Hotza Labarganetan

Gaur goizean, Bizkaia aldera abiatu gara Peloia eta biok.

Hotza egin behar zuela jakinda, beranduago atera gara. “Onen orduan” guk esaten dugun moduan. Beno, hain berandu ere ez. Onak eguerdi aldean joaten dira eta. Zortzi terditan etorri zait Peloia bila, eta Bizkairako bidea hartu dugu.

Askotan akordatu naiz gaur Joanita Kirikirekin. Txikitan, Larretxora bizitzera joan ginenean, halaxe bota zidan behin:

-Han goian hotza ingo du ba?

Eta gaur ere, beste askotan bezala, behin baino gehiagotan errepikatu dugu Joanitari ikasitakoa.

Atzo, zalantza galantak izan nituen gaur nora joan erabakitzeko. Hasiera batean Ogoño, Itxiña, Bi haizpe, Egino eta Atxarte gutxienez banituen buruan, baina, azkenerako, Eginori eta Atxarteri soilik begiratzen nien.

Azkenean, Atxartera joatea erabaki nuen behintzat. Gatzaieta baserriaren ondoko aparkelekura iritsi garenean, beste auto bat bazegoen, eta iparraldeko matrikula zuen furgoneta bat ere orduantxe iritsi da.

Motxila handia bizkar gainean hartu, batere arroparik kendu gabe, eta abiatu gara, basoan barrena.

-Gaur izerdi gutxi aproximaziyuan, e? -esan diot Peloiari.

-Bai, motel!

Iritsi garenean, ez zen giro. Hego haize hotza eta indartsu samarra. Txamarra kentzeko batere gogorik ez. Egote hutsa ere ez zen samurra. Ordurako han zeuden beste bi mutil.

11. bidea egiten ari ziren, Pontie el casquio (5c, 30m) izenekoa. Eguzkia horman sartzen hasita zegoen. Eskerrak, haize hotza izan arren, egiten zuen hotzarekin eguzkiak haitza pixka bat epeltzea lortu du eta.

Guk eskuineko aldera jo dugu, eta Tristura izeneko 5c mailako bidean sartu gara.

-Txamarrarik gabe eskalatu beharko diagu, bestela gero izoztu egingo gaituk eta -Peloiak.

Eta hori esanda, txamarra kendu eta Peloiak berak ekin dio, gaur ere gogotsu iritsi da eta.

Argazkian, bidearen zati zailena hasten den lekuan dago.

Hortik gora bi parabol daude, oso gertu, zailtasuna hor dagoenearen erakusgarri.

Fedezko pausua da erabat. Eta gure moduko bi ateorentzat meritu bikoitza, nire ustez. Harrituta geratzen zara eskuentzat heldulekurik izan gabe hankekin soilik nola egin daitekeen gora.

Bilgunera iritsi denean, are hotz handiagoa. Deskuelgea prestatu eta behera.

Eskalatzen hasi baino lehen, txamarra kendu behar, eta horrek bai ez zuela batere graziarik egiten. Hala ere, txamarra kendu, soka lotu eta egin dut nik ere bidea, fede handiarekin.

-Bide honek Tristura dik izena, ezta? Ba, Euskaldun fededun edo horrelako zerbait esan beharko genioke.

-Nahekena – Peloiak- Orain, erdi aldera joango gaituk.

Bitartean, beste bi mutil ere iritsi dira. Guztira sei lagun egon gara Labarganetan eskalatzen, eta guztiak kasko eta guzti. Ohitura onak ere ari gara hartzen, pixkanaka.

Lehengo bikotea 11. bidea amaitzen ari zen, eta gu 12. bidean sartu gara: Golpe en el escroto (5c, 30m).

Badoa Peloia.

Argazkian, ezkerreko aldean ikusten den soka 11. bidea egiten ari zirenena zen.

Bukaera samarrean, leku jakin batean, ez dago oso argi nondik jarraitu behar den, hurrengo txapa ez delako ikusten. Lehendabizi, ezkerrera jo du Peloiak, eta gero txapa ikusi duenean, berriro ere eskuinera hartu, eta arazorik gabe iritsi da bilgunera. Arazorik gabe, eta batera berotu gabe.

Jaitsi dut, eta nire txanda. Peloiari ez zaio burutu pasatu ere egin kamera motxilatik hartu eta argazkiren bat ateratzea.

-Hotz honekin? Eskutik erortzeko ere…

Egin dut nik ere, eta Peloiak jaitsi nauenean, pentsatu dut ez zuela halako hotzik egiten. Baina, minutu bat ere ez dut behar izan, berriro ere txamarra janzteko.

Ondoren, haren ezkerreko bideari ekin diogu: Ponte el casquio (5c, 30m).

Bide horretan ez dugu inolako gorabeherarik izan, eta ederki igo gara biok ere.

Azkena iritsi diren biak eskuineko aldera pasatu dira, eta esan dute egiten zuen hotzarekin hiru bide eginda nahikoa zutela.

Guk ere egin ditugu hiru bide ordurako, eta proposamen hauxe egin dit Peloiak:

-Atxartera joango gaituk, betiko tabernara, bokata bat edo jan eta arratsaldian lehenengo espoloira joango gaituk, eskalatzera edo bisitan, besterik ez bada ere.

Halaxe, Gatzaietako parkinera itzuli gara. Ordurako ia 20 auto zeuden aparkatuta. Laster jarriko digute TAO sistemaren bat edo, han ere.

Mañariara jaitsi, eta Durango pasatuta, Abadiñora abiatu gara. Mendiolara doan bidegurutzea hartu, eta Olondora iritsi garenean, ezustekoa: ITXITA!

-Aiba dios! Atxarten tabernarik ez? Posible al da?

Lehen bazegoen Sagasta izeneko taberna bat, eta hara jo dugu. Baina, itxuraz, dagoeneko ez dago han tabernarik.

-Eta orain zer?

-Egun osoako baimena zeukagu, ezta? Abadiñon edo jango diagu zeozer.

Joan gara Abadiñora, eta esan diot Peloiari badakidala non dagoen herriko taberna. Ibili gara batera eta bestera, baina alferrik.

Taberna batean sartu, kaña bana eskatu eta bertakoari galdetu diogu. Baina, han ez omen dago herriko tabernarik. Inguruak zer itxura duen azaldu diot, eta herriko taberna hori Elorrion dagoela esan dit.

Txistua tragatu eta entzun egin behar:

-Ze esan diat nik? Hori Elorrion egongo dala!

Autoa hartu eta azkenean Elorrioko taberna batean plater konbinatu eder bat jan dugu. Herriko tabernan ez zuten bazkaririk ematen.

Bazkalduta, gure onera etorri gara. Goizeko hotzak eta dardarak ahaztu, eta aurpegia gorri-gorri eginda, autoan sartu eta Zumaiara.

-Berriz ere Labarganetan? -bidali dit Larregik watssapez.

Eta oraindik ere askotan joatea espero dugu. Ingurune zoragarria da, eta haitza ezin hobea.

GORTU!

 

 

 

4 erantzun “Hotza Labarganetan” bidalketan

  1. Gatzaietan TAO jarriko duten ez dakit, baita segurua da zuek ez duzuela arazorik izango “Egoiliarra/residente” baimena lortzeko.
    Gazteak, bia horiek ez al dira errazegiak zuentzat? Hainbeste entrento, arratsalde guztia lokalean sartuta, eta gero 5c “bakarrik” egiteko? Ez al zaudete konfort-gunean? 🙂
    Ea noizko jartzen duzuen Gortuko asanblada, agendean apuntatzeko…
    Gortu eta ez bigundu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude