Bi basurde haizetan

Gaur, martxoak 11, eskalatzera joan gara Peaso eta biok.

Atzo egun mugitua geneukan, baina ez nengoen prest beste asteburu bat eskalatu gabe geratzeko. Beraz, arratsaldean whatsappa bidali nion Peasori, ea gaur eskalatzera joan nahi zuen. Nahiko ez zuen ba! Zeukan plana albo batera utzi, eta han agertu da gaur goizean txintxo-txintxo.

Aritxulegira iritsi eta Basurdeen begiratokira jo dugu zuzen-zuzen. Haize galanta zegoen, espabilatzeko modukoa. Hantxe sendatu naiz.

Trasteak ateratzen hasi naizenean, Peasok hauxe esan du, sokari begira:

-Honek hitz egingo balu! Zenbat istorio kontatuko ote lituzke!

-Denetik entzun behar izan dik gizajo honek -erantzun diot.

Behin, galdetu zidaten ea zergatik ez nuen kolore amableagoko soka erosi. Daltonikoekin eskalatzeagatik gertatzen zait hori.

Bideari buruz, ez daukat ezer berririk esateko, askotan egin dut eta. Baina, gaur ere, gustura ibili naiz Peasorekin. Bera ere gustura geratu dela esango nuke, eta bueltatzeko gogoz.

Gainera, eskalatu bakarrik ez, bere kronika ere egin du. Ez da makala!

Orain arte paretean oso gutxi ibili denez, nik egin dut aurretik bide osoa. Peaso ederki moldatu da tirriki-tarraka. Lehen luzea bukatutakoan, hankak kargatuta zeuzkala esan dit.

-Hankak bakarrik badira, ez dek ezer. Burua kargatzea izaten dek txarra!

Baina, handik aurrera, ez du batere kexarik izan. Nik hotz pixka bat pasatu dut, tarteka. Haize bolada gogorrak etortzen ziren eta.

Zenbat eta gorago, orduan eta bista hobeak geneuzkan.

-Han Ernio eta Izarraitz -nik.

-Eta hura Anboto izango dek -Peasok.

Itsasoa, Pasaia, Donostia, Matxitxako arterako Bizkaiko Golkoko kosta… Bista gero eta txarragoa daukagun arren, zenbat gozatzen dugun begiratu hutsez.

Argazkiak ez errepikatzeagatik (Peasoren kronikan badaude), hona hemen bideo bat. Musika haizeak jarri du.

 

Arritxulo aterpetxean zerbeza eta txorixo pintxoa hartu, eta ederki geratu gara. Autoan sartu, eta gustura (baina ahozabalka) etxera. Goiza ederki aprobetxatu izanaren sentsazioarekin.

Ea Egino, Aiztondo eta horrelakoetan noiz hasten garen. Eguraldiak pixka bat onera egin beharko du, eta Peloiaren orkatilak ere bai.

Ea hurrengo astean ere zerbait egiten dugun!

Gortu!

 

 

Erantzun bat “Bi basurde haizetan” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude