Aiztondon, Juakinaren bila

Larunbatean, otsailaren 23an, Aiztondon izan ginen Peloia eta biok. Bizi gara, bai. Eta jarraitzen dugu gortzen.

Goizeko zazpi terditan atera ginen Zumaiatik, giro bikainarekin. Irurtzungo bi haizpera iristean, 0º C markatzen zuen autoko termometroak. Eskerrak Herri baten sustraiak egiteko asmoa hurrengo baterako utzi genuen, goizean goiz hotz dezente egingo zuela sumatuta.

Uharte-Arakilera iritsi eta Aralarrerako igoeraren hasieran utzi genuen autoa, betiko lekuan. Trasteak bizkarrean hartu eta Aiztondora abiatu ginen. Ederra zegoen Beriain guri begira aurrez aurre.

Banekien sektore berriak zabaldu zituztela Aiztondon, eta haiexek ikusteko kapritxoa neukan. Eta han joan ginen esploratzera, eskalatzen hasi baino lehenago. Bazter politak daude baso horretan, eta haitz ederrak ere bai. Baina Juakina ez zen inondik ageri.

Azkenean, gure hormaren oinarrira joan ginen, eskalatzen hasteko asmoz. Askotan esan izan diot Peloiari Juakina izeneko bidea eskalatu behar genuela. Nik duela urte dezente egin nuen Larregirekin, eta asko gustatu zitzaidan. Baina, orain arte, bide luze bat egin izan dugu lehenik, Juakina gerorako utzita. Eta lehen bidetik jaisten ginenean, Clasica sur bidearen lehen luzean norbait egoten zen. Eta, hain zuzen, bide horren lehen luzea eskalatu behar da, Juakina hortik aurrera hasteko delako.

Eta beti Juakinarik gabe bueltatzen ginen Zumaiara. Krokisean begiratuz gero, ulertuko didazue.

Ba, halaxe, betiko gaitzari aurrea hartzeagatik edo, Juakina bideari ekin genion. Hobeto esanda, lehenik Clásica sur bidearen lehen luzea egin genuenez, horretarako prestatzen hasi zen Peloia.

Peloiak berak ekin zion lehen luzeari: Clásica surren lehen luzeari, alegia.

Hotz egiten zuen artean, eta hatz puntak ederki gogortu zitzaizkigun. Lehen luzea erreza da (IV) eta berehala amiatu zuen. Bilgunea prestatu ondoren, abian jarri nintzen ni ere.

Luzearen amaieran.

Neuk ekin nion bigarren luzeari: Juakina (6a, 45m). Lehendik eginda baneukan ere, garbi egin nuen, baina uste baino gehiago kostata. Hemen luzearen hasieran.

Pixka bat gorago.

Hotzak hasi baginen ere, bero-bero eginda amaitu nuen bidea. Argazkietan argi eta garbi ikus daiteke Eguzkiaren izpiek zer abiaduran argitu zuten horma.

Bilgunea prestatu, eta Peloiaren txanda. Han zegoen bilgunean txintxo-txintxo, nik abisua noiz emango.

Hari ere kosta zitzaion, baina etorri zen tarraka-tarraka.

Azken pausotxoa.

Eta bilgunera. Aurkitu genuen Juakina, azkenean.

-Orain rapelatu egin behar diagu, Pelon. Igual ez dek lurreraino iritsiko, baina merezi dik saiatzea. Besterik ez bada, azken metroak destrepatu eta kitto.

Ohitura onei jarraituz, lurrera zihoazen bi soka muturrei korapilo bana egin genien, sokaren amaierara konturatu gabe iritsiz gero sustorik ez izateko.

Jaitsi zen Peloia, Shunt eta guzti, eta sokak libre utzi zituenean, neu jaitsi nintzen. Horman ikusten den monigote laranja hori naiz.

Ur pixka bat edan, barritatxoa jan eta zer egin pentsatzen hasi ginen. Hamaikak ziren.

-Zer egingo diagu orain, Peloia?

-Orain bide luze bat, ezta? Gainera, eguzkitan ederki egoten dek.

Irrintzi egitea erabaki genuen. Aurreko batean egin genuenean, Peloiak luze bakoitiak egin zituen, eta nik bikoitiak. Oraingoan, buelta eman eta lehena eta hirugarrena nik egin nituen aurretik, eta Peloiak, bigarrena eta laugarrena.

Banoa, lehen luzean.

Eta Peloia ere hasteko prest zegoen behean.

Etorri zen, behar zituen trasteak hartu, eta bigarren luzeari ekin zion.

Iritsi zen bigarren bilgunera.

Bi arte eder daude bilgune horretan, eta babes ederra ematen dute Eguzkiak gogor jotzen duenean. Zoom pixka batekin.

Nire txanda. Hemen bigarren luzearen amaieran, azeri aurpegiarekin.

Plaka fin hura gainditu ondoren, bilgunera iritsi, eta hirugarren luzeari ekin nion.

Gozada bat da horrelako giroarekin eskalatzea.

Hirugarren luzea plaka eder batean gora doa, oraintxe ur tantetatik, oraintxe zuloen bila, ezker-eskubi.

Iritsi nintzen bilgunera, eta hasteko esan nion Peloiari. Bilgunean zegoen gora begira, zerbikalak matxakatzen. Ditxosozko anteojo horiek ere erosi beharko ditugu, halako batean. Gure lepoek eskertuko dute.

Badator.

Eta badoa laugarren eta azken luzean gora.

Bai joan ere.

Ederki amaitu zuen, sobrao y eso berak esaten duen moduan. Ni ere zerbikalak izorratu beharrean nengoen beheko bilgunetik begira.

Bidearen amaierara iritsi nintzenean, rapela prestatu genuen, eta Peloia joan zen lehenik beherantz. Horrelakoetan beti pentsatu izan dut nik adina denbora gutxik pasatuko dutela bilguneetan, betidanik azkena jaitsi izan naiz eta normalean.

Behera iritsi ginenerako, ordubata jota zegoen. Trasteak bildu eta autora. Bueltan, Bi haizpetan, pertsona bat ikusi genuen Herri baten sustraiak bidearen azken luzean.

-Ño! Ordu honetan eguzki goxotan bai ederki!. Baina udazkenerako utzi beharko dugu, martxotik irailera bitarte debekatuta dago eta, txoriek habiak egiten dituztelako.

Zumaiara iritsi eta zuzenean etxera, zerbezarik gabe.

Egino

Aurreko bi larunbatetan ere, otsailaren 9an eta 16an, egin genuen gure goiz bueltatxoa. Eginon izan ginen bi aldietan, Sector de la fuente esaten dioten horretan.

Lehen egunean, 11. bidetik 15. bidera artekoak egin genituen, guztiak V+ zailtasunekoak. Hala ere, badago aldea, gure ustez, batzuen eta besteen artean. Peloiak buelo txiki bat ere egin zuen. Amaitzeko, 10. bidea egin genuen, 6a mailako plaka eder bat. Gustura asko geratu ginen, baina kronika hurrengo baterako utzi nuen.

Peloia ekinean Eginon.

Aurreko asteko larunbatean, berriz, hilaren 16an, aurreko asteko bideetan berotu ondoren, superbloke izeneko 6a mailako bide ederra egin genuen. Baina, kronika idazteko gogorik ez.

Izan ere, kronika egin behar dudala pentsatzen dudan bakoitzean, zazpi bekatu kapitalak etortzen zaizkit burura: pereza, pereza, pereza, pereza, pereza, pereza eta pereza. Edo nagialdia edo nahi duzuena. Eskalatzeko ez, ordea. Horretarako amorratzen egoten gara.

Gortu!

2 thoughts on “Aiztondon, Juakinaren bila

Utzi erantzuna Axi(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude