Santelmotan, Elmer

Atzo
Argitu dezadan lehenbailehen: gaurkoan hau idazten duena ez da blog honetako idazkari ofiziala, Apolo, baizik eta Gortuko trinitatearen presidentea, Larregi, alegia, eta horrek badauka azalpena. Astean zehar gortzen aritu gara, igandeari begira, Ziordian Rock circus izeneko bia egiteko asmotan Peloiarekin, baina atzo arratsaldean Apoloren uasapeko mezua Gortu taldera: “Bihar ezin diat jun gortzea”. “Uiiiiiiiiiiiii, arrazoi handi samarra izan behar dik”, pentsatu nuen. Total, Apolok taxistatza egin behar zuela gaur goizean eta ezin zela etorri. “Biuna!”, suabeena, Peloiak; ni, berriz, Evaristoren liburu batekin akordatu nintzen, askotan bezala: Por los hijos lo que sea.

Peloiari B plana proposatu nion: Elmer egitea, Eginon. Duela hilabete batzuk egin zuten Apolok eta berak (ikusi orduko kronika hemen), eta Circus hurrengorako uztea, hirurok gaduenerako. “EA konforme”, Peloiak.

 

Gaur goizean jaiki naiz…
Amaiako plazan geratuta nengoen Peloiarekin, 07:00etan. Loa amenizatua izan dugu Moila inguruko bizilagunok (bai, zahartzen ari naiz), eta bereziki akordatu naiz txosnetatik ailegatu zaidan abesti batekin: “Se acabó la diversión, llegó el Comandante y mandó a parar”, baina ez da etorri Fidelik eta musikak ozen jarraitu du gau osoan.

Etxetik irtetean, Arranpla aldetik sartu naiz Amaiako plazan, Marina alderako perspektiba hobea izateko, eta a zer panorama! Peloia zain neukan. “Jode, honek ematen dik Los otros“. Isil-isilik eta disimuluan, han abiatu gara Egino aldera. Aurretik, ordea, ezustekoa: Jadarre parean, ertzainen kontrola, akoholemia; “Gelditu!! Gelditu!!”, deseatu dut behingoagatik, baina aurrera jarraitzeko esan digute.

 

Eginhotz!
Zumaiatik 12º-rekin irten gara, eta Gasteiz pasa orduko, Lautadan, Sakana aldera, 2º besterik ez dago… Eguzki ederra daukagu aurretik, baina termometroa ez da igotzen. “Jodeeeeee!!!! Hotzaaaaaa”. Aparkatu, motxilak prestatu eta betiko duda, abrigatzeko zerbait hartu edo ez; izan ere, orain momentuan hotz, baina aldapa igotzen hasi orduko, izerditan hasten gara eta alferrikakoak dira beroki guztiak. Ez da erraza asmatzea… Txalekoak kotxean utzi ditugu. “Kondoskojones”, Peloiak.

Ez gara lehenak
Cujoren baserriaren aurretik isilik pasatu gara, ez esnatzeko, eta pistari jarraituta, burdinazko hesia pasatu eta aldapan gora egin dugu. “Peloia, hik zertarako daukak 4x4a? Hemendik kotxean igo behar diagu! Begira, hemen daukak aparkatzeko tokia!”. Baina Peloia, azeri zaharra, perretxikuez hizketan hasi da, hemen basoan irtengo direla, hurrena begiratu behar dugula fiu-fiu y bla-bla, despistatu nahian.

Basotik paretaren azpialdera irten eta ikusi dugu ez garela lehenak, beste batzuk aurreratu zaizkigula, Elmer bidean bertan. “Aibadios! Ta? Zer egingo diagu? Zain egon? Beste bia bat egin?”. Hizketaldia egin eta erabaki dugu zain egotea. Bi mutil dira, bata Bilbokoa eta bestea Logroñokoa. Trasteak atera eta Peloia boluntario hasteko. Ezagutzen du bia. Lehen aldiz etorri zen Apolorekin hark 103 kilo zeuzkanean, eta jaitsiera tekniko bat (erretirada, alegia) egin behar izan zuten; gero, hurrengoan, pixka bat geghiuago prestatuta, igo zuten, baina nahikoa petatuta bukatu omen zuen, eta orduan erabaki omen zuen plafoian entrenatuko zela, eskalatzeko lokalean, beso-zuztarrak gortzeko.

Trasteak jartzen eta prestatzen ari garela, Peloiaren fama areagotuko duen gertakaria: “Ostia! Kamera! Etxean utzi diat. Dena prest nitxakan… Mahai gainean etxean… Atzo kargatzen laga nian…”. Batzuek fama eta besteak tenitu, eta berriz ere izango da hau Juan Olvido memoria de grillo.

 

Ederra bia
Peloiak erraz igo du lehen sokaldia, elegante. Aste Santuko oporretatik tripatxoa aterata etorri zaigu (“La buena vida”, dixit), mejoratuta, baina besoetan dinamita dauka, eta hori igartzen da.

Ondoren nik bigarrena egin dut, gozatzen. Orduan esan du lehen aldiz Peloiak:
-Hau dek lasaitasuna!

Hirugarren sokaldia Peloiarentzat. Eskalada oso polita da, helduleku onekin, bertikala, gozatzekoa.
-Hau dek lasaitasuna! Hau dek isiltasuna!

Laugarrena hasi aurretik, eguzkitako krema atera eta eman dugu, Lorentzo ederki berotzen hasi zaigu eta. Peloiak ideia brillantea izan du: “Utzidak mobila, hiri argazkiak ateratzeko”, eta hauxe emaitza:


Sokaldi hau ere ederra da, eta gora ailegatutakoan, oinez jarraitu dugu 80 metro inguru, azken metroei ekin aurretik. Zuhaitz baten itzalean jarri gara, denbora egiten, gure aurretik zihoazenei tarte bat uzteko, baina Peloia fuerte dago eta nahi gabe ere harrapatu egiten zuen bilbotarra; begiratu eta ikusi argazkietan:


Orduan ere entzun dut, ozen eta garbi:
-Hau dek lasaitasuna! Hau dek isiltasuna! Hau dek espiritualitatea!

Alegia, nabaritzen zela Apolo falta zela. Makina bat aldiz entzun eta irakurri dugu aste honetan Peloiaren “Kraboiak!” ozena.

Goian elkartu ondoren, azken sokaldia, laburra eta erraza, niretzat.

Amaieran erreibindikazioraiko tartea: guk ere maiatzaren 7an bozkatzeko asmoa daukagu!


Ohi bezala, eskua eman diogu elkarri eta betiko esaldia esan: “Ez gattuk makalak!”, eta trasteak jasota, zerbait janda eta edanda, goialdera irten gara.

 

Bueltatzen
Bidexka estua doa mendiaren goialdetik, eta Aztorearen parean, kanalean behera hasi aurretik, Peloiak tirolinaren proiektuari heldu dio eta neurriak hartzen aritu da: “Ez dakit zenbat metro kable, tentsoreak…”. Hori dek eta, Peloia!

Bide estutik eta hartxingaditik behera, tarteka kontuz jaitsi beharra dago:

Aztorearen eta Usoaren ondotik pasata, atzera basoan sartu gara, eta berehala iritsi gara Eginora. Zain geneukan, ordea, Cujo, zaunkaka, ondo esnatuta.

Bidean, Euskadi Irratia (Peloia, noiz jarri behar dek Ozzy Ousborne?) eta Realaren partidua. 1-0 irabazten eta komentarista gustura, baina Arrasate pare horretan gindoazela beldurra nagusi, oraingoan ere ez zioten gola sartuko eta enpatatuko.

Kotxea garajean sartu, eta Labarran hidratazio-saioa (horrela esaten zaio, ezta, Libetx?); oraingoan, ordea, falta genituen gure irakurle finak, laguntzeko, eta Peloiak eta biok bakarrik moldatu behar izan dugu. Ederra zegoen!

“Egintzak kronikea!”, Peloiak. “Idatzizak luzea, literatura asko eta argazki gutxi. Nik gero komentario bat egingo diat”.

Zer diok, Pelon? Oh, Pelon, oh, Pelon-Pelon blues, oh, Pelon blues. Ederki ibili gaituk, ezta?

Eginon bueltaka, pozoi bila

Atzo, hilak 21, Eginora joan ginen Larregi eta biok.

Asmoa Matices bidea egitea zen, baina gauzak ez dira beti uste bezala ateratzen.

Eginora iritsi orduko, eguzkitako krema ematea izan zen hartu genuen lehen lana. Eguzkiak gogor jotzen zuen eta badakigu zer pasatzen den horrelakoetan. Orain, behintzat, ez dut AfterSun horietakorik erabiltzen.

Pixka bat aurrerago, burdinezko hesira iritsi baino lehenagoko azken baserrian, Kujo txakurra atera zitzaigun. Haserre, zerbait lapurtu izan bagenio bezala.

-Kauenlamar! Bueltarako makila eskuan!

Bagoaz aldapan gora, orain modan dagoen abesti batek dioen moduan.

Basoa zeharkatu eta hormen aldera iritsi ginen.

Hasieran, pixka bat kostatu zitzaigun bidea aurkitzea.

Oharkabean, bidearen hasiera atzean utzi genuen, eta kanal batean gora joan ginen, bi pauso aurrera eta bat atzera eginez.

Baina handik oker gindoazela ohartu ginen, eta bide beretik atzera jo genuen.

Argazki honen eskuineko aldean ni nago, kartel berde baten ondoan.

Kartelak eskuinera begira dagoen gezi bat erakusten du, eta azpian jartzen du debekatuta dagoela eskalatzea apirilaren 1etik abuztuaren 31 bitartean.

-Haundiya dek ba! Hemen ezingo diagu eskalatu, ezta?

Hain zuzen, gure bidea geziaren pare-parean hasten da eta, kartela ikusita, han ez eskalatzea erabaki genuen.

-Orain zer? Elmer? Usoa?

-Elmer azkar egingo genikek, baina zer ordu dan ikusita, badaezpada ere Usoan sartuko gaituk. Bidean gentozela, argazki bat atera diot Usoari. Bi lagun bidea amaitzen ari ziren argazkia ateratako momentuan.

Karteleko geziak adierazten duen aldera egon arren, barrurago dagoenez, ez zitzaigun argi geratu han eskalatu zitekeen edo ez. Gainera, jendea eskalatzen ikusita, hasiera batean ez zitzaigun burutik pasatu ere egin Usoan eskalatzea debekatuta zegoenik. Orain ez daukagu hain argi. Ea norbaitek laguntzen digun.

Ba azkenean, ibili-ibilita, Usoaren azpira iritsi ginen.

-Dame veneno, que quiero morí!

-Horixe egin beharko diagu, ezta?

Aurreko batean ere egin genuen Dame veneno bide bertikala. Eta hari ekin genion berriro ere.

Larregik ekin zion.

Ez dakit zer esango lukeen Mutuak, baina nire ustez bide honek badu gatza eta piperra, besoetan indarra eskatzen du eta. Gainera, seguruen artean aire pixka bat ere nabarmentzen da.

Iritsi zen bilgunera, eta abisua emandakoan, ni abiatu nintzen behetik gora. Ederki jotzen zuen eguzkiak, baina brisa ederra ere bageneukan.

Hor nator, eguzkitako betaurreko eta guzti.

Peloiak ez dakit zer duen soka honen kolorea dela eta ez dela. Aspaldian eskalatzera etorri ordez lan eta lan dabilenez, seguruenik askoz ere politagoa erosiko du laster. Bai, ezta?

Bilgunera iristean, ezkerreko besoa nahiko nekatuta neukala ohartu nintzen. Betaurrekoak kendu, eta bigarren luzeari ekin nion. Ederra da. Zoragarria. Baina nire besoak flojo zeuden eta kostatu zitzaidan luzea amaitzea.

Beste pixka bat…

Eta Usoaren tontorrean, bilgunea.

Larregiren txanda.

Luzea bukatzen. Beherago zegoela ezin nion argazkirik atera, horma barrurantz sartzen da eta.

Aupa Mauritzia!

Ni baino hobeto ibili zen atzo. Nik hidratazio falta nuela iruditzen zait.

Berehala konpondu genuen arazo hori. Barrita bana jan eta erabakia hartzeko ordua:

-Ze ingo iu?

-Nik nahiago diat Zumaira goiz joan eta lasai ibili.

-Horixe egingo diagu. Aztorea hor egongo dek hurrengoan ere.

Eta horrelaxe, zerbeza bana edan (hidratatzeko, ez gaizki pentsatu!), trasteak jaso eta jaitsierako bide ezagunari ekin genion. Kontuz joan behar da bide horretan behera. Ez da txantxa.

Hidratazio-plana Zumaian osatu genuen. Blok honen jarraitzaile fin batzuekin egin genuen topo, txiripaz.

-Hi! Gortuko kamiseta noizko?!!

-Ostia, Larre. Hauek igual ez die nahi gu beraiekin esertzea.

-Bai, mutil! Eseri lasai! Baina kamisetak noizko? E? E?

 

Gortu!

 

Berta

-Nun ibili zeate?

-Jun eta jun, eta Bertan.

Eginon izan ginen asteartean (hilak 18) Larregi eta biok. Peloia, oporretan ez dagoenez, lanera joan zen txintxo-txintxo. Eta entzun egin behar gainera:

-Hori, hori! Hik egin lana, friend batzuk erosteko.

Eta Peloiak bueltan:

-Nokturna egin behar dezue. Frontala ez ahaztu.

Adar jotzeak adar jotze, 14:30ean Larregi arranplan jaso eta Eginorako bidea hartu genuen.

-Kotxia garbitu beharko dek ba! Hau dek txerrikeria! Zenbat eltxo akabatu dituk?

Egino aldean eguraldia ez zegoen Zumaian bezain garbia. Laino gehiago zeuden eta goiko aldean haize freskoa ere bai.

Autoa herrian utzi, motxilak hartu eta hormara. Askotan izan gara Eginon, baina azkeneko alditik ia lau hilabete pasatu dira, eta berriro ere kostatu zitzaigun pixka bat Berta bidea hasten den lekura joateko biderik egokiena bilatzea.

Iritsi ginen, bero-bero eginda.

Krokisa begiratu eta Larregi hasiko zela erabaki genuen.

Krokisak dioenez, bidea itzaletan egoten da arratsaldez, baina hasiera ikusita beldur ginen ez ote ginen kiskaliko. Ez zen hala gertatu, zorionez.

Lehen luzea ez da oso polita, baina bideak asko irabazten du hortik gora.

Badoa Larregi gorantz.

Eta ni behean, aseguratzen.

Heldu zen lehen bilgunera, eta ni abiatu nintzen behetik gora.

Hurrengo luzeari nik ekin nion.

Posea egin eta aurrera.

Larregi bilgunean.

Eta badator.

Hurrengo luzea berriro ere Larregirentzat. 5c. Oraintxe hasten da saltsa. Krux eta krux. Idoiakua eta Kruxito.

Aspaldian baino hobeto ikusi dut Larregi, konfiantzaz eta behar bezala gortuz.

Ur tantek erakusten dute bidearen hasiera. Ondoren, horma tente jartzen da, baina helduleku ederrak ditu.

Elegante.

Bukatu du luzea Larregik, eta igo naiz ni ere. Hurrengo luzea, laugarrena, niretzat. Hau ere 5c. Arranka!

Pixka bat gorago.

Bilgunera iritsi eta berehala heldu zen Larregi ere, poz-pozik.

-Mutuak ezingo dik esan oraingoan ez degula bidea kateatu.

Handik, oinez egin behar dira hogeita hamarren bat metro, bosgarren luzeari ekiteko.

Iritsi ginen Berta idatzita zeukan plaka batera eta Larregik ekin zion eskalatzeari.

Baina berehala konturatu zen balizatik kanpora zebilela, eta Berta bidea ezkerretik zihoala.

-Destrepatu zak! -bota nion erronka.

Eta bai destrepatu ere.

Jaitsi, ezkerretik aurrerago jo eta hara hurbiltzeko esan zidan, bertatik bertara aseguratzeko.

Bidearen 5c mailako hirugarren luzea zen, eta hirutik bi Larregiri egokitu.

Euria hasita ere, badago non ezkutatu.

Ekin zion Larregik bidearen bosgarren luze eder honi.

Ur tanta zoragarriak. Itsasgarritasuna.

Bilgunera iritsi, abisua eman, eta martxan jarri nintzen.

Kruxean nengoenean, piririripipiririri… Kaben zotz, telefonoa!

“Orain ezin diat hartu ba!” neure artean. Bilgunera iritsi eta telefonoari begiratu nion, ea zer zuen. Larregik ez zuen aukera galdu argazkia ateratzeko.

Bokitx zen. Deitu nion eta ea bertso saiorako sarrera erosi nuen galdetu zidan.

-Aupa, Bokitx! Eskalatzen harrapatu iak!

-Eskalatzen mobilakin? Bertsotako sarrera erosi al dek?

-Ostia, egiya! Erosi iak, faborez!

Eta azken luzea falta zela, susmo txarra hartzen nion eguraldiari.

-Euria egin behar al ziguk?

-Ez, motel!- Larregik.

Eta azken luzeari ekitera.

Gora iritsi nintzenean, zuhaitz lehorraren ondoko tontorrean jartzeko esan zidan Larregik.

Bi zuhaitz lehor ikusten dira orain.

Eta iritsi zen gora Larregi ere. Barrita pare bat jan, zerbeza epel bezain eder bana hartu, motxila bete eta beherantz.

Auto-stop egiten, nokturnarik ez genuela egin erakusteko Peloiari.

Eguraldia Zumaian baino ilunagoa.

Eta iritsi ginen betiko jaisteko bide mugikorrera. Baina bidean txantxetan gentozen Eginorainoko tirolina bat jarri beharrari buruz, Oronak jar zezala Peloiaren eskutik. Hartara, Peloiak aukera izango luke laneko orduetan gurekin Eginon eskalatzeko, tironalinaren aitzakiarekin.

Tirolinak bide hau egingo luke (muñekoa beste aldera begira jarrita, noski).

Zuzen-zuzen Eginoraino! Abiadura Handiko Tirolina!!!!

Azkenean, oinez jaitsi ginen, beti bezala.

Harria eta harria. Eskuinean, goian, Aztorea. Aste honetan bertan, akaso…

Eta bagoaz behera.

Eskiatzen jaisteko modukoa.

Eginora iritsi, kamiseta aldatu (higienea garrantzitsua da) eta Zumaiara.

Banoa ohera. Berandu da eta bihar berriro ere gortu beharra daukagu.

Gortu!

 

 

 

Aiztondo. Esto si es Chamonix

Ez, ez, ez daukat gaztelaniaz idazteko asmorik. Esto si es Chamonix Aiztondoko eskalada bide baten izena da.

Igandean, hilak 9, Aiztondora joan ginen hiruko konpletoa.

Goizeko zazpietan han azaldu ziren Larregi eta Peloia nire bila, zintzo asko. Eguraldi ederra geneukan. Pagozelain geldialdirik egin gabe, zuzenean Uharte-Arakilera joan, Aralarrera igotzen den zementuzko pistaren hasieran autoa utzi, eta Aiztondoko hormara abiatu ginen.

Motxila galanta eraman zuen Peloiak. Esan izan diogu horrelako motxila gazteekin joateko bakarrik erabili behar dela, eta betiere haien bizkarrean joan behar duela. Ez pentsatu, hala ere, motxila handi horretan hamaiketakorik zegoenik.

Eskerrak bidea motza den. Berehala iritsi ginen hormaren azpira. Ederra ikusten da handik Beriain, parez pare.

Esto si es Chamonix bidea egitea pentsatu genuen. Baina, aldaketa bat egitea bururatu zitzaigun: Iñaki Goñi bidearen lehen luzea egin eta Esto si es Chamonix bidetik jarraitzea erabaki genuen. Hemen ikus daiteke krokisa. Beraz, gradua gortuz joango zen, luzez luze: 5a, 5b, 5c eta 6a+.

Lehen bi luzeak batean egin genituen. Peloiak ekin zion lanari. Hortxe dago, hasteko prest.

Larregik aseguratu zuen, eta nik, bitartean, argazki batzuk ateratzeko aprobetxatu nuen. Beno, eta aharrausi egiteko ere bai. Logure galanta neukan eta goizeko freskurarekin gorputzaren erreakzioa aharrausi egitea izan zen. Ondo entzuteko moduan, gainera.

Bitartean, Peloia gorantz tirriki-tarraka.

Gazteagoak eta gaiztoagoak ginenean, norbaiti presa sartzeko aharrausika hasten ginen.

Eta hartan hasi nintzenean, Peloiak uste zuen adarra jotzen ari nintzaiola. Purrustada ederra bota zidan bilgunera iritsi nintzenean.

Baina, ikus dezagun Peloiaren goranzko bilakaera.

Hor dagoeneko lehen bilgunearen parean zegoen.

Eta Larregi aseguratzen, ni aharrausika ari nintzen artean.

Konturatzerako amaitu zuen luzea (bi kolpe batean) eta bilgunea prestatzen hasi zen.

Ondoren, ni hasi nintzen eskalatzen. Eta pixka bat geroago, Larregi.

Hemen dator nire atzetik. Iruditzen zait lehen bilgunearen sarrera dela argazkikoa.

Eta hemen, berriz, bigarren bilgunera iristen (gure lehenengora).

Nik ekin nion hirugarren luzeari. Bidearen bigarren eta hirugarren luzeek tutu formako harrizko egitura bat zeharkatzen dute behetik gora. Ederrak dira, gozatzekoak.

Abiatu nintzenean, Peloia aharrausika hasi zen bilgunean, nire lehengo ustezko adar jotzea bueltatu nahian edo.

-Herratsua eta gainera mendekatia! -bota zion Larregik. Ez dakit zehazki hitz horiek erabili zituen, baina hori esan nahi zion.

Oraingoan, bi luze batean egin beharrean, Esto si es Chamonix bidearen hirugarren bilgunean geratu nintzen. Bilgunea prestatu eta igotzeko abisua eman nien.

Udaberria, bigarren bilgunean.

Badatoz, isil-isilik.

Heldu da Larregi eta hemen dator Peloia.

Larregik Peloiari ateratako argazkia, hirugarren luze horretan.

Bilgunean, berriro ere, trufarako txanda.

-Hemen ziok bideko kruxa -Larregik.

-Krux? Zer dek hori?

-Idoiakua! No te jode…

Laugarren eta azken luzeari ere nik ekin nion.

Hortik aurrera hasten ziren zailtasunak. Plaka tentetu egiten da, heldulekuak txikiak dira eta eskalada nahiko teknikoa bihurtzen da. Gainera, plakari ekin orduko eguzkiak begietan jotzen du eta lehen lan gutxi baneukan, bat gehiago. Eskerrak Larregik bilgunetik etengabe animatzen ninduela. Bestela, buruari lan gehiegi eman eta malloia ateratzeko tentazioa izan nezakeen.

Izerdi ederrak bota eta atsedenen bat hartuta, lortu nuen bilgunera iristea.

Peloia etorri zen ondoren. Ederki zetorren, poliki-poliki, eta ni, badaezpada ere, aharrausirik egin gabe. Hemen Peloia, beheko bilgunetik ikusita.

-Hori dek eta, Peloi! -animatzen nuen nik.

Baina, kruxean hanka batek ihen egin zion. Lastima. Arantza txiki hori sartuta dauka hurrengorako.

Larregiren txanda.

Larregik ere atseden pare bat hartu behar izan zuen azken luze horretan. Teknikoki pausoak hirurok egin genituen, baina Mutuak ez luke “enkadenatutzat” emango.

Sokak lotu eta nik ekin nion rapelatzeari. Bigarren bilguneraino joan nintzen eta beste biak iritsi zirenean, beste rapel batean lurreraino.

Bidea gehiegitxo izan zela esaten zuen Peloiak: “guretzat gogorregia”. Baina uste dut pixkanaka gortzen joan behar dugula eta gorputzari (eta buruari) pixka bat gehiago eskatzen. Ura edan (zerbezik ez zegoen) eta barritaren bat jan genuen, indarberritzeko.

Goizean hasi ginenean giro freskoa zegoen, baina bidea amaitzerako eguzkia berotzen hasita zegoen. Gure kamiseta flamanteak erakusteko ordua.

Artean asti pixka bat bagenuela eta, kimikoekin ekipatutako luze bateko bide bat eskalatzea pentsatu genuen. Krokisean X izena dauka (originala) eta ez du ez luzerarik ez graduaziorik jartzen. 30 bat metro izango ditu eta zailtasuna, asko jota, 5a, gure ustez.

Larregik ekin zion. Peloiak argazkiak atera zituen.

Eta ni aseguratzen egon nintzen, isil-isilik. Bideoa grabatzen bazuen, nire txorakeriak ez entzuteko.

Han doa.

Beti esaten dut eskalatzen (eta bizitzan, oro har) burua galdu gabe ibili behar dela. Baina ez didate kasu handirik egiten.

Erakutsi beso horiek!

Di-da egin zuen. Bilgunera iritsi, soka deskuelgetik pasatu eta lurreraino ekarri nuen bueltan.

Ondoren, Peloiaren txanda. Hori da abaila! Ia-ia argazkitik atera da!

Azkenik, nik egin nuen bide bera.

Harrituta geratu ginen, gu joateko unean ere ez zegoelako inor Aiztondon. Harrezkero pentsatu dut debekuren bat oten dagoen edo. Baina ez dut horrelakorik aurkitu. Beste eskalada eskola batzuetan izaten dira eskalatzeko debekuak garai jakin batzuetan. Baina, nik dakidala, Aiztondon ez dago horrelakorik.

Nahikoa ideia eta proiektu baditugu, eta batzar bat prestatu beharko dugu, gauzak behar bezala planifikatzeko. Bitartean, pazko astean zerbait eskalatzeko aukera izango dugu Euskal Herrian bertan.

Gortu!