Aritxulegin, hila bukatzen

Asteazkena dela aprobetxatuz, Aritxulegira joan gara gaur arratsaldean Peloia eta biok.

Astegun buruzurian eskalatzeak ematen duen plazerarekin puztu-puztu eginda, Aritxulegiko Tetxo sektorea izenekora jo dugu zuzenean. Izerditan iritsi gara. Hura zen giroa!

Hasteko, Detranki (5b, 25m) bidea aukeratu dugu. Larregirekin joaten nintzenean, normalean bera hasten zen eskalatzen. Hori izaten zen inertzia. Eta Peloiarekin ere aspaldian kontu bera izaten genuen: Peloia hasi eta nik jarraitu.

Baina gaur:

-Hi hasiko al haiz?

-Nahi badek heu hasi.

-Nahekena.

Eta ilundu baino lehen, neuk ekitea erabaki dut. Hasieran sentsazio arraroak izan ditut, baina poliki-poliki iritsi naiz bilgunera.

-Hire esku, romanesku! -bota diot kontsigna Peloiari, ni jaisten hasteko moduan dagoela jakinarazteko.

Igo du ondoren Peloiak, eta pixka bat beherago dagoen Puka (5a, 20m) bidean sartu gara. Berriro ere nik egin dut lehendabizi, txandarekin jarraitzeagatik, eta ondoren, Peloiak.

Biok bakarrik geundenez, eta hasiera batena kronika egiteko asmorik ere ez nuenez, argazkirik ere ez dugu atera. Baina, bai bideo bat Puka bidearen amaierara iristen ari zela.

 

Handik Enarri sektorera jo dugu. Badago han Aialde (5c, 15m) izeneko bide bat, lehenago ere arazoak eman zizkiguna. Behin, Peloiak erortzean mina hartu zuen orkatilean. Beste batean, Mutuarekin izan ginen, eta orduan egin genuen, ondo kostata, hark zintak jarri ondoren.

-Bide hori madarikatuta ziok! Ondokua egingo diagu.

Eta, horrelaxe, Gure ametsak (5c, 15m) bideari ekin diot. Jaisterakoan ondoko bidearen lehen bi expresak jarrita utzi ditut. Peloiaren txanda. Peloiak ere arazorik gabe egin du. Eta jaitsi dudanean, bide madarikatuari ekin diot, baina ataskatuta geratu naiz berehala. Asegurua gerriaren parean neukanez, ezin esan buelorik egin dudanik ere. Baina han ibili naiz, postura egokia aurkitu ezinik.

Peloiari utzi diot, eta erraz samar atera du pausoa. Hala ere, handik irtendakoan jadanik eginda zeukala esaten nion, baina artean ez zebilen fin. Garbi pasatu da, hala ere. Jaitsi dut, eta nik ekin diot berriro ere.

Bigarren saioan, borroka dezente egin ondoren, pasatu ditut ditxosozko bi expresak eta helduleku onari heltzera nindoanean, ukalondoarekin irtengune bat jo eta behera. Baina asegurua bertan neukanez, metro eskas bat ere ez da izan.

Segi, berriro ere. Banindoan handik aurrera, jadanik lasaiago. Hirugarren asegurua txapatu, eta laugarren asegurua txapatu behar nuenean, heldulekua hautsi zait.

Peloiak harri zati bat ikusi omen du erortzen, eta atzetik Gortuko kamiseta bat gorputz kaskodun bati atxikita. Vueling.

Orduantxe altxatu da Peloia bere eserlekutik, eta ni ere nahiko gertu geratu naiz. Gainera, azken unean, soka hormatik kanpo aldera geratzen zenez, harekin kateatu eta buelta eman dut. Buruz behera geratu naiz pare bat segundo, salamancako txorizoak egoten diren moduan. Buelta eman, Peloiari begiratu, eta hark:

-Earra inbentua gri-gria! Ez nian espero hor erortzerik!

-Nik ere ez!

Heldulekua hautsi denean, une batez pentsatu dut non ote zegoen azken asegurua, baina pentsatzen bukatu baino lehen behean nengoen.

Berriro ekin, bidea bukatu eta behera jaitsi nau Peloiak. Orduantxe, mendebala sartu da eta asko freskatu du kolpetik.

-Bestela ere nahikoa eginda geunden, baina goazen Arritxulora zerbeza bana hartzera!

Eta horixe egin dugu. Zumaiara iritsitakoan, ohitura zaharrari jarraituz, Aitzuri frontonean kaƱa bana hartu eta kanpoan eseri gara.

Eta halako batean:

-Hara! Zer ari zarete, bertsotan? -Joanito Dorronsorok, adar joka.

-Hik jarri puntua, honek erantzungo dit, eta nik txalo joko -Peloiaren erantzuna.

Gaztetzen ari garela esan digu Joanitok, eta berak ere itxura ederra duela erantzun diogu, halakoxea du eta. Bejondeizula, Joanito!

Ea Larregi eta Mutua ere inguratzen zaizkigun halako batean. Gaur bertan Loperekin egin dut topo, eta berriro ere eskalatzera joan behar dugula aipatu dugu.

Gortu! Ez biundu!

 

 

 

1 thought on “Aritxulegin, hila bukatzen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude