Gokyo, ikusgarria, itsasoari begira

Osteguna 24, San Bartolome. 13:30ean Mutua ikusi dut gure etxe azpian, kotxean. Agurtu egin dut, eskuarekin, eta leihoa jaitsita galdetu dit:
-Hi! Zer oporretan?
-Bai.
-Bihar gortzera edo?
-Ezin diat…
Etxera joanda, ezin hori ahal bihurtzen ahalegindu naiz, eta goiza libratzen. Mezua bidali dut Gortuko txatera:
-Nola zeate bihar goizerako? Ni prest gortzeko!
Jakin badakit Apolo Pueblon dagoela, herriko zerbeza hotzen existentziak amaitzen eta eskaladaren gainean sakon hausnartzen: zer komeni zait, deportiba edo klasika? Baltzola edo Aiztondo? Nola biziberrituko dut bloga? Zer eskainiko diet irakurleei datorren denboraldian? Nolako kamisetak aterako ditugu halako batean?…; Peloiak, berriz, nahiago du lan egin gurekin etorri baino, eta irabazitakoa erabiliko ahal du, behintzat, friend berriak erosteko… Beraz, Mutua eta biok bakarrik, eta segituan egin diot proposamena: Gokyo, Pasaian.

Mutaren erantzuna:
-Ados.
Eta ondoren, kontraproposamena, oso abila baita mutila horretan:
-Ahizpa handian Caballe egingo al diu?
Eta nirea segituan:
-No, no, no…
Egia esan, aspalditik neukan begia botata Gokyo honi, bia egingarria zirudielako, gozatzekoa, eta batez ere inguru oso ikusgarrian dagoelako: Pasaiako portuaren sarreran, Plata itsasargiaren eskuinaldean, itsasoaren gainean. Abuztutik abendura bakarrik eskalatzea dago, hegaztiengatik, eta garai onean gaude.

Goizeko zazpietan kanpaiek jo dute Parrokian eta Mutua falta Arranplan.

Mezua uasapetik, Dieciocho gogoan:
-La puntualidad es una virtud.
Etorri da eta jaso nau 07:03an, eta han abiatu gara Pasaiara. Parada egin dugu, noski, Trintxerpen, kafea hartzeko, eta gero Plata itsasargirako bidea aurkitu dugu, halako batean. Autoa bide ondoan utzi eta oinez abiatu gara errepidetik.

Bidea gora doa, suabe-suabe, eta laster ikusi dugu gure helmuga: eskuinaldetik igoko gara, bizkar gainera.

Begiratokira iritsi gara. Aurrerago, eskuinaldean, bidexka bat hartu dugu beheraka, eta basotxo batetik harraldera jaitsi gara. Handik, haitzetik haitzera, biaren hasierara.


Duda sortu zaigu, nondik hasi, bi aukera dauzkagulako: eskuinaldetk, sarrera originala doa, eta ekipatuta dago, baina ez dirudi erraza eta luzeagoa da, gainera; ezkerretik, gora, bariantea, eta sokaldi bakarrean iritsiko gara bilgunera; bigarrenaren alde egin dugu.

Lehen sokaldia landarez beteta dago, eta zikin samar erdialdean, baina ertzaren bizkarrera eraman gaitu.

Segituan konturatu gara begiekin ere gozatu handia hartuko dugula, haitzaren koloreagatik eta hartzen dituen formengatik.

Tartean, entretenimendu handia dago, atzera-aurrera dabiltzan itsasontzi, txalupa, piragua eta abarrekin.


Bigarren sokaldian, zuloz betetako plaka bertikal bat dago. Oso gustura igo gara, gozatzen, hareaharrizko haitz berezi honetatik. Inguruan, kaioak dabiltza, beraien etxean gabiltzala akordarazten.


Hirugarren sokaldia ere oso ederra da.


Hemen Mutua pausorik zailenean (5c).


Hori pasata, forma kapritxosoak hartzen ditu berriz ere haitzak.


Laugarren sokaldia erraza da, aristatik, ertz-ertzetik, zuloz jositako haitzaren gainetik.


Bosgarren sokaldia, azkena, aristaren gorenera iristeko. Hemen Mutua gora iristen:


Eta ni laugarren bilgunean:

Jaisteko, rapel bat egin beharra dago, hasieran bertikala eta azken 15 metroak airean. Apolok esango lukeen bezala, “txorizos kanpora”.


Gero, oinez, atzera lehengo basoko bidea hartu dugu, kontuz ibiltzeko moduko jaiskune batetik, eta handik lehengo begiratokira. Han zeuden mendizale batzuei eskatu diegu argazkia egiteko.

Datorren astetik aurrera, beste kontu batzuk izango dira, baina zeinek kendu guri gaur hartu dugun gozatua, itsasoari begira, haitz eder honetan?

Baltzolan, flipetan

Larunbatean, abuztuak 19, Baltzolan izan ginen Peloia, Mutua eta hirurok.

Hau egia da: Extremadurako herri txiki batean nago, hotzak akabatzen (gauerdian kalean, a la freska, 30°-tik gora) eta kronikea mobiletik idazten. Hau ez bada 6c, zer ote da 6c?

Kontua da Atxartera joateko asmoa genuela, baina Durango parean zer eguraldi geneukan ikusita, Baltzola ezagutzeko proposamena egin zigun Mutuak.

Ni, gustura; Peloia ere bai (marmar batean). Mutua eskalatzen oso ona da, mutil jatorra ere bai. Baina GPSarena egiteko ez du balio. Eskerrak bidea ezagutzen zuen. Mobilaren laguntzarekin ere kostata! Hor ez du gradurik egiten.

Autoa utzi eta gero ere, Baltzolako kobazulora eraman ordez, beste kobazulo batean sartu gintuen. Han ere bazeuden eskaladako bideak, baina banekien ez zela hura benetako Baltzolako kobazuloa.

Iritsi ginen, behintzat, halako batean. Sabai erraldoi hari begira, ez da zaila lepoko minez ateratzea. Txakur bat zegoen han bakar-bakarrik, eta Perromari jarri genion izena.

– Honeaino etorrita, zeoze probatu beharko yu, ezta? -Mutuak.

Eta horrelaxe, besterik gabe, 7b batean sartu zen. Lehen saiakeran ez zen urrunegi iritsi, bigunduta dago. Baina amore propioak indar handia du Gortun.

Atzetik, nola ez, Peloia. Marmar ugari, balizatik kanpora gabiltzak ez dakit zenbat aldiz esan, baina beti gortzeko prest. Egin zuen saiakera eta iritsi zen lekuraino iritsi zen. Horma askatu orduko, zintzilik txorixua bezala.

Nire txanda. Plafoirik ukitzen ez dudanez, ez nuen espero oso gora iristerik. Baina, gauzak nola diren: Peloia baino pixka bat gorago iritsi, eta txorizontes lejanos bihurtu nintzen.

Peloiaren pikea! Mutuaren txanda bazen ere, Peloiak soka arnesean lotu eta hauxe bota Zion Mutuari:

-Berriz probatuko diat, ezta?

Mutua hormako magnesio markak baino zuriago geratu zen. Plafoiko mutikoa, berriz, motibatuta.

Ondoren, esango zuen beste hemezortzi aldiz balizatik kanpo genbiltzala eta ez garela hara bueltatuko. Balizatik kanpora agian bai, baina bueltatuko gara, bai horixe!

Gortu!

YouTuben Peloiaren bigarren saiakera eta nire bigarrena jarri ditut. Lehenengoan azkarregi joan nintzen eta ezin zidaten grabatu. Ahal dudanean jarriko ditur hemen

Bidearen izena Ipurtzulo omen da. Zailtasuna, berriz, 7c (7b zela esan zigun Mutuak). Horregatik ez genuen lortu egitea.

 

Elosuko harrobian gortzen

Gaur gaupaseroak ikusi ditugu, aspaldiko partez. Faltan botatzen genituen. Guk ere egin genuen arrisku-kirol hori gaztetan, eta ez behin edo bitan bakarrik.

Goizeko sei terditan Peloia Larretxon jaso eta Atxarte aldera abiatu gara Mutua, Peloia eta hirurok. Deportiba gogorra egitea omen zen asmoa, “Ferrari” Peloiak esan zuen bezala.

Goiz bueltatu beharra geneukanez, Elosuko harrobira joan gara, autoa Gatzaieta baserriaren ondoko parkingean utzi ondoren, hurbilen dagoen sektorea da eta. Baina ez gara joan betiko bideak errepikatzera. Baina, hori baino lehen, gaupaseroena kontatu behar dizuet.

Zumaian ez dugu inor ikusi, baina Durangora iritsi aurretik, aurreko irteeran autobidea utzi eta Traña-Matienara joan gara kafe bat hartzera. Tabernan sartu eta gure atzetik bi gazte sartu dira.

-Egun on! Hutsa eta ebakia -nik. Inpernupe balitz “bakarrik eta ebaki” esango nuke, baina ulertze aldera horrela atera zait.

-Es que yo no sé euskera -bueltan.

Itzulpena egin diot, eta atzetik gaupaseroak:

-Hi! Kaña bat!

Ederki ulertu dio hari. Gazteekin berriketan hasi eta esan diegu zumaiarrak garela eta haiek, berriz, eibartarrak direla, Debako festetatik datozela eta trenean loak hartu eta Traña-Matienan esnatu direla. Non zeuden konturatu direnean, taberna bat aurkitu eta kitto! Akabo arazoak.

Kafea hartu, autoa hartu eta Urkiolako porturantz abiatu gara. Mañarian festak. Sumatu dut bidean bat edo beste zonbian moduan zihoala Durango aldera. Aurrena bat, gero beste bat; aurrerago, bi berriketan… Eta Mañarian kalea gaupaseroz josita.

Igo dugu portua eta Gatzaietaren ondoko parkingean utzi dugu autoa. Fresko egiten zuen artean. Sudadera eta guzti joan naiz, motxila handiarekin, hormaren azpiraino.

Berotzeko, …Landatu pague (5c, 28m) aukeratu dugu. Galoiak errespetatuz, zaharrenari utzi diogu hasten. Peloiak ez du marmarrik egin, azken aldian bezala, 5c batekin hasteagatik. Gaur inoiz baino jatorrago egon da, ez du batere marmarrik egin. Eta gortu, berriz, gero eta hobeto.

Ekin dio Mutuak.

Konturatzerako, goian zegoen.

Ondoren, Peloiaren txanda. Erraz, Peloia ere.

Eta, azkenik, ni.

Ondoren, eskubian dagoen bideari ekin diogu: Putón verbenero (6a+, 25m). Plaka batetik hasten da, eta amaieran horma bertikal bat du. Plakaren zatia Larregirekin egin nuen behin, deskuiduz bide horretan sartu ginen batean, baina eskuinera eskakeatu eta beste bide batetik iritsi ginen orduan bilgunera.

Gaur, Mutuak ekin dio. Baneukan gogoa bide hori egiteko, baina ez nuen uste ondo samar egiteko aukerarik izango nuenik.

Abiatu da Mutua.

Eta iritsi da amaierako horma bertikalera.

 

Haitza pixka bat irakurri, eta ederki pasatu du bideko zati gogorrena.

Peloia eta biok poker aurpegiarekin geratu gara. Ez zaigu oso erraza iruditu behetik ikusita. Kontuan hartu behar da kanpotik beti errazago dirudiela.

Mutuak esan digu nahi badugu soka goitik dugula eskalatzeko, burua sueltoago edukitzeko, eta hala egin dugu.

Peloiak, lehendabizi.

Eta gero, nik.

Soka goitik eduki arren, ederki egin dugu, eta gustura geratu gara. Ni bai behintzat.

Mutua ere animatuta zegoen, eta Abiadura handiko trena KK (6b+/c, 30m) bideari ekin dio. Plaka fin-fin bat, tripatxo batekin. Ederra benetan.

Ekin dio.

Pauso finenera iritsi denean, ez du haitza behar bezala irakurri, eta eskuinerantz jo du. Une jakin batean ez aurrera ez atzera geratu, eta buelo txiki bat jo du. Ondoren, ezkerrerantz hartuta, ederki pasatu du.

Ondoren, Peloia, top-ropean. Eta batere kexatu gabe, gainera!

Pauso finean, saiakera batzuk egin ditu, baina ez du etsitzeko jarrerarik agertu une bakar batean ere. Azkenean, iritsi da bilgunera.

Ondoren, nire txanda. Ni ere ondo ibili naiz, eta gainera, pauso fina di-da pasatu dut. Harrituta utzi ditut biak. Gero kontatu diet, sokaren tentsioa aprobetxatuz, esku batekin sokari tira eta paretean ederki itsatsita geratu naizela. Eta horregatik pasatu dudala hain ondo pausoa.

Erlojuaren aurka genbiltzanez, trasteak jaso eta autora. Eskerrak, dagoeneko nire sorbaldak eguzkitan erretzen hasita zeuden eta.

Mutuak esan du gaur baietz, gaur gortu dugula, ez gerala ibili trepadak egiten. Gustura ibili garela ez dago zalantzarik.

Frontonean tragoa hartu, kroketa eder batzuk eta errabak jan eta etxera.

Gortu!

 

Bueltatu gara!

Aspaldian beste eginkizun batzuek kateatuta eduki naute, eta ezin izan dut eskalatu Atxartera joan ginenetik (ikus hemen). Jarraitu, jarraitu ditut beste gortukideen eskaladak eta gorabeherak (eneeeeeeeee!!! Zenbat hitz eta indar alferrik galtzen den uasapeko mezuetan, eta zer esanik ez Frontonako terrazan), eta baneukan gogoa berriz ere pixkanaka normalidadean hasteko, gortzeko.
Peloiarekin topo kontzentrazioan, asteartean.

-Hi, eiak bakarrik laga beste bi hoiekin!
-Zer dek, Pelon, zer dek?
-Jarduna! Bi hoiek zikek… Puztu egiten dituk, laineztu… Hau egin behar diu eta bestea, eta bestea…
-O, Pelon, o, Pelon…
-Eiak bakarrik laga beste bi hoiekin.
Hizketan hasita, dida egin genuen plana, gaurko, ostegunerako. Biok oporretan, eta Peloiak “Susi” egiteko zeukanez, Eginora joango ginela. Luzitzeko aukera eman behar zaio mutilari, hainbeste ordu rokodromoan entrenatzen pasata.

Halako batean, hara non ikusten dugun Apolo, gure sekre, kontzentrazioaren beste muturrean.
-Oyes, eskalatzera, ostegunean?
-Ezin diat, lan egin behar diat, fiufiu eta blabla…
Total, Peloia eta biok geratu ginen gaurko, 06:00etan Arranplan. Bai, oso goiz da, baina berandu joanez gero, eguzkiak berotu egiten du Eginon. Berotu, kazula, kazula.
Jaso nau Peloiak, eta han joan gara, autopistan barrena Gasteiza, eta gero Egino aldera. Bidean, behelainoa eta tarteka euri-tantaren bat, eta ohiko konbertsazioak: semeak gasolinarik gabe utzi diola kotxea, eta parada Itziarren; Euskadi Irratiko notizien editorea lotan egongo dela oraindik, ez dutelako ezer ere esan Urkulluren gainean…

Herrian gaude, 07:00etan.

Goizeko 07:00ak. Peloia belaunikatuta paretaren aurrean, Meca aldera errezatzen bezala…

Giro ederra eskalatzeko, eta han abiatu gara paretetara. Cujo bizi den etxearen ondotik isil-isilik pasa gara, baina ez zegoen zakurraren arrastorik.

“Aldapan gora…”. Untzak abesten du, ezta?

Paretaren azpialdean jarrita, trasteak prestatu eta 08:00ak aldera hasi gara eskalatzen. Beldur nintzen enkordatzeko korapiloa ahaztu egingo ote zitzaidan, baina ez…

Ni hasi naiz, bigarren sokaldia (zailena) Pelon Gullichi “uzteko”.

Hau bai erne aeguratzen!!

Ez duzue nire argazki askorik aurkituko kronikean. Izan ere, Peloia kamerarik gabe etorri zaigu, beste hark esaten zuen bezala, “Porque es peso de más”. Pentsatzen ari omen da mobila erostea, baina hori bere printzipioen kontra omen doa eta fiufiu eta blabla.

Bigarren sokaldia oso ederra da, plaka bertikal batean gora. Peloia hasi eta ematen  zuen bolbora zeukala atzamarretan! Zer den plafoiko errege izatea!

Hasieran

Erdialdean

Gorago

Ia goian

Bilgunera iritsita, betiko zalantzak. Hemen krokiseari begira, zerbait kusiko balu bezala…

Pelon, non dituk anteojuak?

Tarte bat oinez egin eta hurrengo sokaldirako prestatu naiz.

-Pelon! Atera beharko didak, ba, argazkiren bat!

-Asmatzen badiat…

Hauxe emaitza:

Ni ere izan naiz eskalatzen! Hemen froga.

Ondoren, laugarren sokaldia:

Laugarren sokaldia tente hasten da, eta oso ederra da.

Eta oinez 80-100 metro inguru eginda, azken sokaldi zailari ekin diogu. Hemen Peloia bilgunera iristen:

Kuku!!! Ezetz harrapatu!!!

Eta zer pozik gure mutila gora iritsi denean!

Altxa ukabila!!

Eskua eman, eta pentsatu dut diferentziko ederki gaudela, hemen izan ginen azkeneko aldiarekin  alderatuta (ikusi Apoloren kronikea hemen). Apolo ia erdi hil zitzaidan aurrekoan, deshidratatuta eta plakiak jota, eta oraingoan bidean gora gindoazela ura edan eta barritak jan ditugu; gainera, badaezpada ere, bukatutakoan, zerbeza bana, hobeto hidratatzeko.

Peloia sokak zenbat neurtzen duen kontatzen: metro bat, bi metro…

Gora irten, eta oinez joan gara Aztorearen ondoko jaiskunera.

Ez, ez da Usain Bolt. Peloia esplikatzen ari da tirolina nola jarri behar den. Orona, noizko tirolina?

Bidetik basora jaitsi, onddo-arrastorik ez zegoela egiaztatu eta makila bana hartu dugu, badaezpada ere, gure zakur madarikatuari aurre egiteko.

Ederki aldatu da itxura bost orduan…

12:00. Ordu ederra! Apolori uasapa jarri diogu, 13:00etan, Frontonan, trago bat hartzeko, eta han geneukan zain, fin-fin mutila.

-Oyes, kamiseteak? Atzean marrazkiarekin? Tiranteduna beltza? Zozesano…

Baina hori kontatuko du gure sekrek, hurrengo kronikean…

Gortu!!