Aiztondo

Larunbatean, hilak 15, Aiztondon izan ginen Peloia eta biok. Onen orduan joan behar omen genuen, baina goizeko zortzietan atera ginen. Oraingoan ere zerbait ikasi dugu: onen ordua eguerdi aldera izaten da, eta ez hain goiz (eta are gutxiago neguan).

Kontuak kontu, Peloia jaso eta Huarte-Arakilera abiatu ginen, soka sinplea doblea, atxiperreak eta denetik hartuta. Autoa paretetaik hurbil uzten denez, motxila ondo bete eta berehala iritsi ginen.

Hasteko Irripe izeneko sektorera jo genuen.

Berotzeko, 4. bidea egitea pentsatu genuen. Zumaiatik atera ginenean 12ÂșC zeuden arren, Sakanan hotz egiten zuen.

Hasi zen Peloia eskalatzen, eta berehala esan zidan haitza hotza zegoela. Eta bide zaila ez izan arren, kosta zitzaion bilgunera iristea. Hatzetako minez jaitsi zen. Argazki bakarra atera nion eta bera borroso.

Eta ez zen ari esajeratzen. Neuk ere berdin bukatu nuen bidea, hatzak gogortuta.

-Goazen eguzkitara etxando ostias!

Eta halaxe, Aiztondoko sektore nagusira jo genuen, goiko irudian Aiztondo izena duena. Lehen esan bezala, bi tipo ari ziren eskalatzen han, gu iristerako. Oraindik ere bide berean jarraitzen zuten. Lasai-lasai zihoazen.

Gu sektorera iritsi eta gauzak ateratzen ari ginela, beste hiru mutil iritsi ziren. Hizketan entzun genituenean, gertukoak zirela ohartu ginen. Zestoarrak ziren hirurak. Arantzan bizi da bat, eta beste bat, Zarautzen.

Gu Irrintzi bidean sartu ginen. Peloiak ekin zion lehen luzeari, beti bezala. Motxilarik eta mobilik eta ez genuen hartu. Beraz, ez dago argazkirik. Bide ederra da Irrintzi, eta gustura eskalatu genuen eguzkitan. Hasieran, bazirudien beroa pasatu behar genuela, baina ez zen hala gertatu. Bilguneetan brisak freskatzen gintuen.

Peloiak luze bakoitiak eta nik bikoitiak aurretik egin ondoren, bi rapeletan lurrera iritsi ginen. Barrita pare bat jan, ur pixka bat edan eta berriro ere ezkerreko sektoreetara jo genuen. Baina oraingoan, Basoa izenekoan geratu ginen.

5. bidea egitea pentsatu genuen. Horma horrek San Fausto ekarri zigun gogora, plakan zulo bertikal asko dituelako, eta helduleku bereziak izaten dira. Bideak sarreran koskatxo bat du, eta horren kontura pixka bat bazilatzen jardun genuen.

-Hi! Eta hor behetik (eskuinean) hasten bahaiz, lurrean eserita, lokalean bezela?

Ekin zion Peloiak eta arazo handirik gabe iritsi zen argazkian ikusten den lekuraino.

Pauso hori gainditzeko hegaldi txiki bat egin behar izan zuen (hegaldi esatea gehiegitxo iruditzen zait, baina tira). Metro bat ere ez. Bigarrenean pasatu zuen eta berehala iritsi zen diedrora.

Behin diedroan sartuta, eskalda nahiko fisikoa da, fisikoegia teknika ongi erabiltzen ez bada.

Baina indartsu dago Peloia eta ederki gainditu zuen.

Gora iritsi, soka deskuelgetik pasatu eta behera.

Nire txanda.

Pixka bat gorago, gure ustez kruxa zenaren azpian.

Eta diedrora iristen.

Hortik aurrera, babaresan sartu nintzen, eta fisikoki gogorra zela ikusita, eskuineko hanka eskuinera luzatu eta plakako zulo batean sartu nuen.

-Hori tranpa dek! Dulferrean igo behar dek hori!

Dulfer edo ez dulfer, iritsi nintzen behintzat bilgunera.

Jaitsitakoan ondoko bideari begira egon ginen. 6b zailtasuna du eta begira jarrita lepoko mina sartzen zaizu, desplomatuta dago eta.

-Horri pege bat emateko, aurrena beste batek nola egiten duen ikusi behar.

-Bai, hurrengorako utziko diagu.

Egindakoarekin gustura, trasteak jaso eta autora abiatu ginen. Eta presarik gabe genbiltzanez, herrian geratu ginen, zintzurra freskatzera.

Tabernaren kanpoan geundela, Kixkur faltsua agertu zitzaigun.

-Kixkurren antza bazikak -esan zidan Peloiak- baina tripa galanta ere bai!

Sei urte omen zituen txakurrak, baina alfer galanta zirudien. Eseri eta aguanta!

Krosean ateratzeko garaiz iritsi ginen Zumaiara, baina dortsalik ez geneukanez, protagonismoa beste batzuentzat uztea erabaki genuen.

Hurrengoan gehiago. Gortu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude