Urtebete gehiago Labarganetan

Gaur, Labarganetara joan gara Peloia eta biok. Aurreko astean bion artean ehun urte bagenituen, aste honetan urtebete gehiago.

Zazpi terditan jaso dut eta Gatzaieta baserriaren ondoko aparkalekura iritsi garenean, ez zegoen beste autorik, ez karabanarik, ez motorik, ez eta furgonetarik ere.

Garbi ageri zen Gorbeia hegoaldean, hormaren oinarritik.

Atzo ere ibili ginen Zumaiako mugarriak bisitatzen.

Peloiak pentsatu zuen zazpi terditan zela irteera, hala esan omen nion nik, eta watsapp batzuk bidali ondoren, gure atzetik abiatu zen. Palankamugarrin harrapatu gintuen.

Gaur goizean uste baino errazago esnatu naiz. Atzoko martxaren ondoren, gehiago kostako zitzaidala usten nuen.

Gatzaietatik abiatu garenean, giro bikaina zegoen. Aspaldian euri gutxi egin duelakoan, horma lehorra aurkituko genuela usten genuen. Baina, ez da hala izan. Hormetako ur-arrastoak bustita zeuden.

Ez genuen horrelakorik espero. Hormei bidetik begiratu, eta sekzio bat ere ez zegoenez erabat lehor, hasierako planari eutsi eta Labarganetara abiatu gara.

-Noiz hasi behar diagu onen orduan etortzen? Hamabiak aldera edo…

-Bai. Hartara, ez diagu ibili beharko bideko belarrari ihintza kentzen.

Iritsi garenean, begiz jota geneuzkan gure 6a-ko bideek ez zeukaten itxura onegirik.

-Ezkerreko 5a hura egin beharko diagu, berotzeko- Peloiak.

-Ni ederki berotu nauk bidean motxila honekin. Jarri hadi hortxe, atzean Mugarra ikusten dala, eta argazkia aterako diat.

Ez da urtebetetze-opari txarra goiza Atxarten pasatzea eskalatzen.

Mugarra han zegoen argazkian, baina lainoarekin ez da oso ondo ikusten.

Urkiolan ere lainoa basoari itsatsita zegoen.

Peloia bera hasi da eskalatzen.

-Baxik txikitan esaten zuen bezala, nik nere urteetan nahi dudana egiten diat, eta ni hasiko nauk.

Eta hasi da.

Krokisean 3. zenbakia duen bidea da: Ilunbe (5a, 25m).

Pixka bat gorago.

Ederki egin du, gozatuz. Gora iritsi denean, abisua eman, eta deskolgatu egin dut.

Bien bitartean, bi gazte iritsi dira, eta 10. bidearen inguruan geratu dira.

Normalean, bakar-bakarrik egoten gara hamaikak aldera arte edo. Baina, gaur ez da hala izan. Egin dut nik ere bidea, eta eskuinerantz mugitu gara.

Gazteei kasu egin ondoren, Ekin (6a+/5c, 22m) bidean sartu gara. Bidea sabai izugarri baten ezkerrean dago. Hasieran, plakako pauso fin bat du, baina trukoa hartuta daukagu, dagoeneko.

Peloiak ekin dio berriro ere.

Jende gehiago ere iritsi da. Batzuk zaratatsu samarrak ere bai. Lehen aipatutako gazteak baino geroago etorri diren beste batzuek diskrezioz jardun dute, behar den bezala, zarata gehiegi egin gabe. Baina, beste bik edo hiruk distortsio dezente jarri dute.

-Garbiñe, hona! Garbiñe, hara! Garbiñe, hau! Garbiñe hura!

-Benga! Garbiñeeee!!!!

Eta horrela, Garbiñe gora eta Garbiñe behera. Haien hitz egiteko moduagatik edo, niri Arevalo etorri zait burura, gasolindegietan kassette pilo bat saltzen zituen ustezko umorista hura, eta Telecincoko programa kutre horiek ere etorri zaizkit burura. Guztiak batera hitz egiten, jesukristorena montatzen, inora ez iristeko.

Gurera bueltatuz, Peloiaren atzetik nik egin dut bidea. Eta ondoren, Germinator (6a, 32m) egitea proposatu diot. 5. zenbakia du krokisean, eta lehen aipatutako sabaiaren eskuinean dago. Sabaian, oraingoz ez dago biderik.

Bidearen hasieran dago zailtasuna, hirugarren txapara iritsi arte. Ur-arrastoa izan arren, lehor samarra zegoen, eta Peloiari bide horrek errespetu pixka bat ematen bazion ere, berak ekin dio berriro ere.

Judas, prest? Ekin!

Ederki egin du, eta gustura geratu da. Ez dago gaizki 51 urterekin horrelako sasoian egotea. Eta hobetzeko tartearekin, gainera. Egin dut nik ere, eta goiz bueltatzea komeni zitzaigunez, motxila betetzen hasi gara.

Lehengo gazteak Caguen Sotss bidean zebiltzan, krokisean 10. zenbakia duenean, hain zuzen ere. 32 metroko 6b zailtasuneko bidea da, eta batek bueloa ere jo du.

Peloiak ikusi du, eta alde egitean, paretik pasatu eta beraiekin pixka bat hitz egin ondoren, Peloiak esan dit hurrengoan bide hori egin behar dugula. Pozgarria da Peloiak berak proposatzea hori. Ari da pixkanaka burua gortzen (eskaladako muskulurik garrantzitsuena) eta gauza zailagoak probatzea eskatzen dio gorputzak. Ni esan banu aurpegia aldatuko zitzaion, eta “bahua orain ere balizatik kanpora” esango zidan. Horregatik da pozgarria Peloiak berak proposatzea horrelakoak.

Eguneko gauzarik harrigarriena izan da sektorean jende dezente geundela. Beherantz goazela ere, jende gehiagorekin gurutzatu gara, eta esango nuke guzti-guztiak eskalatzera zihoazela.

Aparkalekura iritsi garenean, erabat beteta zegoen. Bidearen beste aldean, auto bat, karabana bat eta furgoneta bat ere bazeuden. Gutxienez hemezortzi auto, moto bat, bizpahiru furgoneta eta autokarabana bat kontatu ditut.

-Furgofarra edo furgobirra edo horrelakoren bat jarri beharko diagu hemen igandetan, ezta?

-Ez zegok gaizki pentsatuta.

Autoan sartu eta zuzenean frontonara joan gara. Zerbezatzo bana hartu, “ez gattuk makalak” esan eta hortxe bukatu dugu gaurkoa. Ezin esan asteburu honetan alferkeriak jota ibili garenik.

Asteartean rokodromora!

Gortu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude