Maria tximenea Eguzkiarren (6a, 130 m)

Ez, ez dago eszisiorik, lasai, gortu bakarra dago-eta. Larunbatean Apolo eta Peloia joan ziren eskalatzera, eta gaur, igandea, Xabi eta biok. Apoloren kronikea hor daukazue, honen aurretik, eta hemen nirea.
Herenegun hor aritu zitzaidan Apolo tentatzen, uasapetik, larunbatean eskalatzera joateko:
-Apuntatu hax.
Gogor egin nion aurre tentaziori, noski, lana neukala egiteko eta ezin nuela eta… Baina ondoren beste mezu bat bidali zidan, eta hor bai hasi nintzen biguntzen:
-Mutuakin natxiok. Igandean hirekin gustora joango omen huan eskalatzera. Maria tximenea?
Atzo arratsaldean, Xabiren mezua, eta azpian nire erantzuna:
-Eguerdi on, bihar zerbait igoko al degu?
-Lanez lepo nabilek, gogoa bai, baina… esangoiat arratsaldean, zer aurreratzen deten…
Baina erantzun orduko banekien eginahalak eta bi egingo nituela joateko.
19:11n, nik:
-Benga! Maria tximenea?
-Ok, zer ordutan eta non.
Apoloren mezuak, Maria tximenea aipatzen zuenak, oroitzapen asko piztu zizkidan: Atxartera joan nintzen lehen aldian, duela 30 urte pasa, bia horixe egin nuen Rubio zenarekin.
Zazpietan geneukan hitzordua Arranplan, eta puntual etorri zait bila. Atxarterako bidean berritu ditugu aspaldian kontatu gabe geneuzkanak: eskalada, bizitza, eskalada, bizitza, eskalada… Durango aldera ailegatu garenean, Xabiren eskaera:
-Kafea hartu beharko diagu, ba…
-Orain ere gosaldu gabe etorri al haiz?
-Gosalduta bai, baina kaferik hartu gabe.
Ni kopiloto, eta erabakia hartuta zegoen.
Oraindik ohera joateko zeuden batzuen aurrean gelditu da gure kotxea, zakar samar:
-¡Oye! Un bar abierto, para tomar un café…


Abiatu gara berriz, eta ederki ailegatu gara Atxartera. Eguzkiarre izeneko paretara goaz (Labargorri izenarekin ere ezaguna da), eta gerturatzean, errepide-bazterrean geratu eta argazki batzuk atera dizkiogu. Ederra da, barrenalde osoa harrobiak janda baldin badauka ere.


“Mari tximenea” izeneko bia dugu helburu. Paretaren erdialdean hasten da, eta ezkerraldetik gora eginda, trabesia bat egiten du eskuin aldera eta tximenea elegante batekin horkillan bukatzen da. Zailtasunaren aldetik nahikoa egingarria guretzat, baina X. jaunak ez du eskalatu azken 6 urteotan eta niri Atxarteko graduak errespetu handia ematen dit.


Kotxea aparkatu dugu kanteraren ondoan, eta a zer lepoko mina, gora begira!
Aldapan gora egin dugu, eta neuk markatu dut erritmoa, badaezpada ere:
-Ez ziok gauza okerragorik eskalatzen hasi behar eta izerdi-patsetan egotea baino!

Suabe-suabe igo gara, eta paretaren azpian jarri gara. Peloia ez dagoenez, neuk aprobetxatu dut:
-Neu hasiko nauk, probatzeko.
EA konforme.
Jantzi ditugu trasteak eta erabaki dugu motxilarekin igotzea, berriz ere paretaren barrenaldera bueltatu beharrik ez izateko.
Han abiatu naiz, gora, 30 metro gorago ikusten zen bilgunearen bila. Helduleku onak, haitza primerakoa eta bertikala,oso-oso egokia hasteko, berotzen joateko.

Atzetik etorri da Xabi.


Trasteak elkarri pasatu eta txanda. Bilgunetik irtenda, erdi galduta ibili zait mutila, ibilbidearekin ezin asmaturik, eta behar baino mugimendu zailagoak egin ditu; bia asko daude elkarren ondoan, eta batzuetan ez da erraza asmatzea bakoitza nondik doan, nahi gabe ere erraza da beste batean sartzea…

Gure kontsigna garbi dago: “Oso zaila bada, okerreko bidean gauden seinale…”. Iritsi da bilgunera eta atzetik abiatu naiz ni.


Hirugarren sokaldiaren hasiera erraza da, bira batera sartu eta ezkerraldera hartu behar da. Begira zenbat soka ematen didan…


“Hori konfiantza dek”, dixit. Ni ez nago, ba, hain seguru…


Espoloi batean gora egin eta han egin dut bilgunea. Xabi etorri eta trasteak hartuta, han joan da eskuinaldera.

Trabesia polita, helduleku juxtu eta onekin, eta tximenearen barruan sartzen sumatu dut. Hego-haizea dabil, zakar, eta 10 metrora egonagatik, apenas entzuten diodan ahotsa batzuetan. Sartu da tximenean, eta hor ikusi dut hankak zaba-zabal eginda hasieran, gero ezkerrera, gero buelta osoa ematen, gero eskuinaldera…

-Zer habil?
Elegante igo du, eta aspaldian ezer eskalatu gabe egon arren, ez du herdoil handirik gure mutilak, eskalatzeko. “El que la tuvo…”, eta nagusi!


Gora ailegatu eta desagertu egin da, haitzaren beste aldean. Ez dut ikusten, ezta entzuten ere, baina soka jasotzen sumatu dut, eta fuerte tiratzen. Banoa. Nire txanda.
Trabesia ederki egin dut, elegante, baina kosta zait plakatik tximenea barrura sartzea. “La madre…”. Gero, arnasa hartu eta Xabi imitatzen saiatu naiz, hankak zabaltzen, baina nahi baino gehiago kostatu zait, eta hurrengo metroetan ere erdi arrastaka ikusi dut neure burua. Hankak zabalduta, eskuin-ezker pareta lisoan jarrita, eta eskuekin tiratzeko helduleku gutxi… Ahal duguna egin dugu, eta gustura. Halako batean, iritsi naiz gora!


Eskua eman diogu elkarri, eta betiko esaldia esan: “Ez gattuk makalak!”. Earra bia, Xabier, earra!!
Gaur ez dugu zerbezarik, baina bai ura,eta pixka bat edanda, Olondon jatetxean zain daukagun zerbeza hotzaz hitz egin dugu: “Ummmmmmmmmmmmmm”. Aurretik, ordea, jaitsi beharra daukagu; rapela egin, trasteak jaso eta behera.

11:30ean kotxean ginen, bueltan. Olondora joan eta… oraindik itxita! Orduan, Matienan egin dugu geldialdia, kafea hartu dugun leku berean, lau ordu geroago, eta ederra zegoen Radler kaña… Hidratazione!!


Apoloren mezua:
-Kronikea ahaztu gabe!
Egingo ez dugu, ba! Hemen!
Oso gustura ibili nauk hirekin, Xabi, eta sei urte pasa baino lehen joango ahal gara berriz ere eskalatzera… Gu ta gutarrak? 🙂

4 thoughts on “Maria tximenea Eguzkiarren (6a, 130 m)

Utzi erantzuna Xabi(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude