Urrezko zizak. Araotz. Balizatik kanpo?

Igandean, hilak 19, Araotzera joan ginen Mutua, Peloia eta hirurok. Aurrez pare bat aldiz izan ginen Peloia eta biok Atxarten, baina argazkirik atera ez genuenez, ez nuen kronikarik idatzi. Lasai eskalatzea ere gauza ederra da, beste ardurarik gabe.

Badago sektore berri samar bat Araotzen, Urrezko zizak izenekoa, eta hara abiatu ginen.

Larunbat gauean, Mutua eta biok Zarautzen izan ginen Rosendoren kontzertuan, eta horregatik igandean normalean baino beranduago ateratzea erabaki genuen.

-Peloia! Bihar zortziretan -bidali nion whatsappa.

-Hain berandu? Onak bezela?

Baina, bitartean Mutuak beste ideia bat zuen buruan:

-Araotzea jungo gaituk. Atxarte urruti ziok.

-Peloiak onartzen badik, nigatik konforme.

Etorri zen Peloia bion bila, eta proposamena onartu zuen, nire harridurarako. Araotzera, beraz.

Iritsi ginenean fresko egiten zuen, 14º. Eta furgoneta bat baino ez zegoen aparkalekuan. Dolu haitz sektoretik igaro, Mutuak kateatutako 8a zailtasuneko Gena de Cartagena bideari begiratu eta gure sektorera iritsi ginen. Sektorearen eskuineko aldera joan ginen, bide luzeenak dituenera.

Krokiseko 2. bidera jo genuen: Petunia (5c). Berotzeko omen zen, baina Mutuari zenbat kostatu zitzaion ikusita, Peloia marmarrean hasi zen:

-Ez genuen inoiz utzi behar Egino!

Hamaika aldiz errepikatu zuen. Kontuak horrela, soka goitik genuela egitea erabaki genuen.

Mutuak ekin zion bideari, esan bezala, baina ez dago argazkirik.

Peloiarenak bai. Hemen korapiloa egiten, eta ni adi, badaezpada.

-Ez dek hain zaila, motel!

Mutuaren jarraibideen laguntzarekin, heldu zen bilgunera.

Gero, ni igo nintzen. Sentsazio on samarrekin, nire ustez. Baina soka goitik.

Poxpoliña (6a) bideari ekin zion ondoren Mutuak. Bide ederra da, eta plakan badauka pausotxo bat, ezkerrarekin eutsi eta eskuineko eskua bota beharrekoa. Ederki egin zuen bidea. Elegante. Eta aurrekoa baino lan gutxiagorekin. Askotan, lehen bidea izaten da txarrena.

Ondoren, Peloiak ekin zion.

Laster bota zuen Mutuak:

-Oraingoan de primero!

Eta eskerrak bota zuen, hala egin genuen eta biok.

Hemen Peloia.

Eta hemen ni.

Bide mundiala benetan.

Goiz bueltatu behar genuenez, beste bide bat egiteko astia geneukan, ez gehiago.

Eta 6a+ zailtasuneko Thank You aukeratu ordez, 6b/c zailtasuneko Dun Dun Di Di bidea probatzea erabaki genuen.

-Hi, Mutu, 6b/c hori zer dek? Ez erantzun. Nik esango diat. Kateatuz gero 6b eta kateatzen ez badek 6c, ezta?

-Bai, horrelako zerbait.

Bide gogorra zen, pausoak nola egin asmatu beharrekoa. Mutuak hasieran kale egin zuen, baina falta zitzaion heldulekua non zegoen ikusi zuenean, berehala kateatu zuen.

Ondoren Peloiaren txanda.

-Ze iten diu guk Eginotik kanpo? Ez genian inoiz Egino utzi behar!

Hirugarren txapara edo iritsi zen, eta pausoa atera ezin zuela ikusita, behera jaisteko agindu zidan. Mutuak ezetz, probatzeko. Eta Peloiak baietz, jaisteko.

-A0 egin eta jarraitu zak! Goikoa ederra dek eta! -Mutuak, Peloia animatu nahian.

Baina ez zen animatu, eta jaitsi egin nuen.

Ondoren, nire txanda. Saiatu nintzen eskakeatzen, ez nuela lortuko eta abar, baina han sartu nintzen.

-Benga -Mutuak- espresak jaso behar dituk eta.

-Hik hori esatea ere! Peloiarenk dituk eta!

Librean ez, baina A0 bat edo beste eginda ederki pasatu nuen. Gorago, bidea gozada hutsa da.

-Librean tira, baina “tranpak” egiten bapo moldatzen nauk -esan nien harro-harro.

Dena dela, ez kateatuta ere, gustura ibili nintzen “balizatik kanpo”. Peloia ere bai, baina kontrakoa esaten du. Itzuli beharko dugu, ezta?

Trasteak jaso eta aparkalekura joan ginen. Ordurako bazebilen norbait Corea sektorean eskalatzen. Furgonetakoak ere jaikita zeuden. Goizean izan genuen zarata egiteko tentazioa, baina ez genuen halakorik egin azkenean.

Zumaiara itzuli, frontonean kaña bana eta txibierro batzuk hartu, eta horretan amaitu zen gure igandeko goiz buelta.

Ez neukan kronika idazteko inolako asmorik, alfertuta nabilelako eta lan dezente ematen didalako, baina, azkenean, animatu naiz. Larregik du errua.

Gortu!

1 thought on “Urrezko zizak. Araotz. Balizatik kanpo?

  1. Ñooooooo… balizatik kanpo? Egino, mon amour!
    Hainbeste entrento, lokal, ordu… nonbaiten igerri beharko da, ba! Gortu!
    Hurrena Eginora zoaztenean abisatu… 🙂

Utzi erantzuna Larregi(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude