Labarganetan, neguari agur esaten

Atzo goizean, Untzillatx mendiaren hegoaldeko Labarganeta sektorera joan ginen Peloia eta biok.

Goizeko zortzietan etorri zen Peloia nire bila, eta Atxartera abiatu ginen. Mañaria pasatu, Urkiolako bihurguneetan gora joan, eta Gatzaieta baserriaren kanpoko aparkalekuan utzi genuen autoa. Mañariatik pasatzean, termometroak 4º C adierazten zuen, eta Gatzaietan, berriz, 9º C.

Bidean San Jose loreak ikusi genituen.

Argazkia atera eta Peasori WhatsAppez bidali nion argazkia, ale bat jan nuela esanez.

Labarganetarako bidean, hauxe ikusi genuen bidean.

Gortuko kamiseta bakarrik falta zitzaion.

Labarganetara iristen. Atzean, Mugarra.

Haizeak tarteka hotza ekartzen zigun.

Krokisari begiratu:

Eta betiko galdera:

-Nondik hasiko gaituk?

-Berotzeko 6a egin behar diagu -esan nion Peloiari harro-harro.

Baina, Peloiak, lehen bidean beti trakets samar ibiltzen garela jakinda, 5c mailako bide batetik hastea proposatu zidan.

-Hauxe, hamaikagarrena egingo diagu hasteko. Hamabigarrenak bukaeran pauso alua zeukak eta.

Motxilak hustu eta prestatzen hasi ginenean, nire kaskoak bere buruaz beste egitea erabaki zuen. Hormaren oinarria oso estua da, eta nahiko irregularra. Eta han hasi zen kaskoa beherako bidea bilatzen, poliki-poliki. Eta gu begira:

-Baix, baix! Kietorrrr!

Baina kaskoak beherantz jarraitzen zuen. Halako batean gelditu zen behintzat.

Hara non geratu zen.

Zoom eginda ikus daiteke.

Beraz, kaskoaren bila abiatu nintzen. Kaskoa jaso.

Leku seguruan jarri.

Eta gora, berirro ere.

Eskalatzeari ekin genion, horixe baitzen helburua.

Hasteko, Pontie el casquio (5c, 30 m). Peloia hasi zen beti bezala.

Peloia eskalatzen ari zen bitartean, haizeak ederki freskatu gintuen.

Postureo pixka bat.

Eta gora.

Eta gorago.

Ondoren, nire txanda. Bidea hasten.

Ni eskalatazen ari nintzen bitartean, haizea baretuz zihoan.

Jaitsi ninduen Peloiak, eta nora jo pentsatzen hasi ginen:

-5c egin diagu, sobrao y eso. Orain 6a-ko bat, ezta? -Peloiak.

-Bai. Bazeukat fitxatuta bat, eder askoa: Chorreton (6a, 30 m). Mutuakin egin nian behin. Hasiera gozada bat dek, kriston heldulekuak zeuzkak. Eta bukaeran, plaka fin bat.

Han abiatu zen Peloia, bi aldiz pentsatu gabe. Haizea gora berriro ere.

Bukaerako plakara iritsi zenean, pixka bat geratu zen, aldaketari nondik heldu pentsatzeko. Izan ere, helduleku ederrak izatetik plaka leun batera pasatu behar da, eta han, ia-ia betaurrekoak behar dira heldulekuak bilatzeko. Ederki pasatu zuen, hala ere.

Handik aurrera, sabaitxo baten gainean dagoen deskuelgera iristea baino ez zitzaion falta.

Oso tente jartzen den arren, oso helduleku onak daude eskuentzat eta oinentzat, eta erraz egiten da. Jaitsi nuen eta ni abiatu nintzen, ondoren. Haizea lasaitu egin zen berriro ere.

Plakaren hasieran.

Eskurik gabe!

Plaka ederra da benetan. Behetik erabat leuna ikusten da. Baina, gotik begiratuta, zulotxo biribil batzuk ditu, ur-tanta tipikoen hasiera dirudiena. Zulo txiki horiei esker, katu-hankaren puntak sartuta, pixkanaka ederki joan ginen gorantz. Gogoan dut Mutuarekin egin nuenean, burua ez neukala hain lasai, eta paraboltera iritsi orduko bi aldiz pentsatu gabe heldu niola. Pausoa egin eta gero! Horrelakoak izaten dira patxadaz ez eskalatzearen miseriak.

Bidea amaitu, jaitsi, eta argazki bat atera nion Gorbeari.

Oraindik ere badauka ardo botila freskatzen uzteko nahikoa leku!

-Orain 6a+ edo zer egin behar diagu?

Hormari begiratu eta 17. bidea aukeratu genuen: Efecto 2000 (6a+, 25 m).

Ordurako, egueraldia epeltzen hasita zegoen, baita gu ere.

Fedez ekin zion Peloiak. Izan ere, Labarganetako itsasgarritasunezko bide horietan, fedea izan behar da katu-oinen zolako goman. Eutsiko al dio?

Abiatu zen Peloia.

Laugarren txapara arte, arazorik gabe. Babaresari heldu eta gora.

Laugarren txapan hasten dira kontuak.

-Hemen ez ziok ezer!

-Katu-oinek helduko die!

Peloiaren hanka tartetik bidearen hurrengo paraboltak ikusten nituen. Baina uste dut argazkian ez dela erraz nabaritzen. Ikusi ere zer ikusten dugu ba gaur egun!

Lehen saiakeran ezkerreko hankak irrist egin zuen, eta zentimetro gutxi batzuetako buelotxoa jo zuen.

Baina, gero, ederki pasatu zuen pausoa.

Gora iritsi, deskuelgetik soka pasatu, geure mosketoiak jarrita, deskuelgeko mosketoia ez gastatzeko, eta behera.

Ondoren, nire txanda. Niri ere ezkerreko hankak irrist egin zidan, ditxosozko laugarren txapa pasatu ondoren. Baina, bigarrenean ederki atera nuen pausoa. Hemen, zailena atzean utzita.

-Egon hadi pixka bat -Peloiak- argazkia atera behar diat eta.

-Honela? -nik.

-Ez, horrela ez. Kakañian ari haizela ematen dik eta!

-Horrela hobeto! -Peloiak.

Jaitsitakoan, orduari begiratu eta agian Zumaiara bueltatu beharko genuela esan nion Peloiari.

-Ez, oraindik ez. Beste bat egingo diagu “hozteko”.

Orain berotzeko bezala hozteko ere bide bat eskalatu behar omen da. Eta nik uste nuen hozteko onena zerbeza hotza zela.

19. bidea egitea erabaki genuen: Tristura (5c). Krokisean ikus daiteke beste bideak baino beheragotik hasten dela, baina guk beste bideen paretik egin genuen, beti egin izan dugun bezala. Ordurako giro zegoen, eta gortuko kamiseta flamantearekin eskalatu genuen.

Aurrena Peloia, nola ez.

5c izateko pauso fin askoa dauka bide horrek ere. Itsasgarritasuneko pausoa, noski. Agian horregatik jarri zioten Tristura izena, une batean helduleku faltaren panoramak tristura sor dezakeelako. Peloia jaitsitakoan, ni abiatu nintzen.

Ondoren trasteak jaso eta bostekoa eman genion elkarri, poz-pozik.

-Ez gaituk makalak! Gaur ere egin diagu 5c, 6a, 6a+.

-Arratsaldean ere hemen geratuz gero, noraino iritsiko ote ginateke?

Beherako bidea hartu genuenean, jende gehiago ere bazebilela ikusi genuen. Koberretapen bazegoen norbait oinarrian, baina horman, artean ez. Eskubirago, Koberretape Eskuma izeneko sektorean, bost lagun edo bazeuden.

Hauxe da Koberretape. Itxura ederra dauka.

Hurrengo baterako bideak fitxatzen.

Labarganeta “agortzen” dugunean, hara abiatu beharko dugu.

Basoan barrena, laster iritsi ginen Gatzaieta baserriaren ondoko aparkalekura.

-Loteria tokatzen bazaigu, hauxe erosi behar diagu. Hik ba al dakik ze gozada izango den hemendik Concavara begira, lasai-lasai eserita, telebista ikusten ari bagina bezala, zerbezatxo batekin esku artean berriketan egotea?

Euskal Herriko lekurik ederrenetako batean ez bada baserri hau, ez da urruti ibiliko.

Autoa hartu eta leihoak zabalik joan ginen Urkiolan behera, bero egiten zuen eta. Durango parean 25º C. Harrigarria.

Zumaiara iritsi ginenean, ordea, 17º C inguruko tenperatura zegoen. Frontonaren terrazan zerbeza eder bat hartzen ari ginela, Mutua agertu zen.

-Hi! -esan nion- Peloiak hurrengo astian guardiya zeukak. Hi libre al hao?

-Bai, baina jaian. Larunbatian, ez.

Eta handik pixka batera:

-A, ez! Guardiya zeukat.

Beraz, hurrengo asterako single geratu naiz. Ea norbaitek proposamen indezenteren bat egiten didan.

Gortu!

Doinu zahar berriak airean, Eginon

Atzo, martxoak 8, arratsaldeko manifestazioan Peloiarekin topo egin nuen.

-Bihar Atxartera, ezta?

-Bale. Gortu beharra zegok.

Manifa amaitu zenean, Peasorekin topo egin genuen.

-Peaso, animatzen al haiz bihar Atxartera?

-Bai, gustura.

-Baina 6a eta hortik gorakoak probatu behar dizkiagu.

Orduantxe kolorea aldatzen hasi zitzaion pixka bat, baina berehala lasaitu nuen:

-Ez, motel. Ahal duguna egingo diagu, eta kitto.

-Onen orduan joango gaituk, goizeko 8retan -Peloiak.

Iritsi naiz gaur goizean Arbustaingo arranplara, eta han zegoen Peaso zain, bere lingote flamantearekin.

-Ostia! Volvo for life! Earra trastua! -eta ez da hori izan eman digun ezusteko bakarra.

-Bai, hogei urte zeuzkak, baina kilometro gutxi.

Nire autoa hantxe utzi, trasteak Peasonean sartu eta Atxarte aldera abiatu gara Peloia, Peaso eta hirurok.

Autobidean sartu bezain laster, lau tanta fin erori dira, eta Peloiak berehala esan du hobe genuela Eginora joatea Atxartera baino. Eskalatuz gero, gustura. Berdin zait batera edo bestera. Halaxe, Eginorako bidea hartu dugu.

Aparkalekuan autoa utzi eta Sector de la fuente izeneko sektorera abiatu gara.

Oinarria pixka bat eskasa da hiru lagunentzat, baina moldatu gara nola-hala trastean soinean jartzeko.

-Sugegorriaren bidea egingo diagu lehenik -bota dut nik.

-Izen hori al zeukak? -Peasok.

-Ez, Decomisos dek, baina behin sugegorria ikusi nian eskuarekin heldu beharreko zulo batean, eta harrezkero horrela esaten zioagu.

Ekin dio Peloiak, eta erraz egin du, sobra y eso. Ondoren, Peaso abiatu da, soka goitik zuela, baina lanak eta bi izan ditu bilgunera iristeko. Berehala konturatu gara agian gehiegitxo zela hainbeste denbora eskalatu gabe daraman batentzat.

Nik egin dut ondoren. Hemen Peloia aseguratzen eta ni gorantz.

Ondoren, bide errazagoak egitea pentsatu dugu.

Ezker-ezkerreko bideetara joatea proposatu diet, eta hala egin dugu. Krokisean agertzen diren 1, 2 eta 3 bideak egin ditugu.

Hasteko 2. bidean sartu gara: Abigail (15m, IV). Peloia hasi da beti bezala.

Bidea bukatzen.

Aseguratzen.

Peloia jaitsi, eta Peasok ekin dio ondoren.

Pixka bat gorago, posatzen.

Ederki moldatu da oraingoan. Ni igo naiz, azkenik.

Jaitsi naizenean, 2. bideari ekin diogu, lehenengoaren ezkerrean dagoenari: La dama de rosa (15m, V). Aurrekoa baino zailagoa izan arren, ondo samar moldatu da Peaso.

Baina, hasi, Peloia hasi da, beti bezala. Al ataker!!!

Erraz, azkenaldian bezala.

Lanak Peasok izan ditu.

Ondo hasi da, baina zailtasuna goian zeukan zain.

Gero eta hobeto ari zen, hala ere.

Amaitzeko, nire txanda. Postureoa tope!

Handik jaitsitakoan, 3. bidea egitea pentsatu dugu: La loba herida (15m, V). Beste behin ere egin genuen eta oroitzapen ona neukan.

Peloiak eman dio lehen kolpea.

Gaur ez dut argazki bakar bat ere atera. A zer nolako bakea! Peaso, ordea, klik eta klik aritu da.

Ordurako ordua aurrera zihoan, aparkalekua betetzen ari zen, eta nire tripa barreneko zuloa handitzen. Peasok ekin dio ondoren.

Oraingoan ederki ibili da, eta Peloiaren esanak kontuan hartuta, poz-pozik iritsi da bilgunera. Orduantxe hasi gara doinu zahar berriak in the wind entzuten.

Ederra izan da. Nik beti pentsatu izan nuen, gaztetan, gauza ederra izan behar zuela Txindokiko ertza eskalatzen (esate baterako) aho soinua atera eta doinuren bat aireratzea.

Ez da makala gure Peaso. Orain, gainera, proiektu ederrak dauzka berehala egiteko, baina hori berak kontatuko dizue, nahi badu.

Gortu!