Urdaburu ertz herrikoia (Kopako harria)

Atzo, egunsenti ederrarekin hasi genuen eguna. Kopako harrian izan ginen Larregi eta biok.

Goizeko zazpietan jaso nuen moilan eta Oiartzun aldera jo genuen. Esan nion etxetik atera nintzenerako Azkoin baserria eguzkiaren argitan zegoela.

Pasatu ginen Aritxulegi gainetik, tunela zeharkatu eta Endarako urtegira iritsi ginen, Nafarroan, Lesakako bidean.

Errepidearen gainean ikusten den hori da Kopako harria (Kopakarri ere esaten zaio). Jatetxe baten ondotik pasatu, eta zementuzko pista batean gora joan ginen.

Hauxe gure parkinga.

Eta abiatu ginen Kopako harri aldera.

Lehen ere izan ginen paraje hartan, baina pasatuko ziren hamabi bat urte harrezkero.

Azkarregi joango ginen akaso, lehen bueltan ia mendiari buelta osoa eman genion eta. Iparraldeko aldera iritsi bezain pronto buelta hartu eta bigarrenean berehala bilatu genuen Urdaburu ertz herrikoia bidearen hasieran.

Bidearen hasieran, perretxiko bila.

Larregik ekin zion lehen luzeari.

Azkar abiatu zen, horregatik ikusten da argazkia mugituta. Hasi eta berehala pauso arraro samar bat dauka bideak. Asko pentsatuz gero besaurrea kargatzen duen horietakoa.

Hotz samar harrapatu gintuen, baina handik aurrera bideak ez zeukan misterio handirik, zailtasun aldetik.

Hemen ni lehen bilgunetik bigarren luzearen hasierara iristen. Parajea ikaragarria da.

Larregi inspiratuta zegoenez, bigarren luzea ere berari utzi nion.

Larregi gorantz eta ni aseguratzen.

Itzalek irudi ederrak erakutsi zizkiguten.

Bukatu genuen bigarren luzea ere. Eta azkenik, nik ekin nion hirugarren eta azken luzeari.

Larregik argazkian bi putre atera zituela esan zidan. Ez nuen ikusten zer edo nor neukan gainean, baina banekien zertaz ari zen.

Berehala iritsi zen Larregi bilgunera. Eguzkitan .eus-eko kamiseta zuri horrekin, kosta egiten da ikustea.

Elkarri eskua eman, urari trago bat jo, barritaren bat jan eta beherako bidea hartu genuen.

Artean goiz zenez, Eguzkilore sektoreko Bisben bidean sartu ginen. 5c-ko zailtasuna du eta ongo samar egingo genuela uste genuen. Ederki apaldu gintuen bideak.

Nik ekin nion.

Hortik gora horma oso bertikal jartzen da eta atzerantz ere botatzen du argazkian ikusten den ertzera iritsi bitartean. Hala ere, helduleku onak ditu eta ez da hain zaila horraino iristea.

Ondoren hasi ziren kontuak. Zuzenean, ezin. Eskuinetik, ezin. Azkenean, pixka bat ezkerrera jo nuen, eta pasatu nuen trantzea, nola edo hala.

Nire arrakasta ikusita, Larregik soka goitik zuela eskalatzea pentsatu zuen.

Oraingoan behintzat .eus-ekoak gustura egongo dira gurekin. Kasualidadez (egia da) Larregi eta biok .eus-eko kamisetarekin agertu ginen, eta etekina atera nahi diogu, hurrengoan beste kolore bateko kamisetaren bat jasotzeko asmoz. Izan ere, kamiseta zuria egokia izango da yatean ibiltzeko, baina mendirako…

Soka goitik izan arren, nahiko lan izan zuen Larregik ere. Baina ederki ikusten zaio sponsorraren propaganda.

Larregik amaitu zuenean, berotzen hasita zegoenez, goiz samar izan arren Zumaiarantz abiatu ginen. Abiatu, bai, baina Arritxulo aterpean geldialdia egin genuen lehenik. Hidratazio planaren lehen zatiari ekiteko.

.eus eguna amaitzeko, frontoiaren kanpoan hidratatzen ari ginela,

Gorkak esan zigun bera ere kamiseta berdin-berdinarekin ibili zela goizean lasterka. Ez dago kexatzeko moduan nik dakidan bat.

Gortu!

 

 

6 thoughts on “Urdaburu ertz herrikoia (Kopako harria)

    • Ondo izerdituta ekarri genuen kamiseta. Nola ez gara ba hidratatuko? Kamisetak ez digu likidorik ematen, kendu bakarrik. Kamiseta berria, berehala!!!!!

  1. Toki ederra da inguru hori, Xabier, basatia, beste mundu batekoa dirudi batzuetan. Haitza ere bai, granitoa, ia gu bezain zaharra…
    Kronikean Apolok aitatu ez eta neuk ekarri beharko dut hona nobedadea: fijatu al zarete budrier berria daukala Apolok? Flamante-flamantea, laranja-laranja eta arin-arina. Gero Peloiak fama, materiala erosi eta erosi ari dela, baina beste batzuek isil-isilik, taka. Horrekin erraz egingo dek 6a, motel!
    Kamiseteaz nahikoa hitz egin duzue, baina nahitaez esan beharra dago: hainbeste puntueus, puntueus… irabazita daukagu 2017koa, ezta? Termiko eta teknikoa, eta kolorea aukeran, Wali… 🙂

  2. Aizue!!! Eta kamixeta txuria Gortuko fansei pasa eta Txonperekin hitzegin eta yatearen ordez, beleroan pasiatuko bagenitu .eus zeru,lur eta itsasoan zabaldua litzateke.
    Esponsorrak kontutan hartzea, merezi, e,e,e…Xabier?

Utzi erantzuna Igone(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude