Berta

Larunbatean, hilak 23, Eginon izan ginen Peloia, Mutua eta hirurok, batera eta bestera ibili ondoren.

Hasierako asmoa Berta egitea zen, Peloiak eta  biok malloia berreskuratzeko plana egin genuen eta. Baina, ostiral arratsaldean ezusteko bat agertu zitzaigun WatsAppean. Mutuaren mezua:

-Ze! Nik libre dakatenian ez al da eskalatzen!

Frontoian Mutuarekin eseri eta berehala berotu zidan belarria:

-Bihar Herri baten sustraiak egingo diagu, ezta? Bi haitz horietan hasi beharra ziok!

-Neri berdin zaidak. Peloia konbentzitzen badek, hortxe sartuko gaituk.

Eta Peloiaren erantzuna, WatsAppean:

-Goan ere jan al dik burua?

Irurtzungo Haitz Txikian eskalatzeko asmoa genuenez, goizko zazpietan irtetea pentsatu genuen; normalean baino ordu erdi beranduago, alegia.

Etorri zen Peloia Puntanuetara, Mutua eta biok jaso eta Irurtzunerako bidea hartu genuen. Mutuak bidean lo kuluxka egiteko aprobetxatu zuen, beharra izango zuen eta.

Irurtzunera iritsi (Pagozelain geratu gabe), autoa utzi eta ezusteko ederra hartu genuen.

Irailaren 15era arte eskalatzea debeketuta dagoela dioen txartel pare bat ikusi genituen. Hemen ere agertzen da.

Mutuak berehala erreakzionatu zuen:

-Hemen debekatuta baziok, han sartuko gaituk (Haitz Handira seinalatuz).

-Gora gu ta gutarrak, ezta? -Peloiak eta biok- Ezta pentsatu ere! Goazen Eginora, Bertan malloia zain zeukeagu eta.

Eta halaxe, Eginorantz abiatu ginen autoan, bi aste lehenago utzitako malloiaren bila. Oraingoan, gu iristerako, betiko “parkina” ia erabat beteta zegoen. Egia esan lau edo bost auto baino ez dira sartzen, elizaren atzealde horretan.

 

Abiatu ginen, inoiz baino beranduago, eta arazorik gabe iritsi ginen Bertaren oinarrira. Hurrengo kontua bakoitzak zer luze egin erabakitzea zen.

Ez naiz gogoratzen zer zozketa klase egin genuen, baina hau izan zen ondorioa:

Mutuak lehen bi luzeak; nik, hirugarrena eta laugarrena, eta Peloiak, azken biak.

Ekin zion Mutuak lehen luzeari, bilgunera iritsi zen, eta abisua eman ondoren, Peloia eta biok abiatu ginen, ordena horretan.

Biok iritsi ginenean, bigarren luzeari ekin zion Mutuak.

Argazki xelebrea da, bai. Konturatu naiz. Baina ez nion besterik atera eta horrekin konformatu behar.

Hirurok bigarren luzearen amaierako bilgunean geundenean, bi soketako bat askatu zuen, niri eman, eta han joan nintzen ni ere.

Hirugarren eta laugarren luzea ederrak dira, eta biek daukate “pausotxoren” bat.

Hemen hirugarren luzean. Malloiaren arrastorik ere ez!

Eta hemen laugarrenean.

Laugarren luzea amaitzen den lekuan, Udaberri egiten ari zen bikote bat agurtu, eta beheko biei hasteko agindu nien. Ederki etorri ziren biak, eta luzean izandako gorabeherei buruz hitz egiten ari ginen artean, sokak jaso, oinak zapatiletan hartu eta hurrengo zatiaren hasierara oinez abiatu ginen.

Udaberri ederra joan zaigunez, izugarrizko landaredia zegoen eta kosta zitzaigun pixka bat lekua aurkitzea.

Peloiaren txanda zen. Ekin zionean, hauxe bota zidan Mutuak:

-Ikusten al dituk elkarrengandik nahiko hurre dauden bi txapa horiek?

-Bai -nik, tonto-tonto.

-Ba, azkena bide hau egin genuenean, A0 egin huan hor!

-Hi bai akordatu! -nik.

Bideoan ikus daiteke, aurrekoan garbi pasatu ez nuen kruxa. Peloia ekinean, Mutua aginduak ematen, eta ni, grabatzen.

Atzetik ni abiatu nintzen, eta pausoa nola egin behar nuen ikusita, txukun pasatu nuela esatera ausartuko nintzateke. Mutuari are gutxiago kostatu zitzaion.

Seigarren eta azken luzearen hasieran, eztabaida:

-Eskubitik dek! -nik.

-Ezkerretik dek! -Mutuak.

Horrelakoetan, normalean, huts egiten dut, eta horixe gertatu zitzaidan larunbatean ere. Eskerrak Peloia ezkerretik abiatu zen, Mutuari kasu eginda.

Bidea amaitu genuenean, normalean baino beranduago zen, eta normalean baino bero handiagoa egiten zuen. Hala ere giro ederra, brisa iristen zitzaigunean.

Eginora iristerako ordu bat eta erdia zen, eta handik ordubetera frontonean geunden, merezitako garagardoa dastatzen.

Badakit hurrengo egunean Larregi eta Manex ere zerbaitetan aritu zirela. Ea berriren bat jasotzen dugun.

Bitartean….

Gortu!

2 thoughts on “Berta

Utzi erantzuna Lope(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude