Untzillatx

Atxarten dago Untzillatx mendia (941 m). Mendebaldean Mugarra eta ekialdean Alluitz menditik Anbotora arteko kresta ederra.

Atzo egun mugitu samarra izan genuen, eta gaur goizerako ez neukan plan argirik. Atxartek boleto asko zituen. Gaztetan trenez joaten ginen Durangoraino ostiral arratsalde edo gau partean, eta handik oinez joaten ginen Atxarteraino. Eta hantxe pasatzen genuen asteburua. Igande arratsaldean berriro Durangoraino oinez joan, motxila handia bizkarrean hartuta, eta Zumaiara. Hura bai zela bizimodua!

Goizeko zazpiretan, Larregi nire bila etorri denean, motxilaz eta sokaz gain, krokis piloa neukan esku artean: Aritxulegikoak, Kopakarrikoak, Atxarteko Untzillatxeko hegoaldekoak… Eta azken hori erabili dugu azkenean.

Zumaiatik atera eta Urkiolarako bidean dagoen Gatzaieta baserriaren ondoko parkingean utzi dugu autoa. Fresko zegoen artean.

Elegante azaldu zaigu Untzillatx mendia. Harria, harria eta harria. Harri piloa dauka mendi horrek, Atxarteko harrobiek haginkada ederrak eman dizkioten arren.

Duela hamar bat urtetik hona edo, bide mordoa zabaldu dute Untzillatxen hegoaldean. Sektore asko daude, eta liburuxka bat ere atera zuten 2008an, eta huraxe erabili dugu gaur. Hemen ere ikus daitezke krokisak. Lan galanta egin dute Durango aldeko hauek.

Lehen ere eskalatu genuen Elosuko harrobia izeneko sektorean, baina urteak ez dira alferrik pasatzen, eta bertako eskalada gida egin zutenetik bide berriak ere zabaldu dituzte.

Kontua da krokisean agertzen ziren bideak baino gehiago zeudela horman. Eta, jakina, ez dugu lehenengoan asmatu.

Hasteko, Landatu pague… (5c, 28m) bidean sartu gara (gure ustez).

Larregik ekin dio.

Halako batean, desplometxo batekin topo egin du, eta krokisa begiratzeko eskatu dit. Azkenean, ezkerreko aldera jo du eta egin nahi genuen bidearen bilgunera iritsi da. Gaurkoan, Peloiak kale egin digu. Aurreko astean guardia, aste honetan mendira… Gero astegun burutxuritan tximuarekin egon behar, edo plafoian, tximinoarena egiten.

Ondoren, nik egin dut bide bera, eta bigarren saiakeran asmatu dugun nahi genuen bidea egiten.

Hurrengo urratsa argi eduki du Larregik:

-Oroimen deika ari zikak!

Lehendik ere ezagutzen genuen bide hori, baina, berriro ere, gaizki sartu gara. Larregiri esan diot nondik joan behar zuen, baina memoriak huts egin dit, beste behin ere. Ezkerreragoko bide berri batera bidali dut, baina gero bueltatu da egin nahi genuen bidera: Oroimen (6a, 45m). Ederra.

Bilgunera iristen ari zela, soka bat ikusi dugu goitik behera jaisten. Laster azaldu da sokaren jabea ere, goiko bilgunean. Bakarrik etorri da. Goitik rapelatu eta top-ropean eskalatzen egon da gri-griarekin. Mutil jatorra. Eskertzen da horrelako jendean mendian.

Atzetik ni.

Hiru bide egin ondoren, eguzkia sartu da, jendea iristen hasi da, eta Untzillatx mendiaren gailurrera igotzea pentsatu dugu. Izan ere, hainbeste aldiz egon gara Atxarten, eta ez genuen Untzillatxen gailurra ezagutzen. Pozgarria izan da, behingoagatik, gu baino jende helduagoa (zaharragoa) ikustea.

Traste guztiak jaso eta gorantz abiatu gara.

Egia esanda, harrituta geratu naiz lekuarekin. Ederra, inpresionantea, jesukristoren plakak, garbi-garbiak, txorrerak, desplomeak, karehaitzaren kolore gris ilun hori…

Merezi izan du goranzko ahalegin horrek. Ez da Peloia gaur gailurra egin duen bakarra. Guk ere egin dugu bat, aspaldiko partez.

Bagoaz gorantz.

Haitzaren itxurarekin, formarekin eta abarrekin aluzinatzen egon naiz.

Gainera, Untzillatxeko igoera guztian eskalatzeko bide pila bat dago. Gehienak gogorregiak guretzat. Baina harrigarri politak.

Uste baino luzeagoa izan da igoera.

Mendia hegoaldetik mendebalderantz igotzen da.

Gora iristen.

Iparraldera, Durango, Urdaibai…

Gailurreko buzoian, bi txartel zeuden. Jaso egin ditut. Pentsatzen dut dagozkien klubera bidali beharko direla kartaz, garai batean egiten zen bezala. Baten batek baldin badaki, jakinarazi mesedez.

Hemen gaude biok, jator-jator, atzean Mugarra daukagula.

Eta hemen, kronista sufritua (zenbat lan ematen duen honek).

Atentzioa eman digu tontorra baino metro gutxi batzuk beherago ikusi dugunak. Lasarteko gizon batek pago bat (edo akaso gehiago) landatu du, eta kurioso-kurioso ari zen pagoari itxitura egiten, animaliek ez jateko, edo gure moduko animaliaren batek ez zapaltzeko.

Zerbezatxo bana edan (ez dakizue ze ondo sartzen den han goian), barritaren bat jan eta behera. Gatzaietan, autoa bero baino beroago zegoen. Baina Urkiolan gora zihoazten txirrindulariak, haiek bai zeukatela beroa! Izango zen han probaren bat edo, jesukristoren txirrindulari pila zebilen eta Urkiolan gora, bakoitza bere dortsalarekin.

Mañariaren ere jendetza zebilen. Bazegoen festaren bat edo.

Zumaiara etorri, frotoian zintzurra busti eta hortxe bukatu dugu gaurkoa.

Gortu!

5 thoughts on “Untzillatx

    • Bai horixe! Lehen trenean, astebukaera osorako, eta orain autoz, goizean joan eta etorri. Abiadura handi onek ez digu ezer onik ekarriko.
      Eskerrik asko iruzkinagatik

  1. Han goitik itsasoa ikusten da… eta Urdaibai eta Oiz parez pare; eta Kantabriako mendiak mendebaldera; Ezkaraiko San Lorenzo eta Gorbeia helgoaldera; Aralar, Aizkorri eta Beriain ekialdera; eta Izarraitz, Andutz… Edozein lekutara begiratuta, begiak txiki-txiki eginda ere, ezin hain urrutira begiratu… Ederra!
    Eta haitza ere bai, Xabier. Bidean gora, eta paretetan eskalatzeko lekuak etengabe! Goraino igo egin beharko da, baina goikoak merezi du ahalegina, ezta? Badaukagu oraindik zer probatua eta nondik ibilia. Hurrengoan 6a bati eman behar zioagu egurra! Hasi begiratzen krokisetan…
    Ea hurrena Peloia ere etortzen den… Ba al da beste baten bat hainbeste konpromiso dituenik? Sagardotegiko bazkaria dela, lana dela, goiz-buelatko planak… Zatoz, oilasko!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude