Bigarrena ere Aritxulegin

Atzo, urtarrilaren 28an, Aritxulegira joan ginen Peloia eta biok. IMG_20170128_101607

Bezperan euria egin zuen gauean. Goizean, jaiki eta gosaldu ondoren, kalea bustita zegoela ikusi nuen. Zortziretan neukan hitzordua Peloiarekin eta hamar bat minutu berandu iritsi zen.

-Ze, Peloi, lo leon?

-Ke ba! Buruba! Banetorren Larretxotik behera eta argazki-kamera sukaldeko mahai-gainean laga dudala akordatu naiz. Eta berriro etxera, haren bila.

Iritsi ginen Aritxulegira, eta lurra ez ezik paretak ere pixka bat bustita zeuden.

-Goazen Endarako urtegira, eta bide batez Kopakarri ikusiko diagu.

Aritxulegiko tunela pasatu, Nafarroan sartu eta Endarako urtegira jaitsi ginen.

Autoa han dagoen jatetxe baten kanpoaldean utzi (ez datorkit izena burura) eta Kopakarrira joateko harrapatu beharreko lepora igo ginen oinez, zementuzko pista batetik. Gora iritsi eta Citroen C15 bat ikusi genuen han aparkatuta.

-Ta gu kuatroporkuatrua behean lagata! Eskerrak Larregi ez dan etorri, bestela aditu beharko ituan!

Autora bueltatu eta Aritxulegirako bidea hartu genuen. Ordurako horma ia guztiak lehor zeuden. Txorreraren bat edo beste geratzen zen, baina lehor samar zeuden.

Beheko sektoreetan jendea eskalatzen hasita zegoen, eta goiko aldeko Enarri sektorera joatea erabaki genuen.

Giro ederra, gafeak garenik ez esan gero guri!

100_2065

Erresakarik ere ez dugu behar aurpegi txarra edukitzeko.

100_2066

Enarri sektoreko 14. bideari ekin genion, Naturalhodei (4b, 20 m).

Peloiak ekin zion lehendabizi, ohitura bihurtzen ari den moduan.

IMG_20170128_101612

Azkena etorri ginenean, Errege egunean, hotz handia egiten zuen, behean, Oiartzun aldean, baina ondo baino hobeto egon ginen eguzkitan, batere haizerik gabe.

Oraingoan ez zuen halako hotzik egiten, baina hasierako haize finak ederki freskatu zizkigun atzaparrak, lehen bide honetan. Gero askoz hobeto ibili ginen.

Peloia lanean.

IMG_20170128_101719

A zer oparia egin diguten ekipatzaileek. Peloiak esan zuen bezala, aurten urteko batzarra Aritxulegin egin behar dugu, Arritxulo aterpetxean zehazkiago. Eta urteko batzarra ez bada, lehen seihilekoa balantzea egiteko batzarren bat edo asmatuko dugu (bankuek eta egiten duten bezala).

Iritsi zen Peloia gora eta deskuelgerik ez zegoela esan zidan. Ni harrituta. Krokisa begiratu eta arrazoi zuela esan nion. Segurtasuneko bi mosketoi utzi eta behera jaitsi nuen.

Ondoren, ni igo nintzen, soka goitik nuela, soka pixka bat eskuinerago eta beherago dagoen deskuelgera pasatzeko.

100_2067

Aber Larregik argazki hau ikusita iruzkinen bat idazten duen.

Sokarekin egin beharreko maniobrak egin ondoren, Peloiak behera deskolgatu ninduen eta ondoko bideari ekin zion, krokisean 15 zenbakia duenari: Que onda caon (4a, 20 m). Hori ere gozatzeko bidea, erraza eta ederra.

IMG_20170128_104903

Argazkia ikusita norbaitek pentsa dezake foxtropeko pauso bat egiten ari dela.

IMG_20170128_105049

Konturatzerako goian zegoen.

IMG_20170128_105207

Gora iritsi, soka deskuelgetik pasatu eta behera. Deskuelgeak, berriak direnez, mosketoi berri-berriak dituzte. Baina azkarregi ez gastatzeko, guk geure segurtasuneko mosketoiak erabiltzen ditugu. Denok gauza bera egiten badugu, askoz gehiago iraungo dute.

Peloiaren atzetik ni.

100_2068

Bide errazetan ze ondo eta ze gustura ibiltzen garen esan ondoren, eskuineko bi bideei begira jarri naiz. Hasieran plaka etzan samar bat dute eta gero kolpetik desplometxo bat. Esan nion Peloiari bidearen hasieran eroriz gero, txorkatilean min hartzeko arriskua dagoela. Ez gara puntako eskalatzaileak, baina badakigu ondo baino hobeto zer pausotan har daitekeen kolpe txar bat.

Ekin zion Peloiak Aialde bideari (5c, 15 m). Lehen kimikoa txapatu ondoren hasten ziren komeriak. Helduleku txikiak eta desplomea. Pauso arraro horietako bat.

IMG_20170128_111250

Eta hantxe hasi zen Ryanair, Aiakoharriaair, Aritxulegiair edo ez dakit zer air. Peloiaren hegaldiak hasi ziren. Bigarren kimikoaren parera iristen zen, baina oso deserosoa da txapatzeko, eta hegan hasten zen. Halako batean, bigarren kimikoaren parera iritsi eta txapatu ezinik erori eta beheko plaka etzanari kolpe ederra eman zion eskuineko hankeko orpoarekin.

-Federatu al haiz? -Peloiak niri.

-Duda iten al dek? Eta hi?

-Ahaztu egiten zaidak.

-Ba oraingoan akordatuko haiz.

Gero nik ekin nion, baina nik ere ez nuen lortu bigarren kimikoa txapatzea. Nahikoa zen 30 cm beherago egotea, arazorik gabe egiteko. Baina, tira. Hurrengorako.

Orduan ondoko bideari ekin genion, 18. zenbakia duenari: Gure ametsak (5c, 15 m).

Hori hobeto ekipatuta dago, gure ustez. Lehen kimikotik bigarrena berehala txapatu eta pausoa lasai-lasai egiteko aukera ematen du.

Nik egin nuen lehendabizi, eta ondoren, Peloiak. Desplometxoa pasatu ondoren, helduleku bat hautsi nuen, eta behera. Baina minik hartu gabe. Bidea bukatu eta Peloiaren txanda.

IMG_20170128_115913

Ederki egin zuen Peloiak, eskuineko hankeko orpoan kolpea hartuta gero ere.

Goiko aldean bideotxo bat grabatu nion.

Bazkaltzera etxera txintxo-txintxo joaten garenez, trasteak jaso eta Arritxulo aterpera joan ginen.

Zerbezatxo bana hartu, asteburu pasa han ze ondo egongo ginatekeen esan eta Zumaiara bueltatu ginen. Baina berandu baino lehen, han izango gara berriro ere, jaun-andreok.

Gortu!

Zorrak zor lepoa lodi.

Idatzi nuen aurreko batean 2016ko laburpen bat edo egin behar nuela. Eta egin dut bideo bat diapositiba moduan. Baina ez dut asmatu nahi nuen musika jartzen bideoari. Lortu bezain pronto jarriko dut.

Mila esker irakurtzeagatik, honaino iristeko adorea izan baduzu. Hau ere izango da zerbait, 5a, 5b edo 7c. Ez zarete makalak!

 

 

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude