San Kristobalak Eginon

Hil honen 13an, Eginora joan ginen Peloia, Lope (txabalilloa) eta hirurok. Goizeko sei terditan abiatu ginen, eta Eginora iritsi baino pixka bat lehenago, gogoratu nintzen Larregirekin joan nintzen batean, festak zirela eta gazte batzuk bazaudela gaupasa eginda.

Eta ahoa zabaldu banuen, zabaldu nuen. Eszenatoki bat zegoen, baso hutsak eta beteak bazterretan, eta hiru gazte gaupasa eginda.

-Joño! Ba garai hauxe izango huan!

Autoa utzi eta hormarantz abiatu ginen. Gure helburua Usoa eta Aztorea egitea zen, aspalditik geneukan begiz jota Peloiak eta biok. Lope, berriz, aspaldian ibili gabe, sinestuta zegoen bidea gogortxoa egingo zitzaiola.

Argazkia eskas samarra da (Eginotik zoomarekin aterata dago), baina irudiaren erdian dagoen lehen “triangelua” Usoa da, eta goian pixka bat ezkerrerago ikusten dena, Aztorea.

Hormara hurbiltzen ari ginela, ezustekoa.

-Joño! Letrero bat!

-Handia dek ba! Horrelako haitz piloa eta guri komeni zaigun tartean eskalatzea debekatuta!

-Irailera arte jai ziku!

-Goan ere Larregik burla egin behar ziguk: Huele a retirada, ezin izan nuen

-Zer egingo diagu?

Berehala erabaki genuen Susi egingo genuela. Lehen ere kronika batean baino gehiago eman izan dut bide horren berri, eta gaur ez naiz asko luzatuko.

Bideak bi zati nabarmen ditu: lehenik lau luzeko tarte bat; ondoren, oinez egin beharreko zati txiki bat; eta azkenik, bi luzeko beste bat.

Peloiak lehen biak eta nik hurrengo biak egingo genituela erabaki genuen.

Lopek arnasa lasai hartu zuen, egin beharreko bidea ezaguna eta errazagoa zela bazekielako. Peloiak, berriz, eskalatzeko motxila berria, flamante-flamantea.

Lopek esaten zuen motxila horrek niretzat izan behar zuela, nire arnesarekin hobeto ematen duela Peloiarenarekin baino. Ez du arrazoirik falta mutilak.

Hasi zen Peloia eskalatzen, motxila flamantearekin.

Bukatu zuen luzea, eta iritsi ginen Lope eta biok ere bilgunera.

Bigarrenari ekin zion, ondoren. Bigarren bilgunetik abisua eman zigunean, ni abiatu nintzen lehenik, eta Lope pixka bat geroago. Hemen ni bigarren luzean.

Luzea amaitu baino lehen, argazki bat atera nion Peloiari.

Eta beste pare bat Loperi.

Gorabehera handirik gabe bukatu genituen lehen lau luzeak.

Tartean artxiperreak sartzeko ikastaro txiki bat ere eman nien. Aztorean beharko genituelakoan eraman nituen, eta arnesean apaingarri ederrak izateaz gain, erabilera ere badutela erakutsi nahi nien.

Fisureroak luzearen hasieran sartzen direnean, nahiko normala izaten da sokaren mugimenduekin ateratzea. Argazkian ikusten den fisureroaren gainean beste bat jarri nuen, eta hura atera egin zuen sokaren mugimenduak. Ordurako, ordea, parabolten bat txapatuta neukan gorago, eta beraz, ez zegoen arriskurik.

Bagindoazen gora, poliki-poliki.

Peloia gustura.

Bukatu genuen, traste guztiak jaso eta behera.

-Aber zer daon Eginon, festak dituk eta.

Txosna bat behintzat bazegoen, garaje baten barruan.

-Gaur zerbeza bat hartu behar diagu Eginon! Lehenengo aldia izango dek.

Hartu genuen zerbeza eta luntxera ere gonbidatu gintuzten. Hantxe egon ginen gustura bertakoekin berriketan, eta zerbait jan eta edaten.

Aupa, Egino! Ez zarete makalak.

Hurrengo urtean kanpin eta guzti joan beharko dugu.

Gortu!