Gozatu galanta Aiztondon

Garai batean idatzi zuen Larregik Aiztondo ze ondo! izeneko sarrera bat. Egin du euri pixka bat harrezkero. Baina uste dut sarrera hura dagoeneko ez dagoela blog honetan. Pena da. Nire kalkuluen arabera, hamaika urte pasatu dira (hamaika zehazki, ez makina bat), Aiztondon azken aldiz egon ginenetik. Atera kontuak! Kronikatxo hau idazteko ere etiketa berria sortu behar izan dut.

Han izan gara gaur Larregi eta biok.

Goizeko zazpi terdietan arranplan nengoen txintxo-txintxo Larregiren zain. Gaupasero batzuk geratzen ziren.

Abiatu gara, 10º C inguruko tenperaturarekin eta zerua goibel antzera zegoela.

Berastegi paretik aurrera, zerua askoz ere garbiagoa zegoen, eta Lekunberritik aurrera, giro ederra. Kafea hartu dugu Pagozelain, autobidearen aldapa bukatzen den lekuan. Baina, oraingoan, ez dut komuneko bueltarik egin. Garai batean, ez nuen barkatzen. Larregik izen berria ere jarri zion Pagozelairi: Kakazelai.

Gaurkoan kaka txoriren batek egin digu. Bagindoazen autopistan eta Zarautzera iritsi baino lehen txori batek kaka egin digu autoaren haizetakoan. A zer pajarua!

Iritsi gara, utzi dugu autoa Aiztondo azpian eta gradu bateko tenperatura geneukan. Hala ere, eguzkitan eta haizerik gabe ondo egoten zen. Esan diot Larregiri:

-Hi! Gure bidea itzalian ziok!

-Badakik, gortu!

Hala da. Aiztondoko hormaren eskuineko aldean geratzen da Iñaki Goñi bidea. Eguzkia ezkerretik eskuinera sartzen denez, eskuinean gehiago irauten du itzalak. Gure horma baino lehen, beste hau ikusten da.

Hor ere eskalatu izan genuen. Gogoan dut bagenituela lainopean eskalatzen jardun genuen egun bateko argazki batzuk. Horma ederra hori ere.

Egia esan, autotik hormara arteko bidea oso laburra da. Bidean baso polit bat pasatu eta berehala iritsi gara.

Hemen gaude.

Uste dut, azken aldiz 2006an egon ginela Uharte-Arakileko horma eder horretan. Eta orduan ere buelta dezente egin genituen. Esango nuke horma horretako bide guztiak egin genituela garai hartan.

Larregik krokisari begiratu dio, eta berehala esan du:

-Hik lehen luzea eta hirugarrena, eta nik, bigarrena eta laugarrena.

Logistikari ere eman dio errepasoa.

-Motxila batekin nahikua. Bestea hemen lagako diagu eta gero etorriko gaituk bila.

Ederki. Ni hasi naiz, beraz. Motxilarik gabe. Sentsazio ederra.

Pixka bat gorago.

Bidean, geldialdia beherantz argazki bat ateratzeko.

Lehenengo luzea normalean kosta egiten da pixka bat, gorputza ohitu arte. Gainera, haitza hotza zegoen, eta hatz puntak berotu ezinik ibili naiz. Bilgunea jarri eta sokari tiraka hasi orduko etorri dira hatzak bere onera.

Badator Larregi.

Gero eta hurbilago.

Hemen da.

Hala nolako bideo  bat.

Orain, Larregiren txanda. Ekin dio bigarren luzeari.

Bilgune horretatik bi bide ateratzen dira: eskuinera gurea eta ezkerrera Esto si es Chamonix izeneko bat. Hasieran ez geneukan garbi noiz hartu behar genuen eskuinera, baina asmatu du Larregik.

Luze horretan, hankak non jarri da garrantzitsuena. Pauso askotan haitzaren itsasgarritasunaz fidatu behar da aurrera egiteko.

Ederki joan da, aspaldian gutxi eskalatu badu ere.

Ordu horretan hasi dira putreak haize korronte beroak aprobetxatzen gora egiteko. Gu ere gorantz gindoazen, baina korronte berorik gabe, hatz puntak berotu ezinik baizik.

Ni lehen bilgunean, aseguratzen serio-serio.

Iritsi da bilgunera, eta abisua eman didanean, igotzen hasi naiz.

Ondo kostatu zait, hatz puntak berriro hoztu egin zaizkit eta. Hemen bilgunera iristen.

Bilgunean, hormaren ezkerreko aldeari begira egon naiz, eguzki goxotan hobeto egongo ginela pentsatzen. Baina hara joan ezkero, rapelatzen jaitsi behar da, eta guk nahiago dugu oinez jaitsi. Adinaren ajeak.

Galdetu dit Larregik:

-Zenbat express ekarri txuk?

-Hamabi.

-Ba krokisak jartzen dik luze honetan hamalau behar diala.

-Hamalau? Bueno, egingo diagu txapuzaren bat.

Ekion diot hirugarren luzeari.

Ordurako hatz puntak behar bezala neuzkan, eta gozatzen hasi naiz.

Pixka bat gorago.

Eguzkia ere ari zen gure aldera iristen poliki-poliki. Hirugarren luze horren amaieran dago bideko pausorik zailena. Tetxo txiki bat eskuinetik ezkerrera pasatu eta handik irtetean dago koxka. Helduleku onak ditu, baina mugitu beharra dago, bestela besoak harria bezain gogor jartzen dira eta. Huraxe pasatu eta gustura geratu naiz.

Han dago Larregi, bigarren bilgunean. Berehala harrapatuko du eguzkiak.

Eta ekin dio hirugarren luzeari.

Eta hemen, luzea amaitzen. Hortxe dago bidearen kakoa.

Sokaren eskuinean ikusten den helduleku horretara iritsi behar zen. Horixe zen zailtasuna.

Kostatu zaio pixka bat Larregiri, baina iritsi da azkenean.

Bideo pare bat.

Bat.

Eta bi.

Eta amaitzeko, azken luzea: besteak baino dezente errazagoa eta eguzki goxotan gainera.

Badoa Larregi berriro ere.

Larregiren atzean iristen den lepo hartara heldu denean topatu du bilgunea.

Nire txanda.

Aipatu dut duela hamaika urte asko ibiltzen ginela Aiztondon. Baina sekula ez ginen oinez jaitsi. Oraingoan ere ikasi dugu zerbait.

Gainera, lehen, bide hau egiten genuenean, azken luzea ez genuen eskalatzen eta hirugarren bilgunetik zuzenean jaisten ginen.

Bilgunera iritsi bezain azkar Irañetako haitza ikusten da parez pare. Ongi-etorri paregabea.

Eskua eman diogu elkarri eta hain geurea dugun ez gattuk makalak esanda, trasteak hartu eta beherantz abiatu gara.

Beherako bidea ez dago markatuta, baina intuizioz erraz aurkitzen da.

Halako batean:

-Oi! Zer da hori?

Hasieran txakur bat zela pentsatu dut. Baina azeria zen. Larregik ere ikusi du. Seinale bat izango zen: aurrena, txoriak kaka autoaren kristalean, eta gero, azeria dantzan mendian. Seinalea bai, baina zeren seinalea, ez dakit.

Beherako bidean.

-Badakik, beti ezkerraldera jo, bestela salto base egingo diagu eta!

Eguraldi bikaina.

Surrealista bezain ederra da Irañetako haitz handia.

Goitik behera, giro ederrarekin.

Errepidera iritsitakoan, berriro ere hormaren azpira doan bidea hartu dugu. Hormaren azpira iritsi garenean, goizeko bederatzietan baino giro hobea geneukan.

Han zegoen Larregiren motxila. Hamaika eta erdiak edo izango ziren. Zerbezatxo bana edan, trasteak jaso eta autora.

Ederki ibili gara. Hainbeste urte pasatu ondoren, ez genekien nola ibiliko ginen Aiztondon. Eta gustura geratu gara. Pena bakarra daukat: Peloia falta zela. Beti Peloiari burua berotzen Aiztondorekin, eta falta zaigun lehen asteburuan nora joango eta Aiztondora. Gaizki pentsatzen hasita egongo da honezkero.

Erremedioa erraza da. Aiztondo ezagutzen hasi beharko du. Gainera, esan dit txori txiki batek express flamante-flamanteak erosi dituela. Estreinatu beharko ditugu.

Bueltan ez gara Pagozelain geratu. Baina bai Irurtzungo Bihaizpetan.

Txikiari begira egin dugu amets aurrena. Hori ere hor dago zain.

Txemi bidearen azken luzeko babaresari begira ez naiz inoiz aspertzen. Gogoan dut Larregik, Luismi donostiarrak (goraintziak eta besarkada bat!) eta hirurok egin genuenekoa, baita Mutuak eta biok egin genuenekoa ere.

Handian, eskalatzaileak zeuden Gora gu ta gutarrak bidean. Pixka bat begira egon, eta Zumaiara bueltatu gara. Pletoriko iritsi naiz ni behintzat. Pozez kabitu ezinik.

Nire hurrengo erronka hirurok batera eskalatzea da. Hartara, bideo erdi txukunen bat edo grabatzeko aukera izango dugu eta.

Gortu!

 

 

Gora Aritxulegi! (Zertarako joan urrunegi)

Larunbat honetan ere joan ginen Peloia eta biok Aritxulegira. Nora joango ginen, bada, horrelako harribitxia etxetik hurbil samar izanda.

Oraingoan ere izan dut nire borrokatxoa teknologiarekin. Orain arte, traste hau ez zebilen ondo edo okerreko lekutik sartzen nintzen, edo auskalo. Batek baino gehiagok galdetu dit ea aste honetan ez dagoen kronikarik, eta nik baietz, larunbatean bertan saiatu nintzela, baina kale egin nuela. Gaur azkenean lortu dut. Sari handia da niretzat gure txorakeriak irakurriko dituzten hamaika lagun zain-zain egotea. Bejondeizuela! Ez daukazue meritu makala.

Ostiralean hizketalditxoa egin genuen, eta Larregik joaterik ez zeukala, autoa bateriarik gabe geratu zitzaiola eta haren bila joan behar zuela. Peloia eta biok poker aurpegiarekin geratu ginen, ze ez du asmatuko honek hurrenguan! pentsatzen.

Goizeko zazpi eta erdietan jaso ninduen Peloiak eta autoan gindoazela, Santio parean:

-Han Larregi saltaka!

-Gortu gutxi, baina hori ez dik barkatzen!

Kasu egin eta aurrera.

Aspaldiko partez, eta behar duen bezala, lehenak iritsi ginen Arritxulora. Plana garbi geneukan: Aritxulegi behetik goraino. Eta astirik izanez gero, atzetik hamaiketakoa Arritxulo aterpean.

Giro zegoen, goizean goiz.

Asmoa Aske, Agorre, Fuxina, Enarri eta Atsedenlekua izeneko sektoreak lotzea zen. Behetik hasi eta goraino.

Aurreko asteko ardia ederki flakatuta zegoen. Bestela putreak gehiegi flakatuko lirateke.

Bidea aurreko astean baino dezente lehorragoa zegoen. Egoki-egokia.

Itxura hau zuen Aske sektoreak, eguneko lehenegoak.

Ezkerreko bidea aukeratu genuen, suabe hasteko: Laritz (4b, 15 m). Peloia aurretik.

 

Bistatik ihesten.

Deskuelgea pasatu eta Agorre sektorera iristeko dagoen hurrengo luzea ere egin zuen, geratu ere egin gabe, Tercero y punto (3, 30 m) izenekoa.

Ni bilgunera iristen.

Hemen bilgunean zain, postureatzen.

Eta kameraren beste aldean, bestea.

Hazkureak nengoela ematen du.

Berez, bilgune hori Agorre sektorearen erdian dago. Eta bigarren erdia pasatzeko, Pizkor (4b, 15 m) izeneko bidetik jarraitu genuen. Peloia aurretik, betiere.

Orain badakit zergatik esaten duen Larregik posturista hutsak garela.

Itzaletik eguzkitara.

Eguneko hirugarren sektorean, Fuxinan, Marabunta (5b, 20 m) bideari ekin genion.

Peloiari eman nion hasteko plazera. Zailtasuna bidearen hasieran dago.

Tarzanenak egiten.

Gorago ere bide ederra da, elegantea.

Leku dotorean jarri zuen Peloiak bilgunea. Gaztelu bateko dorrea zirudien.

Handik gora, sektorea amaitzeko, Goruntz segi (3+, 10 m) izeneko bidetik jarraitu genuen.

Enarri sektoreari ezkerreko aldetik ekin genion. Oraingoan, nik hartu nuen aurrea. Peloia ez dago kexatzeko moduan, inoiz baino gehiago eskalatu baitzuen aurretik. Eta gustura asko, gainera.

Bidearen izena Basurdeen Begiratokia (4c-4c, 21 m / 30 m). Baina ez da Basurdeen begiratoki hau, beste bat baizik.

Bilgunea deskuelgean egin nuen, argazkiak ateratzeko leku ona zelakoan.

Behean Peloia adi-adi!

Badator.

Bideoa grabatzeko saiakera bat.

Eta ni goian, aseguratzen.

Hurrengo bidea sektore bereko goiko aldean egin genuen. Peloiari utzi nion, gustua hartu zion eta. Bidearen izena, Talbet (5b-5a, 21 m).

Ederki ari zen, motxila eta guzti.

Bideotxo batzuk.

Bilgunera iritsi zenean, Enarriko horma amaitzeko azken zatia bakarrik falta zitzaigun. Hari nik ekin nion:  Formando al niño (4b-4a, 20 m).

Eta kitto!

Bilgunetik argazkia Peloiari.

Katu-hankak utzi, zapatillak hartu eta azken sektorera abiatu ginen, Atsedenlekua izenekora. Egia esan, ordura arte katu-hankak ez genituen behin ere kendu. Sektoreak berehala kateatzen dira, zapatillak hartu beharrik gabe.

Azken sektorean, Basurdeen atsedenlekua (5a, 15 m) izeneko bidea aukeratu genuen, eta neuk hartu nuen aurrea (halako batean).

Rokodromoan zabiltzaten horiei, Peloiarekin eta nirekin etorri nahi ez duzuen horiei, bereziki, ikusi zer pauso gogorrak egin behar izan genituen.

Aber noiz animatzen zareten! Alferrik galduko zarete bestela.

Eta ezkutatu nintzen azkenean.

Eguneko azken luzea, goitik ikusita.

Ordura arte beroa izan zen nagusi, baina goian brisa freskoa zebilen. Beherakoan, berriro hegoaldera hartu eta mendiaren babesera iristean, ez zen batere freskurarik somatzen. Ze ondo egoten den neguan Aritxulegin.

Eta iritsi ginen aterpetxera, eta garaiz gainera. Eguerdiko hamabiak izango ziren, ordu ezin hobea hamaiketakoa egiteko.

Ondo merezita!

Hurrengoan bazkaria probatu beharko dugu. Aspertu ederra hartu behar dute hauek gurekin. Gortu!

 

Hirugarrena ere Aritxulegin

Hasiera batean ez nuen irudiak igotzeko aukerarik izan eta Aritxulegin, irudirik gabe jarri nion izena kronikari. Honela hasten zen:

“Tristea da, baina blogak ez dit irudirik igotzen uzten.

Nik idatzi dut nire kronikatxoa, zintzo-zintzo, badakidalako izeko Maite eta beste hainbat zain-zain egoten zaretela gure saiotxo tragikomedikoen berri izateko. Baina letra-zopa baten antza handiagoa du gaurkoak kronika batena baino. Arrrrranka!”

Orain, ordea, aldaketatxo batzuk eginda eta argazkiak sartuta, ea pixka bat irakurgarriagoa den.

Ez zen atzo hasi otsaila, baina oraindik hilabetea estrenatzeko geneukan. Eta gaur, halako batean, han joan gara Peloia eta biok Aritxulegira. Inoiz baino beranduago, hori bai.

Atzo kuadrillako afaria geneukan, eta esan nion Peloiari gaur gortzera joatekotan beranduago joan behar genuela. Adinean aurrera goaz eta ez da komeni osasunaz abusatzea.

Eta horrelaxe, ajeak aje, hamarrak jota jaso dut mutila Larretxon eta Zarautz aldera abiatu gara kostako errepidetik. Ez zen giro! Zeeeeeeenbat txirrindulari! Usoen bandoak ematen zuten, baina traje zuririk gabe eta gurpil gainean.

-Hauek diputaziyuak bidaltzen dizkik honea, guk autopista hartzeko!

Gaurkoan ere Larregi-gizon-okupatuak kale. Ai, ai, ai… Honek Mari Urrikaren azken luzea eskakeatzea dauka buruan.

Atzo afaria, arestian aipatu dudan moduan, eta jakina, zerbait etxean ahaztuta utzi behar.

Hasteko, krokisak ezin aurkiturik ibili naiz goizean. Eta, hain zuzen ere, ez ditut aurkitu.

Krokisik gabe, beraz. Bigarrenik, mobila etxean. Ondo! Eskerrak Peloiak bere kameratxoa eraman duen.

Eta hirugarrenik… Aseguratzeko trastea eta segurtasuneko mosketoiak ere etxean geratu dira. Ura behintzat nahikoa eraman dugu, eta bai eta edan ere.

Hamaikak alde horretan, jende dezente zebilen Aritxulegiko hormetan. Fuxina sektorerako bidean, ardi bat ikusi dugu hilda, baina putrerik ez inguruan. Barrutik janda egongo zen, baina kanpotik beteta zegoela ematen zuen.

Iritsi gara aukeratutako sektorera eta ezkerraldean dagoen hormara jo dugu, hasteko. Hormaren zati batzuk bustita zeuden, beren txorrera bereizgarri eta guzti.

Gaurkoan ni hasi naiz, eta aukeratutako lehen bidea Mitxi (4c, 18 m) izan da. Aproposa pixka bat esnatzen hasteko.

Hormak ura nondik kanporatzen duen ederki ikusten da.

Posea egin eta gora.

Egin dut, jaitsi nau Peloiak, eta bere txanda. Hori bai, bere tukana (Larregik esaten duen bezala “arrautzak jarriko dixikik!”) erabili behar izan dut aseguratzeko.

Pixka bat gorago.

Inguruko bideetan jendea zegoenez, sektore bereko eskuineko aldera joan gara. Gaur ez dugu eguzkirik ikusi, eta lurra bera ere busti samarra zegoen.

Han dauden lau bideetatik ezkerrekoari ekin diogu, errazenari: El otro día (4b, 20 m). Neuk egin dut lehendabizi. Postureatzen.

Eta atzetik Peloiak egin du. Bide erraza izan arren, espeso samar ibili dela esan dit.

Esaten zigun Larregik atzo postureo nabarmena ikusten zuela gure argazkietan. Baina zer egingo diogu ba? Bi bakarrik egonda ez da erraza aseguratzea eta argazki erdi dezenteak ateratzea. Eta zer esanik ez bideoak.

Hurrengo bidea, Garbantxoa (5a, 20 m) izan da. Errege egunean ere egin genituen bi bide horiek, baina orduan bigarren honetan bidearen pauso zailenean eskuinera desbideratu ginen eta gaur baino gehiago kostatu zitzaigun.

Hemen ni bidea hasten.

Eta hemen Peloia, pauso delikatuaren sarreran.

Laugarrena eta azkena, Babarrunak (5b, 20 m) izan da. Bide elegantea hori ere.

Katuoinen azpiko graka erakusteko argazkia.

Pixka bat gorago.

Eta bukaera aldean.

Peloia, beste hainbeste egiten, gutxiago ez delako.

Zerbait jan, trasteak jaso eta Arritxulora.

Bidean, ardiak bakarrik jarraitzen zuen.

Aterpe ederra da Arritxulo, eta gaurtik aurrera hobea. Zerbezatxo bat hartu dugu, eta joatekotan geundenean, beste bana atera digu zerbitzariak.

-Hau bai gizon jatorra! Berriz ere nola ez gaituk ba etorriko!

-Hau ia-ia esponsorizazio bat dek, e?

Aurten, urtearen lehen seihileko batzarra egiteko Arritxulok boleto asko dituela uste dugu.

Hurrengora arte, Aritxulegi! Laster gara bueltan. Gortu!!

 

 

 

2016 iruditan

Agindu nuen iazko eskaladen estatistika moduko bat egiteko asmoa nuela, baina diapositiba-emanaldi triste honekin konformatu beharko duzue. Ez daukat gehiagorako astirik.

https://www.youtube.com/watch?v=MlIJQQhgZqU