Elosuko harrobia. Atxarte

Gaur, uztailak 22, Atxarteko Untzillaitz mendiaren hegoaldean izan gara, Elosuko harrobia izeneko sektorean.

Komeriak izan ditugu Zumaiatik elkarrekin ateratzeko.

Atzo, Peloiari:

-Bihar zazpiretan arranplan.

-Bale.

Jaso dut Mutua zazpiak bost gutxitan etxe azpian, eta abiatu gara arranplarantz. Bidean, zubi txikia pasatuta utzi dut, dirua ateratzera joan behar zuelako.

-Bitartean Peloia jasoko diat arranplan, eta oraintxe etorriko gaituk.

Baina arranplan inor ez. “Arraroa” pentsatu dut. “Zerbait gertatu ote da? Hau ez da ba lo hartzen duen horietakoa…”.

Eta horrelaxe, bakar-bakarrik joan naiz Mutuaren bila. Hura jaso eta atzera berriro ere arranplara. Bidali dizkiogu zenbait mezu, baina Larregik bakarrik erantzun digu.

-Ba, bakarrik joan beharko diagu.

Eta hala egin dugu. Autobidean sartu eta Mendaro parean Peloiaren deia.

Elgoibarren autobidetik atera, beste noranzkoan sartu eta berriro ere Zumaiara. Eta, oraingoan bai, hirurok batera abiatu gara Atxarterantz. Peloiak ez dizkit purrustada makalak bota:

-Nik ez al haut etxe azpian jasotzen? Hurrenguan estaziora joan beharko dek!

Horretaz aparte, goiza freskoa zegoen, eta giro ederrarekin eskalatu dugu.

Elosuko harrobira joan, eta artean itzalean zegoen Bota piñue… (5c, 28m) izeneko bideari ekin diogu. Mutuak jarri ditu txapak.

Eta ondoren, Peloiak egin du.

Horren kontura ere marmarra ez da falta izan.

-5c berotzeko? Zoratu egin al gea?

Baina, erraz eta gustura egin du.

Ni joan naiz, azkenik.

Hortik Oroimen (6a, 45m) bidera jo dugu, eta hori ere Mutuak egin du aurrena, zaharrenak.

Haitzak arku moduko bat egiten du goiko aldean, baina hara iritsi aurreko plakak ematen dio zailtasuna bideari. Elegante egin du gizonak, ipurdia aterata eta bularraldea plakari itsatsita, beharrezkoa zenean.

Ondoren, nola ez, Peloia joan da, bigarren zaharrena. Marmar eta marmar artean, ederki egiten ditu bide guztiak. Sobrao y eso esaten diogu. Hankak nekatu egin omen zaizkio plakan.

Hemen, zati delikatuaren hasieran.

Pixka bat gorago.

Nire txanda iritsi denean, harri ederra bota dit Peloiak. Hauxe esan dio Mutuari:

-Aseguratu iok hik, hau erori egingo dek eta!

Horixe behar nuen nik, bizigarri txiki bat, plakan kontuz eta dotore mugitzeko.

Eta han joan naiz.

Bidearen amaieran, atzeraka botatzen duen hormatxo bat dago. Erdi-erdian parabolt bat du, eta eskuinetik pasatzea da errazena. Mutuak zuzenean igo du, eta Peloia hara iritsi denean, esan diot errazagoa dela eskuinetik. Baina zuzen igo du, eta ondo kostata.

Zer esan nahi du horrek? 4c, 4c esan bai, baina 6a egiteko amorratzen egoten dela. Bestela eskuinetik egingo zuen nik esan bezala.

Jaitsi gara, eta pixka bat gorago dagoen Lainope (6a, 35m) bidera jo dugu.

Beste behin ere, Mutuak jarri ditu espresak.

Peloia aseguratzen.

Hasiera pixka bat pulituta dago, baina ederki egin du kontuz-kontuz.

Zuhaitzaren ezkerreko aldetik jarraitu du, eta berehala iritsi da bilgunera.

Ondoren, adinaren hierarkia errespetatuz, Peloiak ekin dio bideari.

Dotore igo da Peloia ere. Goiko aldera iritsi denean, gustura:

-Hemen bai helduleku ederrak!

Baina, dagoeneko igarri diogu zer mailatan gozatzen duen mutilak. Marmarrean jarraitzen badu ere.

Azkenik, nire txanda. Oraingoan ez dut entzun “hau seguru eroriko dek” eta horrelakorik.

Eta horrelaxe, trasteak jaso eta autora abiatu gara. Bidean, “non dago Larregi?” zen kezka nagusia. Peloiak esaten zuen nola izan daitekeen bera bakarrik uztea Mutuarekin eta nirekin.

Hilaren 12an Aritxulegin.

Aritxulegin ere izan ginen arratsalde batean, berandu samar joan baginen ere. Azalpen mamitsuak entzun genituen:

-Hau dek benetako Euskal Herriya! Euskal Herri zaharrena! Hau bai lekua.

Eta abar, eta abar.

Eguraldia ere uztaileko tipikoa zen.

Enarri sektorean egon ginen, eta hiru bide egin genituen:

Naroley (4b, 15m), Alaide (5c, 15m) eta Gure ametsak (5c, 15m).

Peloia lanean.

Eta Mutua, berdin.

Amaitutakoan, Arritxulo aterpera joan ginen zerbezatxoa hartzera. Eta Euskal Herri benetakoa eta haiek denak entzun ondoren, zer entzungo eta Regetoia!

-Hau al da Euskal Herri zaharreko musika?

Nahikoa barre egin genuen.

Aurreko larunbatean, berriz, Labarganetan izan ziren Peloia eta Mutua. Gaur ibili garen lekutik hamar minutura. Eta harrezkero makina bat aldiz esan dit Peloia prest dagoela Bihaizpeko Gora gu eta gutarrak bidea egiteko.

Denborak esango du.

Gortu!

1 thought on “Elosuko harrobia. Atxarte

  1. Boooooo… Hainbeste peparatibo, hainbeste entrenamendu, uasapeko hainbeste mezu, hainbeste jardun… Nik pentsatzen nian gutxienez Balcon de Andromeda, Bustacantropus erectus, Bailarinas, La cabra de Judas edo horrelako zerbait egingo zenutela Atxarten… Motellak! Horiek lehendik ere eginak dauzkagu! Ibilian bilian, horrela segiz gero, Elosuko bia horiek buruz memorizatuko dituzue, eta heldulekuak gastatu.
    Beste hark esaten zuen bezala, “No se os puede dejar solos”… 🙂

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude