eta Agorre izeneko bi eremu ditu.

Beheko zatian, Aske izenekoan, lau bide daude, eta laurak egitea erabaki dugu. Ordurako giro ezin hobea geneukan. Txamarra kendu eta kamiseta eta sudaderarekin egin dut lehen bidea. Beste guztietan, sudadera ere sobran neukan. Peloiak esaten duen bezala, ez sinesteko moduko giroa.

Peloia gogotsu etorri da, eta berak ekin dio lehendabizi bide horietako bakoitzari.

Hemen, lehenengoari begira. Laritz (4b). Granito ederrean.

img_20170106_095732

Haitza oso itsaskorra da, eta heldulekuak askotan txikiak badira ere, oinetan konfiantza izanda ederki joaten da gora poliki-poliki. Ez dakit kaskoa jantzi duen, burua motxilan sartu duen, Photoshopekin moztu dudan…

img_20170106_095921

Gora eta gora beti.

img_20170106_100129

Peloiaren atzetik nik egin dut. Bide guztiek deskuelgea dute goian, eta horrela erraz eta azkar samar egiten dira.

Bigarrena, Aruba (5b), zailxeagoa iruditu zaigu eta pixka bat gehiago kostatu zaigu.

Hemen Peloia bideari ekiten.

img_20170106_102603

Hirugarren kimikotik aurrera (oker ez banabil) pauso fin bat dauka. Ia heldulekurik gabe pasatu beharreko horietakoa. Fedezko aderentzia. Haitzaren itsasgarritasunaz fidatu behar. Gaztelaniaz, jergan, “paso de fé” esaten zaion horietakoa. Ez gara gu oso sinestunak, baina pasatu dugu behintzat. Ave maria.

Handik gora…

img_20170106_102835

Egin dut nik ere, eta ondoren, hirugarrenari ekin dio Peloiak. Ariletxugi du izena eta 5c zailtasunekoa dela dio krokisak, baina Larregi egon izan balitz (gaur hirugarren errege magoa falta genuen) dekotatzea ere proposatuko luke akaso. Batek daki. Egunen batean probatzen badu, esango digu.

Ieeeeepa!

img_20170106_104626

Hasieran, desplometxo bat gainditu behar da, baina berehala konturatu gara ez dela hori bideko pauso gogorra (krux esaten diote orain).

img_20170106_104719

Pausotxoa pixka bat gorago dago, eta aderentziakoa da.

Hemendik aurrera hasten da, gutxi gorabehera.

img_20170106_104805

Egin dugu biok, eta gustura geratu gara.

Ondoren, sektorean geratzen zitzaigun laugarren eta azken bidera jo dugu. Kilinxki (4b). Bide hori motxilarekin egin dugu, lastre ederra hainbeste arropa kendu eta motxilarik gabe arin-arin eskalatu ondoren.

Badoa Peloia.

img_20170106_110624

Dotore, motxila eta guzti.

img_20170106_110650

Eta pixka bat gorago, sektoreko olagarro guztiak harrapatu ondoren.

img_20170106_110831

Atzetik ni igo naiz. Ni ere motxilarekin, noski. Eta ailegatu bezain pronto, aurrera jarraitu dut Agorreko sektoreko lehen bidetik.

Badator Peloia atzetik.

img_20170106_112216

Luze hori oso erraza da (3b), baina hurrengo sektorearekin lotzeko aproposa.

Hurrengo luzeari, Pizkor (4b) izenekoari, Peloiak ekin dio.

img_20170106_112527

Hasieran pausotxo arraro bat, klaro ke gero, baina ezin izan nuen… Bai! Librean, jakina!

img_20170106_112556

Ezkerreko tontorrera irteteko esaten nion nik, baina eskuinetik jarraitzea erabaki du.

Iritsi naiz ni ere bilgunera. Aske eta Agorre finikitatuta. Erlojuaren aurka gindoazenez, Kakua izeneko sektorea hurrengorako utzi eta Fuxina izenekora jo dugu.

-Beno, ez daukagu denbora gehiegi. Bide bat hemen, eta behera.

Krokisari begiradatxo bat, paretari beste bat, eta 12. bidea egitea erabaki dugu: Garbantxoa (5a).

Nik ekin diot oraingoan, motxila eta guzti. Hasiera oso bertikala, eta pixka bat heldulekuak ondo bilatzekoa. Gorago izugarrizko babaresarekin egin dut topo. Ezkerretik eskuinera doa eta krokiseko argazkian nabarmen-nabarmena da. Horrelako babaresa ederra heldu ondoren, pena eman dit askatzea, eta uste dut gehiegi joan naizela eskuinera. Eta ondoren, kontuak. Pare bat pauso oso fin eta kostata iritsi naiz hurrengo kimikora. Eguneko zailena iruditu zait.

Ondoren, Peloia.

img_20170106_115055

Zer ikusi, hura ikasi. Eta horixe egin du Peloiak. Ni eskuinera joan banaiz, bera ere bai. Eta gero, lanak.

-Tensa!

-Laksai, Etxeberria. 5a baino ez dek eta!

Gauza bera esan dit Peloiak.

-5b eta 5c hain elegante egin, eta 5a hau egiteko a zer sufrimendua!

-Bai motel!

Uste dut aurten Aritxulegiko granitotan urtu behar ditugula gure katu oinak. Ez da txarra!

Eskalatzen ari ginela, konturatu gara jendea bazebilela mendian, eta une batetik bestera eskalatzaileak agertuko zirela iruditzen zitzaigun. Baina ez da hala izan. Bakar-bakarrik egon gara.

Mila esker, berriro ere, ekipatzeko lan itzela hartu dutenei! Ez zarete makalak!

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude