Aritxulegin, hila bukatzen

Asteazkena dela aprobetxatuz, Aritxulegira joan gara gaur arratsaldean Peloia eta biok.

Astegun buruzurian eskalatzeak ematen duen plazerarekin puztu-puztu eginda, Aritxulegiko Tetxo sektorea izenekora jo dugu zuzenean. Izerditan iritsi gara. Hura zen giroa!

Hasteko, Detranki (5b, 25m) bidea aukeratu dugu. Larregirekin joaten nintzenean, normalean bera hasten zen eskalatzen. Hori izaten zen inertzia. Eta Peloiarekin ere aspaldian kontu bera izaten genuen: Peloia hasi eta nik jarraitu.

Baina gaur:

-Hi hasiko al haiz?

-Nahi badek heu hasi.

-Nahekena.

Eta ilundu baino lehen, neuk ekitea erabaki dut. Hasieran sentsazio arraroak izan ditut, baina poliki-poliki iritsi naiz bilgunera.

-Hire esku, romanesku! -bota diot kontsigna Peloiari, ni jaisten hasteko moduan dagoela jakinarazteko.

Igo du ondoren Peloiak, eta pixka bat beherago dagoen Puka (5a, 20m) bidean sartu gara. Berriro ere nik egin dut lehendabizi, txandarekin jarraitzeagatik, eta ondoren, Peloiak.

Biok bakarrik geundenez, eta hasiera batena kronika egiteko asmorik ere ez nuenez, argazkirik ere ez dugu atera. Baina, bai bideo bat Puka bidearen amaierara iristen ari zela.

 

Handik Enarri sektorera jo dugu. Badago han Aialde (5c, 15m) izeneko bide bat, lehenago ere arazoak eman zizkiguna. Behin, Peloiak erortzean mina hartu zuen orkatilean. Beste batean, Mutuarekin izan ginen, eta orduan egin genuen, ondo kostata, hark zintak jarri ondoren.

-Bide hori madarikatuta ziok! Ondokua egingo diagu.

Eta, horrelaxe, Gure ametsak (5c, 15m) bideari ekin diot. Jaisterakoan ondoko bidearen lehen bi expresak jarrita utzi ditut. Peloiaren txanda. Peloiak ere arazorik gabe egin du. Eta jaitsi dudanean, bide madarikatuari ekin diot, baina ataskatuta geratu naiz berehala. Asegurua gerriaren parean neukanez, ezin esan buelorik egin dudanik ere. Baina han ibili naiz, postura egokia aurkitu ezinik.

Peloiari utzi diot, eta erraz samar atera du pausoa. Hala ere, handik irtendakoan jadanik eginda zeukala esaten nion, baina artean ez zebilen fin. Garbi pasatu da, hala ere. Jaitsi dut, eta nik ekin diot berriro ere.

Bigarren saioan, borroka dezente egin ondoren, pasatu ditut ditxosozko bi expresak eta helduleku onari heltzera nindoanean, ukalondoarekin irtengune bat jo eta behera. Baina asegurua bertan neukanez, metro eskas bat ere ez da izan.

Segi, berriro ere. Banindoan handik aurrera, jadanik lasaiago. Hirugarren asegurua txapatu, eta laugarren asegurua txapatu behar nuenean, heldulekua hautsi zait.

Peloiak harri zati bat ikusi omen du erortzen, eta atzetik Gortuko kamiseta bat gorputz kaskodun bati atxikita. Vueling.

Orduantxe altxatu da Peloia bere eserlekutik, eta ni ere nahiko gertu geratu naiz. Gainera, azken unean, soka hormatik kanpo aldera geratzen zenez, harekin kateatu eta buelta eman dut. Buruz behera geratu naiz pare bat segundo, salamancako txorizoak egoten diren moduan. Buelta eman, Peloiari begiratu, eta hark:

-Earra inbentua gri-gria! Ez nian espero hor erortzerik!

-Nik ere ez!

Heldulekua hautsi denean, une batez pentsatu dut non ote zegoen azken asegurua, baina pentsatzen bukatu baino lehen behean nengoen.

Berriro ekin, bidea bukatu eta behera jaitsi nau Peloiak. Orduantxe, mendebala sartu da eta asko freskatu du kolpetik.

-Bestela ere nahikoa eginda geunden, baina goazen Arritxulora zerbeza bana hartzera!

Eta horixe egin dugu. Zumaiara iritsitakoan, ohitura zaharrari jarraituz, Aitzuri frontonean kaña bana hartu eta kanpoan eseri gara.

Eta halako batean:

-Hara! Zer ari zarete, bertsotan? -Joanito Dorronsorok, adar joka.

-Hik jarri puntua, honek erantzungo dit, eta nik txalo joko -Peloiaren erantzuna.

Gaztetzen ari garela esan digu Joanitok, eta berak ere itxura ederra duela erantzun diogu, halakoxea du eta. Bejondeizula, Joanito!

Ea Larregi eta Mutua ere inguratzen zaizkigun halako batean. Gaur bertan Loperekin egin dut topo, eta berriro ere eskalatzera joan behar dugula aipatu dugu.

Gortu! Ez biundu!

 

 

 

Aritxulegin, urtea hasten

Kostata, baina egin dugu urteko lehen saioa. Benetako Eskual Herriya, Santa Krutz apaiza gau batian Azpeitiraño juten huan… Garbi dago Aritxulegin egon ginela atzo.

Esaten nion Peloiari ez nuela uste iganderako haitza lehortuko zenik, baina badaezpada ere, Aritxulegira joatea pentsatu genuen.

-Besterik ez bada, mendi buelta (vuelta de monte) egingo diagu- bota zidan Peloiak.

-Txabalitoik ez al dago prest gurekin etortzeko?

Bati eta besteari esan, eta atzo goizean, Axi eta Lope agertu ziren Peloiarekin batera.

Aritxulegira iristean, Basurdeen begiratokia bustita zegoela ikusi genuen. Autoa Arritxulo aterpetxean utzi eta Fuxina sektorera abiatu ginen. Goiz osoan, gu bakarrik egon gara eskalatzen. Jendea mendian bai, baina eskalatzen geu bakarrik.

Bide batzuk erabat blai zeuden, eta lurrean ere lokatza baino gehiago ura ikusten zen leku askotan. Krokisa begiratu eta Peloia eta Lope 1. bidera abiatu ziren (Urwtan 4b), eta Axi eta biok, 7. bidera (Mitxi, 4c).

Ondoren, gominolaren bat jan eta bideak trukatu genituen. Ordura arte, binaka eskalatu genuenez, ez genuen argazkiak ateratzeko tarterik hartu.

La pasada (5b, 20m) bidea aukeratu genuen ondoren. Koskatxo bat du hasi eta berehala eta horixe da bidearen zailtasun handiena.

Peloiak ekin zion. Hor dago koskaren azpian.

Rokodromoan zaildutako gizonarentzat, gauza erraza.

Eta konturatzerako, eginda.

Gero, Lopek ekin zion, soka goitik zuela.

-Hau dana bizkarrera altxatu behar al da?

-Ez, gainetik pasatzen bahaiz, nahikoa dek!

Bai pasatu ere.

Bukatu, eta behera.

Nire txanda, ondoren.

Koskak koska…

Aurrera.

Eta Peloia aseguratzen.

Bukatzeko, Axiren txanda.

Iritsi zen koskara, eta han ibili zen pixka batean borrokan.

Peloiak gauza bat esaten zion, nik beste bat, eta hark ahal edo nahi zuena egiten zuen. Eta ditxosozko pausoa pasatu ezin.

-Ez dek ezer, motel! Hurrengoan konturatu gabe egingo dek.

Ez zen oso gustura geratu, baina saiatu ginen animatzen, horrelakoak denoi gertatzen zaizkigu eta.

Orduak aurrera zihoazela eta, Arritxulora joan ginen zerbezatxoa hartzera.

-Gaur bai musika ederra! -Peloiak- Bertan bazkaltzen geratzeko gogoa ematen dik!

Baina Zumaiara bueltatu ginen, zintzo-zintzo. Bidean sagardotegiren batera joateko ideia ere atera genuen, etxean bazkaldu behar genuela jakin arren.

Axi eta Loperekin oso gustura. Esan genuen berriro ere elkartu behar dugula, gutxienez Basurdeen begiratokia eta Txindokiko ertza egiteko. Ea lehenbailehen den!

 

Gortu!