Eguraldia ez dago gure esku

Gaur goizean, Eginon izan gara Peloia eta biok. Goizeko sei terditan jaso dut Larretxon (pixka bat beranduago, baina Larregi ez zegoenez ez da ezer gertatzen).

Eguraldi ederra zegoen, zoragarria. Tunela pasatuta Araban sartu garenean:

-Joño! Behe lainorik ez! Hau berria dek!- Peloiak.

Eginotik Nafarroa alderantz, berriz, pixka bat zatarxeagoa zegoen, baina giro ederra.

14º Eginon, baina, hala ere, kamiseta hutsean abiatu gara, lehenengo aldapan berotuko ginela jakinda. Iritsi gara Berta bidearen hasierara, han zegoen kaka piloa harri batekin kendu, eta eskalatzeko trasteak janzteari ekin diogu.

Eltxoak ere eraman ditugu gaur. Gure atzetik etorri dira hormaren oineraino. Eta gero ere, gurekin jarraitu dute, itzal baten moduan. Larregi eta biok 1985ean Tozal del Malloko Ravier bidea egin genuenekoa etorri zait gogora. Han ere, bilgunera iritsi eta pixka batera, gure eltxo hodeia iristen zen atzetik.

Itzul gaitzenen gaurkora.

Peloia mallatuta zegoen: ezkerreko besoa urratuta, aurpegiaren ezkerreko aldea ere bai, bizkarra…

-Goan ere eskalatzea jun gabe mina hartuta! Ze ibili haiz?

-Sekreto, sekretito.

-Eta gortzeko asunto hau, nola ingo yu, Peloi?

-Lehengo igandian ni hasi nitxuan, ba gaur hasi hadi heu!

Eta, horrelaxe, nik ekin diot lehen luzeari. 8ak eta 8 minutu erlojuak orduantxe. Bidea 6 luzekoa da, eta horietatik 3 luze 5c mailakoak. Banuen urduritasun pixka bat bart arratsean, baina lasai ekin diot, hala ere. Lasai, baina baldar xamar. Lehen luzea izaten da, normalean, deserosoena.

Iritsi naiz bilgunera, soka jaso, abisua eman, eta han agertu da Peloia. Mallatuta egon arren, ondo ibili da, eta berehala ekin dio bigarren luzeari.

Eguraldi ona, haizerik ez, eguzkirik ere ez (Berta bidean goizez ez du eguzkiak jotzen), eta gustura ari ginen tirriki-tarraka.

Artean zerua ez zegoen oso ilun, edo ez diogu erreparatu.

Eltxoek, bai, eltxoek han jarraitzen zuten, kaka ematen.

Bidean, harri sueltoak pilatuta erlaitzetan, belarra izugarri luze… Aspaldi inor pasatu gabe. Normala da, aurten daukagun giroarekin.

Iritsi naiz bigarren bilgunera, trasteak hartu, eta hirugarrenari ekin diot.

-Goan hasten dek ona, Pelon!

Abiatu naiz. Lehen bi txapak txapatu, eta zailtasunak hasten diren lekura iritsi naiz.

-Aurreko batian Mutuak eta hik eskubiko heldulekua erabili gabe egin zenuten pausoa -esan diot Peloiari.

Baina, nik gogoan nuen non dagoen eskuineko helduleku hori, eta aise egin dut pausoa. Lasaitua hartu du Peloiak. Pixka bat harrituta ere geratu da, purrusta espero zuen eta.

Txapatu eta martxan jarri orduko, Peloiari iruditu zaio eltxoak atakatzen hasi zaizkiola. Baina, ez:

-Ostia, Apolo, euria!

Nik, behingoatik, Larregiren posea hartu dut, eta pentsatu dut berehala pasatuko zela.

-Bilguneraino joango nauk, ez? (Malloia ez uzteagatik).

-Ez, ez. Dana bustitzen ari dek. Hobeto dek malloia utzi eta bertatik jaitsi!

-Susordene!

Eta, horrelaxe, malloia arnesetik kendu, paraboltaren txapan sartu, eta Peloiak bigarren bilgunera jaitsi nau. Handik, lehen bilgunera jaitsi nau, eta, ondoren, nik bigarren bilgunetik lehenengora jaitsi dut Peloia.

-Goain nola ingu yu? -Peloiak- Hik Trea ez dek ekarri, ezta?

-Ez. Baina, igual dek. Nik hi deskolgatuko haut, eta, gero, rapelean jaitsiko nauk hiru tukanakin.

Izan ere, lehen luzea luzeagoa da eta ezin genuen elkar deskolgatu, soka ez litzatatkeelako lurreraino iritsiko.

Jaitsi gara, eta horma blai zegoela ikusi dugu.

-Geratu dik! Hau segituan lehortuko dek!

-Ta goan ze in behar diau, berriz hasi?

Eta horretan ari ginela, berriro ere euria. Gutxi, baina euria.

Beherako bidea hartu dugu.

-Hemendik jaitsi al gara inoiz?

-Ez, hemendik igo egiten gaituk.

Harritza bukatu eta basoa hasten den lekuan:

-Aibadios, Peloi! Hor jendia ziok!

Lau mutil zeuden, gu baino zaharragoak, itxuraz. Gu baino gazteagoak ez behintzat. Poz berezia hartzen dut horrelakoetan, oraindik ibilbide pixka bat geratzen zaigula pentsatu nahian.

Han bota digu batek majo-majo:

-Al que madruga se le jode el dia!

Kuatroporkuatruakin ez zeuden ba!

-Holako bat erosi behar diat nik -Peloiak.

Izan ere, askotan aipatzen dugun kontua da zer izango litzatekeen horrelako traste batean ia hormaraino bertaraino joatea.

Haiek ere, etsita, kuatro por kuatroan sartu, eta beherako bidea hartu dute. Guk behintzat ia bide erdia eskalatu dugu, eta gustura. Haien bidea jarraitu dugu.

-A, joño, hemendik beste Cujoren paretik pasatuko gaituk -Peloiak.

Hara iritsi garenean, esan diot argazki bat aterako niola Cujori.

Ba argazkian ikusten den soka hori etenda dago. Cujo zaunka hasi zaigu amorru betean, eta soka eten du. Eskerrak hesia dagoen.

Bidean aurrera jarraitu dugu eta hesia amaitzen den parean txakur bat atera zaigu. Hura sustoa. Cujo zela uste genuen, baina ez. Hura ez zegoen gure aurka.

Baina, berehala erreakzionatu dugu:

-Hi, honek irten badik, Cujok ere aukera izango dit, ezta?

Eta, besterik gabe, saltaka abiatu gara Eginorantz.

Zumaiara iritsi garenean, frontonean zerbeza bana hartu dugu eta Ibanek lanperna batzuk atera dizkigu. Hau bai esponsorra!

Gaur gortu dugu, baina ez gara erabat asetu. Hau osatu beharra dago.

Aurreko astean

Aurreko igandean ere Eginon izan ginen, Peloia, Lope eta hirurok. Susi bidea egin genuen. Lehen hiru luzeak Peloiak egin zituen buruan, eta azken hirurak, nik. Lope, berriz, ondo eta gustura. Hala esan zuen behintzat.

 

Gortu!

1 thought on “Eguraldia ez dago gure esku

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude