Lau egun Huescan (II)

Asteazkena, ekainak 5

Asteazkenerako eguraldi txarra zegoen iragarrita. Hala ere, Zumaiara bueltatu aurretik beste bideren bat egiteko asmoa genuenez, bezperan kasko berria erosi nuen Jacako denda batean.

Asteazkenean, esnatzerako euria entzuten nuen etxeko teilatua jotzen. Hala ere, goiz samar jaiki, gosaldu eta Riglos aldera abiatu ginen.

-Nere mobilak esaten zian atzo gaur ez duela euririk egingo Riglos aldean, eta ea zerbait egiteko aukera daukagun.

-Bai, haruntz joango gaituk. Txarren-txarrenean, ezin badiagu eskalatu, Peña Ruebarako bidea ikasiko diagu.

Murillo de Gállegora iritsi ginenean, giro umel zegoen. Autoz herria pasatu eta hormara hurbiltzen den pista hartu genuen. Kilometro erdi baino lehen, pista egoera onean ez zegoela ikusita, buelta ematea erabaki genuen. Autoa herriaren kanpoaldean utzi, eta oinez egin genuen pistako bidea. Ordu erdi behar izan genuen, gutxi gorabehera, krokisaren arabera autoa utzi beharreko lekura iristeko. Handik beste 20 bat minutuko bidea dago oinez, hormara iristeko.

Ilun ageri zen Peña Rueba.

Bidean euri txikia hasi zitzaigun, eta autoa utzi beharreko lekura iritsitakoan, euria gehiago botatzen hasi zen. Oinez itzuli ginen berriro autora, eta blai eginda.

Autoa hartu eta Riglos herrira abiatu ginen. Han ere euriak ez zuen atertu nahi. Taberna batean kafea hartu genuen, herriaren gainera erori nahi duela dirudien Pison malloari begira, aho zabalik.

-Hemen sartzeko eguna ere ailegatuko zaiguk, ezta? -esan nion Peloiari.

-Hi beti haundikeritan!

Euriak geratzeko asmorik ez zuela ikusita, Agüero herrira joatea proposatu nion Peloiari. Han ere badaude bide luzeak eta ederrak, eta hurrengo batean joanez gero, bidea ikasita izateko. Erabat estalita zegoen, eta horma ez zen oso ondo ikusten.

-Zer egingo diagu orain?

-Goazen Rodellar aldera. Zenbat urte hara joan gabe!

-Rodellar? Lekutan dago. Baina beste zereginik ez daukagunez, turismo pixka bat egingo diagu.

Huesca hiriburua pasatu eta Rodellar aldera jo genuen. Hori bai, lehen saiakeran Sierra de Guara zioen kartel bati kasu eginda, okerreko bidea hartu genuen.

-Non daukak mapa? -Peloiak.

-Mapa? Nik krokisak bakarrik zeuzkat.

Halako batean, bide egokia aurkitu genuen, eta iritsi ginen Rodellarrera. Herri txiki-txikia da, eta tabernaren bat eta eskalatzaileentzko aterpe bat badauden arren, ez dago ia dendarik.

-Hara! La sportivaren denda bat! -esan zidan Peloiak.

Begiak hiru edo lau aldiz igurtzi ondoren, sinistu ezinik, hauxe esan nion Peloiari:

-Joño. Hemen ogia erostea zaila izango dek, baina katu-hankak behar izanez gero, bazegok non erosi. Apostu egingo nikek Espainia osoan ez daudela La Sportivatren bost denda.

Etxera itzuli ginenean, Interneten begiratu nuen, eta ikusi nuen Bilbon badagoela horrelako denda bat, eta Madril eta Bartzelonaz aparte, iberiar penintsulako beste denda bakarra Rodellarrekoa dela.

Kalandrakara abiatu ginen. Eskalatzaileen aterpe bat da eta mundu osotik joaten da jendea, eskalatazeko leku ezin hobea delako.

-Igual bokata bat jango diagu bertan, ezta?

-Bai, hamabi eta erdiak dituk eta Jacara iristerako berandu egingo zaiguk bestela.

Baina, Kalandrako itxita zegoen 12:00etatik 18:00etara. Ederra marka!

Kalandrakako terrazetatik sekulako bistak daude.

Autoan sartu eta Jacara itzuli ginen.

Osteguna, ekainak 6

Goizean goiz jaiki (ez asteartean bezain goiz) eta Peña Ruebara abiatu ginen. Aurreko egunean bazterrak miatzen aritu ginenez, bagenekien zer egin behar genuen: autoa herriaren irteeran utzi, eta oinez abiatu.

Egin nahi genuen bidea Sendero Limite zen. 270 metroko desnibela eta gehieneko zailtasuna V+.

Bagoaz bidean aurrera.

Lurra lehorra zegoen eta hormak ere itxura ederra zeukan.

Bidean bista bikainak. Ba al dakizue zer den?

Gu, Peña Ruebarantz.

Ezkerreko aldean dago gure bidea. Eta jaisteko, eskuinerantz joan behar da, ferrata bat harut eta handik jaisteko.

Pistan autoa utzi behar den lekura iristean, eskuinera hartu eta hormarantz jarraitu genuen.

Zenbat eta hurbilago, orduan eta handiagoa ikusten da horma.

Eta iritsi ginen bidea hasten den lekura.

Beorketa batzuk egin.

Ekipoa prestatu.

Jotika bat abestu.

Eta bideari ekin genion. Giro ederra zegoen arren, ez zuen batere berorik egiten. Dena dela, herritik oinez ia ordubete egin genuenez, ez geneukan hotz izpirik.

Peloiak ekin zion lehen luzeari. Krokis honen arabera, V- zailtasunekoa da. Guztira 10 luze ditu eta jaitsiera luze samarra da.

Badoa Peloia.

Gaztelaniaz panza esaten dioten irtengune horiek oso ohikoak dira harri konglomeratuzko horma horietan, Peña Rueban zein Riglosen. Nik krokisen batean gibor irakurri dut, baina tripa esatea ere egokia izango da agian. Ea zer dioten hizkuntzalariek.

Pixka bat gorago.

Lehen bilgunetik abisua eman zidan, eta han abiatu nintzen ni ere.

Argi eta garbi ikus daiteke kasko berriaren distira.

Eta bigarren luzeari ekin nion, nire txanda zen eta.

Bigarren bilgunean, jadanik lurrera arteko hutsunea zabaltzen hasten da.

Bigarren luzean izan genuen gorabeheraren bat. Gibor edo tripa horietako batean gora igo ezinik geratu nintzen, ezinean. Baina zailtasuna V zela eta, banekien lehenago edo geroago pasatuko nintzela handik. Baina bien bitartean Peloia urduritzen hasita zegoen. Pasatu genuen hala ere.

Eskalada horretan ohitzea pixka bat kostatzen da hasieran, baina behin trukoa hartuta, ederra da.

Badoa Peloia hirugarren luzean gora.

Ondoren, laugarrenari ekin nion nik.

Laugarren luzea oso bertikala da, desplomatua ere bai tarte batzuetan. Baina bideak pasagune errazenak bilatzen ditu.

Bilgunetik, honela ikusten nuen behean Peloia.

Badator.

Laugarren bilgunean nengoen. Horman R4 jartzen duela ikus daiteke.

Eguzkia guregana hurbiltzen ari zen.

Hala ere, ez zuen batere berorik egiten, eta gure atzetik iritsi zirenak arropa gehiago janzten ari ziren.

Iritsi zen Peloia eta baita bosgarren luzean gora abiatu ere.

Bosgarren luzea amaitzen ari nintzela, eguzkiak harrapatu gintuen.

Ondoren, seigarren luzeari ekin nion.

Goiko parte horretan, horma etzanagoa da, eta eskalada errazagoa.

Peloia seigarren luzea amaitzen.

Eta zazpigarren luzearen hasieran.

Zazpigarren luzearen amaierako bilgunetik.

Ni, bilgunera iristen.

Eta zortzigarren luzearen hasieran.

Giro ederra ikusten da, baina haizeak dezente jotzen zuen, eta fresko zegoen.

Peloia bederatzigarren luzean.

Luze berean, pixka bat gorago.

Ni, bederatzigarren luzea amaitzen.

Eta hamargarrenari ekiten, eguneko azken luzeari.

Iritsi nintzen gora, bilgunea prestatu eta beste ezer baino lehen, arropa jantzi nuen, ez zegoen bromarako eta. Ondoren, hasteko abisua eman nion Peloiari.

Iritsi zen, eta argazkia atera nion, Agüeroko malloak atzean zituela.

Ni ere leku berean jarri nintzen, argazkirako.



Orduak aurrera zihoazen eta nahikoa egindako sentsatzioa geneukanez, jaisten hasi ginen. Jaitsiera luzea da eta pixka bat astuna egiten da. Ferratara iritsi arteko bidea ez da batere segurua, tentuz joan behar da. Laguntzeko dauden sokak eta abar egoera txarrean daude. Kontuz ibiltzeko lekua da.

Baina bistak ezin hobeak dira.

Juxtu Peloiaren gainean Rigloseko malloen goiko aldea ikus daiteke.

Bagoaz behera, poliki-poliki. Peloia ferratan behera.

Eta iritsi ginen lurrera. Lasaitu ederra. Atzean Agüeroko malloak ikusten dira. Ezagutuko ditugu bertatik bertara noizbait.

Gure hormari azken bistazoa bota eta bueltako bidea hartu genuen.

Artean, jendea eskalatzen ari zen. Nik badakit non dauden, ea aurkitzen dituzuen. Non dago Wali?

Ia ordubete geroago autoa zegoen lekura irtisi eta herriaren sarrerako parkinera abiatu ginen. Han txiringito bat zegoen eta bertan bokata bat jatea pentsatu genuen. Ia hiru eta erdiak ziren ordurako.

Gutxienez hamabi bokata desberdin egongo ziren aukeran, baina berehala aukeratu genuen. Biok bokata bera gainera: Kalamarrak ali-oliarekin.

-¿Quereís un poco de tabasco? -zerbitzariak.

Eta guk baietz. Bokata bero-beroa jan eta Jacara itzuli ginen.

Ostiralean euritan esnatu ginen eta Zumaiara buelta, egun eder batzuk pasatu ondoren.

Ea noiz egiten dugun berriz horrelakoren bat.

Gortu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude