Bertan, ber(o)tan

Jun ta jun, ta Bertan izan ginen atzo. Bertan, ber(o)tan eta egarria ahotan.

Peloia Larretxon jaso eta Eginorako bidea hartu genuen. Esan nion: “Asfaltatu dutelako, bestela ez nintzen igoko”. Zumaian bero egiten zuen, eta barnealdera gindoazen heinean, bero handiagoa. Arrasate Mordor parean, 33ºC.

Hasiera batean, Birra Moretti egiteko asmoa geneukan. Baina ari nintzen sumatzen bero handia egingo zuela, eta hobeto izango genuela Berta egin, arratsaldez itzaletan egoten da eta. Eginon autoa utzi eta Cujo siestatik ez esnatzeko, isil-isilik basoan barrena abiatu ginen.

Bidearen oinera izerdi patsetan iritsi ginen (Larregiri gustatzen zaion bezala). Lehenago, nola ez, okerreko bidea hartu nuen eta Udaberri bidearen hasierara eraman nuen bikote ausarta. Atzera egin eta iritsi ginen gure bidearen oinera. Entzun behar izan nituen, berriro ere.

Bidearen hasiera.

Altxorraren banaketa egin genuen: Lehen bi luzeak Peloiarentzat; hirugarrena eta laugarrena, Mutuarentzat, eta azken biak niretzat. Denak konforme, gainera. Harrigarria.

Hala ere, aukera onena Peloiarena izan zen, itzala harrapatzen lehena izan zen eta. Ekin zion, eta nik aseguratzen nuen bitartean, Mutuak argazki batzuk atera zizkion.

Ari da itzaletan sartzen.

Ez da broma 31ºC-tan eskalatzea. Eguzkitan egon beharko bagenu, atzera egingo genuke. Aseguratzen izerdi patsetan nengoela, bikote frantses bat iritsi zen. Eskalatzeneus izeneko blog bateko krokisak zeuzkaten paperean, guk erabiltzen ditugun berak. Eta informazio bila zetozen. Azaldu genien gure bidea Berta zela, ondo-ondoan Elmer hasten zela, baina hark “Shushi” esaten zidan. Tentazio galanta eduki nuen:

-Shushi? Eso en el japonés de Egino, aqui solo hay vias de escalada.

Baina hori esan beharrean, Susi bidea non zegoen azaldu nion txintxo-txintxo.

Ermitañoak izango ziren agian, Peloia bilgunera iritsi, sokak jaso eta Mutua eta biok eskalatzen hasi arte ez ziren eta isildu. Azkenean, agurtu eta alde egin zuten. Gaur goizean Susi egiteko asmoa omen zuten. Niri, berriz, shushia probatzeko gogoa eman zidaten.

Eskaladarekin jarraituz, iritsi ginen bilgunera eta Peloiak bigarren luzeari ekin zion. Ur gutxitxo eraman genuen, zer bero egiten zuen kontuan hartuta, eta zerbezarik ez. Igartzen da Larregiren falta.

Badoa plafoiko makinea.

Hirugarren luzeari ekiteko, sokak Mutuari eman zizkion, eta Peloia eta biok atzetik joan ginen. Luze ederrak dira, gozatzekoak. Eta Peloia bezain fuerte egonda, zer esanik ez. Ozpina baino fuerteago. Ez ahal da ozpinduko!

Hirugarren bilgunera iristen. Atzean, eskuinean dagoen buru txiki hori nirea da.

Ezkerretik pasatu ezin. Eskuinetik ere ez.

Laster luze bateko abantaila aterako dit.

Egin zuen Mutuak hurrengo luzea ere. Kosta zitzaion bilgunea bilatzea, eta ez pentsatu anteojorik gabe eskalatu zuenik. Atzetik Peloia abiatu zen, eta hirugarrenik, ni neu.

Bilgunera iristen.

Hurrengo urratsa eguzkitara ateratzea zen. Traumatikoa izan zen niretzat. Buru-makur, eguzkiaren beldurrez, Bertaren bosgarren luzearen hasierara joan ordez, Elmer bidera joan nintzen.

-Mekauenlamar! Orain ere hauen marmarrak aditu behar!

-Gezurra ematen dik! -Peloiak- Hik ez al huan hau ezagutzen?

Aurkitu nuen aurkitu beharrekoa, Bertaren bosgarren luzearen hasiera, eta nire txanda iritsi zen. Eskerrak goiko zatian ere horma itzaletan zegoela.

Aupa Mauritzia!

Pixka bat gorago.

Peloia abiatu zen ondoren.

Hirurok bilgunean elkartu ginenean, nire klasikoetako bat bota nion Peloiari adarra jotzeko:

-Luze bat geratzen dek, 4a, erraza. Esanblian ingo yu, ezta?

-Ensanblia ta ostiyak! Earra nazka ematen dek!

Egin nuen azken luzea ere txintxo-txintxo. Trasteak jaso, zerbezarik ez hartu (ez genuen eraman), barrita bat pikatu (Pueyoko gazta autoan geratu zen) eta gaina harrapatzeko falta diren metroak igo eta Usoa eta Aztorearen ondotik jaitsi ginen. Izerdi ederra beherakoan ere. Ahaztu zitzaidan Peloiari galdetzea nola doan tirolinaren proiektua.

Eginora iritsi, iturrian ura edan, eta zerbezarik ere hartu gabe, zuzenean Zumaiara. Peloiak afaria omen zeukan, eta etxeraino eraman genuen. Atzo ez zuen ostiralean adina marmar egin. Ensanblearen kontuarekin bai, baina orokorrean gutxi.

Arratsalde ederra, beroarekin pixka bat sufritu arren.

Gortu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude