Badoa 2017

Eta azkar-azkar gainera.

 

9b ez dugu inoiz egingo, baina 9ko txikiko bertso ziztrin bat bai:

Dinosauroak gortzen
urtea igaro.
Egindako gehiena
blogean dago.
Laurok gozatu dugu
kirolaz harago,
ondoren frontonean
hartuta bi trago.
Urtea oparo
joan da eta nago
gustura zeharo.
Aurtengoz akabo.
Hurrengoan hobeto
eta gehiago

Arista de los caracoles

Bizi gara, bai. Konturatu naiz ia bi hilabete joan zaizkigula kronikarik idatzi gabe. Baina, hemen gara berriro ere. Presidente eta guzti, gainera. Laugarren elementua bakarrik falta zitzaigun.

Eginon dago Arista de los caracoles bide ezaguna, eta hara jo genuen igande goizean Larregi, Peloia eta hirurok, gure olentzero partikularraren bila.

Goizeko zazpiretan geratu ginen Arranplan. Jaso nituen zintzo-zintzo eta Eginorantz abiatu ginen. Arrasate parean Peloia niri adarra jotzeko gogoarekin ikusten nuen, baina artean ez zuenez argitu (ezta gutxiagorik ere), alferrik hasi zen Anboto ikusi nahian. Handik pasatzen garen bakoitzean “Han Anboto; han Mari Urrika” entzuten dut, eta ez dakit oso seguru zergatik.

Araban sartu orduko behe lainoa askoz ere trinkoagoa zen. Eginoko irteera justu-justu ikusi, herrira iritsi eta betiko lekuan utzi genuen autoa.

-Oraindik ez dik egunak argitu! Zertara etorri gaituk hain goiz?

-Lasai! Eguna ondo argituta egongo dek, bidearen hasierara iristerako. Eta, gainera, Kujo oraindik lo egongo dek.

Basoa dezente lokaztuta zegoen, eta zuhaitz eta adar ugari zeuden hautsita.

Basotik ateratakoan, dotore agertzen da zazpigarren monolitoa.

Handik aurrera, hala ere, dezente egin behar izaten da oinez gora, bidearen oinera iristeko.

Basoa ez ezik, nabarmena zen haitza ere bustita zegoela. Eskerrak aukeratutako bidea erraza zen. Bestela, haitza bustita egonda, tarte batzuk oso irristakorrak bihurtzen dira.

Peloia hasiko zela erabaki genuen. Lehen bi luzeak aurretik egin zituen, eta Larregi eta ni joan ginen atzetik.

Hasi baino lehen, erronka bota nion:

-Klabija txapatu gabe uzten duena zerbeza pagatzera!

-Konforme! -Peloiak.

Azkenengoan, klabija ikusi ez eta gora jarraitu zuen, baina igandean ez zuen hutsik egin.

Ni, atzetik.

Eta hirugarrenik, Larregi.

Bigarren luzean.

Betiko lekuan jarraitzen du fisureroak, Peloia argazkian dagoen lekuan. Ondo baino hobeto sartuko zuen norbaitek, eta orain ezin atera. Saiatu ere ez ginen egin. Garai batean berehala utziko genuke…

Iritsi ginen Larregi eta biok ere bigarren luzearen pasarte ederrenera.

Horrela ikusi gintuen Peloiak bilgunetik.

Kaskorik gabeko buru txiki hori nirea da. Kaskoa autoan ahaztu zitzaindan; burua ez, gorputzari itsatsita dagoelako.

Hirugarren eta laugarren luzean, Larregi izan genuen sokaburu.

Ni aseguratzen, eta Peloia, argazkilari.

Badoa.

Larregi guri argazkia ateratzen.

Irudi ederrak goitik behera begira.

Larregi laugarren luzearen hasieran.

Bosgarren luzearen hasieran, neu jarri nintzen sokaburu, azken bi luzeei ekiteko. Hortik aurrera horma lehorra zegoen, eta giro mundiala geneukan Arabako laino-itsasoaren gainean.

Hasi orduko amaitzen da luze hori. Berehala neuzkan biak ondoan, bilgunean.

Seigarren luzeari ekin nion.

Halako batean konturatu nintzen seguru arteko tartea dezente handitzen ari zela, baina ez zidan atentzioa eman, tarte hura oso erraza delako. Hurrengo segurua txapatu eta zatirik politenera iritsi nintzen.

Gora iritsi eta azken bilgunea muntatu nuen, lagunak igotzen hasteko.

Peloia hasi zen ondoren.

Halako batean, Peloiak:

-Hi! Hemen klabija bat txapatu gabe utzi dek! Zerbeza pagatzera!

-Frontonean, nere kontu!

Han etorri zen Larregi ere.

Bideoan argi eta garbi geratu da A0 egiteko aukera eder bat alferrik galdu duela. Horrela ez dek “Urteko A0 onena” Gortu Award lortuko! Ea hurrengo urterako antolatzen ditugun Gortu Awards mundialak. A0 onena, hegaldi onena, ahaztu in zikak onena

Hirurok gora heldu ginenean, banderolak hartu eta argazki batzuk atera genituen, presoen aldeko martxan Inda Mendira joan ezin izan genuenez, gure ekarpen txikia egiteko asmoz.

Araba bizkarrean dugula.

Eta Nafarroa bizkarrean dugula.

Mendiaren azken metroak igo eta Egino eta Ilarduia bereizten dituen mugarri bitxi bat dago. Haitz batean jarritako metalezko xafla bat da.

Eskuin aldera hartu, eta Usoa eta Aztorearen ondoko beherako biderantz jo genuen.

Handik behera, izerdi patsetan. Eguzkia atera orduko berehala berotzen da leku hura. Egun hotzetan ere, normalean izerditu egiten gara.

Beste behin ere, tirolinaren beharra sumatu genuen.

Irudi ederrak beherakoan.

Bueltan, Kujo despistatu samar ibiliko zen, baserria atzean utzi arte ez baitzen harrera egitera agertu.

Autoan sartu eta zuzenean frontonera. Agindutako zerbeza ordaindu nien, eta Ibanen kroketa ederrak jan ondoren, atzera Arranplan utzi nituen, goizean jasotako lekuan.

Ea urtea amaitu baino lehen azkena egiteko aukerarik badaukagun.

Gortu!