Eginon bueltaka, pozoi bila

Atzo, hilak 21, Eginora joan ginen Larregi eta biok.

Asmoa Matices bidea egitea zen, baina gauzak ez dira beti uste bezala ateratzen.

Eginora iritsi orduko, eguzkitako krema ematea izan zen hartu genuen lehen lana. Eguzkiak gogor jotzen zuen eta badakigu zer pasatzen den horrelakoetan. Orain, behintzat, ez dut AfterSun horietakorik erabiltzen.

Pixka bat aurrerago, burdinezko hesira iritsi baino lehenagoko azken baserrian, Kujo txakurra atera zitzaigun. Haserre, zerbait lapurtu izan bagenio bezala.

-Kauenlamar! Bueltarako makila eskuan!

Bagoaz aldapan gora, orain modan dagoen abesti batek dioen moduan.

Basoa zeharkatu eta hormen aldera iritsi ginen.

Hasieran, pixka bat kostatu zitzaigun bidea aurkitzea.

Oharkabean, bidearen hasiera atzean utzi genuen, eta kanal batean gora joan ginen, bi pauso aurrera eta bat atzera eginez.

Baina handik oker gindoazela ohartu ginen, eta bide beretik atzera jo genuen.

Argazki honen eskuineko aldean ni nago, kartel berde baten ondoan.

Kartelak eskuinera begira dagoen gezi bat erakusten du, eta azpian jartzen du debekatuta dagoela eskalatzea apirilaren 1etik abuztuaren 31 bitartean.

-Haundiya dek ba! Hemen ezingo diagu eskalatu, ezta?

Hain zuzen, gure bidea geziaren pare-parean hasten da eta, kartela ikusita, han ez eskalatzea erabaki genuen.

-Orain zer? Elmer? Usoa?

-Elmer azkar egingo genikek, baina zer ordu dan ikusita, badaezpada ere Usoan sartuko gaituk. Bidean gentozela, argazki bat atera diot Usoari. Bi lagun bidea amaitzen ari ziren argazkia ateratako momentuan.

Karteleko geziak adierazten duen aldera egon arren, barrurago dagoenez, ez zitzaigun argi geratu han eskalatu zitekeen edo ez. Gainera, jendea eskalatzen ikusita, hasiera batean ez zitzaigun burutik pasatu ere egin Usoan eskalatzea debekatuta zegoenik. Orain ez daukagu hain argi. Ea norbaitek laguntzen digun.

Ba azkenean, ibili-ibilita, Usoaren azpira iritsi ginen.

-Dame veneno, que quiero morí!

-Horixe egin beharko diagu, ezta?

Aurreko batean ere egin genuen Dame veneno bide bertikala. Eta hari ekin genion berriro ere.

Larregik ekin zion.

Ez dakit zer esango lukeen Mutuak, baina nire ustez bide honek badu gatza eta piperra, besoetan indarra eskatzen du eta. Gainera, seguruen artean aire pixka bat ere nabarmentzen da.

Iritsi zen bilgunera, eta abisua emandakoan, ni abiatu nintzen behetik gora. Ederki jotzen zuen eguzkiak, baina brisa ederra ere bageneukan.

Hor nator, eguzkitako betaurreko eta guzti.

Peloiak ez dakit zer duen soka honen kolorea dela eta ez dela. Aspaldian eskalatzera etorri ordez lan eta lan dabilenez, seguruenik askoz ere politagoa erosiko du laster. Bai, ezta?

Bilgunera iristean, ezkerreko besoa nahiko nekatuta neukala ohartu nintzen. Betaurrekoak kendu, eta bigarren luzeari ekin nion. Ederra da. Zoragarria. Baina nire besoak flojo zeuden eta kostatu zitzaidan luzea amaitzea.

Beste pixka bat…

Eta Usoaren tontorrean, bilgunea.

Larregiren txanda.

Luzea bukatzen. Beherago zegoela ezin nion argazkirik atera, horma barrurantz sartzen da eta.

Aupa Mauritzia!

Ni baino hobeto ibili zen atzo. Nik hidratazio falta nuela iruditzen zait.

Berehala konpondu genuen arazo hori. Barrita bana jan eta erabakia hartzeko ordua:

-Ze ingo iu?

-Nik nahiago diat Zumaira goiz joan eta lasai ibili.

-Horixe egingo diagu. Aztorea hor egongo dek hurrengoan ere.

Eta horrelaxe, zerbeza bana edan (hidratatzeko, ez gaizki pentsatu!), trasteak jaso eta jaitsierako bide ezagunari ekin genion. Kontuz joan behar da bide horretan behera. Ez da txantxa.

Hidratazio-plana Zumaian osatu genuen. Blok honen jarraitzaile fin batzuekin egin genuen topo, txiripaz.

-Hi! Gortuko kamiseta noizko?!!

-Ostia, Larre. Hauek igual ez die nahi gu beraiekin esertzea.

-Bai, mutil! Eseri lasai! Baina kamisetak noizko? E? E?

 

Gortu!

 

4 thoughts on “Eginon bueltaka, pozoi bila

  1. Kontxo! Argazkiarena aurrez abixatu behar da, beste pose bat jartzeko behintzat!
    Ba, hidratazio falta izango zendun zuk, baina biak ere earki hidratatu zineten gero; guk ez degu eskalatzen, baina zuen irakurle finak gera eta horretan behintzat lagundu genizuen (ahal deguna egiten degu).
    Eta Gortuko kamiseta noizko???? E?? E??

  2. Hau ere berandu irakurri diat, bai, egunak pasa direlako(san telmoen, ondorioa) eta… bai, bai, gaua ere badekelako.
    Eta a zer sorpresa kronika amaieran, Taka!! Afiziyu paregabearen argazkiya!!!
    Ea, hurrengoan, denok( trinitatea eta fansak) elkarrekin ateratzen diagun argazki horretan ekipoko kamixeta konpartitzen diagun, e, e e…!!!

    Segi gortzen!

Utzi erantzuna Libe(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude