Elmer

Atzo, ekainaren 17an, Eginora joan ginen Peloia eta biok. Hasieran, Atxarte geneukan jomugan, Untzillatx hegoaldeko sektore eder horietako bat. Peloiak jaso ninduen zazpietan, eta gurekin etortzekoa zen “hirugarren pertsona” bat agertzen ez zenez, watsap bat bidali eta martxa egin genuen.

Zumaian, taosa izan gabe ere, bazegon bruma pixka bat. Bidean, berriz, zenbat eta aurrerago orduan eta itxiagoa behe lainoa. Araban, batik bat. Araban? Ez al gindoazen Atxartera?

Bai, baina ez. Bidean, Eginoko aukerak udan eskasagoak izaten direla pentsatuta, bero handia egiten duelako, hauxe bota nion Peloiari:

-Hi! Ta biok bakarrik geratu garenez, zergatik ez Eginora? Hik Susi egin gabe daukak.

-Bale. Nahi dekena.

Eta horrelaxe Araban sartu, behe lainotan, eta Egino herrira iritsi ginen.

-Joño! Gaur ez gaituk lehenengoak.

Dagoeneko bikote bat hormara abiatzeko prest zegoen, arnesa soinean eta traste guztiak hartuta.

-Galdetuko al zieagu zer bide egin behar duten? -nik Peloiari.

-Kasualidade handia izango huke horiek ere Susira joatea, ezta?

Abiatu ginen gu ere, eta bidearen hasieraren hurbiltzen ari ginen heinean, ahotsak entzuten genituen.

-Baietz Susi bidean egon!

Eta hantxe zeuden. Hasieran, pixka bat zain egotea pentsatu genuen, gero haien atzetik abiatzeko. Baina, azkenean, hainbeste bide dauden tokian beste bat aukeratzea erabaki genuen.

-Ba Elmerrera -Peloiak.

Eta hara abiatu ginen. Aukera ona zen, ia laugarren luzera arte ez genuelako eguzkirik sentitu. Lehendik Peloiarekin eginda neukan, eta Peloiak ere bai Larregirekin.

Peloiak Larregirekin egin zuenean, luze bakoitiak egin zituen Peloiak, eta oraingoan, bikoitiak egin nahi zituela esan zidan.

Beraz, ni hasi nintzen. Ederki geunden itzaletan.

Badator Peloia.

Eta badoa.

Bigarren luzean, ur tanten gaineko plakan.

Ni igon nintzen, bilgunean materiala hartu, eta hirugarren luzeari ekin nion. Bigarrena polita da, baina atzo hirugarrena ikaragarri gustatu zitzaidan.

-Hau komeni ziku guri, Peloi!

Badator hirugarren bilgunera.

Eguzkia horman sartzen hasita zegoen arren, bilgunea itzalean, zuhaitz eder baten azpian.

Laugarren luzearen hasieran.

Goian eguzkitan zati bertikal bat dauka, baina izugarrizko heldulekuekin. Harkaitz zubi fin-finak dira, buzoi modukoak. Hain finak, fuerte sakatuz gero mina ematen baitute.

Mobila patrikan sartuta ez naizenez batere eroso ibiltzen, motxilan gorde nuen. Akabo argazkiak.

Oinez metro batzuk egin eta bigarren zatira iritsi ginen. Nire txanda zen. Peloiarekin Elmer egin nuen lehen aldian (hau bigarrena da) egin nuen akatsa errepikatu nuen, berriro ere.

Luzeari ekin, une jakin batean hurrengo parabolta non zegoen ikusi ez, eta nire logikatik tiratuz, ezkerrera jo nuen. Handik ikusten nuen bide errazena. Baina han asegururik ez. Aurrekoan bezala, bilgune bat aurkitu nuen (hantxe jarraitzen zuen), eta bertan amaitu nuen luzea. Gero, ondo begiratuta, ikusi nuen Elmerrek pixka bat eskuinera egiten duela zati horretan. Baina aseguruen artean tarte handia dago, baina zati erraza delako izango da.

Kontuak kontu, ea hirugarrenean ez naizen galtzen.

Peloiak azken luzea egin, bostekoa eman, ur pixka bat edan eta trasteak jasotzen hasi ginen. Ordurako, Susin sartu zen bikoak ere amaitu zuen eta beherantz abiatu ziren.

-Begira! Haiek ere bukatu ditek.

Susitik behera, Elmer biderantz gindoazela laurekin (ez nekien lau mutil edo lau gizon jarri) topo egin genuen.

-Ez zarete ba Susi egitera joango?

-Ez. Txitxibiritxi egiteko asmoa dugu.

Lasartekoak omen ziren, gu baino zaharragoak edo helduagoak (edo nahi duzuen bezala). Eta horrek poz berezia ematen digu. Guk ere adin horretan eskalatzen jarraituko dugula, alegia. Batek 60 urte egin behar zituen aurten, eta beste hirurak 50etik gorakoak ziren.

Jaitsi ondoren, Usoaren parean, lasartearrekin topo egin genuen berriro.

-Zer moduzkoa Txitxibiritxi hori?

-Ondo dago. Besteen modukoa. Bilgune batetik bestera gehiago ibili behar da oinez, beste bideekin alderatuta. Baina merezi du.

-Hurrengo baterako apuntatuta dago orduan.

Haiekin joan ginen Eginoraino, eta Zumarraga eta Urretxukoak ere alde egin gabe zeuden artean. Elkar ezagutzen zuten, gainera.

Izugarrizko eguraldia Eginon, eta eskalatzen ikusi genituen bakarrak gipuzkoarrak. Horrelako haitz zati bat etxetik hurbilago izango bagenu!

Gortu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude