Gazteak Labarganetan

Gaur, urriak 8, Labarganetan izan gara Peloia eta biok.

Hotz handia egin behar omen zuen gaur goizean, eta horrexegatik, goizeko 8etan arranplan geratzeko proposamena egin nion atzo Peloiari.

Gauzak nola diren. Goizeko zazpietan edo zazpi terdietan geratzen ginenean, ez genuen ia inor ikusten kalean. Gaupaseroren bat entzun, gehienez ere. Gaur, berriz, jendea saltaka, beste batzuk mendira, polizia guri begira… Berriz ere goizago geratzen hasi beharko dugu.

Dena dela, zaharrek kale egin badute ere, gortuko bi gazteenak han abiatu gara Atxarte aldera. Gatzaietan autoa utzi, eta goizeko freskurarekin (eta ni motxila handiarekin) Labarganeta sektorera. Guretzat bakar-bakarrik izan dugu goiz osoan.

Sektorearen ezkerreko aldera joan gara eta berotzeko 3. bidea egin dugu. Ilunbe (5a, 25m).

Peloia hasi da.

Giro mundiala, haitz itsaskorra eta helduleku ezin hobeak.

Azkar egin dit ihes gorantz.

Mañariatik Urkiolarako bidean geratzen den mendi honek atentzioa eman izan dit beti.

Gorbeia ere ederki ikusten da. Haren mendebaldean dagoen Itxiña esploratzera joateko esaten diot Peloiari. Ea laster joaten den.

Jaitsi da Peloia eta ni igo naiz gero. Ez dit argazkirik atera, oso gaizki ateratzen naiz eta.

Ondoren, eskubirantz  jo dugu eta 4. bidean sartu da Peloia, baliente-baliente: Ekin (6a+, 5c, 22 m). Lehen pausoa da zailena, baina ederki egin du, rokodromoan horrelako pausoak imitatu ezin direla jakinda. Adherentzia fina. Argazkian, hasierako pauso fina pasa ondoren. Eskuinean, sekulako sabaia dago.

Hortik gora, disfrutatzekoa. Ederki disfrutatu ere.

Jaitsi da, eta han joan naiz ni ere fin-fin.

Eskuinera jo dugu segidan. Sabaian biderik ez dagoenez (zorionez, gogorregia izango litzatekeelako bestela), hurrengo bidera jo dugu: Germinator (6a, 32m).

Oraingoan ni hasi naiz. Hasieran tente samar jartzen da, eta bigarren txaparen parean bustita zegoen. Ondo samar pasatu dut, hala ere. Lehendik ere eginda neukan Larregirekin (duela dozena bat urte edo).

Ondoren, Peloia joan da. Egun osoan fuerte ibili bada ere, bide honetan sufritu du gehien. Eta ni harrituta. Izan ere, bideak bazituen heldulekuak, baina Peloia hobeto moldatu da gaur adherentzian.

Argazkian ikusten da bustita zegoen zatia.

Beste pauso bat eman dugu eskuinerantz, eta ondorengo bidean sartu gara: JO.TA.KE (6a, 32m). Berriro ere nik ekin diot.

Bigarren txapatik aurrera plaka liso-liso bat zeukan, baina eskuinetik egin eta ezkerrera trabesia txiki bat eginda, ez zen hain zaila. Halaxe egin dut, baina zalantzan geratu naiz. Gorago, sekulako gozatua hartu dut organo-tutu eder batzuetan. Lastima argazkirik ez izatea, ikusgarriak dira eta. Eskuentzat kasik heldulekurik ez, eta oinak kanalean ondo jarri eta kontu handiz egin behar gora. Gozada hutsa. Niretzat eguneko onena izan da (bazkaria aparte utzita).

Ekin dio Peloiak ere. Peloia, plafoia, kanpeoia.

Jaitsi denean, soka atera aurretik esan diot aseguratzeko, plaka zuzenan probatu nahi nuela eta. Probatu dut. Baita egin ere. Baina, Peloiak segituan bota du enmienda:

-Adam Ondra ematen huan! Horko purrusta eta burrunda.

Ez dakit bidea plakatik zuzen egin behar den edo ez. Baina, zuzenean egin behar bada, 4. bideko 6a+-eko plaka baino zailagoa iruditu zait.

Berdin dio. Goiz ederra pasatu dugu gortuko bi gazteok. Zaharrak zertan ibili diren ez dakigu. Gu bitartean, G O R T Z E N ! ! !

 

 

Erantzun bat “Gazteak Labarganetan” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude