Irati

Igandean, goizeko sei eta erdiak aldera arranplara iritsi nintzen eta han zegoen Larregi zain. Autoan sartu eta abian jarri ginen.

-Ta Peloia?

-Guardia omen zeukak.

-Aitzakiak! Ta Mutua?

-Guardian, ezta? Eta soka berria alferrik galtzen!

Giro ederrarekin abiatu ginen, baina Gasteiztik atera orduko, egundoko behe-lainoa aurkitu genuen. Baina ez zegoen kuidadorik, altuera txikia izaten du eta.

Ziordian autoa utzi eta oinez abiatu ginen, harrobi aldera.

-Autoa honaino ekarri besterik ez! -Larregik.

-Bai, arrazoia daukak. Uste nian bidea okerrago egongo zela. Hurrengorako bazekiat.

Gainera, kaskoa autoan ahaztu zitzaidan. Baina, atzera bila ez joateagatik, biserarekin eskalatzea erabaki nuen. Ez dut berriro egingo.

Artean ez zebilen inor, noski. Gu izaten gara, normalean, goiztiarrenak. Eta hala komeni, eguzkiak gehiegi berotu baino lehen, babesa bilatzeko. Irudi ederrak eskaintzen ditu behe-lainoak.

Hurbiltzen.

Iritsi ginen Irati bidea hasten den lekura.

Lehen bi luzeak nahiko belartsuak dira, eta sentsazioak ez dira onegiak izaten. Baina, hirugarrenetik aurrera bidea askoz ere ederragoa da.

Larregi hasi zen bidea egiten.

Banoa ni ere.

Bigarren luzean neu jarri nintzen buruan, eta kosta zitzaidan seguruak aurkitzea eta bideari jarraitzea.

Iritsi nintzen bilgunera, eta berehala etorri zen Larregi ere.

Hirugarren luzean, gauza aldatzen hasi zen. Larregiren txanda zen, berriro ere, eta gustura somatzen nuen horman gora.

-Hau bai, Xabier! Hau bai! Horrelako metro asko behar dizkiagu!

Bukatu zuen luzea, eta ni abiatu nintzen atzetik.

Hurrengo luzeak ezkerrera jotzen du, trabesian. Oso erraza da. Abiatu nintzen, eta metro gutxira, arroka-zubi batean bilgunean egin eta Larregirik etortzeko esan nion.

-Hau ez dek bilgunea! Ez al dek ikusten hor goian beste puntu gorri bat dagoela?

-Arrazoia! Honaino ailegatu haizenez, segi bilguneraino.

Eta han joan zen. Hurrengo luzea, bosgarrena, Larregiri egokitu zitzaion.

Leku horretatik aurrera plaka izugarri politak daude, gure gustukoak.

Larregik bilgunetik ateratako argazkia.

Hurrengo luzean neu jarri nintzen berriro buruan. Hala tokatzen zen eta. Plakara iritsi arte ez dago asegururik, baina bai pitzadura ederrak. Haietako batean sartu nuen Larregiren fisurero bat.

Plakara iritsi eta hortxe hasi zen eguneko dantza. Pauso ederrak.

Eta berehala etorri zen Larregi. Urari tragoska bat jo (nik ez nuen eraman, motxila minimalista prestatu nuen eta), eta azken luzeari ekin zion.

Igo nintzen ni ere, bostekoa eman eta galdetu nion:

-Ze ordu deu?

-Hamarrak eta laurden.

-Ez gaituk makalak! Bigarren luzean erdi galduta ibilita ere, bi orduan bidea likidatuta!

Litxarreriren bat jan, zerbezarik ez, trasteak jaso eta beherako bide luzeari ekin genion.

-Bidaliok Peloiari argazki bat, eta esan Odolaren mintzoa (5b, 150 m) egin dugula. Kazula-kazula!

-Oraindik ere sinistu egingo dik gainera!

Beherako bidean, Marieta izeneko bidea seinalatu zidan Larregik.ยก

-Hori ere egiteko zegok!

Eskuinerago ere txaparen baten distira ikusi genuen, baina zer bide izan daitekeen arrastorik ere ez. Ea norbaitek ikertzen duen pixka bat Interneten.

Jendea zebilen Birra morettin. Batzuek bigarren luzean zeuden, eta beste batzuek, azken luzean. Gu bigarren bilgunean geundenean iritsi zirenak seguru asko.

Eta gero eskalatzera zihoan bikote batekin gurutzatu ginen.

-Ze pereza orain eskalatzera joatea, ezta?

-Bai, eguzki galdatan… Tabernan zerbeza freskoa hartu beharrean!

Iritsi ginen herrira, tabernara joan eta… Itxita!

-Inoiz baino goizago bukatu diagu eta! Ze nahi dek ba?

-Orduan, frontonean hartu beharko diagu.

Eta, horrelaxe, Zumaiara etorri ginen bueltan.

Hurrengo asteburuan (laster) ea nola gabiltzan boluntario aldetik. Sokak erabili gabe usteltzea pena izaten da.

Gortu!

 

Erantzun bat “Irati” bidalketan

  1. Aspaldian eskalatu ez eta oso gustura ibili nituan, Xabier! Pareta ederra, guretzako moduko bia, eguraldi ona… Gozatua!
    Hilabeteak joan gabe eta ez nekian nezeserra ematen duen motxila minimalista horren kontua, eta gustatu zaidak plana. Peloiari esango zioagu hurrena eramateko daukan handiena, gure trasteak berean sartzeko. ๐Ÿ™‚
    Eta kotxerako bidean kukua entzun genian! Eta karteran dirua! Bale gara!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude