100 urte Aiztondon

Atzo, Urriak 13, Aiztondora joan ginen Peloia eta biok.

Ehun urterekin eskalatzen dugun azken aldia izan da. Hurrengoan 101 izango ditugu bion artean, dalmatek bezala.

Goizeko zazpietan abiatu ginen Zumaiatik, eta Sakanara iritsi ginenean, bazirudien egunak ez zuela argituko. Argitu zuen halako batean, kostatu zitzaion arren.

Autoa utzi, eta berehala iritsi ginen hormara.

-Ze ingo diagu, Fliparax?

-Buff! Guk burua biuna zikau oraindik.

Azkenean, Clasica sur (5) bidean sartu nahi, baina, deskuidoan, Ainhoa (1) eta Irrintzi (2) aldera jo genuen.

Peloiak ekin zion.

Bilgunea prestatu eta han joan nintzen ni ere atzetik.

-Aurrekuan Irrintzi egin genian. Gaur, Ainhoa probatu beharko diagu, ezta?

-Bale.

Eta han abiatu zen Peloia txintxo-txintxo, bigarren luzean gora.

Peloia gora zihoala, behera begiratu nuen, eta norbait iritsi zela ohartu nintzen. Kasko horia burua zeukan, nik ikusi nuenerako. Baina, pertsona bakar bat ikusi nuen.

Handik pixka batera, eskalatzen hasi zen. Eta bai, bakarrik zebilen. Bakarrik, baina sokarekin aseguratuta.

Iritsi zen Peloia bilgunera, eta baita ni ere, pixka bat geroago.

-Luze polita, eh?

-Bai. Baina, bilgune hau ez dek oso erosoa. -Peloiak.

-Orduan segituan alde egingo diat gorantz.

Abiatu nintzen, eta bilgunera iritsitakoan, behera begiratu eta ailegatu nintzela jakinarazi nion Peloiari. Ordurako, beste bikote bat behintzat iritsi zen. Ari zen betetzen Aiztondo, pixkanaka.

Bazetorren Peloia.

Peloia bilgunera iritsi zenean, bat-batean haizea indartu egin zen, eta bazirudien euria hasi behar zuela. Elkarri begiratu eta zer egin pentsatzen egon ginen pare bat minutuz.

Azkenean, jaitsi eta beste bideren batean sartzea pentsatu genuen. Hartara, euria hasita ere, ez ginen blai egingo.

Goiz osoan, estalita egon zen Beriainen goiko partea.

Jaitsi ginen, pare bat rapeletan, eta zer bidetan sartu gintezkeen kalkulatzen hasi ginen.

-Joakina ederra dek- esan nion Peloiari.

Bakarrik eskalatzen zebilen mutikoa ere orduantxe jaitsi zen. Esto no es Chamonix bidean sartu zen, baina hirugarren luzean behera egitea erabaki zuen. Diedroan postura txarrean denbora dezente egon omen zen, eta hanketako bolaren bat igo omen zitzaion.

Joakina bidera joateko, ordea, Clásica Sur (5) bidetik sartu behar da, eta hango lehen bilgunea okupatuta zegoen.

Beraz, Esto no es Chamonix (7) bidean sartu ginen. Oraingoan, ni sartu nintzen aurretik. Bilgunera iritsi, soka deskuelgetik pasatu, eta Peloiak jaitsi ninduen.

Ondoren, Peloiaren txanda.

Ordurako trafiko dezente zegoen horman.

Ederki egin zuen. Baina, ez zeukan etxera joateko presarik.

-Beste bat egingo diagu, ezta?

-Bai, motel! Ea zer dagoen libre.

Krokisean agertzen ez den beste bide bati ekin genion. Peloia aurretik.

-Orain bazekiat zergatik etortzen garen hain goiz- bota zidan Peloiak- Gero ez delako giro!

Gustura geratu ginen behintzat, eta hurrengo asteari begira jarri ginen.

-Hurrengo astean mugarrien buelta egin beharko diagu. Larregi eskalatzera etortzen ez denez, guk joan beharko diagu mugarrietan bulder egitera.

-Bale. Baina, igandean gortzea, eh?

Ez dago barkatzeko gure Peloia.

Beraz, hurrengo asteko plana argi dago: larunbatean mugarritzera eta igandean gortzera. Nora? Hori ezin dizuegu esan, nora joango garen badakigun arren.

Irurtzun parean, bueltan gentozela, begiak ondo zabaltzeko esan nion Peloiari.

-Begiratu zak eskubira, aurrena. Segura baten bat badagoela, Herri baten sustraiak bidean.

-Bai! Han goian baziok baten bat!

-Orain, begiratu zak ezkerrera, Gu ta gutarrak bidean ere norbait ibiliko dek eta.

-Ez, ez ziok inor. A, bai! Han goi-goian baten bat baziok!

Nik ez nituen ikusi, eta eskerrak. Bestela inbidea ederra pasatuko nuen eta.

Zumaira iritsi, frontonean garagardo fresko bana hartu, eta hortxe bukatu zen gure goiz buelta. Hurrengoan gehiago eta hobeto!

Gortu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude