Egino

Joan den larunbatean, abenduaren 22an, Eginora joan ginen Peloia eta biok.

Hasierako asmoa Aiztondora joatea zen. Eta materiala ere horren arabera aukeratu genuen. Normalean, bide luzea egin behar bada, eta ondoren, oinez jaitsi behar bada, motxila txiki bana hartzen dugu. Eta Eginorako bada, soka bakarra normalean. Aiztondorako, ordea, bi soka erabiltzen ditugu, diametro txikiagokoak. Hartara, bi rapeletan jaisteko aukera izaten dugu. Deportibarako, berriz, gri-gria eta diametro handiagoko soka. Motxila handiagoa ere bai, gauzak erraz sartzeko eta motxilarik gabe lasai eskalatzeko.

Kontua da Aiztondora gindoazela eta bi sokarekin abiatu ginela, Peloiaren bi pitekin (pitak esaten diet nirea baino meheagoak direlako). Hala ere, Uharte-Arakilera iristean 3ºC-ko tenperatura genuen. Autotik irten gabe ere igartzen zen. Buelta hartu eta Eginora abiatu ginen. Altsasura iritsi baino lehen tenperatura igotzen hasita zegoen, eta 9-10ºC-ko tenperatura genuen Eginon.

-Bide luzea edo deportiba?

-Ekarri diagun materialarekin bietan ere ez diagu oso eroso ibili behar. Deportibarako gri-gririk eta soka lodirik ez, eta bide luzerako, motxila txikirik ez. Eta handiarekin igotzeko gogo gutxi.

-Deportibea egingo diagu orduan.

Lezeren ezkerrean dagoen aldera jo genuen. Han bagenituen bide batzuk egiteko, eta Ekaitzean Elaia izenekoan sartzea erabaki genuen.

Beti bezala, Peloiak ekin zion. Bidearen hasiera bustita zegoen.

Bustitako zatia pasatu ondoren, horma dezente tentetzen da.

Baina helduleku ederrak ditu.

Bilgunera iritsi zenean, argazki hau atera zidan. Uste dut abdominalak egiten ari nintzela.

Egin nuen nik ere luzea poliki-poliki.

Ondoren, metro gutxi batzuk oinez egin eta bigarren luzearen hasierara joan nintzen. Etorri zen Peloia ere eta luzea aztertzen hasi ginen.

-Han baziok parabolt bat.

-Baina besterik ez.

Parabolt bakarra ikusten genuen, eta urruti gainera. Luzearen hasierak oso itxura txarra zuen, haitza puskatuta zegoela ikusten zen.

Horiek horrela, beherako bidea hartu genuen.

-Orain, Sector de la fuente esaten dioten horretara joango gaituk, Peloi. Bazeudek V+ batzuk.

Sektorera iritsi eta 13., 14. eta 15. bidea egitea erabaki genuen.

Oraingoan, Peloiak hasten utzi zidan, aurreko bidean bigarren luzerik gabe geratu nintzen eta.

13. bideari ekin nion: Decomisos (V+, 15m).

Zuhaitza pasatu ondoren, pixka bat ezkerrera jotzen du bideak, babaresa eder batean gora.

Banindoan gora, gustura, eta halako batean:

-Ostias! Sugegorria, Iñigo!

-Nik nahio armiarmak!- Peloiak bueltan.

Babaresaren bukaeran, zulo eder bat dago, ukabil baten tamainakoa edo, eta han eskua jartzera nindoanean, sugegorri bat zegoela ikusi nuen. Eskerrak ez nuen eskua hurbildu. Paraboltetik zintzilik jarri eta argazkia atera nion.

Mosketoi batekin pixka bat bultzatu, eta arrakalaren barrura sartu zen. Zahartzen ari garela edo ez dakit zer izango den, baina kontua da argazkia ezabatu egin nuela mobiletik nahi gabe. Behin tokatuko eta!

Jaitsi ninduen Peloiak eta esan zidan espresak jasotzeko, nahiago zuela beste bide batean sartu. Eta halaxe 14. bideari ekin zion: El piquete (V+, 15m).

Ederki egin zuen, eta nik ere bai ondoren.

Gero, 15. bideari ekin genion: Cocinicas (V+, 20m).

Nahiko trakets ibili nintzen ni, baina Peloiak erraz egin zuen.

Superbloque (6a, 25m) hurrengo baterako utzi genuen, sarrera bustituta zeukan eta.

Trasteak jaso eta Zumaiara bueltatu ginen.

Etorkizuna?

Etorkizunari begira albiste on bat eta albiste txar bat dauzkat. Zein nahi duzue aurrena?

Onetik hasiko naiz, badaezpada ere.

Gogoratuko zarete Eginon eskalatu ondoren, Usoaren eta Aztorearen ondoko kanaletik jaisten garela. Gu eta beste asko. Eta esaten genuen ederra izango zela tirolina bat jartzea. Gainera, bideak baditu tarte arriskutsuak, eta tirolinari esker, segurtasun handiagoz ibiliko ginateke. Bada, horren harira, txapa eder bat idatzi eta Arabako Foru Aldundiari aurkeztu genion, tirolina bat jartzeko aukera aztertu zezan.

Eta erantzun digute, uste baino lehenago gainera, aukera ona dela, bai eskalatzaileen segurtasunerako, baina baita ere turismoa erakartzeko. Eta prest omen daude %50a finantzatzeko. Hori bai, beste erdiaren finantziazioa guk bilatu behar omen dugu. Beraz, Euskal Mendizale Federazioarekin hitz egingo dugu, eta uste dugu berehala jarriko dela abian ekimena. Oraindik agian goiz da oso altu esateko, baina seguru gaude lortuko dugula.

Albiste txarra ere badaukat, ordea.

Oraintxe bertan, Peloia guardian dago (lanean, ez Arabako Errioxan). Hurrengo urtean hiru lankidek urte sabatikoa hartu behar omen dute, eta askoz ere guardia gehiago egin behar omen ditu. Pentsatzen ari da urte osoko guardia hartzea, eta hartara, beste bost urtean libre egongo da. Baina hori albiste txarraren zati bat baino ez da.

Hona hemen bestea: idazten duen honek, sekulako tripa-festak egin ditu gabonetan, eta “kilitoren bat” hartu du. Oraingoan, medikuak serio-serio esan dit dezente flakatu arte eskalada alde batera uzteko, zeozerrek emango omen dit bestela.

Izan ere, oraingoan pasatu egin naiz. Begiratu nola geratu naizen.

Beraz, 2019rako Larregiren eta Mutuaren esku uzten dugu Gorturen etorkizuna.

Seguru gaude gortuko dutela. Eta ea kronikak ere egiten dituzten.

Gortu!

 

1 thought on “Egino

Utzi erantzuna Lope(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude