Fliparax

Atzo, azaroak 17, Aiztondora joan ginen Peloia eta biok. Hau idazten dudan bakoitzean, Arrate irratian garai batean Ziriakok egiten zituen kronikak etortzen zaizkit burura: “Idi-dema izan zen Gernikan, eta han izan giñan andria eta biok…”.

Ba, halaxe, han izan ginen atzo, Peloia eta biok, Aiztondon.

Bezperan, Peloiak tentatu zuen Peaso, gurekin etortzeko, baina ezin omen zuen…

Nik ere tentatu nuen beste bat (izena ezin da esan) ostegunean rokodromoan, baina alferrik.

Gortun ere badaude beste bi lagun (izenik ez dut esango), baina horiekin ere alferrik. Ez dute gortu nahi. Baina guk bai.

Aurreko bisitan bota nion Peloiari Fliparax (argazkiko krokiseko 3. bidea) egin behar genuela, baina zenbakiei begira hasi zen, eta ez zitzaion batere gustatu.

-4c, 6a, 6a, 6a+? Hi zoratuta hago!

Atzo, berriz, krokiseari begiratu, eta esan nion:

-Hau dek gure bidea.

-Zer bide dek?

-Fliparax.

Eta ez zuen ezer esan. Ondo. Lehenengo luzea berak egingo zuela, gainera.

Eta hasi zen.

Eguraldia, argazkian ikusten den moduan, ez zen kostaldean geneukana bezalakoa. Kostaldean giro bikaina eta garbia izan bagenuen ere, Nafarroan ilunagoa zegoen, estaliagoa. Hala ere, hirugarren luzerako eguzkia ikusi genuen.

Lehen luzean, pixka bat gorago.

Iritsi zen bilgunera, inolako zailtasunik gabe. Zailtasunik gabe eta kaskorik gabe.

Nire txanda. Dotore, kasko eta guzti.

Heldu nintzen ni ere bilgunera, eta galdetu nion:

-Ta kaskoa?

-Ba, uste diat motxilatik atera eta bertan laga detela.

-Gaur kaskua, eta bihar burua ahaztuta.

Halako batean, jesukristoren burrunda entzun genuen. “Trena ote da?” pentsatu nuen. Baina ez. Uso saldo izugarri bat sakanaren barreneraino jaitsi zen, abaila batean. Ederra izan zen.

Ordurako, beste bi iritsi ziren Aiztondora. Pagadik esango lukeen bezala “Hara, bi pertsona!”. Gu baino geroago, behar duen moduan. Normalean, gu izaten gara eta goiztiarrenak.

Orduan “eu tanpoko” entzun nuen, eta badaezpada ere “eunon” bota nien. Bat Ibarrakoa zen, eta bestea, Pedro, Ordiziakoa. Hori gerora jakin nuen, bigarren bilgunean topo egin genuenean.

Ekin nion bigarren luzeari. Ondo. Konfiantzaz eta lasaitasunez, aspaldiko partez. Behar duen bezala. Luze ederra, plakeroa.

Aste honetan izan dugun lehortearekin, seguru gaur Labarganeta lehor-lehorra egongo zela, baina Aiztondon txorrera batzuk bustita zeuden. Pentsatzen hasita gaude Peloia eta biok hezetasuna erakartzen dugula.

Luzea amaitu baino pixka bat lehenago, eroso nengoela baliatuz, argazkia atera nion Peloiari (kaskorik gabe zegoela ikusteko).

Peloiak ere atera zidan argazkia.

Bigarren bilgunean nengoela, Ibarrako mutila zuzenean bertaraino zetorrela ikusten nuen. Halako horma zabala, eta denok elkarrekin egon behar. Eskerrak bilgune zabala den eta denontzako leku nahikoa dagoen.

Bitartean, bazetorren Peloia.

Iritsi zen. Materiala hartu, eta hurrengo luzeari ekin zion.

Peloia goikoa da. Bestea Ibarrako mutila da.

Ni bitartean sufritzen. Ibarrako lagunarekin berriketan ari nintzela, bota nion larri nengoela, eta puzkerra bota beharra neukala.

-Bota lasai, motel! Kanpoan gaude eta!

Lasaitu ederra hartu nuen. Eta mutila ez zen horitu, garai bateko hiri-kondairek kontrakoa esaten zuten arren.

Bitartean Peloia aurrera.

Ederki amaitu zuen luzea.

Argazki hau atera zion bilgunetik bere katu-hanka flamanteei.

Argazki hau atera zuen 3. bilgunetik. Ezkerrekoa ni naiz, eta eskubikoa, Ibarrako mutila (ez nion galdetu zer izen zuen).

Ekin nion nik ere hirugarren luzeari.

Ederra. Lehenago behin eginda neukan bide hau Larregirekin (duela hamabi bat urte edo), baina ez neukan oroimen handiegirik. Azken luzeak mamia zeukala bai. Horretaz gogoratzen nintzen.

Iritsi nintzen hirugarren bilgunera, eta ordurako ondo berotzen hasita banengoen ere, izerditakoa ez kentzea erabaki nuen. Hartara, geroago, pauso gogorrean, kruxean, kentzeko, Gullichek bezala. Baina, azkenean, jaitsi arte ez nuen kendu.

Ekin nion, eta pauso gogorrean minibuelo bat egin ondoren, amaitu nuen luzea, ondo kostata izan bazen ere. Azken pausoan, bilgunera iristen, ezkerreko besoan indarra falta zitzaidan, eta ia-ia erortzen ari nintzela, eskubiarekin helduleku on bati eutsi, eta justu iritsi nintzen bilgunera. Justu, baina pozik.

Bilgunea prestatu, sokak jaso, eta hasteko abisua eman nion Peloiari.

Azken bi luzeak lehen biak baino dezente bertikalagoak dira.

Bazetorren, pixkanaka. Aurreko bi luzeak ederki egin genituen. 6a mailakoak biak, baina azken hau 6a+ zen, eta plus horrek bazuen bere pisua.

Aupa, Mauritzia!

Beste biak, Ibarrakoa eta Ordiziakoa, Clasica Sur bidea egiten ari ziren. Argazkiaren ezkerreko aldean Peloia ikusten da, eta eskuineko biak dira besteak.

Iritsi zen Peloia luzeko “pasitora”, eta lehen kolpean, heldulekutik hamar zentimetrora geratu zen. Bigarrenean, hankak hobeto jarri, eta iritsi zen.

Bilgunera iritsi zenean:

-Hau gehitxo guretzat, no?

-Keba! Bi hitz esan orduko ederki egin dek eta!

Argi dago gustura geratu ginela. Geroago Larregik “punto rojo” jarri ote diogun galdetu zigunean, ezetz erantzun genion arren, gozatu ederra hartu genuen biok.

Rapela prestatu (Peloiak shunt berri flamantea estreinatu zuen), eta bi kolpetan beheraino iritsi ginern. Horregatik eramaten ditugu bi soka fin, soka lodi baten ordez. Jaisteko denbora erdia behar dugu.

Ordurako hamaika eta erdiak ziren, eta Juakinarako bidean, Clasica Surren sartutako sokada bateko pertsona bat zegoen.

-Gaur ere Joakina egin gabe! Hau dek marka!

-Bai, motel! Egin beharko diagu halako batean. Gainera, lehen 5c huan, eta orain 6a ematen ziotek. Aukera ederra “pa hacer grado”.

Trasteak jaso, barritea jan, ura edan eta autora. Bi haizpetik pasatzean, adi-adi beti bezala:

-Han jendia ziok Herri Baten Sustraiak bidean.

Eta pixka bat aurrerago:

-Han bi tipo Gora gu eta gutarrak bidean. Ikusten al dituk? -esan nion Peloiari.

Eta ezetz erantzuten zidan, gora begira.

-Beherago begiratu behar dek. Lehenengo luzean zeudek.

Izan ere, hamabiak jota zeuden eta artean lehen luzean zeuden. Hori daukate onek, berandu hasi eta goiz amaitzen dutela.

Inbidia ederra pasatu dut. Ea noiz joaten naizen hara Peloiarekin.

Zumaiara iritsi, frontonean tragua hartu, Txikixan beste bat, Larregirekin lau hitz egin, eta etxera. Gustura. Goiz ederra pasatu genuen.

Ea hurrengoan baten bat animatzen den gurekin etortzera.

Gortu!

 

2 erantzun “Fliparax” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude