Urteko lehena: garagardo freskoa!

Atzo, urtarrilak 6, Ziordiara abiatu ginen Peloia eta biok. Urtea ondo hasteko, zer da ba garagardo fresko bat baino ederragoa?

Errege bezperan, etxera nindoala, izugarrizko pereza eman zidan biharamunean goiz jaiki beharrak: “bihar, egingo duen hotzarekin, goizean goiz jaiki eta Ziordiara. Buf!”.

Goizeko zazpietan Peloia arranplan jaso (goizeko zazpietan arranplan, non eta noiz bestela?), eta eguraldi hotz baina garbiarekin, Araba aldera jo genuen, Egino atzean utzi eta Ziordiara iristeko asmoz. Gasteiztik pasa ginenean, -3º C genituen, eta Ziordiara iritsi ginenean, -2ºC. Autotik irteteko gogo gutxi. Atera ginen, motxila bizkarrean hartu eta hormarako bidea hartu genuen. Peloiak buruan sartuta zeukan Birra Moretti egin behar genuela. Zuri-zuri ageri zen Sakana. Eta fresko-fresko gure garagardoa.

Baina horma ekialdera begira dagoenez, berehala sartzen da eguzkia.

Beriainen ikuspegi ederra bidean gora.

Ez zen uste bezain erraza izan bidearen hasiera bilatzea. Halako batean plaka gorri bat aurkitu genuen, baina inskripzioa ia erabat ezabatuta zeukan.

-Hauxe izango dek -esan nion Peloiari, gora begiratu ondoren- Han goian ikusten dek gero hartu behar diagun diedroa.

Peloia konforme. Arnesa, kaskoa eta traste guztiak soinean hartu, eta Peloia hasi zen eskalatzen, ohitura zaharrari jarraituz.

Berehala hasi nintzen kalkuluak egiten: “Peloia hasi denez, bigarren luzea niretzako da. Baina bigarren luzea oinez egin beharreko zati bat da. Negozio txarra egin behar dut gaur”. Izan ere, bigarren luzea eta seigarrena dira horma sentsazio hori kentzen diotenak bideari, eskalatzen baino oinez egin behar direlako.

Ziztu batean zetorren eguzkia horman behera. Baina, artean haitza hotza zegoen. Hatzak astindu behar izan genituen tarteka, ez gogortzeko. Oinak ere hotzak zeuzkala esaten zidan Peloiak.

Ekin nion nik ere lehen luzeari. Hemen, luzea amaitzen.

Bilgunera iritsi eta bigarren luzea egin nuen, laburra eta erraza.

Iritsi zen Peloia ere bigarren bilgunera eta hala bota zidan:

-Hirugarrena nik egingo diat, eta hartara laugarrena, 5c-ko pausoa duena, hiretzat.

-Portatu haiz, Peloia! -erantzun nion nik gustura.

Eta ekin zion hirugarren luzeari. Luze bitxia da, tubo moduko batean barrena doana, diedro baten hasieran bilgunea duela. Luze hori ere labur samarra da, 25 bat metrokoa.

Peloia hirugarren bilgunera iristen.

Egin nuen nik ere luzea.

Laugarrenari ekin nion, urduritasun puntu batekin.

Uste baino hobeto eta lasaiago eskalatu ondoren, bilgunea prestatu eta hasteko agindua eman nion Peloiari. Hemen, laugarren luzea amaitzen.

Berriro ere, luzeak nola banatu erabakitzeari ekin genion.

-Hurrengo hik egiten badek, luze triste bat bakarrik geratuko zaidak -bota nion Peloiari.

-Orduan hik hau egin, eta ni azken biak.

-Konforme.

Bosgarren luzearen hasieran.

Hasi nuen luzea, eta betiko ibilbidetik kanpo, eskuinerago, parabolt bat ikusi nuen. Pentsatzen hasi nintzen ea barianteren bat den, edo barianteren bat zabaltzen hasi diren, edo beste bideren bat ote den. Gora egin ahala, ikusi dut beste bi parabolt daudela eta haiek betiko bidera jotzen dutela. Baina, gorago nindoan heinean, luzea berritu ote duten pentsatu dut.

Jardun naiz horrekin lotutako albisteak bilatzen interneten, baina ez dut ezer aurkitu. Norbaitek zer edo zer badaki, eskertuko nioke erantzunetan jarriko balu.

Luzearen leku jakin batean, parabolt bat dago horma bertikal batean, eta handik ezkerrera jotzen du bideak. Laja handi bat heldu eta kolokan zegoela ohartu nintzen. Komeriak izango ziren hura bota izan banu. Peloiari esan nion, eta hark bota zuen atzetik etorri zenean. Burrunda galantarekin erori zen. Aurrez ikusi genuen azpian ez zebilela inor. Putreak eta bele zaharren bat salbu, bakar-bakarrik egon ginen.

Bilgunera iritsi bezain pronto ekin zion seigarren luzeari. Ni ere iritsi nintzen bilgunera, eta zazpigarren eta azken luzea hasi zuen Peloiak. Oso horma polita da, ur-tanten bi arrasto paralelo dituena. Peloiaren gainean, eskuinean, ederki ikusten dira ur-tanten bi zutabeak.

Pixka bat gorago.

Eta luzearen azken pausoetan.

Goian, beti bezala elkarri bostekoa eman eta trasteak motxiletan sartu genituen.

Ekialdera doan bidexka batetik (puntu gorriz markatua), harrobira iritsi ginen. Iruditu zitzaigun harrobia barruko aldetik handitzen ari direla, errepidetik ikusten ez den lekuan, alegia. Puska ederra kendu diote mendiari.

Itzalean dagoen zatian putzuak izoztuta zeuden.

Behera joan, autoan sartu eta Zumaiara. Saiatu ginen Zumaian garagardo bat hartzen, Birra Moretti ez dena, baina aparkatzeko zaila zegoenez, bere horretan utzi genuen.

Hurrengoan gehiago.

Gortu!

Kobazulotik Eginora

2019. urtea ere joan zaigu, baina nik pare bat kronika neuzkan egiteko, eta hemen dituzue halako batean.

Kobazuloak

Udazkenean euri dezente egin du, eta ez dugu eskalatzeko aukera handirik izan. Baina Peasok ekarri zigun konponbidea. Kobazuloan sartzea proposatu zigun, eta Peloiak eta biok baietz erantzun genion, inolako zalantzarik gabe.

Hala, abenduaren 21ean, Lastur aldera abiatu ginen Peasoren lingotean. Kaskoa, zikintzeko moduko arropa, katiuskak, frontala… Material xelebrea ohituta gaudenerako.

Lehenik eta behin, Lasturreko bidegurutzea eskuinean utzi eta aurrera jarraitu genuen. Harrobia pasatu ondoren, lingotea aparkatu genuen baserri bat baino pixka bat lehenago (uste dut Ugarte berri dela baserriaren izena.

Katiuskak eta arnesa jantzi, eta kaskoa buruan jarrita, haitzuloaren sarrerara abiatu ginen.

Espedizio-burua kobazuloaren sarreran.

Sartu ginen barrura eta hantxe hasi zen gure gozamena. Begiratu batera, begiratu bestera, eta aho zabalik geratzen ginen. Sartu eta ezkerrerantz jo genuen, gero eta estuagoa zen tunel moduko batean barrena. Amaieran, hamar metroko rapel bat dago, eta soka bilgunetik pasatzen ari ginela, norbaitek kristoren puzkerra bota zuen.

Formazio bitxiak ikusten dira horrelako lekuetan.

-Kabendio! Kabroia! Hemen harrapatuta gatxibek!

Joan zen behintzat usaina, eta rapelatzen hasi ginen: lehenik Peaso, atzetik Peloia, eta azkenik, ni. Soka jaso eta pixka bat aurrerago errepidera atera ginen. Laburra bezain ederra izan zen.

Autoa hartu eta Itziarrera abiatu ginen. Poligonoaren gaineraino joan eta beherantz jarraitu genuen, bidegurutze batera iritsi arte (azken zatia zementuzko pista batean barrena egin genuen). Han, lingotea utzi eta katiuskak jantzi genituen berriro ere. Peloiak ez, ez zeuzkan eta.

Autoaren atzetik eskuinera hartu eta bigarren kobazulora abiatu ginen: Aixa kobazulora.

Kobazuloaren sarrera ikusgarria da, badirudi Costa Rican edo zaudela. Argazki hau kobazulotik irtetean atera zuen Peloiak.

Aixa kobazuloa ikaragarria da. Sartu ondoren, behera egin genituen ez dakit zenbat metro. Labirinto hutsa da, oraintxe pasabide estuak, gero galeria izugarriak. Lurrean arrastaka ere ibili behar izan genuen zenbait pasabidetan.

Zulo estu batetik pasatu behar zenean, Peloiak pentsatzen zuen: “Peaso kabitu bada, ni ere pasatuko nauk”. Eta nik ere pentsatzen nuen, Peloia kabitzen bazen ni ere pasatuko nintzela nola edo hala.

Hemen zulo estu batetik irteten.

Behera, pasabide estuetan barrena.

Galeria batera iristean, zulo batetik sartzen ginen eta berriro galeria berera iristen ginen. Arrastaka, kabitu ezinik eta arnasestuka ere bai askotan. Nik paliza dezentea hartu nuen behintzat.

Barren-barrenean, leku ikusgarriak daude.

Eta leku batean, estalaktita eta estalagmita izugarri bana, elkarri musu emateko prestatzen hasita daude. Mila urtetik behin 5 edo 10 cm hazten direla kontuan hartuta, berriro joaten garenean ere ez dugu alderik somatuko.

Pixka bat aurrerago, metro erdiko zabalerako pitzadura baten ertzean eseri ginen, hankak zintzilik genituela. Argiak itzali eta hantxe egon ginen isiltasun osoan. Argia piztutakoan gauza bera pentsatu genuen hirurok:

-Hemendik ez haiz ateratzen argirik gabe, ni pa dios!

-Gainera, ez ziok koberturarik. Hemen galtzen bahaiz, teleberrin agertuko haiz fijo! -bota zigun Peasok.

Egia esanda, argiarekin ere, ez dakit handik ateratzen jakingo genuen Peloiak eta biok, Peaso egongo ez balitz.

Lur azpian bukatuko duzue. Horixe zen Baldin badaren disko baten izenburua. Eta hala amaitu genuen guk ere, lur azpian. Orain alternatiba ederra daukagu, hormak bustita daudenerako. Mila esker, Peaso! Kostako zaik orain gutaz libratzea.

Berriro ere gorako bidea hartu eta lehen eginda atera nintzen kobazulotik (goragoko argazki bateko postura benetakoa da). Jefea ere nekatuta atera zela esango nuke.

Gorputza bere onera ekarri beharra zegoenez, autoa hartu eta Zumaiara bueltatu ginen, pixka bat hidratatu eta txistorra probatzera.

Hau errepikatu beharra dago!

Egino

Urtea amaitu baino lehen, bageneukan erronka bat Peloiak eta biok: Larregirekin eskalatzea. Ez digu aukera handirik eman urtean zehar, baina azkenean, hilaren 24an Eginora joateko hitzordua lortu genuen.

Aukeratutako bidea Iturrimurri zen. Urte batzuk joan dira azkena egin genuenetik.

Goizean goiz aterata, ilunpetan iritsi ginen Eginora.

Larregi berehala atakean:

-Eliza aurrean utzi behar al dek kotxia? Zertarako dakak kuatro por kuatroa?

Abiatu ginen gure bidearen oinera, baina uste baino gehiago kostatu zitzaigun bidea aurkitzea. Basotik atera arte, ondo gindoazen.

Ondoren hasi ziren kontuak.

Bat hemendik.

Beste bat handik.

Eta ni beste alde batetik. Batek ezkerrerago behar zuela, beste batek eskuinerago…

Azkenean iritsi nintzen bidearen hasierara. Eta ardi galduek ere aukitu zuten bidea.

Badator Peloia.

Larregi ere iritsi zenean, Peloiari bi sokak eman eta aurretik bidali genuen. Bide osoa aurretik egiten utzi genion, gainera. Ez dut uste kexa handirik izango duenik. Hemen, hasteko prest.

Hasi orduko:

-Harria! -oihukatu zuen Peloiak, eta kortxo baten tamainako harri koskor bat erori zen.

Geroago, harri handiago bat bota zuen, abisatu gabe, ez zen konturatu eta.

Eta orduan Larregik:

-Hau blokian jarriko diat!

Egin zuen Peloiak lehen luzea, eta ni abiatu nintzen ondoren, eta Larregi, atzetik.

Bigarren luzean hasi zen ikuskizuna. Peloia eskalatzen, Larregi kantuan eta ni aseguratzen, barreari eutsi ezinik. O pelon, pelon, pelon blues…

Peloiak luzea amaitu zuenean, berriro ere ni abiatu nintzen bigarrena eta Larregi atzetik.

Bigarren luzearen amaierako bilgunean.

Eta hirugarren luzearen hasieran.

Guztira lau luze eginda, bidea amaitu eta bostekoa eman genion elkarri.

Bukatzen.

Ondoren, abenduaren 24 zenez eta Inda-mendira joaterik izan ez genuenez, gure aletxoa jartzea erabaki genuen. Eta hemen dago, berandu bada ere.

Atzean Ori mendia ikusten zen elurtuta, baina adartxoek ez dute ikusten uzten.

Beherako bidea aurkitzeak ere lanak eman zizkigun. Marka gorriak dauden arren, hasieran despistatuz gero, ez da erraza izaten elorrien marketatik libratzea. Behin arrastoan sartuta, jaistea bakarrik geratzen zen.

Autora iritsi, eta bueltan, Arrasaten geldialdia egin genuen, gasolina hartzeko. Ederki ikusten da handik Anbotoren ekialdeko aurpegia. Han daukagu Mari Urrika zain.

Gortu!