Gaztetzen, Aritxulegin eta Eginon

Asteburu gaztea izan dugu hau. Noiz edo noiz aipatu izan dut Peloia rokodromoko gazteak tentatzen ibiltzen zela etengabe, eta azkenik amore eman eta ausartu dira gurekin etortzera. Ahoan hainbeste erabili dugun Paso de fé hori eman dute azkenean. Axik itzulpena ere proposatu du, gainera: fede-pausoa.

Hankak jarri eta fidatu beharra dagoela, alegia. Badakigu sentsazio hori ez dela rokodromoan ikasten, indarra hartu, postura egokiak aurkitu eta horrelako hamaika gauza bai, baina hankek haitzean eutsiko duten edo ez, hori terrenoan bertan ikasi behar da.

Ostiral arratsaldean, Aritxulegira abiatu ginen Peloia eta biok, Andika eta Ainitzerekin batera. Rokodromoan ibiltzen dira (gu baino hobeto seguru-seguru), baina ez zekiten zer zen benetako eskalada bide batean ibiltzea.

Behean dagoen sektorera joan ginen, Aske izenekora. Eguraldia nahiko triste zegoen ordurako eta jende gutxi zebilen. Gure sektorean, geu bakarrik.

Peloia hasi zen eskalatzen, eta ni aseguratzen, Andikak eta Ainitzek ekarritako gri-griarekin.

Ezkerreko bidea egin zuen lehendabizi: Laritz (4b, 15m). Ondoren, Andikak eta Ainitzek egin zuten, soka goitik zutela. Eta azkenik, neuk ere egin nuen.

Ezkerretik eskuinera joan ginen, sektoreko lau bideak osatu arte. Bigarrena Aruba (5b, 4m) izan zen. Pixka bat zailagoa eta fede-pauso horietako bat duena.

-Atera ipurdia! -esaten genien, hormaren kontra itsatsita ikusten genituenean.

Ederki moldatu ziren.

Hirugarrenik, Ariletxugi (5c, 15m) egin genuen. Beste biak bezala: aurrena Peloiak, ondoren Ainitzek eta Anderrek, eta bukatzeko, nik.

Laugarrenera iritsi ginenean, Kilinxki (4b, 15) bidera, sokaburuan eskalatzea proposatu genien. Horretarako, lehendabizi Peloiak egin zuen bidea, baina deskolgatu beharrean bilgunean bertan geratu zen, inork okerrik egiteko aukerarik izan ez zezan.

Ederki moldatu ziren biak horretan ere. Lastima gure kontzentrazioarekin eta dena esplikatu beharrarekin ez genuela argazkirik atera. Hurrengorako.

Larunbatean, berriz, Eginora eraman genituen Peloiak eta biok Axi eta Lutxi.

-Hi! Nahi badek gaurkoaren kronika neuk egingo diat -bota zidan Axik. Eta ni harrituta bezain gustura geratu nintzen. Eta larunbat arratsaldean bertan, berehala bidali zidan kronika.

Nik argazki batzuk gehitu dizkiot eta hementxe duzue emaitza:

BIUNAK IKASTEN, EGINON

Aste honetan Gortukoen blogean kolaboraziotxo bat egiteko ausardia hartu dut, hori behintzat merezi dute eta. Sei hilabete dira koadrilako batzuk panelean eskalatzen hasi ginela, eta ordutik askotan xaxatu gaitu Peloiak: pareta probatu beharra dagoela, ez dela gauza bera, indarrarekin baino hankekin eskalatzen ikastea komeni zaigula…eta azkenean animatu gara.

Ostiral arratsaldean Andika eta Ainitze izan ziren Peloia eta Apolorekin, Aritxulegin. Ez nintzen bertan izan, eta beraz, kronika idazterik ez. Ostiral iluntzean deitu zidan Peloiak:

-Biharko listo? Eginoa joango gaituk, han eguraldi seguruagoa topatuko diagu eta!

Goizeko 7:30ean irten ginen puntual-puntual, Peloia, Apolo, Lutxi eta ni. Gasteizera bidean, Euskadi Irratiko partea entzun bitartean elkarri keinu egiten genion Lutxi eta biok: urduri geunden, kanpoan eskalatuko genuen lehen aldia baitzen.

Eginoko irteera hartu eta Lezeko bidea hartu genuen, gaztandegi inguruan kotxea uzteko. Kotxetik irten, motxilak hartu eta bide laburra egin genuen oinez, pareta azpira iritsi arte. Bidean konturatu ginen ez ginela lehenengoak, norbait entzuten baitzen goitik behera deiadarka:

-Han goian ziok, kasko txuri batekin. Bide berri bat irekitzen ari dituk!

Bi lagun bidea ekipatzen ari ziren, dirudienez. Azpialdea ixteko zinta zurigorria zeukaten zabaldua, badaezpada ere, zerbait bota edo eroriz gero inor ez harrapatzeko. Sector de la fuente izenekoaren eskuinera ari ziren bide berria zabaltzen.

Haiek atzean utzi eta Sector de la fuentera abiatu ginen. Bideak bilatu ezinda segundu batzuk galdu ondoren (ohikoa omen da) iritsi ginen gure lehen bidera. Apolok patrikatik folio zahar bat atera zuen, Eginoko krokis batekin:

-Hemen dek. Hau polita dek hasteko.

Humareda bidea egin genuen, eta bere ondoko Señor, si señor. Noski, luze bakarrekoak. Peoia joan zen lehenengo, eta behin soka jarrita, nik ekin nion. Helduleku oneko bide erraza zen, eta motxa. Ondoren, enbidoa bota zioten Lutxiri:

-Hi joango al haiz orain?

Eta hark baietz. Lehen aldiz paretean eskalatzen, eta deprimero! Haren ondoren Apolo joan zen, beherakoan exresak kenduz.

Batere berorik ez zuen egiten Eginon, lainoa zegoen arren. Behean zain edo aseguratzen zegoenak haizetxoa ederki antzemateko moduan. Materiala jaso eta metro batzuk aurrerago joan ginen, beste bide batzuen bila.

Abigail egiteko prestatu ginen, aurretik bideen izenen inguruko purrustadatxo kolektiboak bota ondoren. Apoloren ustez izen punkienak Atxartekoak dira:

-Horiek bai izenak! Anastasia se extasia , Erupto de fresa

Abigail bide honi ere Peloiak ekin zion, fin-fin. Bitartean Apolo aseguratzen, adi-adi:

Behin expresak jarri eta soka pasata, nire txanda. Bide hau aurrekoak baino bide luzexeagoa da, diedro moduko bat du eta bukaeran diedrotik ezkerreko plakara ateratzen zara, bukatzeko. Helduleku onak ditu, eta diedroaren bukaeran pauso polita zeukan, emozio pixka bat emateko. Gozatu egin nuen bide hau egiten.

Txantxetan ibili ginen fedea gora eta fedea behera, fede-paso bezala euskaratu genuen horrekin. Bezperan Aritxulegin Andika eta Ainitzek ikasi zuten fedearen kontu hori, eta iluntzean komentatu ziguten guri.

Bitartean iritsi berriak ziren bi gazte agurtu genituen, baina aurrera segi zuten haiek:

-Hauek ere gu bezela, bideak topatu ezinda aurreraegi joan dituk! –Peloiak-.

Ondoren berriro ere lutxi joan zen soka pasaz, eta erraz egin zuen.

Bukatzeko Apolo, dena kentzen.

Beherakoan, bide erdian, badaezpada bota genion:

-Hi, goiko mosketoia kendu al dek?

Mosketoia Peloiarena zen, baina Apolok ez zuen ahaztu.

Apolok bukatzerako bueltan ziren bi gazteak, eta hizketalditxoa izan genuen haiekin. Gure ondoko bide bati ekin zioten, materiala atera ondoren.

-Ikuste al dek? Hori bai soka, hik ere berria erosi beharko dek!

Apoloren sokak ez du fallorik, baina Peloiak sarritan joko zion adarra horren kontura. Gazteen soka berde bizi-bizia zen, eta Apolorena berriz, batzuentzat Aragoi, beste batzuentzat Katalunia, eta beste norbaitentzat gutxiago atsegin dugun banderaren baten kolorekoa. Hortik Peloiaren fijazioa.

Bide hau egin ondoren leku berdinean bukatzen zen La dama de rosa egin genuen. Apolok ireki zuen oraingoan, ondoren ni, Lutxi eta bukatzeko Peloia. Bide hau ere asko gustatu zitzaigun, guretzako modukoa zen. Aurrekoaren toki berdinetik hasi, baina diedrora sartu beharrean behetik jada ezkerreko plaka batera pasatzen zara, puenterroka (hau euskaratzera ez ginen ausartu) eta guzti. Azken expresaren parean, ordea, eskuinera egin behar da pixka bat, eta pauso pare bat zailxeagoak ditu. Fedearekin atera genuen hau ere, eta aurrera.

Lutxi.

Apoloren esanetan geunden bidetik bat eskuinerago zegoena ere polita eta egiteko modukoa zen, baina Gasteizko bi gazteak ari ziren bertan, eta materiala jaso eta beherago joatea erabaki genuen, etorri ginen bidetik itzulita.

-Hori dek Goxo-goxo, eta hura, Arista de los caracoles.

Nabari zen bi bide horiek gustuko eta askotan eginda zituztela, goizean zehar haien aipamenak errepikatu baitziren. Anekdota ugari ere entzun genituen, adibidez, biak Eginon zintzilik zirela Larregiri Joanito Oiarzabalek mosketoia pasatzeko modu zakarrean eskatu zionekoa etab. Baina batallita horiek kontatzeko hobeak dira Gortukoak.

Goxo-goxo atzean utzi eta goitik behera datorren herdoildutako hodiaren ingurura joan ginen. Ordurako eguzkia aterata zegoen, eta berotzen zuen arren, hodiaren inguruan ere haize fina zegoen. Jada hamaikak pasata edo izango ziren, eta inguru hartan jende gehiago topatu genuen. Libre zegoen bide bat aukeratu eta ekiteko prestatu ginen.

Petra bidea zen aurrean genuena. Apolok ireki zuen, eta bukaera partean pauso arraro bat zegoela ohartarazi arren, bide polita zela ziurtatu zuen.

Ondoren joan nintzen ni. Bide honek ere helduleku onak zituen, eta gozatzeko modukoa zen. Hala ere, esan beharra daukat aurreko bietan baino gutxiago gozatu nuela hasieran, gorantz nindoan bezala uneoro soka gainean izateak molestatu egiten baitzuen. Egin genuen bide luzeena zela esango nuke. Bukaera partera heldutakoan, plaka batera igo behar zinen, eta ondo begiratu behar izan nuen hankak jartzeko leku bila. Pare bat pauso eskuinera helduleku nahiko txikiekin egin ondoren, zuhaitz azpira iristean helduleku onak dituzu berriro, bidea amaitzeko. Oraingo honetan, plakara igotzeko eskuinera egin beharreko bizpahiru pauso horietan bai antzeman nuela hanka eta besoetako dardarizoa, baina lortu nuen eta disfrutatuta gainera.

Nire ondoren Lutxi joan zen, baina oraingoan Apoloren aholkuari jarraituz:

Segundo bezala ere probatu beharko dek, lehenengo eguna eta danak deprimero egitea ere ez dek kontua!

Niri komeni zitzaidan Lutxik ordurarte bezala jarraitzea, koadrilan joaten garenerako bideak nork ireki edukitzea abantaila ederra baita hasiberriontzat. Baina Apolok arrazoi zuen, eta soka kendu gabe goitik zuela ekin zion Lutxik. Erraz egin zuen hau ere, eta Peloiak harrituta komentatu zuen behean:

-Ematen dik motor txiki bat daukala ipurdian, eta estiloa zeukak gainea!

Peloiak egin zuen ondoren, eta dena kendu ondoren materiala jaso eta gure lehen irteera bukatutzat eman genuen, ordua ere ba zela eta. Beherakoan Lezea eta erreka ikusten gelditu ginen, eta kotxea hartuta Ziordiara joan ginen (Eginon ez dago tabernarik) Zumaira abiatu aurretik hidratatzera.

Bueltakoan musika jarri zuen Peloiak kotxean. Pieza ederrak entzun genituen, baina Agurain pasata-edo Amy Winehouseren batek ere ihes egin zion…ez gara gu gortu beharra duten biun bakarrak!

Gose ederrarekin eta oso gustura iritsi ginen etxera. Irakasle lanetarako primerako lagunak Gortuko hauek: plazer hutsa izan da.

(Hemendik aurrerako nire uztakoa da)

Ahaztuta nengoen. Ziordian zerbeza hartu genuen tabernaren kanpoan, seinale batekin egin nuen topo.

Tabernaren atariko zuhaitzean itsatsita zegoen. Orain badakit zein den hurrena egingo dugun bidea eta badakit Ziordian dagoela.

2 erantzun “Gaztetzen, Aritxulegin eta Eginon” bidalketan

  1. Buenoooo, edo oso ikasle onak edo oso irakasle onak, edo agian biak!
    Lortu dezue halako batean zuek baino gazteagoak eramatea eskalatzea, eta baita kronista berria ere, primerakoa gainera. Oraingoan bete-betean asmatu dezue!
    Aupa Gortu eta haien ikasleak!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude