Elosuko harrobian gortzen

Gaur gaupaseroak ikusi ditugu, aspaldiko partez. Faltan botatzen genituen. Guk ere egin genuen arrisku-kirol hori gaztetan, eta ez behin edo bitan bakarrik.

Goizeko sei terditan Peloia Larretxon jaso eta Atxarte aldera abiatu gara Mutua, Peloia eta hirurok. Deportiba gogorra egitea omen zen asmoa, “Ferrari” Peloiak esan zuen bezala.

Goiz bueltatu beharra geneukanez, Elosuko harrobira joan gara, autoa Gatzaieta baserriaren ondoko parkingean utzi ondoren, hurbilen dagoen sektorea da eta. Baina ez gara joan betiko bideak errepikatzera. Baina, hori baino lehen, gaupaseroena kontatu behar dizuet.

Zumaian ez dugu inor ikusi, baina Durangora iritsi aurretik, aurreko irteeran autobidea utzi eta Traña-Matienara joan gara kafe bat hartzera. Tabernan sartu eta gure atzetik bi gazte sartu dira.

-Egun on! Hutsa eta ebakia -nik. Inpernupe balitz “bakarrik eta ebaki” esango nuke, baina ulertze aldera horrela atera zait.

-Es que yo no sé euskera -bueltan.

Itzulpena egin diot, eta atzetik gaupaseroak:

-Hi! Kaña bat!

Ederki ulertu dio hari. Gazteekin berriketan hasi eta esan diegu zumaiarrak garela eta haiek, berriz, eibartarrak direla, Debako festetatik datozela eta trenean loak hartu eta Traña-Matienan esnatu direla. Non zeuden konturatu direnean, taberna bat aurkitu eta kitto! Akabo arazoak.

Kafea hartu, autoa hartu eta Urkiolako porturantz abiatu gara. Mañarian festak. Sumatu dut bidean bat edo beste zonbian moduan zihoala Durango aldera. Aurrena bat, gero beste bat; aurrerago, bi berriketan… Eta Mañarian kalea gaupaseroz josita.

Igo dugu portua eta Gatzaietaren ondoko parkingean utzi dugu autoa. Fresko egiten zuen artean. Sudadera eta guzti joan naiz, motxila handiarekin, hormaren azpiraino.

Berotzeko, …Landatu pague (5c, 28m) aukeratu dugu. Galoiak errespetatuz, zaharrenari utzi diogu hasten. Peloiak ez du marmarrik egin, azken aldian bezala, 5c batekin hasteagatik. Gaur inoiz baino jatorrago egon da, ez du batere marmarrik egin. Eta gortu, berriz, gero eta hobeto.

Ekin dio Mutuak.

Konturatzerako, goian zegoen.

Ondoren, Peloiaren txanda. Erraz, Peloia ere.

Eta, azkenik, ni.

Ondoren, eskubian dagoen bideari ekin diogu: Putón verbenero (6a+, 25m). Plaka batetik hasten da, eta amaieran horma bertikal bat du. Plakaren zatia Larregirekin egin nuen behin, deskuiduz bide horretan sartu ginen batean, baina eskuinera eskakeatu eta beste bide batetik iritsi ginen orduan bilgunera.

Gaur, Mutuak ekin dio. Baneukan gogoa bide hori egiteko, baina ez nuen uste ondo samar egiteko aukerarik izango nuenik.

Abiatu da Mutua.

Eta iritsi da amaierako horma bertikalera.

 

Haitza pixka bat irakurri, eta ederki pasatu du bideko zati gogorrena.

Peloia eta biok poker aurpegiarekin geratu gara. Ez zaigu oso erraza iruditu behetik ikusita. Kontuan hartu behar da kanpotik beti errazago dirudiela.

Mutuak esan digu nahi badugu soka goitik dugula eskalatzeko, burua sueltoago edukitzeko, eta hala egin dugu.

Peloiak, lehendabizi.

Eta gero, nik.

Soka goitik eduki arren, ederki egin dugu, eta gustura geratu gara. Ni bai behintzat.

Mutua ere animatuta zegoen, eta Abiadura handiko trena KK (6b+/c, 30m) bideari ekin dio. Plaka fin-fin bat, tripatxo batekin. Ederra benetan.

Ekin dio.

Pauso finenera iritsi denean, ez du haitza behar bezala irakurri, eta eskuinerantz jo du. Une jakin batean ez aurrera ez atzera geratu, eta buelo txiki bat jo du. Ondoren, ezkerrerantz hartuta, ederki pasatu du.

Ondoren, Peloia, top-ropean. Eta batere kexatu gabe, gainera!

Pauso finean, saiakera batzuk egin ditu, baina ez du etsitzeko jarrerarik agertu une bakar batean ere. Azkenean, iritsi da bilgunera.

Ondoren, nire txanda. Ni ere ondo ibili naiz, eta gainera, pauso fina di-da pasatu dut. Harrituta utzi ditut biak. Gero kontatu diet, sokaren tentsioa aprobetxatuz, esku batekin sokari tira eta paretean ederki itsatsita geratu naizela. Eta horregatik pasatu dudala hain ondo pausoa.

Erlojuaren aurka genbiltzanez, trasteak jaso eta autora. Eskerrak, dagoeneko nire sorbaldak eguzkitan erretzen hasita zeuden eta.

Mutuak esan du gaur baietz, gaur gortu dugula, ez gerala ibili trepadak egiten. Gustura ibili garela ez dago zalantzarik.

Frontonean tragoa hartu, kroketa eder batzuk eta errabak jan eta etxera.

Gortu!

 

1 thought on “Elosuko harrobian gortzen

  1. Uauuuuu!!! Pozgarriya berriz ere martxan ikustea.
    Noain, postureoko argazki horietan, ez al daude puebloko eta somiedoko kilotxo batzuk gehiago? eta mutuak buelua? nomelopuedo icreer!!!
    gortu, motellak!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude