Susin Haritzekin

Otsail eztiegi, primadera xirtxilegi

Halaxe dio gure sukaldeko egutegiak, otsaileko orrialdean. Eta horixe esaten nion Peloiari otsailean eta martxoan giro bikainarekin eskalatzeko aukera izan genuenean. Atxartera irteera batzuk egin genituen, itxialdian sartu aurreko asteazkenean izan zen azkena.

Gero itxialdia amaitu arte, jai. Ondoren, Yosemiten egon gara pare bat aldiz, eta Aiako Harrian ere bai, Haritzekin, Ethanekin eta Julenekin.

Gaur Eginon

Goizeko 6etan egin dugu hitzordua, bero handia egingo zuelakoan. Jaso ditut Peloia eta Haritz arranplan eta abiatu gara. Mendarotik aurrera, behe lainoa.

Araban ere behe laino handia, eta Gasteiz parean 6ΒΊC.

-Ta gu manga motxian!-esan diot Peloiari.

Eginora iritsi eta oinez hasi bezain pronto joan zaigu hotza. Susiren hasierara iritsi eta trasteak prestatzen ari ginela ahots batzuk entzun ditugu.

-Eskerrak goizo geratu garen! Bestela ilaran jarri behar.

Bi mutil iritsi dira, Aguraingoa bat behintzat, geroago esan didanez.

-Nik lehenengo hiru luzeak egingo dizkiat, eta hik azkenengo hirurak-bota dit Peloiak.

Eta ekin dio bideari.

Gero esan digu ez duela asko gozatu lehen luze horretan. Lehen luzea beti izaten da arraroa guretzat, gorputza pixka bat berotu edo ohitu arte.

Bilgunera iritsi denean, Haritz hasi da, eta hamabost bat metroko abantaila hartu arte zain egon naiz ni txintxo-txintxo.

Bilgunean elkartu garenean, bigarren luzeari ekin dio Peloiak.

Ordurako jende gehiago iritsi da Susiren hasierara. Eta Aguraingo mutilak esan dit batzuk Susin sartu direla eta beste batzuk Lore festan.

Susi eguna izan da gaur itxuraz. Denak Susira!

Luzea amaitzen ari nintzela, suelto zegoen harri bat zapaldu dut kanal batean, eta han joan da goitik behera. Berehala egin dut orrua, baina zorionez ez du inor harrapatu. Eskapada!

Hortik aurrera sueltoago ibili da mutikoa. Luzea bukatu duenean, Haritz abiatu da aitaren atzetik, traineruen pareko katu-oinekin.

Bideoan ere bai.

Puzkerra eta zikina izan dugu luze horretan. Aurrena batek, hurrena besteak handiagoa. Bilguneetan tregua egitea adostu dugu behintzat.

Hirugarren luzea ere Peloiari tokatu zaio. Ordurako eguzkia horman sartzen hasita zegoen. Hala ere, giro zegoen, brisa freskoa iristen baitzen tarteka.

Badoa Peloia.

Bistatik galdu dugu berehala, eta bilgunera iritsi denean, hasteko agindua eman dio Haritzi.

Badoa gure mutikoa.

Hirugarren luzeko bilgunera iritsi garenean, sokaburua aldatu dugu: nire txanda.

Aita-semeak bilgunera iritsi direnean, zapatillak jantzi eta bosgarren luzea hasten den tokira abiatu gara oinez. Beno, nik ez ditut katu-oinak kendu ere egin. Izan ere, sandalia ziztrin batzuekin joan naiz, eta harri artean ibiltzeko badaezpadakoak dira.

Bosgarren luzeari ere nik ekin diot.

Izugarri gustatu zait luzea. Honezkero lau bat aldiz egingo nuen, baina memoria txarra daukagunon abantaila horixe da: behin eta berriz gauza berarekin harritzea.

Nik ere argazkia atera diet. Hain ederki zeuden bilguneko itzalpean!

Hurbilago.

Bosgarrena amaitu ondoren, azken luze erraz bat bakarrik geratzen zitzaigun. Hura ere egin dugu, eta gel hidroalkolikoa eman ondoren, bostekoa eman diogu elkarri.

Haritz ondo portatu da. Pausoren batean nondik nora joan behar zuen galdetu badu ere, ondo moldatu dela esan beharko dugu. Diploma prestatu beharko diogu.

Walirekin ere akordatu gara.

Kamiseta berritzeko ordua ere badela pentsatu dugu. Berak ulertuko digu.

Hortik aurrera, beti hainbeste kostatzen den aldapa igo, eta beherako bidea hartu dugu. Beherako bidea ere ez da makala, izerdi patsetan bukatzen dugu beti.

Eginora iritsi gara, Kujo ilkusi gabe, autoa hartu eta Zumaiara.

Bihar gehiago!

Gortu

3 thoughts on “Susin Haritzekin

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude