Urteko lehena: garagardo freskoa!

Atzo, urtarrilak 6, Ziordiara abiatu ginen Peloia eta biok. Urtea ondo hasteko, zer da ba garagardo fresko bat baino ederragoa?

Errege bezperan, etxera nindoala, izugarrizko pereza eman zidan biharamunean goiz jaiki beharrak: “bihar, egingo duen hotzarekin, goizean goiz jaiki eta Ziordiara. Buf!”.

Goizeko zazpietan Peloia arranplan jaso (goizeko zazpietan arranplan, non eta noiz bestela?), eta eguraldi hotz baina garbiarekin, Araba aldera jo genuen, Egino atzean utzi eta Ziordiara iristeko asmoz. Gasteiztik pasa ginenean, -3º C genituen, eta Ziordiara iritsi ginenean, -2ºC. Autotik irteteko gogo gutxi. Atera ginen, motxila bizkarrean hartu eta hormarako bidea hartu genuen. Peloiak buruan sartuta zeukan Birra Moretti egin behar genuela. Zuri-zuri ageri zen Sakana. Eta fresko-fresko gure garagardoa.

Baina horma ekialdera begira dagoenez, berehala sartzen da eguzkia.

Beriainen ikuspegi ederra bidean gora.

Ez zen uste bezain erraza izan bidearen hasiera bilatzea. Halako batean plaka gorri bat aurkitu genuen, baina inskripzioa ia erabat ezabatuta zeukan.

-Hauxe izango dek -esan nion Peloiari, gora begiratu ondoren- Han goian ikusten dek gero hartu behar diagun diedroa.

Peloia konforme. Arnesa, kaskoa eta traste guztiak soinean hartu, eta Peloia hasi zen eskalatzen, ohitura zaharrari jarraituz.

Berehala hasi nintzen kalkuluak egiten: “Peloia hasi denez, bigarren luzea niretzako da. Baina bigarren luzea oinez egin beharreko zati bat da. Negozio txarra egin behar dut gaur”. Izan ere, bigarren luzea eta seigarrena dira horma sentsazio hori kentzen diotenak bideari, eskalatzen baino oinez egin behar direlako.

Ziztu batean zetorren eguzkia horman behera. Baina, artean haitza hotza zegoen. Hatzak astindu behar izan genituen tarteka, ez gogortzeko. Oinak ere hotzak zeuzkala esaten zidan Peloiak.

Ekin nion nik ere lehen luzeari. Hemen, luzea amaitzen.

Bilgunera iritsi eta bigarren luzea egin nuen, laburra eta erraza.

Iritsi zen Peloia ere bigarren bilgunera eta hala bota zidan:

-Hirugarrena nik egingo diat, eta hartara laugarrena, 5c-ko pausoa duena, hiretzat.

-Portatu haiz, Peloia! -erantzun nion nik gustura.

Eta ekin zion hirugarren luzeari. Luze bitxia da, tubo moduko batean barrena doana, diedro baten hasieran bilgunea duela. Luze hori ere labur samarra da, 25 bat metrokoa.

Peloia hirugarren bilgunera iristen.

Egin nuen nik ere luzea.

Laugarrenari ekin nion, urduritasun puntu batekin.

Uste baino hobeto eta lasaiago eskalatu ondoren, bilgunea prestatu eta hasteko agindua eman nion Peloiari. Hemen, laugarren luzea amaitzen.

Berriro ere, luzeak nola banatu erabakitzeari ekin genion.

-Hurrengo hik egiten badek, luze triste bat bakarrik geratuko zaidak -bota nion Peloiari.

-Orduan hik hau egin, eta ni azken biak.

-Konforme.

Bosgarren luzearen hasieran.

Hasi nuen luzea, eta betiko ibilbidetik kanpo, eskuinerago, parabolt bat ikusi nuen. Pentsatzen hasi nintzen ea barianteren bat den, edo barianteren bat zabaltzen hasi diren, edo beste bideren bat ote den. Gora egin ahala, ikusi dut beste bi parabolt daudela eta haiek betiko bidera jotzen dutela. Baina, gorago nindoan heinean, luzea berritu ote duten pentsatu dut.

Jardun naiz horrekin lotutako albisteak bilatzen interneten, baina ez dut ezer aurkitu. Norbaitek zer edo zer badaki, eskertuko nioke erantzunetan jarriko balu.

Luzearen leku jakin batean, parabolt bat dago horma bertikal batean, eta handik ezkerrera jotzen du bideak. Laja handi bat heldu eta kolokan zegoela ohartu nintzen. Komeriak izango ziren hura bota izan banu. Peloiari esan nion, eta hark bota zuen atzetik etorri zenean. Burrunda galantarekin erori zen. Aurrez ikusi genuen azpian ez zebilela inor. Putreak eta bele zaharren bat salbu, bakar-bakarrik egon ginen.

Bilgunera iritsi bezain pronto ekin zion seigarren luzeari. Ni ere iritsi nintzen bilgunera, eta zazpigarren eta azken luzea hasi zuen Peloiak. Oso horma polita da, ur-tanten bi arrasto paralelo dituena. Peloiaren gainean, eskuinean, ederki ikusten dira ur-tanten bi zutabeak.

Pixka bat gorago.

Eta luzearen azken pausoetan.

Goian, beti bezala elkarri bostekoa eman eta trasteak motxiletan sartu genituen.

Ekialdera doan bidexka batetik (puntu gorriz markatua), harrobira iritsi ginen. Iruditu zitzaigun harrobia barruko aldetik handitzen ari direla, errepidetik ikusten ez den lekuan, alegia. Puska ederra kendu diote mendiari.

Itzalean dagoen zatian putzuak izoztuta zeuden.

Behera joan, autoan sartu eta Zumaiara. Saiatu ginen Zumaian garagardo bat hartzen, Birra Moretti ez dena, baina aparkatzeko zaila zegoenez, bere horretan utzi genuen.

Hurrengoan gehiago.

Gortu!

1 thought on “Urteko lehena: garagardo freskoa!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude