Rock Circus

Rolling Stonesen disko ezagun bat da Rock and Roll Circus, eta Ziordian badago Rock Circus izeneko bide bat. Bururatu zait izena agian hortik datorkiola. Huraxe egiteko gogoa geneukan, eta atzo joan ginen azkenean, hiruko osoa, Gortuko trinitatea.

Argazkiaren ezkerreko espoloi zuri dotore hori Ziordiako espoloia da. Hori ere egin beharko dugu egunen batean. Baina, atzo egin genuena, erdi-erdian geratzen da. Itzaletan ikusten den lekutik hasi eta zuzen samar goraino.

Goizeko zazpietan etorri ziren Larregi eta Peloia nire bila. Hotz egiten zuen, baina eguraldi ederra zegoen. Araban, ordea, izotza ikusten genuen nonahi (gatz piloa ere bai errepidean botata) eta Peloiaren autoko termometroa -2º C-raino jaitsi zen. Eskerrak maiatzaren lehen eguna zen.

Iritsi ginen. Ez dakit besteak, baina nik gorputza ez neukan erabat bere onera etorrita. Errepetiziotako eguneko parranda batek zer aje uzten didan ikusita, hobe dut parranda gutxiago egin eta mendira gehiago joan.

Autoa harrobiaren sarreran utzi.

Eta poliki-poliki hormarantz.

Lehen bi luzeei Peloiak ekin zien. Lehena oso erraza da, eta ez oso polita. Belarra, lurra…

Hotz egiten zuen, eta itzala lehen luzean bakarrik aurkitu bagenuen ere, hatzak berehala hozten zitzaizkidan.

Tramiteko lehen luzearen ondoren, bigarrenari ere Peloiak ekin zion.

Lehenengo segurua txapatu eta babaresara. Pauso gogor samarra dela ematen du, baina babaresan sartu ezkero, erraz samar egiten da.

Kontuak gorago hasi ziren.

-Bazekiat zeatik esaten dioten “gotas de agua”- Peloiak- Hau blai ziok!

Ur tanten zatia (gotera ere entzun izan dugu) amaitzean, zati lehorrera sartzeak yu-yu pixka bat ematen zuen, katu-hankek irrist egingo zutela zirudien eta.

Luzea ondo luzea zen: 55 metrokoa. Badoa gorantz (eta ni ahozabalka hasteko beldurrez).

Bigarren bilgunera iritsi eta abisua eman zuenean ni abiatu nintzen, eta atzetik, Larregi.

Hurrengo luzea, Larregirentzat.

Orduantxe konturatu ginen katu-hanka berrien premia duela, edo zaharrei zola aldatzekoa.

Gora eta gora beti.

Peloiak eta biok ere luzea eskalatu, eta eskuinerantz jo zuen Larregik. krokisean II eta III mailakoa dela jartzen badu ere, tentuz ibili beharra dago.

Iritsi nintzenean, hurrengo luzea nik egin behar nuen ideia neukan, baina Larregik egiteko gogoa azaldu zidan, eta gustura utzi nion.

Ekin!

Luze ederra da, plaka bertikal samarra. Luzearen erdialdera dago bideko kruxa (honezkero ohitu zarete). Atsedentxo bat hartu, eta ederki atera zuen Larregik.

Gero ni abiatu nintzen. Nahiko ondo iritsi nintzen kruxera (uste baino askoz okerrago, egia esan). Pausoari begiratu, nire soka espresetik atera, eskuineko eskuarekin A0 egin eta ezkerreko eskua kazora. Txupao. Gero izango ziren kontuak. Hor nago kruxa pasatu ondoren, ezkerrerantz joanda, luzearen amaieraren bila.

Peloaik, plafoiko gizonak, ederki egin zuen pausoa. Baina bilgunera iritsi zenean errieta egiten hasi ez zitzaidan ba!

-Saiatu ere ez hain egin! Biuna! Saiatu ere ez!!!!

Ez dakit zer egin nion Peloiari, autoan ez nuen behintzat puzkerrik bota, baina haserre zegoen nirekin. Azken luzeari nik ekin nion. Bazen ordua. Bilgunean Peloia marmarrean entzuten nuen: “Hau ai dek orain ere esplikaziyuak ematen!”. Eta geroago Larregi barrez.

Aurreko astean isiltasunaz ederki gozatuko zuten hauek. Hemendik aurrera garai batean Justanean musean bezala ibili beharko dut: hitzik egin gabe. Hau da marka!

Bukatu nuen luzea, eta han etorri zen beste parea.

Aurrena karakola.

Eta gero, barea.

Kar-kar. Mendekatia izan ni ere…

Maiatzak 1. Bezperan amaitu ziren Santelmoak. Ez dakit horregatik edo zergatik, baina zerbezarik ez.

Trasteak jaso. Barritaren bat jan eta beherantz, harrobian barrena.

Itzaletan ikusten den hori elurra da, edo txingorra bestela.

Ezin esan asko gozatu nuenik atzokoan. Bideak oraindik harri solte ugari du, baina pentsatzen dut jendea pasatu ahala garbituz joango dela. Ea zer dioten beste biek.

Gortu!

 

6 erantzun “Rock Circus” bidalketan

  1. Poztu nauk kronikarekin, Xabier. Olagarro-zoparen arrakasta ikusita, beldur nituan ez ote huan gure “Gortu!” errezeta-blog bihurtuko, eta ikusten diat ezetz.
    Nik ez diat prentsa-oharrik aterako, baina komeni duk kontu batzuk zehaztea edo argitzea:
    -Atzokoan ez hintzen ispiratuta eta hire onenean, “No, no, no”. Isil-isilik kotxean, isil-isilik eskalatzen…
    -Katu-hanka berrien premian nagok, bai, baina zaharrak beti gustukoagoak, dioss, eta guanteak bezala sartzen dituk. Loktite pixka batekin, aurrera.
    -Biako pasorik zailenean, kruxean, gurutziltzatuta geratu hintzen, eta Peloia atzetik, obserbadore… Kemala suerte! Eta hire ajeaz, flakiaz, debilidadeaz, txakalaldiaz… aprobetxatu huan gure plafon-kid goiza emateko… Odolkiak ordainetan?
    -Zerbezarik ez, baina Ziordiko tabernakoa txarra, ala? Akordatu: kupel bat bukatu eta bestea hasi ere egin genian, baina dena ez diagu kontatuko, ezta?
    Dagoeneko gero eta bia gutxiago geratzen zaizkigu, Egino-Ziordi alde horretan. Hurrena Espoloira?
    Animatuko al da Peloia zerbait idaztera? Isil-isilik dago…

  2. Nik enun nahi,nik enun nahi…baina Josu, ez hitzan saiatu ere egin!!
    Kronika ederra beti bezala ,biana estreñeko reunioko gorabeheraren bat ahaztu zaik,ni gorago egonagatik ere somatu nuena.
    Imanol erosi hitzak katu hankak,itxuragatik bada ere,edo zer hago patrozinatzaile baten zain?
    Egun ederra beste behin ere.
    Bukatzeko eta Jesus Anjelek esango zuen bezela ,hirugarren? biunak!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude