Udaberriko lehenengoa negu giroan

Blog honen irakurle fina zen Izeko Maite. Ederki jotzen zidan adarra, berak guk baino gehiago gortzen zuela esaten zidan. Ez zuen arrazoi faltarik.

Ostiralean joan zitzaigun Izeko Maite. Amorruz jaso genuen berria. Amorruz eta penaz. Baina badakit irribarre batekin gogoratuko dugula, oraindik minak eztarria sarritan lazten digun arren.

Dena dela, igande goizean ihesalditxo bat egiteko gogoz nenbilen. Igandean, ordu aldaketaren ondorioz ohea ordubete lehenago utzita, han etorri zen Larregi nire bila, goizeko zazpietan. Zain nengoela mobilari begiratu, eta ikusi nuen Zumaian hezetasuna %66koa zela, eta Eginon %100 markatzen zuela. Irratiak ere panorama itsusi zatarra ematen zuen Sakanan.

Beti bezala, datu horiek kontuanĀ  hartu gabe, Sakana aldera abiatu ginen. Bidean, Txindoki elurtuta, Aralarren ere elurra, Lekunberri parean euria…

Pasatu genuen Irurtzun eta Sakana aldean zer giro zegoen ikusita, Satrustegi parean buelta hartu eta Aritxulegira jo genuen zuzenean, pixka bat eskalatzeko aukera izango genuelakoan.

-Ez gaituk makalak! Gaur ere egin diagu Euskal Herriko itzulia.

Hormak ez zeuden erabat lehor, baina erabat bustita ere ez.

Fuxina sektorera abiatu ginen.

Ura nonahi ikusten zen. Zenbait lekutan, bidea erreka bihurtuta zegoen.

Sektorera iritsi ginenean, ez zegeon aukera handirik. Lehorren zegoen bidea aukeratu genuen: Mitxi (4c, 18 m). Eta hortik gora jarraitzen duen Rumbo a casa (4b, 13 m) bidetik jarraitu genuen, bi bideak luze bakar batean eginda.

Larregi hasi zen.

Haitza hotz-hotza zegoen, eta hatz puntak gogortuta jartzen zitzaizkigun. Gainera, hego haize bortitza zebilen. Udaberria hasita egon arren, aurten ez gara horrelako negu giroan eskalatzen ibili atzo arte.

Iritsi zenean, sokari tirazo batzuk jota abisatu zidan hasteko moduan nengoela. Eta han joan nintzen ni ere atzetik. Giro harekin bazirudien bideak zailagoak zirela.

Larregiren parera iristen.

Katu hankak kendu, zapatilak jantzi eta Enarri sektorera abiatu ginen. Oso hurbil dago, baina lurra blai zegoenez, komeni zen oinetakoak aldatzea.

Krokisik ez geneukanez, bide lehorrena aukeratzen genuen, eskalatzeko modu onenean zegoena. Gurbi (4b, 23 m) bideari ekin nion, zer tokatuko zen jakin gabe.

Berriro ere berehala gogortu zitzaizkidan hatz puntak.

Behar baino gehiago kostatu arren, han joan ginen.

Bilgunera iritsitakoan, Larregiren txanda. Badator.

Giro ederra zegoela pentsatu daiteke, baina hego haizea zakar zebilen.

Ondoren, sektore berean, Basurdeen begiratokia (4c, 20 m eta 4a, 20 m) izeneko bidetik jarraitu genuen. Berriro ere, bi luzeak bakar batean egin genituen.

Larregik hartu zuen burua, azken bide horretan ere.

Gora iritsi ginenean, erlojuari begiratu eta Zumaiara bueltatu behar genuela erabaki genuen. Izan ere, Izeko Maiteren errautsak zabaldu behar genituen Algorriko labarrean.

Olerki hauxe egin zion iloba batek Izeko Maiteri:

Urez betetako botilak gara,
izaeraz betetako hezurdurak.
Ur gazi eta gezak,
ur garbi eta uherrak,
burdin urak,
era guztietako urak.

Gure ura, izaera,
arbasoen ur tantez
eta bizitzako esperientziez
egina dago.

Gaur botila bat hautsi zaigu,
izar, amets eta energia tantaz
betetako botila.
Hautsi zaigu hezurdura,
baina botilako ura ez da galdu,
ez da inoiz galtzen,
izar, amets eta energiazko ura,
botilarik ezean,
barreiatu egin da
eta, gehiago edo gutxiago,
guztiok zipriztindu gaitu.
Jada ezberdinak gara,
jada gure botilak
tanta goxoz aberastu dira.
Orain denok gara zu.

Agur izeko,
Agur eta ohore.

 

Izeko Maiteri gustatuko zitzaion. Ez daukat zalantzarik.

Eskerrik asko emandako guztiagatik.

Ez zaitugu inoiz ahaztuko. Gortu!

 

8 thoughts on “Udaberriko lehenengoa negu giroan

  1. Benetan olerki ederra. Nahiz eta jakin badakigun ez dugula inolaz ere Maiteren hutsunea beteko, geuk ere fin-fin jarraituko degu zuen kronikak irakurtzen, berak orain arte egin duen moduan.
    Eskerrik asko Maite!
    Aupa Gortu!

Utzi erantzuna gortu(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude