Xabier, Xabier eta Imanol gabe

Gauza handia da astegun buruzurian eskalatzea. Hala esan dit Peloiak gaur, behin eta berriz.

Asteartean, Peloiaren mezua:

-Ostiralian jai zikat! Gortu, no?

Segituan pentsatu nuen lana ostiral arratsalderako eta larunbat goizerako uztea, eta baiezkoa eman nion. Larregik eta Mutuak lana egin behar omen zuten.

Goizeko 8:15ean egin nuen hitzordua Peloiarekin arranplan. Jaso dut (pixka bat beranduxeago) eta Eginorantz abiatu gara.

Peloiak:

-Larregi ikusi diat. Esan zioat “etorri hai, etorri hai”. Baina, alperrik.

-Baten batek egin beharko dik lana, friendak erosteko!

Zumaian eguraldia triste samar zegoen, baina Arrasate parean oskarbi zegoen.

Araban, berriz, behe-lainoa. Baina, ikusten zen lau metroko altueran erabat garbi zegoela. Iritsi gara Eginora, betiko lekuan aparkatu, eta hormara, giro ederrarekin. Fresko zegoen, 8ºC edo, baina batere haizerik ez eta atsegina zegoen. Bidean ederki berotu ondoren, gaurkoan erraz aurkitu dugu bidearen hasiera.

Krokisak dioen moduan, XA dago margotuta gorriz bidearen hasieran. Trasteak atera eta galdera bota diot Peloiari (krokisa estudiatuta ekarri duen edo ez jakiteko):

-Heu hasiko haiz edo nahiago dek ni hastia?

-Berdin zikak.

-Hasten danak diedroko largua libratu iten dik.

-Berdin zikak.

-Hasi heu orduan!

Eta halaxe, soka lotu eta ekin dio bideari zintzo-zintzo.

Ieeeeepa!

Atzo, frotonean garagardo bat hartu genuenean, gaurko logistika prestatzeko, serio-serio esan zidan Peloiak:

-Gainera bihar argazki kamara eramango diat!

Baina, ezin izan du. Kamara aurkitu bai, kargatu ere bai, baina sukaldeko mahai gainean geratu omen da. Hurrengoan izan beharko du.

Iritsi da bilgunera eta han abiatu naiz ni ere.

Bigarren luzea niretzat. Izerdi ederrak bota ditut. Horma tente-tente jartzen den lekuan, helduleku bila hasi eta berehala nabaritu dut besaurretako nekea.

Bukatu dut eta argazkia atera diot Peloiari bigarren bilgunetik.

Aurrera begira, hirugarren luzeak igarotzen duen horma ederra neukan.

Baina, hara iristeko zaldi gainean joateko aulki moduko bat pasatu behar da. Han joan da Peloia eta hirugarren luzearen hasierako bilgunean kateatu da.

Iritsi naiz ni ere, eta Peloiak ekin dio luzeari, bere txanda zen eta.

Hemen luzeko pauso finean.

Eta gorago.

Bilgunea prestatu eta iritsi naiz ni ere. Bigarrena baino hobeto egin dut hau.

Ondoren, katu-hanken ordez zapatillak jantzi ditugu, zati bat oinez egin behar da eta. Eta hara zer ikusi dugun bilgunearen ondoko arte batean zintzilik.

Hor bai dagoela jardunerako gaia.

-Hau putakumeren batek kendu ziok lagun bati eta hor laga dik zintzilik!

-Auskalo, baina hamaika ipuin egin daitezke honen kontura. Hor daukazue gaia, Larre eta Wali, nahi duzuen doinu eta neurrian hiruna ipuin idazteko.

Peloia bilgunean, eta ni zapatilaren ondoan, argazkia ateratzen. Eskerrak nik behintzat ateratzen ditudan.

Hurrengo luzea 6a-ko diedroa. Ederki egin dugu txapa (nahi gabe) zapalduta.

Berriro beste zati bat oinez, lehen baino laburragoa, eta bosgarren luzera Peloiarentzat.

Pose bat eta gora.

Ordurako eguraldia nahiko goibel zegoen.

Iritsi naiz ni ere, eta esan diot Peloiari zapatilak janzteko. Neuk ere jantzi ditut, eta soka jaso dut bitartean.

-Orain, tartetxo bat oinez III-ko pauso bat eta goian gaituk -esan diot.

-Aiba dios! Han goian jendia ziok!

Hasieran pentsatu dugu eskaladako ikastaroren batekoak edo izango zirela, eta adibide txarra ez emate aldera, soka berriro lotu eta han dagoen parabolta txapatuz amaitu dugu bidea.

Irakasle bat zegoen, eta ia dozena bat ikasle. Irakasleak bota dit:

-Esta cuerda no es muy nueva, ¿no?

-Tampoco es vieja -nik bueltan- ¿Cuanto tiempo le echas?

-No sé. Pero está en buen estado de conservación.

Zikin samarra bai, baina zaharra nola egongo da ba. Oraindik bi urte ere ez ditu egin eta.

Altsasukoak omen ziren, ikastetxe bateko Guía de media montaña moduluko ikasleak eta irakasle bat. Praktikak egiten aire zabalean. Gaztetan horretan jardun izan bagenu (orduan ez zegoen horrelakorik) akaso ikasle onak izatera ere iritsiko ginen. Batek daki.

Argazkia ateratzeko baimena eskatzea pentsatu dut, baina irakasleak ez zuen atsedenik hartzen, eta azkenean, pixka bat urrundu eta argazkia atera diet, lotsagabe-lotsagabe.

Haiei agur esan eta beherako bidea hartu dugu.

Oraindik ere tirolinarik ez dagoela ikusi eta oinez jaitsi behar izan dugu. Autoa hartu eta zuzenean frontonera, garagardoa hartzera.

Hurrengoan gehiago. Gortu!

 

3 thoughts on “Xabier, Xabier eta Imanol gabe

Utzi erantzuna Wali(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude