Mugarriz mugarri

Larunbatean, mugarrien bira egin genuen. Zenbakiei buruz eta ez dizuet gauza handirik kontatuko, ez nuen apunterik hartu eta. Ez zenbat hasi ginen, ez zenbat iritsi ginen. Esan behar da, hala ere, taldea ataka batetik pasatzen zen bakoitzean, saiatzen nintzela zenbatzen zenbat ginen. Baina normalean ez nuen lortzen.

Kronikea idazteko eta kronikea idazteko… Larregiren pelmada, eta horretantxe jarri naiz. Gogo handirik gabe, egia esan. Gainera, atzo Baleiken berria ikusi nuenean, pentsatu nuen: “Bapo nauk. Libratu nauk kronikarik egin gabe oraingoan ere”. Baina laster zapuztu dit Ametsa Larregik.

Atera ginen, puntual samar, eta berehala iritsi ginen Algorrira. Ordurako baten batek galdetu zuen:

-Asko falta da?

-Media hora! -beste batek.

Mugarriz mugarri ibiltzeko, kantu-hankarik gabe joan ginen, noski. Hala ere, bazeuden pausu zailxeagoak, krux esaten diegun horietakoak.

Lehenengoa: Algorriko buelta busti gabe hartzea. Ez da zaila, baina labaindu eta hanka uretan sartzea ere ez da batere zaila. Pare batek edo hiruk probatu zuten.

Bero zegoen eta ez zetorren gaizki freskatu bat.

Algorriko kruxera iristen.

Algorriko harraldean aurrera Baratza zaharretara gindoazela, ez genuen argi ikusten Palankamugarri bistan egongo zen edo ez. Baina hantxe zegoen, txintxo-txintxo, lapazorriz estalita.

Palankamugarritik berehala iristen da Baratza zaharretara. Gaur egun Motxo entzun izan diot bati baino gehiagori. Xelebrea iruditzen zait. Autoarekin zuhaitza jo genuen lekuari gure izena jarri beharko genioke orduan, ezta?

Baratza zaharretatik gora, aldapa latza eta jendea izerditan. Bista ederra bai behintzat!

Iritsi ginen goiko atsedenlekura, eta handik Pikoteko zulorantz jo genuen.

Eta handik, Pikote pasatu eta Andika goikoaren eta behekoaren arteko mugarrira. Andika behekoaren atzeko mugarria ez genuen bisitatu, txarrantxak bidea ixten zuelako. Hemen Larregi Andika goikoaren atzeko aldean dagoen mugarrian azalpenak ematen.

Handik, Jadarreko zulorantz.

Bero handia egiten zuen, baina gainetara ateratzen ginenean, kamiseta azkar lehortzen zen hego haize bortitzarekin.

Zulora iristen.

Jadarreren atzeko mugarria ikusi eta azalpenak entzun ondoren, Endañetarantz abiatu ginen. Ni atakak ixtera geratzen nintzen normalean, eta elkarren ondoko bi ataka nahiko gertu zeuden bakoitzean, nire “lagunak” niri deika hasten ziren berehala: “Aber, Apolo! Ate hori!” Ataka batekin amaitu baino lehen, hurrengoan egon nedila nahi zuten gizagaixoek.

Endañeta baserritik behera ere bista ederrak.

Ordurako gosea sentitzen ere hasita geunden. Bagenekien San Lorenten hamaiketakoa tokatzen zela, eta ordurako hamaikak pasata zeuden.

Aldapa igo ondoren, Azkoin zaharraren atzetik Zumaiara begira.

Iritsi ginen halako batean San Lorentera. Orduan hasi zen gure festa txikia. Ez dakit sinestuko didazuen, baina ez daukat hamaiketakoaren argazkirik.

Gustura egon ginen jan eta edaten, baina denbora nahi baino lehenago joan zitzaigun eta azkenean ia ihesika atera ginen.

Agotera jaitsi, Ibañarrietara igo eta bagindoazen bidean aurrera. Tripa beteta, baina ahoa lehor samar.

Oikia ezkerretara utzi eta errepidera iritsi ginen, lehen Guascor zen enpresaren alde batetik (gaur egun Siemens dela uste dut). Errepidetik Muniosororaino jarraitu genuen, eta handik Artzain baserri aldera jo genuen, Zumaiako txoko politenetan barrena.

Basoan barrena errekazulo batetik hasi eta ezkerraldera segi genuen. Bidetik pixka bat aparte, errekazuloan gora dagoen mugarria ikusi, eta Artzain baserrirantz jarraitu genuen.

Artzain baserrira iristen ari ginela baserriaren ondoko mugarria ikusi genuen. Baserriaren beste aldean ere badago bat, baina hura arratsalderako utzi genuen.

Ordurako zerbeza hitza dexentetan entzun nuen taldean. Ari ginen Elkanora iristen.

Bai iritsi ere. Oinetakoak kendu, arropa lehorra soinean jarri eta zerbezatxoa hartzera lasai-lasai. Giro zegoen terrazan.

Propaganda egitea ez dago ondo, baina bapo bazkaldu genuen. Denbora, jakina, azkar joaten da horrelakoetan ere, eta beraz, nahi baino lehenago beherako bidea hartu genuen. Berriro Artzain baserrira joan, hango bigarren mugarria ikusi eta bidean pixka bat aurrerago dagoen mugarrian argazki hauxe atera zuen norbaitek.

Aurrerago beste mugarri bat ikusi, eta Meaga auzoa baino pixka bat lehenago, errepidera jaitsi ginen. Errepideak behera gindoazela, auto batek baino gehiagok bozina jo zigun. Boy scoutak ginela pentsatuko zuten.

Enpresa zahar baten parean, beherantz hartu genuen, autobiderantz. Leku batean bidea zikin samarra zegoen, eta aurretik zihoazenek gora jo zuten behera jarraitu beharrean. Buelta hartu eta bide onetik jarraitu genuen.

Autobidearen azpitik pasatu eta trenbidearen gaineko zubi txiki batetik pasatu ginen. Esango nuek ez dela jende asko pasatzen hortik urte osoan zehar, ia erabat ixten da eta.

Beti obretan dagoen baserria edo txaleta edo dena delakoa pasatu eta beste gune zingiratsu batean sartu ginen. Ez dakit zer izen duen. Larregi da horretan aditua.

Lokatzaz, uraz eta txarrantxaz gain, mugarriren bat ere aurkitu genuen.

Handik gora aldapa gogorra berriro ere. Lehenengo aldapa gainditu, eta Artia baserrira iritsi baino lehen, basoan sartu, eskuineko aldera, eta bigarren aldapa gogorra. Han igarri zen Klaudio egon zela basoko bidexka pixka bat garbitzen. Askoz ere okerrago aurkitu izan dugu.

Eta iritsi ginen azkenean gainera. Argazkia atera genuen betiko lekuan. Nekatuta baina barrez-barrez.

Eta beherantz beste behin ere.

Paraje ederra itsasoari begira filosofatzeko.

Handik Artia baserrira, eta Artiatik Karakasera, errekazuloko mugarria bisitatu ondoren.

Karakasera hurbiltzen.

Eta Karakasetik behera.

Errepidera iritsi baino lehenago, pare bat mugarri bisitatu, eta Santiago hondartzako mugarria ikusita, gauza bat bakarrik falta zitzaigun: zerbezatxo bat hartu elkarrekin, eta nor bere etxera.

Hurrengo urtean ere egin beharko dugu, ezta?

3 thoughts on “Mugarriz mugarri

  1. Onaaaaa, Apolo, portatu haiz!!!!!
    Hurrengo urtean baleikeko baten bat engañatu behar diagu gurekin etorri eta kronikea egiteko!!!
    Eskerrik asko eta gortu!

Utzi erantzuna Apolo(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude